From Wikipedia, the free encyclopedia
Konpostelako Erromesaren Bulegoaren estatistiken arabera, 2019an Bulegora egiaztagiria jasotzera 347.578 erromes joan ziren, % 51 emakumeak eta % 49 gizonak. Horietatik, 19.019 pertsona iritsi ziren Iparraldeko Bidetik, hau da, % 5,47a. Baiona eta Irunen artean, 6.580 erromes hasi ziren, guztizkoaren % 1,61.[1]
Bide hau Nafarroatik doan Frantses Bidea bezain zaharra da, izan ere, Erdi Aroko europar erregeek hau hautatzen zuten Santiagora iristeko. Gida batzuetan Baionan hasten da, etapa baten edo bitan zatituz Iparraldeko 36 kilometroak, eta beste batzuetan berriz Irunen.
Iparraldeko Bideak Kantauriko kostaldea zeharkatzen du, Baiona/Irundik hasita Galiziako sarreran dagoen Ribadeoraino. Han, ibilbidea hego-mendebaldera doa, Konpostelarako norabidean. Zati handi batean, eremu turistikoetatik igarotzen da, eta urbanizatutako zatiak zein edertasun natural handiko beste batzuk konbinatzen ditu.[2]
Irungo Erromesen Aterpetxean hartu daiteke Donejakueko egiaztagiria, lehen zigiluarekin. Aterpetxea itxita badago, Udaletxean ere ematen dute, eta baita, Aita Pasionisten elizan zein Junkaleko Andre Mariaren elizan.
Iparraldeko Bideak Santiago Zubia izeneko ingurune abandonatua du abiapuntu sinboliko, Bidasoa ibaiaren gainean eta N-I errepide zaharraren ondoan. Irun hirian sartzen da, eta kale nagusietatik gurutzatu ondoren, Hondarribiarako norabidea hartuko dugu, N-538 errepidearen albotik joanda. Herriaren sarreran ezkerretara hartuko dugu Arkolla auzoan sartzeko, sakabanatutako baserrien artean jarraitzeko Santiagotxoko ermitaraino. Hortik, gorantza doan kilometro bateko mendi-pista bat hartzen da, 155 metro gorago dagoen Guadalupeko santutegira ailegatzeko.
5,4. Guadalupeko santutegia. Panoramika harrigarria da, Txingudiko badiaren ikuspegi ezin hobearekin. Bidasoaren ertz baten Hendaia ageri da, eta bestean Hondarribia eta Irun. Santutegiaren ondoan, errepidea gurutzatu gabe, ezkerra doan ia 10 km-ko haritz eta gaztainondoko baso zabal bateko pista hartzen da, desnibel gutxikoa, Jaizkibel mendiaren isurialde erdira. Pistaren sarreran panel adierazle bat dago, Jaizkibel mendiaren muinotik doan bariantea seinalatuz. Eguraldi onarekin eta sasoian dauden erromesak egitekoa da, ibilbidea kilometro bakar batean laburtzen baitu. Pistaren bukaeran, GI-3440 errepidera iritsiko gara, hortik jaitsiz Pasai Donibane herri ederrera ailegatzeko.
Badago beste bariante ikuskarriago bat ere, itsas-ertzetik doan Hondarribia-Pasaia Talaia Ibilbidea. Guadalupeko santutegi ondotik errepidea gurutzatu eta itsasora jaitsi behar da, Higerko Itsasargitik datorren bidea hartzeko. Basoko pistatik joatea baino gogorragoa da, eta indartsu egonez gero merezi du.
17,0. Pasai Donibane. Victor Hugoren etxea bisitatu dezakegu, eta atsedenaldia hartu ondoren, enparantza ondoko ontziralekuan txalupa txiki baten Pasaiako itsasadarraren beste aldera joko dugu, Pasai San Pedrora. Bertan, eskuinera jarraitu behar da, eta kai-muturrera iritsi baino lehen, Zilarrezko Itsasargi norabidean dauden eskaileratan gora abiatuko gara errepideraino. Hau amaitzen den zelaigunean, bidezidor bat hartuko dugu ezkerretara. Iparraldeko Bideko zatirik bakan eta bukolikoenetako batean jarraituko dugu, kostaldeko eta ozeanoko bista ederrak ikusiz, Pasai Donibane – Donostiako Talaia Ibilbidean barrena.
Bideko gida ofizial gehienak Talaia Iblbidean erdi aldera asfalto-pista batera ailegatutakoan, hortik jarraitzea gomendatzen dute. Eskuinerantz jo behar da, gorantz, Ulia mendiaren hegoaldeko isurialdea inguratzeko. Aparkaleku baten parera ailegatutakoan, bide basotsu bat hartuko dugu, hasieran aldapa handia duena eta gero mozorrotzen dena. Beherantz goazela, Donostiaren eta haren badiaren ikuspegi zoragarriak ikusiko ditugu. Handik jaitsiz, Donostiara sartuko gara Zurriola etorbideko itsas pasealekutik eta, Urumea ibaiaren gaineko zubi dotorea igarota, Alde Zaharrera iritsiko gara.[3]
Indartsu egonez gero, badago beste bariante ederrago bat, hau da, asfalto-pistan sartu gabe Talaia Ibilbidea jarraitu. Kilometro bat inguru luzeagoa da, baina kostaldeko eta ozeanoko bista ederrak ikusiz jarraituko dugu.
24,8. Donostia.
Gipuzkoako hiriburua, alderdi eta monumentu turistiko ugari ditu, baita Alde Zahar erakargarri bat ere. 2020an 188.240 biztanle zituen, eta uda aldera kopuru hori nahiko handitzen da.
Hiri turistikoa izanik, ostatu hartzeko eskaintza oso handia da, prezioen eta pribatutasun-mailen arabera. Udaletxekoa den Ondarreta Gazte Aterpetxea - Sirena da ezagunena,[4] erromesak ere hartzen dituelako, eta 102 lagun sartzen dira bertan hamalau logela partekatutan. Bestalde, gidatan agertzen diren ostatuak honakoak dira: San Fermin ostatua, Artea ostatua, Del Mar ostatua, Downtown River hostel, Hostel a Room in the City, eta Koba hostel.[5]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.