From Wikipedia, the free encyclopedia
Grigori Jakovlevitx Sokolnikov (errusieraz: Григорий Яковлевич Сокольников); jaiotzaz Girsh Jakovlevitx Brilliant; errusieraz: Гирш Я́нкелевич Бриллиа́нт, 1888ko abuztuaren 15agreg./abuztuaren 3ajul. – 1939ko maiatzaren 21a) Ukrainan jaiotako militante boltxebike judua izan zen[1].
Ikasle garaitik zirkulu marxistetan militatzen zuelarik,1905an Alderdi Boltxebikean sartu zen, eta gazteria boltxebikearen arduraduna izan zen. 1905eko Errusiako Iraultzan parte hartu zuen Moskun. 1907an, Gazteria Boltxebikearen I. Biltzar Nagusia antolatu zuen, baina hortik gutxira atxilotu eta bizitza osorako deportatu zuten. 1909an, Siberiatik ihes egin zuen eta erbestera joan zen, Frantziara, Sorbonako unibertsitatean, 1914an, Ekonomia-doktore titulua lortuz. Erbestean, boltxebikeak eta mentxebikeak batzearen alde egin zuen, baina 1914an hasi zen Lehen Mundu Gerrak eta bere posizio internazionalistak boltxebikeen aldera lerratu zuen berriz[1].
1917ko apirilean, Leninen tren berdinean itzuli zen Errusiara eta Moskun agitazio boltxebikea egin zuen. Segituan, Moskuko Komite Boltxebikerako aukeratu zuten. Alderdi Boltxebikearen VI. Biltzar Nagusian hizlari nagusietako bat izan zen eta Komite Zentralerako aukeratu zuten eta 1919 arte egon zen. Pravda egunkariko erredakzioan parte hartu zuen, eta baita ere honen zuzendaritzan. Irailean, Petrogradeko Sobieteko zuzendaritza berriaren kide aukeratu zuten. Urriaren 10eko Komite Zentralaren bilera historikoan parte hartu zuen, eta gehiengoaren posizioa, matxinada armatuaren aldekoa, babestu zuen Kameneven eta Zinovieven aurrean[1].
Urriko Iraultza Sozialistaren ostean, banketxeen arduradun izendatu zuten (1918ko martxoa arte egon zen postu horretan) eta banketxeak nazionalizatu zituen. E.H. Carren arabera, Sokolnikovek aurkeztu zion VTsIKi banketxeak oposizioarekin lan egiten zeudenaren frogak biltzen zituen eta banketxeen nazionaltzea gomendatzen zuen txostena. Vikzhel trenbideen sindikatuak boltxebike, mentxebike eta eseristen koaliziozko—gobernu bat osatzeko negoziazioetan parte hartu zuen, baina negoziazio horiek huts egin zuten[1].
1918ko urtarrilean, Brest-Litovskeko itunaren aurrean, hasiera batean Leninen jarrera (alemaniarrekin bakea sinatzearen aldekoa) defendatu zuen boltxebike apurretakoa izan zen. Hori dela eta, Alemaniarekin negoziazioak egin behar izan zituen ordezkaritza-taldeko kide izan zen. Ostean, ekonomia-lanetan emana izan zen, 1918ko maiatzean, Kontseilu Ekonomiko Goreneko kide izendatu zuten[1].
Hala ere, boltxebike gehienak bezalaxe, Errusiako Gerra Zibila zela, bere ohiko lanak gelditu eta gudara joan behar izan zen: 1918 eta 1919 artean Ekialdeko Frontean egon zen, eta 1919 eta 1920 artean Hego-Ekialdeko Frontean. 1920an, Turkestango frontera destinatu zuten, hango basmatxien (Turkestan “errusiarreko” panislamiarren) kontra borrokatzera (formalki, 1923 arte). Turkestanen ardura politikoak ere izan zituen: 1920 eta 1922 artean, Sobieten Komite Exekutiboaren Turkestanerako Goi Komisarioa izan zen, eta 1920 eta 1921 artean Turkestango Alderdi Komunistako buru[1].
