From Wikipedia, the free encyclopedia
Eskrima edo ezpata-jokoa arma zuriak erabiltzen dituen borroka kirol mota bat da, Asiako borroka arteen Europako baliokidea. Kirol horren helburua aurkaria arma zuri baten puntarekin ukitzea da, araudiak baimena ematen duen lekuetan.
Jatorri espaniarra duen kirol olinpiko bakarra da. Hala ere, beste herrialde batzuetan gehiago hedatu zen, eta tradizio handiagoa dago Frantzia, Italia edo Hungrian. Joko Olinpiko moderno guztietan egon diren lau kiroletako bat da.[1] Mugimenduak oso bizkorrak eta bat-batekoak izaten direnez, forma fisiko bikaina eta erreflexu onak beharrezkoak dira, maila onean aritzeko.
Hizkuntza ofiziala frantsesa da, eta arauak ezartzen dituen nazioarteko organismoa Fédération International d’Escrime (FIE) da (hala eta guztiz ere, herrialde bakoitzak bere hizkuntza erabiltzen du nazio-barruko probetan), nazioarteko proba denean, epaileek nahitaez frantsesa erabili behar baitute.
Epaileak, gainera, keinu kode bat du, gertatutakoa azaltzeko.
Eskrima hitzak antzinako escremie hitz frantsesetik dator eta hori, frankoen hizkuntzaren skirmjan hitzetik. Haren esanahia babestu da. Etimologiak, beraz, eskrima babes kirol bat dela azaltzen digu, arma zuri baten bidezko babesa.
Bilboko eskrimak maisueek ikasleei zuzenean igaro dieten etengabeko tradizioa du, XIX. mendearen amaieratik gaur egunera.[2] XIX. mendeko 90eko hamarkadan Martell maisu frantsesak areto bat ireki zuen Bilboko plaza zirkularrean; haren heriotzaren ostean, Juan Suñék, haren ikasle onenetako batek, ordeztu zuen. Kirol horren urrezko urteetan animatzaile, irakasle eta antolatzaile izan zen, eta izugarri jardun zen horretan: Club Deportivo-n, “El Sitio” elkartean, “La Bilbaina”-n, El Marítimo-n, Artxandako Kasinoan... klaseak eman zituen. 1918an, aretoa Gran Via 3-ra lekualdatu zuen. Erakustaldi ezberdinen antolatzaile gisa nabarmendu zen, Afrodisio Maisuarekin Campos Antzokian egindakoa esaterako. Garai hartako espainiar eskrimarekin harremanetan zegoen, batez ere Angel Lacho maisuarekin, oso adiskide ona zuena.
1923an Bizkaiko lehendabiziko txapelketen sustatzaile izan zen, eta ondoren eskualdekoetan eta espainiarretan aritu ziren. Klub bizkaitar horiek Donostiako eskrimalarien errege elkartea eta Gasteizko zirkuluarekin batera, Euskadiko eskrima federazioa osatu zuten. Guda zibilaren ondoren, haren seme Jose Marik ordeztu zuen: lehen klaseak Frantzian eman zituen eta poliki-poliki bere aitaren aretoa eta irakaskuntzen eginkizunak bereganatu zituen. Jose Mari Suñé 40 urte baino gehiagotan Euskal Herriko eskrimaren erreferentzia izan zen, bere aitaren irakaskuntzak eta espiritua belaunaldietan mantenduz.
Aldi berean, Bilboko Club Deportivo-ko eskrimako sailak, hasiera batean Suñétarren antolakuntzaren menpekoa zenak, 50eko eta 60ko hamarkadetan jarduera nabariekin segitu zuen. 1951n Fernando Frelin-ek Ciudad de Burgos txapelketa irabazi zuen floretean. 1952an Florencio Grijalbak zuzendutako Bizkaiko Eskrima Federakundea sortu zen. 60ko hamarkadan Ricardo Frelin-ek, Fernandoren semea, Espainiako florete txapelketa irabazi zuen junior mailan eta Rosa Maria Altea Espainiako txapeldunordea izan zen.
Espainiako eskrima errege federazioaren (RFEE) ordezkoa zen Ricardo Frelin Club Deportivo-ko aretoan segitu zuen, 90eko hamarkada arte.
