From Wikipedia, the free encyclopedia
Ekonomian, monopolioa (grekeratik, mono -bat- eta polein -saldu-) dagoela esaten da merkatu batean ondasun edo zerbitzu baten eskaintza enpresa bakar baten esku dagoenean. Adibidez, urrutiko herri bateko okindegiak monopolio bat osatzen duela esan daiteke, bera baita herri mailako merkatuko ogi-saltzaile bakarra. Ondasuna eskaintzen duen enpresak, monopolista izena duena, merkatu-botere handia hartzen du, merkatuko salneurria eta eskaintzen den kopurua bere mendean dituelako, bereziki ordezko ondasunik eta merkatu-kuota kenduko dion lehiakiderik ez dagoelako eta monopolio iraunkorretan beste enpresen sarbidea sarrera-hesien bitartez eragozten delako. Hala ere, prezio igoera batek eskaria gutxitzen duela hartu behar du kontuan monopolistak. Enpresaren etekinak maximotzen dituen prezioa eta eskaintzen den kopurua jakiteko, monopolioaren eredu mikroekonomiko bat garatzen da, kostuak, eskaria, ekoizpena eta prezioa biltzen dituena. Monopolioak merkatuan ezartzen duen kontrola, oro har prezio altuagoak ezarriz eta kopuru txikiagoak eskainiz, eta sektore bateko enpresen arteko konkurrentzia ezak ekar dezakeen prezioen gehiegikeria eta produktuaren kalitatearekiko utzikeria direla eta gaitzetsi egin ohi da monopolioen existentzia. Horrela monopolioak ezabatu edo gutxienez arautzeko gomendioak, konpainien arteko lehia bultzatu eta efizientzia handiagoa lortzearren, egiten ohi dituzte ekonomialariek.
Hertsiki, ekoizle oro da monopolista bere merkatuan. Adibidez, kale batean dagoen okindegiak kale horretan monopolio bat osatzen duela esan daiteke. Monopolioaren definizioa operatiboa izateko, ordea, merkatuan gertuko ordezko ondasunik ez dagoela edo ez direla aise eskuragarri ezartzen da baldintza gisa. Horrela, okindegiaren adibidean, bezeroa ogia erostera beste okindegi batera erraz joan daitekeenez, ogia ezberdina izan daitekeen arren, egoera ez da monopoliotzat hartzen.
Ordezko ondasunak daudenean ere, enpresak monopolioaren antzeko merkatu-egitura sortzeko estrategia eraman dezake aurrera, merkatua segmentatuz edo zatituz. Enpresak merkatuko kontsumitzaile jakin batzuei bereziki zuzenduriko produktua merkaturatzen duenean eta kontsumitzaileek fideltasunez erantzuten badute, monopolio egoera baterantz abia daiteke. Epe luzera, ordea, monopolioa iraunkortasuna produktuaren ordezgarritasunaren mendean izango da.
Ordezko produktuen inexistentzia eta ondoriozko monopolioaren merkatu-boterea eta indarra eskariaren elastikotasunaren bitartez neur daiteke. Elastikotasunak eskariaren aldakortasuna neurtzen du prezioaren aldaketen ondorioz. Ondasunak ordezkorik ez badu edo behar beharrezkoa bada, bere eskaria inelastikoa izango da (hau da, prezioak igo arren, eskaria ez da nabarmen aldatuko produktua beharrezkoa bada) eta monopolistak bere prezioak inposatu ahal izango ditu. Ondasuna behar beharrezkoa ez bada edo horren ordezko ondasunak badaude, enpresaren eskaria elastikoagoa izango da eta aukera handiak daude merkatu egoera monopoliotik baino konkurrentziatik gertuago izateko. Beraz, ordezteko ezintasuna erabatekoa eta betierekoa izaten ez denez, monopolio garbiak arraroak direla esan daiteke.
Monopolioak une jakin batean sektore batean enpresa bakar batek jarduten duelako sortzen dira. Baina monopolioak iraunkorra izan dadin sarrera hesiak izenekoak daude, beste enpresak sektore horretan sartzea eragozten dutenak, hala nola egin beharreko inbertsioaren tamaina handia eta patenteak. Jarraian, monopolio-egoera sorrarazi ohi duten sarrera hesien sailkapena egiten da, horietako batzuk loturik egon badaitezke ere:[1]
XIX. mendean eskola marjinalistaren aitzindaria izan zen Antoine Augustin Cournot ekonomialari frantsesak monopolistak bere etekinak maximotzeko finkatu beharreko prezioa eta ekoizpena ezarri zituen eredu mikroekonomiko batean.
