Jesusen Gurutziltzaketa
ebanjelioetan azaltzen den gertakizuna, kristautasunarentzat nabarmenetarikoa / From Wikipedia, the free encyclopedia
Jesusen gurutziltzaketa Judean gertatu zen 30 eta 33. urteen artean. Jesusen gurutziltzatzea ebanjelioetan kontatzen da eta Bibliako epistoletan aipatzen da. Itun Berriko historialari eta aditu gehienek Jesus Nazaretekoari gurutzean gertatutako heriotza gertaera historikoa dela onartzen dute[1][2][3], historialariek eta I. eta II. mendeetako kristauak ez ziren beste autore batzuek azaldua[4]. Hala ere, historialarien artean ez dago gurutziltzatzearen xehetasunei buruzko adostasunik[5][6].
Itun Berriaren arabera, Jesus atxilotu, Jerusalemgo Sanedrinak epaitu eta Pontzio Pilatos prokuradoreak zigorkatua eta, azkenik, gurutziltzatua izatera kondenatu zuen. Oro har, gertakari horiek "Nekaldia" izenez ezagutzen dira. Kristauak ez diren iturri batzuek, Josefo edo Tazitok kasu, Jesusen heriotza bortitzaren irudi historiko bat ere ematen dute, baina oso eskematikoa. Bestalde, Bibliaren ikerlari gehienentzat, Jesus Nazaretekoaren kondena inskripzio edo titulus bat egotea (lau ebanjelio kanonikoetan aho batez agertzen dena) bere nekaldiaren izaera historikoaren daturik sendoenetako bat da[7][8][9].
Jesusen sufrimendua eta haren heriotza kristau-teologiaren alderdi nagusiak dira, salbazioaren eta errugabetzearen doktrinak barne. Kristauek teologikoki Jesusen heriotza gurutzean sakrifizio garbitzailea den heriotza bezala ulertu dute[10]. Kristau katoliko eta ortodoxoek Eukaristia ospatzen dute sakrifizio honen eguneratze edo jarraipen bezala, denbora eta espazioa alde batera utzita[11][12].