![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/0/0d/Jose_Ramon_Etxebarria_ingeniaria_2010ean.jpg/640px-Jose_Ramon_Etxebarria_ingeniaria_2010ean.jpg&w=640&q=50)
Jose Ramon Etxebarria
ikertzailea / From Wikipedia, the free encyclopedia
Jose Ramon Etxebarria Bilbao (Gernika, 1948ko maiatzaren 27a) euskal ingeniaria, fisikan doktorea, irakaslea, euskaltzalea, idazlea, itzultzailea eta politikaria da. Zientzia eta teknologia gaiak euskaraz ezagutarazteko testuak egiteko lanean nabarmendu da.[1][2][3][4][5]
1966tik Bilboko Santutxun helduen euskara irakasle ibili ondoren, ikastolen mugimenduari eta, gero, unibertsitateari loturik, zientzia arloko material didaktikoak sortu eta terminologia landu zituen. Udako Euskal Unibertsitatean aritu zen hasieratik Euskal Herriko euskarazko unibertsitatea dinamizatzen eta irakasle lanetan.[6][7][8]
1975etik, berriz, fisika irakasle aritu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (hasieran Bilboko Unibertsitate Autonomoa izan zena) 1992 arte. Euskara edozein arlotan baliatzeko hizkuntza izan zitekeela irmo aldeztu zuen eta, alde horretatik, ezagun bihurtu ziren Suarez Espainiako presidenteari jaulkitako hitzak, euskara energia nuklearrerako ere erabil zitekeela adieraziz. Bestalde, uko egin zion EHUko irakasle elkartuen estatus berriari eta kaleratua izan zen horregatik, baita protestaldi luze bati hasiera eman ere horren ondorioz.[9]
Politikako militantzian, Ezker Abertzalearen ernamuineko alderdietako kide izan zen, baita Herri Batasunekoa ere 1980ko hamarkadan. Azken urteetan, itzultzaile, liburu-zuzentzaile eta irakas-materialen sortzaile aritu da, eta euskaltzain urgazle hautatu zuten 2006an. Euskarazko Wikipedian hainbat ekarpen egin ditu, artikuluak sortuz, onduz eta zuzenketak eginez, zientziako gai teknikoetan bereziki. 2020ko urrian, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria irabazi zuen.