Azkenik, 80ko hamarkadan José Ignacio Anguísola —Suñé eta Ricardo Frelin-en ikaslea— Bilboko eskrimaren oinarriak kirola hedatzeko modu berrietara moldatzeko garabide eta irakaskuntza lanetan hasi zen. Modu horretan sortu ziren gaur egungo Bilboko klubak eta Bizkaiko federakuntza. Eskrima udal-polikiroldegietan sartu zen eta txapelketa nazionaletara itzuli zen Bilboko eskrima. Ekintza horien guztien ondorioz, Arabako eta Bizkaiko federazioen baturaz, Euskadiko Eskrima Federakuntza sortu zen 1996. urtean.
Gaur egun kirolean erabiltzen diren armak haien jatorritik asko aldatu dira. Orain arma arinak dira, malguak, punta zorrotzik gabekoak eta mozten ez dutenak. Barrutik sistema elektriko konplexuak dituzte, makina bati lotuak, aurkaria jotzean argi batzuk pizten dituena.
Floretea ezpata arin gisa sortu zen, dueluetarako trebaketetan aritzeko erabiltzen zena. Gaur egungo eskrima-kirolean araudirik konplexuenetarikoa dauka. Honen arabera, puntarekin baino ezin da jo aurkariaren enborraldean. Berezitasuna lehentasunean datza: orokorrean, biek jotzen dutenean, erasoa lehenago hasi duenak irabaziko du puntua. Hala ere, lehentasun hau berreskuratu daiteke, bai erasoa geldituz, edo erasoak huts egiten duenean. Erasoak enborretik kanpo jotzen badu (adib. besoan), ez da punturik eskuratuko, baina ez du lehentasuna galtzen; hau da, erasoak balio ez duen lekuan jota eta kontraerasoak (lehentasunik gabekoa) enborrean ematen badu, ez zaio ez batari ez besteari punturik emango.
Ezpata dueluen antz gehien duen eskrima modalitatea dugu. Floretea bezala, puntadun arma da, baina honetan gorputz osoan jo daiteke, eta ez dago inolako lehentasunik; bi tiratzaileek aldi berean jotzen badute biek eskuratuko dute puntu bana. Hiru armen artean pisutsuena dugu (750 g), eta eskubabesa floretearena baino nabarmenki handiagoa da, oraingoan eskua ere jomuga da eta. Oro har, ezpata bidezko borrokaldiak geldoagoak izaten dira, lehentasun ezagatik datorrena, aurkariaren akatsa itxarotea estrategia oso erabilia baita. Hortaz ezpata bidezko ekitaldiak ez dira, normalean, horren intentsoak fisikoki, baina taktikoki landuagoak dira.
Sablea floretea bezain arina da (500 g). Jomuga gerritik gorakoa da eta bai puntarekin zein sorbatzarekin jo daiteke, hau da, sablearen aho osoarekin. Floretean bezala, lehentasuna hartzen da kontuan, baina jokalariak kolperen bat gerritik behera jotzen badu (jomugatik kanpo), makina elektrikoak ez du erregistratuko eta huts eginiko eraso gisa hartuko da. Hiruretan azkarrena da, eta hauxe dela eta araudian pare bat bitxikeria ditu: moteltzeko asmoarekin, aurrerapausoetan debekatua dago hankak gurutzatzea, kirolariek erasoaren lehentasuna lortu nahian korrika egin ez dezaten. Horren arina izatearren ez da denbora neurtzen beste bietan bezala, eta 15 punturainoko borrokaldietan minutu bateko atsedenaldia uzten da (floretean eta ezpatan 3 minutu eta gero lortzen dena), bietariko batek 8 puntu eskuratzean ematen zaie tiratzaileei.
1982ko mundu txapelketan, Vladimir Smirnov sobietarra faboritoen artean zegoen, aurreko urteko mundu txapelduna eta 1980ko txapeldun olinpikoa baitzen. Hala ere, istripu bat izan zuen: bere aurkaria zen Mathias Behr alemaniarraren floretea hautsi eta Smirnoven aupegi-babesa zeharkatu zuen. Handik 9 egunera hil egin zen. Geroztik, kirolarien segurtasuna bermatzeko, arau oso zorrotzak ezarri ziren, eta ez da beste hildakorik gertatu. Hona hemen euren segurtasunerako eskrimalariek erabilitako jantziak:
Arma, sexua eta adinaren araberako lehiaketak antolatzen dira. Adinari dagokionez, 15, 17 eta 20 urtetik beherakoak, 40 urtetik gorakoak bereizten dira.
