Izurri Beltza
From Wikipedia, the free encyclopedia
Izurri Beltza, Izurrite Beltza, Heriotza Beltza, Izurri Handia edo Izurri Buboniko Handia gizateriaren historian jasotako pandemiarik hilgarriena izan zen. Europan 1347 eta 1351 artean izan zuen bere une gorena eta Eurasian 75 eta 200 milioi pertsona artean hil zituela kalkulatzen da[1][2][3]. Zientzialari gehienen ustetan, Izurri Beltza izurri bubonikoaren agerraldia izan zen, historian zehar zenbait alditan izan den epidemia dena. Yersinia pestis izeneko bakteriak sortu zuen[4][5][6], arratoi beltzak (Rattus rattus) zeramatzan arkakusoen bidez zabalduta. Izurriteak hainbat nahasmendu erlijioso, sozial eta ekonomiko sortu zituen, eta eragin sakonak izan zituen Europako historian.
Izurri Beltza | |
---|---|
Mota | agerraldi pandemia |
Denbora-tarte | 1346 - 1352 |
Kokaleku | 1338 - Asia Europa Iparraldeko Afrika Kaukasia |
Herrialdea | Georgia, Azerbaijan, Errusia eta Armenia |
Kausa | Oriental rat flea (en) Arratoi beltz |
Pertsona hilak | 75.000.000 |
Osatuta | |
Izurri Beltza, ziur aski, Erdialdeko Asian[7] edo Ekialdeko Asian sortu zen[8][9][10][11][12], Issyk-Kul lakuaren inguruetatik (gaur egun, Kirgistanen)[13], eta Zetaren Bidean zehar zabaldu zen: adibidez, Krimeara 1343an iritsi zen[14]. Handik, litekeena da Genovako merkataritza ontzietan zihoazen arratoi beltzetan bizi ziren arkakusoek garraiatua izatea, Mediterraneoko arro osoan barrena.
Kalkuluen arabera, izurri beltzak Europako biztanleriaren % 30 eta % 60 artean hil zuen[15]. Guztira, izurriteak munduko populazioa 475 milioitik 350-375 milioira murriztu bide zuen XIV. mendean[16]. Europako populazioak 200 urte behar izan zituen aurreko kopurua berreskuratzeko[17], eta eskualde batzuetan (Florentzian, esaterako) XIX. mendea arte ez zen hori jazo[18][19][20]. Izurritearen agerraldiak XX. mendearen hasierara arte berriz gertatu ziren.