1921ean, berriz itzuli zen ekonomia lanetara. Sindikatuen inguruan Trotski eta Bukharinen jarrera gogorraren, sindikatuak militarizatzea eta kontrolatzea eskatzen zuenaren alde egin zuen, alderdiaren gehiengoaren aurka. 1921an, Ogasunaren Herri-Komisariotzan sartu zen, Nikolai Krestinskiren pe, baina 1922an Ogasunerako Herri Komisario kargurako aukeratu zuten. Kargu horretatik, NEP edo Politika Ekonomiko Berria defendatu zuen; Sokolnikoven arabera, ezinbestekoa zen nekazaritza garatzeko, eta nekazaritzaren garapena ezinbestekoa zen herrialde osoaren ekonomia garatzeko. Era berean, Sokolnikov kanpo merkatal-harremanen aldekoa zen, eta bere ustez Sobietar Batasunak momentu horretan nekazal produktuak sal zitzakeen hoberen. Sokolnikoven arabera, industria laguntzeko modurik onena nekazaria laguntzea zen. Halako posizio moderatu eta “formalista-adituek” alderdiaren ezkerreko aldetik (Juri Larinen aldetik, adibidez) erasoak ekarri zizkioten, baina bere analisi ekonomikoek 1922an, berriz, Alderdi Komunistako Komite Zentralerako aukeratua izatea ekarri zion (1919an utzi zion kide izateari)[1].
Sokolnikoven ekonomia neurrien artean, diruaren jaulkipenaren erritmoa moteltzea izan zen ezagunenetakoa. Ezker aldeko ekonomistek dirua azkarrago jaulki nahi zuten, honek balioa gal zezan eta honela klase ezberdintasunak errazago ezabatzekoak izango zirelakoan, baina Sokolnikovek esan zuenez, estatuak (bi gerretatik atera ostean) ez zuen halako jaulkipen erritmoa sostengatzeko adina indar ekonomiko; eta jaulkipen masiboa mantentzeak eragin zezakeen inflazioak Estatu Sozialista itotzen buka zezakeen. Hala ere, Sokolnikoven planek nolabaiteko oztopoa izan zuten, Errusia sobietarrak eta SESBk ez baitzuten hasieran kanpotik nahikoa inbertsio lortu, industria inbertsioa egiteko kapitala errusiar baliabideeyayol atera behar zuten. Hori dela eta, estatu-kreditua jaulkitzea proposatu zuen. Bere ustez “ekoizpena kredituaren menpe egon behar da, ez alderantziz” eta banketxe sobietarrek hainbeste kontrol izan ez zezaten eta plangintza baten menpe lan egin ez zezatenaren alde zegoen. Kredituaren aldeko kanpaina horrek, Sokolnikovi “merkatu-ekonomia berrezartzearen” edo “merkatu-ekonomiaren printzipio espontaneoaren aldekoa izatearen” leporatzea ekarri zion. Egoera horretan, Sokolnikoven arabera, finantza sobietarren lehen helburua, dibisaren egonkortzea izan zen: “ez da hain garrantzitsua prezioak beherantz finkatzea, hauen egonkorra izan daitezkeen baizik”. Sokolnikovek lortutako emaitzen artean, Estatu Sobietarraren finantzaketan diru-jaulkipenak suposatzen zuen portzentaia 1922an %95a izatetik, 1923an %16ra pasatzea, eta 1924an diru berririk jaulki behar ez izatea zegoen[1].