FIE-ren araudiaren arabera, sailkapenaren araberako ligaxkak egiten dira (6-7 tiratzailez osatuak), eta ligaxka horietan, aurretiaz ezarritako orden zehatz batean tiratzaileak aurrez aurre jartzen dira. Ahal den neurrian klub/herrialde bereko partaideak ligaxka ezberdinetan egon daitezen saiatu behar da (betiere sailkapenaren puntuak garrantzitsuagoak dira). 7ko ligaxka baten borrokaldi ordena honakoa da (lerroka irakurri):
1-4 | 2-5 | 3-6 | 7-1 | 5-4 | 2-3 |
6-7 | 5-1 | 4-3 | 6-2 | 5-7 | 3-1 |
4-6 | 7-2 | 3-5 | 1-6 | 2-4 | 7-3 |
6-5 | 4-2 | 4-7 |
Borrokaldiok 5 tantorakoak dira edo 3 minutura (gertatzen den lehenengoa). Ez da posible berdinketarik, beraz denbora bukatutakoan eskrimalariak berdinduta badaude, hobespen minutu bat uzten da: azarean txanpon bat botatzen da bietako baten lehentasuna adierazteko. Ondoren minutu batez luzatzen da borrokaldia. Denbora tarte horretan puntua lortzen duenak irabaziko du; punturik eskuratu ez bada, une hartan lehentasuna zuena izango da garaile. Minutu horretan ezpatako puntu bikoitzak ez du inolako baliorik izango.
Bukatutakoan, ligaxka guztien datuak batu egiten dira zerrenda orokor batean, eta “irabazitakoak / borrokaldi kopurua” eta “jotako-jasotako puntuak" indizeen arabera ordenatzen dira. Zerrenda horren behekaldean dauden batzuk (% 20-30) zuzenean kanporatuta geratzen dira, eta besteek hurrengo txandan parte hartzen dute. Partaide kopuruaren arabera, posible da ligaxka txanda gehiago egotea.
Hemendik aurrera aurrez aurrekoak 15 tantora izango dira. Denboraren aldetik, 3 minutuko 3 saio daude (9 min.), tarteko minutu bateko atsedenaldiaz, zeinetan entrenatzaileekin hitz egiteko aukera dagoen. Borrokaldia galduz gero txapelketatik kanporatua geratzen da tiratzailea. Elkarketa horiek aurreko txandaren osteko zerrendaren araberakoak dira, eta koadroka doaz, hau da, 64ko koadro batean adibidez, lehena 64.aren aurka borrokatuko da, bigarrena 63.aren aurka, eta abar. Behin 64ko koadroa gaindituta, 32koa modu berean segituko da, finalera iritsi arte. Aipatzekoa da finalerdiak galtzen dituztenak ez direla elkarren kontra borrokatzen, baizik eta hirugarren postua elkarbanatzen dutela; bi hirugarren daude. Lehiaketaren bukaerako postuaren arabera, hurrengo puntuak lortuko dira sailkapen orokorrerako:
Postua | Puntuak |
---|---|
1 | 32 |
2 | 26 |
3 ex æquo | 20 |
5-8 | 16 |
9-16 | 8 |
16-32 | 4 |
32-64 | 2 |
Txapelketaren mailaren arabera taldeak klubak edo herrialdeak izango dira. Talde bakoitzean 3 eskrimalari daude, eta laugarren bat, ordezko. Arerioek orden jakin batean egiten dute aurka banakako borrokaldietan, 3 minutura eta 5 puntura borrokaldiko. Bigarren borrokaldian, 10 puntura joateko aukera dago; hirugarrenean, muga 15 puntukoa da; laugarrenean, 20koa, eta abar. Bukaeran, 45 tantora izango da.
Kasu berezia da: ez dago ligaxka txandarik eta zuzenean kanporaketa txandan aritzen dira tiratzaileak. Horrez gain finalerdiak galdu dituztenek haien aurka borrokatzen dute hirugarren postu bakuna lortzeko. Urte olinpikoan ez da munduko txapelketarik antolatzen, baina 2004ko Jokoetatik aurrera banakako eta taldekako proba bana kentzen dira (adibidez, emakumezkoen floretea eta taldekako gizonezkoen sablea), Joko Olinpikoen edizioetan proba hauek txandakatuz. Hortaz, bisurteetan mundu txapelketa antolatzen da.
Eskrimako historian zehar materialak, teknikak, araudiak eta aurkariak aldatu izan dira besteak beste, eta horrexegatik ez da posible garai ezberdinetako tiratzaileak konparatzea. Hala ere, hauek guztiek badute zerbait amankomunean: bere garaian onenak izanak dira, beste batzuentzat imaginaezina den domina kopurua irabaziz:
Lucien Gaudin (1886-1934): 1904 eta 1928 urteen artean urteen artean hainbat domina lortu zituen munduko txapelketetan eta Joku Olinpikoetan, banaka eta taldeka eta bai floretean zein ezpatan. 1928. urtean, 42 urte zituela, Amsterdamgo Joko Olinpikoetan 3 domina lortu zituen: bi urrezko bi eta zilarrezko bat.
