hari-laukoterako egindako konposizioa From Wikipedia, the free encyclopedia
Hari laukote edo soka laukote bat lau harizko musika-tresnek osatutako instrumentu multzo bat da, normalean bi biolinez, biola batez eta biolontxelo batez osatua dagoena. Hari laukotea ganbera musikaren forma garrantzitsuenetarikotzat hartzen da, XVIII. mendetik aurrera entzute handiko konpositore gehienek formazio honetarako lanak idatzi zituztela kontuan izanda.
Instrumentu multzo honentzat idatzitako lanak mota askotarikoak izan daitezen arren, hari kuarteto baten egitura klasikoa sinfoniarenaren antzekoa da.
Haydn, Mozart eta Boccheriniren eskutik, hari kuartetoa ganbera musikako errepertorioko genero ezagunena bihurtu zen. Obra mota honen erreferentziazko egitura lau mugimenduz osatua dago, nahiz eta zenbaitetan zalantzan jarria izan den (Beethovenen 131. opusean, adibidez). Lau mugimenduetako bakoitza tempo eta forma jakin batzuen baitan dago:
1. mugimendua: Allegro tempoa eta sonata forma.
2. mugimendua: Adagio tempoa eta "Lied", sonata edo gai bati buruzko bariazioen forma.
3. mugimendua: Allegretto tempoa, zatiketa hirutarreko konpasa eta minuet eta trio forma. Beranduago, Beethovenen eskutik Scherzo forma erabiltzen hasiko zen.
4. mugimendua: Presto tempoa eta rondo edo rondo-sonata forma, edo hauen aldaera bat.
Ganbera talde asko hari laukotearen aldaeratzat har daitezke:
Hari boskotea soka laukote bati beste harizko musika-tresna bat gehitzean datza. Mozartek bi biola zerabiltzan bere boskoteetan; Schubertek, aldiz, bi biolontxelo. Boccherinik, bestalde, bosgarren instrumentu gisa kontrabaxu bat duten boskote batzuk idatzi zituen.
Laukotearen beste hedapen batzuk ere gertatu dira; Mendelssohnen zortzikotea, esate baterako. Aipatu beharrekoa da Schoenbergek sopranoa sartu zuela 1908an konposatutako bere bigarren soka kuartetoaren azken bi mugimenduetan. Horren ondoren, Hindemithek, Finzik, Respighik, Ginasterak, Schoeckek eta beste konpositore askok ere instrumentazio honetarako idatzi zuten.
Hona hemen soka laukotearentzat idatziriko lan nabarmenak:
Joseph Haydnen 68 hari kuartetoak, Op. 20a, Op. 33a, Op. 64ko 5.a eta Op. 76a bereziki.
Wolfgang Amadeus Mozarten 23 hari kuartetoak, Haydni eskaini zizkion seien multzoa bereziki, K. 465-a barne.
Ludwig van Beethovenen 16 kuartetoak. Haien artean aipagarrienak Op. 59ko 1.a eta 3.a, Op. 74a, op. 95a eta azken bost kuartetoak: Op. 127a mi bemol maiorrean, Op. 130a si bemol maiorrean, Op. 131a do sostenido menorrean, Op. 132a do menorrean, Op. 135a fa maiorrean eta Op. 133a, "Große Fuge", si bemol maiorrrean (jatorriz Op. 130aren azken mugimendua zena).
Franz Schuberten 15 kuartetoak, azken lauak bereziki: 12.a do menorrean ("Quartettsatz"), 13.a la menorrean ("Rosamunde"), 14.a re menorrean ("Heriotza eta dontzeila"), eta 15.a sol maiorrean.
Felix Mendelssohnen bigarren hari kuartetoa (forma ziklikoaren eredu goiztiarra).
Bedřich Smetanaren lehen kuartetoa mi menorrean, "Nire bizitik", ganbera musikako lehen pasarte programatikotzat hartua.
Johannes Brahmsen hiru kuartetoak: Op. 51ko lehena (do menorrean), Op. 51ko bigarrena (la menorrean) eta Op. 67a (si bemol maiorrean).
Alexander Borodinen bi kuartetoak: lehenengoa lan (1879) eta bigarrena ren (1881).
Antonín Dvořáken azken kuartetoak (9.etik 14.era), 12.a "amerikarra" fa maiorrean bereziki; baita 3.a ere, kuarteto arraroki luzea (65 minutu inguruko luzera duena).
Leoš Janáčeken bi kuartetoak: lehenengoa, "Kreutzer Sonata" (1923), Lev Tolstoien "Kreutzer Sonata" eleberri laburrean inspiratua, aldi berean izena Beethovenen bederatzigarren bibolin sonatatik hartzen duena; eta bigarrena, "Eskutitz kutunak" (1928).
John Cagen soka kuartetoak. Haren partitura anitzek ez dute instrumentazio zehatzik ("Fontana Mix"-ek edota "Variations" serieak, adibidez), beraz hari laukote batek jotzea posible litzateke.
György Ligetiren bi kuartetoak: lehena "Métamorphoses nocturnes" (1953-54) eta bigarrena (1968).
Morton Feldmanen bigarren kuartetoa (1983), arraroki izugarri luzea (lau ordu t'erdi eta bost ordu bitartekoa).
Karlheinz Stockhausenen "Helikopter-Streichquartett"-a ("Helikoptero soka kuartetoa") (1992-93). Laukoteko musikari bakoitzak helikoptero batean jotzeko idatzia.