From Wikipedia, the free encyclopedia
Irango Iraultza (persieraz: انقلاب ایران, Enqelâb-e Irân, ʔeɴɢeˌlɒːbe ʔiːɾɒːn ahoskatua) edo Iraultza islamiarra 1979an Irango estatu era eraldatu zuen iraultza izan zen. Estatu hura monarkia izatetik (Pahlavi dinastiako Muhammad Reza Xah Pahlavi errege zela) islamiar errepublika izatera igaro zen. Iraultzaren liderra Ruhola Khomeini aiatola izan zen, eta erakunde ezkertiarren eta islamisten babesa izateaz gain, Irango ikasle mugimenduena ere izan zuen.
Irango Iraultza | |
---|---|
Jatorrizko izena | (fa) انقلاب اسلامی |
Mota | iraultza |
Denbora-tarte | 1978ko urtarrila - 1979ko otsaila |
Data | 1970(e)ko hamarkada |
Kokaleku | Iran |
Herrialdea | Iran |
Parte-hartzaileak | Muhammad Reza Shah Pahlavi Ruhola Khomeini Shahpur Bajtiar Karim Sanjabi (en) Dariush Forouhar (en) Jafar Sharif-Emami (en) Gholam Reza Azhari (en) Gholam Ali Oveisi (en) Mahmoud Taleghani (en) Mehdi Bazargan (en) Herri |
Honen ondorioa | 1979ko petrolioaren krisia |
Pertsona hilak | 2.781 |
Ondoren, Kultura Iraultza izenekoa izan zen 1980-1987 bitartean: Mendebaldetik zetorren eragin ez-islamikoa Irandik ezabatu nahi izan zen garaia.
1953an, Xah Mohammad Reza Pahlavik boterea eskuratu zuen, 1953ko Irango Estatu Kolpearen ondorioz: demokratikoki hautatutako gobernua boteretik kendu, lehen ministro Mohammad Mossadegh atxilotu eta monarkia absolutua ezarri zuen, CIAren laguntzarekin[1][2]. Datorren 26 urteetan ere, AEBen berebiziko laguntza izan zuen. Izan ere, bi herrialdeek kontra egin nahi izan zioten Sobietar Batasunaren (SESB) hedapen eta eraginari, SESB Iranen iparraldeko bizilaguna baitzen.
Aitaren lepotik burua, Xahren aginte eredua autokratikoa izan zen, eta modernizazioaren eta mendebaldearen baloreak ezartzeagatik egin zen ezagun. 1963tik hasi eta 1979 bitartera arte, Iraultza zuria deritzon prozesua jarri zuen martxan: erreforma ugari bultzatu zituen (nekazaritza erreforma, kasu) Irango langile klaseari aberastasuna banatu eta herrialdeko egitura feudalak deseraiki asmoz. Neurri horien ondorioz, hazkunde ekonomiko handia eta urbanizazio azkarra lortu zuen herrialdeak[3]. Hala ere, modernizazioak ohitura eta tradizioekin egin zuen talka, herritar askok kanpotik zetorren ezarpen gisa ikusi baitzuen [4].
Iraultza Zuriari eta Xahren neurriei zuzen-zuzenean aurre egin zion gizona Ruholah Khomeini izan zen. Irango kleroa Iraultza Zuriaren alderdi askorekin pozik ez zegoen arren (hala nola, emakumeen bozka eskubidea edota nekazaritza erreformarekin), oro har ez zen modu aktiboan protestan aritu. Khomeini, berriz, aktiboki mintzatu zen korrupzioaren, erreforma berrien eta Xahren aurka. Adibidez, Khomeinik 1963ko ekainean Feyziyeh ikastetxean egindako hitzaldian, ikasleen protesten aurka Xahk erabilitako basakeriaren aurka agertu zen; Xah publikoki lehenengo aldiz kritikatzen zuen pertsona izan zen Khomeini. Horregatik, Khomeinik erbestera partitu behar izan zuen: Najafen (Irak) igaro zuen denbora gehiena, eta 1978tik aurrera Parisen egon zen, Gobernu frantsesak babestuta[5]. Hala ere, Iranetik kanpo egoteak ez zituen Khomeiniren aldeko protestak baretu, ezta honek Iran barnean zuen eragina ahuldu ere.
Khomeinik aldarrikatu zuen matxinada eta martirioa islam xiitaren parte zirela, injustiziaren eta tiraniaren aurka erabiltzen baziren[6], eta askapenerako euren bide propioa aldarrikatu zuen: musulmanek bai kapitalismo liberalaren, bai komunismoaren eragina baztertu behar zutela zioen. Bere eslogan ezagun batek halaxe zioen: "Ez Ekialdea, ezta Mendebaldea ere - Islamiar Errepublika!"[7]
Iraultzaren atariko urteetan, Xahren erregealdi laikoaren oinarriak ahultzen hasi ziren, eta mendebaldearen eraginari kontra eginez 1979ko iraultzaren ideologia mamitzen joan zen. Hala, Jalal Al-e-Ahmad idazle eta pentsalariak, Franz Fanonen eta Marxen lanetan oinarrituz, Gharbzadegiren ideia plazaratu zuen: bere iritziz, mendebaldeko kultura ezabatu beharreko izurrite edo intoxikazio bat zen. Bestalde, Ali Shariatik Hirugarren Munduko kolonialismo zapaltzailearen aurrean, Islamaren eginkizun askatzailea aldarrikatu zuen. Azkenik, Morteza Motahhari elizgizon xiitak fede xiitaren kontakizunak hedatu zituen, eta aldekoak entzule eta irakurle ugari lortu zituen.