Nedo Nadi (1894-1940): Dudarik gabe, historian izan den onenetarikoa, onena ez bada. Joko Olinpikoen edizio berean hiru armetan urrezko domina lortu duen eskrimalari bakarra da [3]. Antwerp-en gertatu zen, 1920an; taldekako hiru probak irabazi zituen, eta banakako bi (ezpatako txapelketan ez zuen parte hartu) [4].
Aladar Gerevich (1910-1991): Sablelari hungariar honek munduko txapelketetan 14 urrezko domina lortu zituen, eta 7 urrezko Joko Olinpikoetan, eskriman inork berdindutako marka [5]. 6 ediziotan urrezko domina lortu zuen (errekor hori Brigitt Fischer kayakalari alemaniarrarekin batera mantentzen du). Bere azken urrezko domina 50 urte zituela irabazi zuen [6].
Christian d’Oriola (1928-2007): Frantziar floretelari horren goitizena d’Artagnan zen eta FIEak 2001ean “XX. mendeko eskrimalaria" titulua eman zion [7]. Joko Olinpikoetan 6 domina lortu zituen (3 taldeka eta 3 banaka) eta munduko txapelketetan urrezko 8 (4 taldeka eta 4 banaka) eta urrezko bat.
Edoardo Mangiarotti (1919-2012): Eskrimako historian beste edonork baino domina gehiago lortu ditu munduko txapelketetan zein Joko Olinpikoetan [5]: denera, 39. 2003an NOB-ak platinozko lore-koroarekin saritu zuen, Joko Olinpikoen historian edozein kiroletako atletarik kondekoratuena zela esanez [7]. 2012-ko apirilean, historia osoan soilik 3 kirolarik lortu dituzte domina olinpiko gehiago: Michael Phelps, Larisa Latynina eta Nikolai Andrianov [5].
Aleksander Romankov (1953-): “Eskrimako Tzarra” ezizenaz ezaguna. Hamar aldiz munduko txapelduna izan zen (5 banaka [8] eta 5 taldeka [9], URSS-arekin), eskriman errekor absolutua izan dena urte askotan zehar, soilik Valentina Vezzalik hobetua eta Pozdnyakovek berdindua [7]. Joko Olinpikoetan ez du lortu banakako txapelketan garaile izatea, baina zilarrezko eta brontzezko dominak irabazi ditu [8][9]. Bere azkeneko partehartze olinpikoa 35 urterekin egin zuen, Seul-en, taldeka urrezko domina lortuta eta banaka brontzezkoa [10]. Bere teknika klasikoagatik eta jarrera gizalegetsuagatik ezaguna zen. 2008ko Joko Olinpikoetan Bielorrusiako bandera eraman zuen[10].
Stanislav Pozdnyakov (1973-): Sablista errusiarrak Romankoven marka berdindu zuen: 10 aldiz izan da munduko txapeldun (5 banaka [11] eta 5 taldeka [12]) eta horrez gain, txapeldun olinpikoa 4 alditan (1 banaka [11] eta 3 taldeka)[7]. Sablista modernoek fisikoaren aldetik gailentzen dira, baina Pozdnyakov bere teknika zehatzagatik zen bereziki ezaguna.
Valentina Vezzali (1974-): Kirol horren palmaresik onena du [13]. Europako txapelketetan urrezko domina lortu du 11 aldiz (5, banaka eta 6, taldeka) [14], munduko txapelduna izan da 13 aldiz (6, banaka [15] eta 7, taldeka [16]) eta Joko Olinpikoetan 6 urrezko domina irabazi (3 banaka [15] eta 3 taldeka [16]) [14]. Horrez gain, zilar eta brontzezko hainbat domina lortu ditu. Sasoiaren bukaerako sailkapenean 11 aldiz lehena izan da, eta 78 mundu kopa irabazi ditu, beste inork lortu ez duena [14]. Aipagarria da Joko Olinpikoen 3 ediziotan jarraian banakako txapelketa irabazi duen eskrimalari bakarra dela; 2000, 2004 eta 2008-ko edizioetan. Banakako proba batean dominaren bat lortu du jarraian, 5 Joko Olinpikotan (1996-2012) [14] [15].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.