Konkurrentzia perfektuan ez bezala, monopolistaren eskari-kurba beherakorra da: enpresa bakarra dagoenez, bera da merkatua eta bere eskari-kurba merkatuko eskari-kurba izango da. Horrela, erabakitzen duen prezio-aldaketa orok eragina izango du kontsumitzaileen aldetik eskatzen den kopuruan: prezioaren merketzeak eskariaren handitzea ekarriko du. Ez dago garbi, ordea, prezio-eskari konbinazio berriak enpresaren sarrerak gehituko dituen: sarrera marjinala, beraz, aldakorra izango da eta negatiboa ere izan daiteke, prezioa merketzean.
Goiko taulako lehen bi zutabeetan monopolista batek duen eskari-funtzioa agertzen da: prezio bakoitzeko, eskaria zein den. Sarrera totala prezio eta eskariaren kopurua bidertuz eskuratzen da. Sarrera marjinalak, berriz, prezioaren gehikuntza bakoitzean, sarrera totalaren aldaketa adierazten du. Monopolistak prezioa gehitu egin dezake, baina eskaria jeitsi egingo zaio horren ondorioz. Grafikoan, taulako prezio-eskari konbinazio diskretuak modu jarraituan azaltzen dira: goiko grafikoan, eskari-funtzioa (p: prezioa, q: eskari-kopurua) q=10-p/2 da (beste era batera, p=20-2q) azaltzen da. Sarrera totala (beheko grafikoan) pq da: 20-2q×q=20q-2q^2. Sarrera marjinala horren deribatua da, eskariaren aldaketa txikien ondorioz nola aldatzen den sarrera totala alegia: 20-4q. Sarrera marjinala eta eskari-funtzioa, goiko grafikoan, puntu beretik abiatzen dira: prezio altuenean saltzen den lehen unitateak prezio altueneko sarrera gehigarria ematen dio monopolistari. Sarrera marjinala negatiboa denean, sarrera totalak jeisten ari direla esan nahi du: monopolistak sarrera maximoak ditu (beheko grafikoko gailurra) sarrera marjinala 0 denean. Ohartu eskariaren lerroak batez besteko sarrera ere ematen duela: Bbs=pq/q=p, q desberdinetarako. |
|
Analisi marjinalaren printzipioaren arabera, monopolistak ekoizten duen produktuaren azken unitatearen sarrera marjinala unitate horren kostu marjinalaren berdina izango da bere mozkina maximotzeko. Baldintza honetatik abiatuz honela frogatzen da ezarri beharreko prezioa, monopolistak bere etekinak maximotzearren.
Enpresak unitate gehigarri bat ekoiztu eta merkaturatzea erabakitzen duenean eskuratzen duen sarrera marjinalak bi osagai ditu:
Beraz, sarrera marjinala, prezio eta kopuru-efektuak gehituta, honela kalkulatzen da:[2]
Mozkin maximoko puntuan kostu marjinala eta sarrera marjinala berdindu egiten dira:
Eta orduan hau izango da monopolistak mozkinak maximotzeko ezarri beharreko prezioa hau izango da:
Ikusten denez, monopolistak ezarri beharreko prezioa ez dago guztiz bere mendean, merkatuak inposatzen dion elastikotasunaren mendean baizik. Elastikotasuna oso handia (zenbaki negatibo handia, -100 esaterako) bada (monopolistaren produktuak ordezkoak baditu, esaterako)[3], ezarri beharreko prezioa kostu marjinaletik zertxobait handiagoa izango da soilik, konkurrentzia perfektuan bezalatsu[4]. Merkatuak ezarritako elastikotasuna txikia bada (zenbaki negatibo txikia, -2 esaterako), monopolistak merkatu-botere handia duenean alegia, prezioa kostu marjinaletik oso gora jarri ahal izango du monopolistak.
Arestiko emaitzetan oinarrituz, monopolistak prezioak finkatzeko duen merkatu-boterea neurtzeko Lerneren adierazlea erabiltzen da:
Konkurrentzia perfektoan aritzen den enpresa batean jarri beharreko prezioa bat dator kostu marjinalarekin (P=KM) eta beraz, L=0 beteko da. Lerneren adierazlea zenbat eta handiagoa den, orduan eta merkatu-botere handiagoa izango du monopolistak.