Oposizioaren adar nagusi bat liberal konstituzionalistak ziren: Irango Islamiar Askatasun Mugimendu demokratiko eta erreformista batetik (Mehdi Bazargan zen euren buru), eta Fronte Nazionala bestetik (laikoagoa). Hiriko klase ertainen babesa zuen, eta Xahk 1906ko Irango Konstituzioari men egitea zuten helburu, eta ez Xah teokraziak ordezkatzea.
Komunistek ere gogor egin zioten aurre monarkia absolutuari. Nahiz eta errepresioaren jopuntuan egon, Tudeh Aldertiak eta Fedaian gerrilak funtsezkoak izan ziren erregimen aldaketan. 1979ko otsaileko azken iraultzan funtsezkoak izan ziren. Aurrekoez gain, oposizioan nabarmendu zen beste gerrila ezkertiar bat Herri Mujahedinak izan ziren; horiek ezkerreko islamistak ziren.
Khomeinik oposizio guztia batzeko egin zuen lan ("marxista ateoak" izan ezik), eta horretarako Xahren gobernuaren arazo sozioekonomikoetan ardaztu zuen diskurtsoa (ustelkeria, klase arteko arrakala), talde ezberdinen arteko liskarrak ekidinez.
Krisiari aurre egin nahian, Xahren gobernuak prentsa-askatasuna areagotu zuen, eta kartzeletan zeuden goi-mailako elizgizon gehienak askatu zituen. Lehen ministroak zenbait kasino eta taberna ixteko agindu zuen erlijiosoei keinu eginez, eta Eid al-Fitr garaian hirian manifestazio bat egitea ere baimendu zuen. Nahiz eta egun horretan bertan ez zen istilurik gertatu, hurrengo egunetan are manifestazio handiagoak egin ziren, Khomeiniren itzulera eskatu eta Errepublika Islamikoa aldarrikatuz.
Irailak 8ko gauerdian, gobernua babestu asmoz, Xahk gerra-legea ezarri zuen: manifestazioak debekatuta zeuden eta gauerdian etxeratze-agindua ezarri zuen. Hala ere, 5.000 manifestari atera ziren kalera, eta gobernuaren soldaduei aurre egin zieten Jaleh plazan. Abisu-tiroen ondoren jendetza ez zen barreiatu, eta tropek zuzenean tiro egin zuten jendartera, eta 64 manifestari hil zituzten. Egun osoan zehar luzatu ziren liskarretan oposizioko hildakoen kopurua 89ra iritsi zen.
Sarraskiak Irango biztanleria hunkitu zuen, eta Xah eta oposizioaren arteko adiskidetze saiakera oro kaltetu zuen. Khomeinik berehala adierazi zuen "sionistek 4.000 manifestari errugabe masakratu dituzte"[8], eta gobernuarekin beste edozein negoziazio baztertzeko aitzakia eman zion.
Xah berak ere gogor gogor kritikatu zituen gertaerak, eta gerra-legeak ofizialki indarrean jarraitzen bazuen ere, gobernuak erabaki zuen manifestazio edo greba gehiago ez etetea eta protesta buruekin negoziatzen jarraitzea. Ondorioz, protesta-elkarraldiak askotan soldaduen esku-hartze seriorik gabe egiten ziren.
Ostiral beltzaren ondoren, greba orokorren garaia iritsi zen. Langileen soldata jaitsierak eta Xahren delituak izan ziren greba horien eragile nagusiak. Kasik merkatu, unibertsitate, eskola, petrolio-instalazio, banku, ministerio, egunkari, ospitale publiko eta fabrika nagusi guztiak itxi ziren. Manifestariek adierazi zuten Khomeini Iranera itzultzea nahi zutela.
Hirietako soldadu eta ofizial gehienek jendearekin bat egin zuen. Khomeiniren jarraitzaileek ideia islamikoak zabaldu zituzten egunkari eta adierazpenetan. Xahren babesleek, Amerikako Estatu Batuek eta Frantziak, puntu horretatik aurrera ez zuten babestu. Euskarri horien faltak erregimena ahuldu zuen.
Xah, beraz, erdibideko soluzio baten bila hasi zen: lehen ministro berri bat nahi zuen, zibila eta oposizioko kidea zena. Abenduaren 28an, akordioa lortu zuen Fronte Nazionaleko lider batekin, Shahpur Bakhtiarrekin. Plana ondorengoa zen: Bakhtiar lehen ministro izendatuko zuen (horrek arau zibilera itzultzea zekarren), eta Xah eta bere familiak herrialdea utziko zuten. Xahren errege-eginkizunak Erregetza Kontseilu batek beteko zituen, eta hura joan eta hiru hilabetera erreferendum bat egingo zen Iranen monarkia izaten jarraitu ala errepublika bihurtuko erabakitzeko.
