From Wikipedia, the free encyclopedia
Horncastleko basurde burua (ca. 600–650) VII. mende hasierako zilarrezko apaingarri anglosaxoia da, basurde itxura du eta seguruenik kasko baten gandorraren parte zen.[1] 2002. urteko maiatzean metal-detektagailu bidez aurkitu zen Lincolnshireko Horncastle herrian eta Hiri eta Konderriko Museoak 15.000 £-gatik erosi zuen, gaur egun bertan erakusten delarik.[2][3]
Basurdearen buruaren apaingarria, kasko garaikideetako animalia honen irudikapen ezberdinetako bat da; basurdeen eta jainko zein babesaren arteko harremana ohoretzen zuen paganismo germaniarraren usadioa. Horncastleko kaskoaz gain, irudikapen hauek Benty Grange eta Wollaston kaskoaetan aurkitu daitezke, baita Sutton Hoo kaskoko bekainen ertzetan, eta agian, Coppergate kaskoan.[2][Nota 1] Horrez gain, Tazito historialari erromatarrak Baltikoko Aesti jendea deskribatu zuenean (De origine et situ Germanorum edo Germania liburua, XLV. kapituluan), basurde irudikapenak aipatu zituen, hauek guduan erabilita jainoen amaren babesa eskatzen zutelarik.[4][5] Gainera, Beowulf epopeia anglosaxoian, idazleak soldaduen kaskoetako basurde irudiek zeramatzatenak babesten zituela kontatzen zuen.[6][7]
Fragmentua 2002ko maiatzaren 1ean aurkitu zen Horncastle-n, Lincolnshire konderriko merkatu-herrian. D. Turner-ek aurkitu zuen, metal-detektagailu batekin altxor-bila zebilelarik. Ostera, Erresuma Batuko 1996ko Altxor Legearen arabera, non 300 urte baino gehiagoko aurkikuntzak eta %10eko zilar-edukia baino gehiago duten artefaktuak altxor kontsideratzen diren; aurkikuntzaren berri eman zen eta altxor bezala deklaratu zen.[3]
Fragmentua 15.000 liberagatik baloratu zen eta Hiri eta Konderriko Museoak (ingelesez: The Collection edo Kolekzioa bezala ezaguna) erosi zuen. Erosketa Arte-funtsak, MLA/V&A Erosketa Beka-Funtsak, Lincoln Museo eta Arte Galeriaren Lagunak, eta Lincolnshire Konderriko Batzordearen Ondare Zerbitzu-Erosketa Funtsek finantziatu zuten.[8] 2019tik, fragmentua Kolekzio museoan erakusten da, hilobiratze-ostilamendu anglosaxoi ezberdinekin batera.
Orohar, 40 mm-ko (1,6 hazbete) luzera dauka eta basurde baten burua irudikatzen du estilo semi-naturalistikoan. Hutsa da, azpialdean lurzoru eta materia begetalez betea aurkitu zutelarik.[2][3]
Fragmentuak hiru errematxe aurkezten ditu, kaskora lotzea ahalbidetuko zutenak. Eta segururuenik, kaskoaren gandor-ertza apainduko zukeen.[2][3]
Zilarrezko egitura bat da, buru luzanga bat irudikatzen duena. Garezurra kima nabarmen batek zatitzen du bitan. Amaieran, mutur makets bat dauka eta hiru arteka urreztatu, lerro gehiagorekin alde bakoitzean ahoa eta letaginak adierazteko. Basurdearen bi begi txikiak granate lentoide eta kaboxoiek osatzen dituzte, bihi-filigranazko lepo bikoitz baten gainean ezarriak. Bekainak, erliebean zizelkatuak eta urreztatuak, begiengandik bananduak eta garezurraren azpian aurkitzen dira.[2][3]
Basurdeak jatorri anglosaxoia dauka, VII. mendeko lehen erdialdera datatzen delarik. Nahiz eta jatorrizko helburua zehaztatu ezin den arren, apaingarriaren estilo eta tamainak kasko gandordun baten ertzaren parte zela aditzera ematen du.[2][3]
Amaiera edo terminal figuradunek gandor asko apaintzen zituzten kasko garaikideetan,[9] Europa iparraldeko herrialdeetan "gandordun kasko" bezala ezagutzen diren ; Sutton Hoo,[10] Benty Grange,[11] Wolaston, Staffordshire[12] eta Guilden Morden[13] kaskoetan, esaterako. Halaber, Horncastleko fragmentuak bere figuraren begi lentoide, letagin eta kima nabarmenarekin, antzekotasun gehiago du Benty Grange kaskoaren goialdean kokaturiko basurde figurekin.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.