Cournoten ereduan, monopolioak konkurrentzia perfektuan baino kopuru txikiagoa ekoiztu eta merkaturatu eta prezio altuagoan saltzen du, mozkinak eskuratuz. Gogoratu behar da konkurrentzia perfektuan enpresak ez duela mozkinik eskuratzen, kostu marjinala prezioarekin berdindu behar baitu. Monopolioak eskuratzen dituen mozkinak konkurrentzia perfektuko kontsumitzaileen soberakinetik eskuraturisko transferentzia besterik ez da. Transferentzia horretaz gainera, badago kontsumitzaileen soberakin galera bat, inork jasotzen ez duena eta beraz berreskuraezina dena. Hain zuzen, monopolio-egoeran badira monopolioari eta kontsumitzaileei onuragarri zaizkien baina azkenean gauzatzen ez diren salerosketak: badaude kontsumitzaileak ekoiztutako unitate gehigarri bat erosiko luketenak kostu marjinala baino handiagoa den prezio bat ordainduz, baina ez monopolioak ezartzen duen prezio altuagoan.
Efizientzia-galera horretaz gainera, monopolioaren gizarte-kostuak badu beste osagai bat, errenta ekonomikoak deritzona. Izan ere, monopolioa bere egoerara heldu eta bertan irauteko hainbat gastu izaten ditu, monopolio-egoera helburu izan gabe izango ez lituzkeenak. Horietan estatuari monopolioa atxiki eta babesteko eginiko presioak, ekoizpen txikiagoa burutzeagatik erabili gabeko ekoizpen-ahalmena eta publizitate-kanpainak.
Estatuak monopolio bat desegitea neurri egokitzat jo daiteke, kontsumitzaileek irabazia monopolioaren galera baino handiagoa delako. Berezko monopolioan, ordea, neurri hau aurrera eramatea zailagoa da, monopolioa jarduera ekonomikoaren beraren ezaugarriengatik, jasaten dituen kostu finko altuengatik hain zuzen, sortzen baita. Berezko monopolioak kontrolatzeko horiek jabetza publikokoak bihurtu izan dira, prezio eta kopuru efizienteagoak ezartzeko. Historiak, ordeak, estatu-monopolio horiek egokiak ez direla frogatu izan du: enpresa pribatuek baino ahalegin txikiagoak egiten dituzte ekoizpena eraginkortasunez burutzeko eta askotan interes politikoen mendean izaten dira.
Jabetza publikoaren aukera monpolioaren erregulazioa izan daiteke, bereziki prezio arautu maximo bat ezarriz. Monopolioak ez diren egoeretan, prezio maximoek produktuen eskasia eta merkatu beltza ekartzen dituzte batzuetan; monopolioetan, ordea, erabaki egokia izan daiteke, betiere prezioa batezbesteko kostu totaletik gora badago. Prezio maximo bat finkatzean, monopolistaren prezioa baino txikiagoa, estatuak kontsumitzailearen soberakina handitu egiten du, prezio horretatik gora gehiago ordaintzeko prest dauden kontsumitzaile gehiago baitaude. Monopolistak bere mozkinak gehitzen dituen prezio- eta kopuru-efektuak zenbat diren izango da: prezio txikiagoarekin mozkina galtzen du unitate bakoitzeko, baina aldi berean gehiago saldu ere egiten du. Edonola ere, prezio arautu maximoak monopolistak berez sorraratzen duen efizientzia-galera berreskuratu egiten du. Muturrean, prezio arautu maximoa batezbesteko kostu totalarekin bat datorrenean alegia, monopolistak ez du mozkinik eskuratzen, baina kontsumitzailearen soberakina konkurrentzia perfektuko egoerako mailara itzultzen da.
Prezio-diskriminazioa izaten da monopolioak bere mozkinak gehitzeko erabiltzen duen estrategia arrunt bat. Printzipioz monopolioak ezartzen duen prezioari uko egin baina aldi berean monopolioaren kostu marjinaletik gora dagoen prezio merkeago bat ordaintzera prest dauden kontsumitzaileak badaude. Kontsumitzaile horientzat produktuaren prezio berezi bat eskainiz, monopolioak saldutako unitate horiengatik mozkin gehigarriak eskuratzen ditu, hasierako prezioan izandako mozkinak galdu gabe. Estrategia honen adibide bat, trenbide-konpainiek (maiz monopolio moduan jarduten dutenak) bidaiari arrunt, ikasle eta adineko pertsonentzat ezartzen dituzten prezio bereziak dira. Ikasle eta adineko pertsonentzako prezio bereziak ezarriko ez balira, bidaiari arruntei dagokien mozkinak soilik eskuratuko lituzke, ikasleak eta adineko pertsonak ez baileudeke prest prezio arrunta ordaintzeko. Prezio bereziekin, ordea, kolektibo horien kontsumitzaile bilakatu eta mozkin gehigarriak gaineratzen dituzte, betiere prezio horiek kostu marjinaletik gora badaude.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.