Bakhtiar, izatez, Xahren oposizioko kidea zen, baina hala eta guztiz ere gobernuan sartzea onartu zuen. Bakhtiar Khomeiniren asmoez jakitun zen, bai baitzekien demokrazia baino teokrazia ezartzeko asmoz zebilela. Berria jakin bezain pronto, Fronte Nazionaleko liderrak, Karim Sanjabik, berehala kanporatu zuen Bakhtiar alderditik, eta Khomeinik deklaratu zuen Bakhtiarren gobernua onartzea "jainko faltsuekiko obedientzia"ren baliokidea zela[9]
Xahk erbesterako irteera atzeratu zuen, Bakhtiarren gobernua egonkortuta ikusteko esperantzaz. Horregatik, Irango jendearentzat Bakhtiar Xahren lehen ministro moduan ikusi zuten, eta sinesgarritasuna ahulduz. Azkenean, 1979ko urtarrilaren 16ko goizean, Bakhtiar ofizialki lehen ministro izendatu zuten. Egun berean, Xahk eta bere familiak, negar batean, Iran utzi zuten eta Egiptora joan ziren erbestera, inoiz ez itzultzeko.
Xahren irteeraren berri eman zenean, milioika lagun kalera atera ziren, berria ospatzeko. Manifestazio hauetan, jendetzak monarkiaren arrasto oro eraitsi zituen.
Bakhtiarrek SAVAK zerbitzu sekretuak desegin zituen, eta kartzelan geratzen ziren preso politiko guztiak askatu zituen. Horrez gain, armadari manifestazio jendetsuak baimentzeko eskatu zion, hauteskunde libreak agindu zituen eta iraultzaileak "batasun nazionaleko" gobernu batera gonbidatu zituen.
Bakhtiarrek Khomeini Iranera itzultzera gonbidatu zuen, Qom hiri santuan Vatikano antzeko hiri-estatu bat sortzeko asmoarekin, "laster Khomeini aiatolari harrera egiteko ohorea izango dugula" adieraziz. 1979ko otsailaren 1ean Khomeini Teheranera itzuli zen Air France Boeing 747 hegaldi batean. Hainbesteko harrera egin zioten herritarrek, ezen helikopteroa hartu behar izan zuen aireportutik ateratzeko, ezinezkoa baitzen autoa jendetzaren artetik aurrera eramatea.
Iritsi zen egunetik bertatik, Khomeinik argi utzi zuen Bakhtiarren gobernua errefusatzen zuela. Otsailaren 5ean, Teheran hegoaldeko Refah eskolan zuen egoitzan, behin-behineko gobernu iraultzailea izendatu zuen: lehen ministro izendatu zuen Mehdi Bazargan oposizioko buruzagia (Askapen Mugimendu erlijioso-nazionalistakoa, Fronte Nazionalarekin afiliatua) eta iraniarrak hari men egiteko agindu zien. Bakhtiarrek, ordea, gobernu hori ukatu eta buruzagi legitimo bakarra bera zela berretsi zuen.
Bi gobernuen arteko tentsioak gora egin zuen segituan. Khomeinik manifestariei dei egin zien herrialde osoko kaleak okupatzeko eta estatubatuar funtzionarioei gutun bat bidali zien Bakhtiarri ez laguntzeko eskatuz. Bakhtiarren gobernua gero eta isolatuago zegoen, gobernuko kide gehienek Khomeiniren alde egin baitzuten. Militar ugarik desertatu zuten, eta buruzagitza zer egin jakin gabe zegoen. Egoera horretan, matxino armatuek arma-fabrika bati eraso egin zioten, eta ia 50.000 metrailadore lapurtu zituzten, borrokan batu ziren zibilen artean banatuz. Matxinoak polizia etxeak eta base militarrak erasotzen hasi ziren Teheran osoan. Hiriko lege martzialaren komandanteak, Mehdi Rahimi jeneralak, erabaki zuen biolentzia ez erabiltzea matxinada zapaltzeko, hildako zibilak sortzeko beldurrez.
Otsailaren 11ko 14:00etan gertatu zen behin-behineko gobernu ez-islamistaren erorketa: Kontseilu Militar Gorenak "egungo gatazka politikoetan neutrala" zela aldarrikatu zuen, "desordena eta odol-isuri gehiago ekiditeko".Militar guztiei beren baseetara itzultzeko agindua eman zieten, herrialde osoaren kontrola Khomeiniren esku utziz. Iraultzaileek gobernuaren eraikinak, telebista eta irratiak eta Pahlavi dinastiaren jauregiak hartu zituzten, Irango monarkia behin-betiko ezabatuz. Bakhtiar jauregitik tiroka bota zuten, eta Iranetik mozorrotuta ihes egitea lortu zuen. 1991n Errepublika Islamikoko agente batek hil zuen Parisen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.