Bere politiken artean, nekazalguneetan berriz ere diruzko zerga ezartzea (1921-1922ko sobietar gosetean zehar espezien gaineko zerga ezarri zen) izan zen, zerga-sistema progresiboa, parekidea, sinplifikatua eta zorrotza ezartzea lortu zuen. Berriz ere, Errusiako Gerra Zibilaren eta baserritar banden (“Armada berdeen”) kontrako gerraren, eta honek ekarri zuen ekonomia-desantolaketaren ostean, ekonomian estatuak osotasun bezala funtzionatzea lortu zuen. Bere ustez, hura oso garrantzitsua izan zen, zerga honen gabe “Errusia ezin baitaiteke existitu (…) eta Sobietek ezin baitezakete ekonomian aginterik izan”. Sokolnikovek, Politika Ekonomiko Berriaren jarraitzaile gisa, zenbait sektoretan, estatuak merkataritza eta kanpo merkataritza monopolioa lagatzearen alde egin zuen; hala ere, banketxeekiko ez zuen liberalizaziorako joera hori erakutsi. Banketxe pribatuen aurka zegoen, eta estatu-banketxe handiak sortzearen aldekoa zen (estatu-banketxea edo Gosbank, Banketxe Industriala edo Prombank, Kooperatiben Banketxea, Nekazal-Banketxea, etab.). Gosbank zen banketxerik garrantzitsuena, dirua jaulkitzeko monopolioa eta urrezko erreserbak kontrolatzen zituena. Sokolnikov, banketxeen kreditu politika eskuzabalaren aldekoa bazen ere, urrezko erreserbak estatuaren esku edukitzearen aldekoa zen, finantza-kontrol gogorraren aldekoa, bere ustez, urrea kontrolatzea finantzen zirkulazioa kontrolatzeko giltzarria zen. Sokolnikov kritikatua izan zen Gosbanken “adituak” (horietako asko liberal ohiak) “ideologoen” gainetik jartzearren; adibidez Kutler kadetea eta ministro tsarista ohia Gosbanken eragin handiko gizona izan zen, Sokolnikovek babestua. 1925erako Sokolnikovek estatu-aurrekontuan lortu zituen emaitzak ere plazaratu zituen: estatu-aurrekontua 1913an (azken bake ustean) zuen aurrekontura heldu zen, zorra ordaintzera eta defentsa-gastuetara diru gutxiago eta industria-garapenera eta kulturara diru gehiago emanez[1].
1926an, Finantzen Herri-Komisariotza utzi zuenean, Gosplaneko lehendakariorde aukeratu zuten, eta lan horretan 1928 arte eman zuen. Geroago, 1928 eta 1929 artean SESBko industria petrokimikoko lehendakari izan zen, eta 1929an, bere lan diplomatiko zaharrera itzuli zen, SESBk Erresuma Batuan enbaxadore izendatu baitzuen, postu hori hartzen zuen lehena. 1933an, Moskura itzuli zen eta Kanpo Arazoetarako Herri-Komisariorde izendatu zuten. Hala ere, lan hori 1934an utzi zuen, 1935 eta 1936 artean Industria arinaren Herri-Komisariorde izan zelarik[1].
Hala ere, Alderdiaren barneko borroketan inplikatzeak, babes politikoa galtzea ekarri zion: Sokolnikov eztabaida guztietan zegoen, eta oso gutxitan Aaderdiaren posizio nagusiarekin. 1921an ildo “militarra” babestu zuen, sindikatuak militarizatzearen aldekoa, Trotski eta Bukharinekin bat. 1922an, Trotskiren aurka biratu zuen, bere 1917ko historia-liburuak kritikatuz. 1924 eta 1925 artean, Zinoviev eta Kameneven “ezkerreko” ildoa politikoki, baina ekonomia arloetan “eskuinekoa”, biak alderdiaren zuzendaritzaren kontra, babestu zituen. 1926ko Alderdiaren Biltzar Nagusian Stalin Idazkari Nagusi kargutik kentzearen alde egin zuen, Stalinek bere posizio “merkatal-zaleegiak” kritikatzen zituelako. 1920ko hamarkada bukaeran, “eskuineko ildoan” kokatu zen berriz, Politika Ekonomiko Berriaren jarraipenaren alde egin zuen, Alderdiaren gehienak eta Stalinen ildoak industrializatzea proposatzen zutelarik. Sokolnikov Bosturteko Planen kontra agertu ohi zen, eta hori dela eta Alderdiaren barruan posizioak galtzen hasi zen: 1930an Alderdiko Komite Zentraleko kide izateari utzi zion, eta Komite Zentralerako “hautagai” soilik izanen zen. 1936an, Alderditik kanporatu zuten. 1937an, berriz, epaitu egin zuten, Estatu Sobietarraren kontrako ekintzak zirela eta, eta 10 urteko kartzela-zigorra jarri zioten. 1939an, kartzelan hil zen[1].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.