From Wikipedia, the free encyclopedia
Epaiketa auzitegi baten ezagueraren mendean jarritako bi parteen arteko eztabaida da. Eztabaida edo interes-gatazka baten existentzia eskatzen du.
Epaiketen parte-hartzaileak honako hauek dira:
Edozein motatako auzietan,epaitzeko eta epaia emateko zilegitasuna duen pertsona da. Zuzenbidean epaiketaren prozesua gainbegiratzen du, bakarrik edo beste epaile batzuen laguntzarekin. Epaileen botereak, funtzioak, metodoak, diziplina eta ikasketak ezberdinak dira jurisdikzio bakoitzean. Epailearen ezaugarririk garrantzitsuena gertaerak modu objektiboan aztertzeko gaitasuna da. Epaileak lekuko guztiak entzun, dagoen ebidentzia aztertu eta horietako bakoitzaren sinesgarritasunaren gainean erabakiko du, bere interpretazioa eginez. Jurisdikzio batzuetan epailearen lana herritarrekin parteka dezake. Prozesu inkisitorialak gertatzen direnean epaileak, aldi berean, fiskalaren papera hartzen du.
Epaiketa bateko aldeen defentsan eta edozein prozesu judizial nahiz administratibotan jarduten duen pertsona da. Gainera, gai juridikoetan aholkularitza lanak ere egiten ditu. Lanbide honetan jarduteko, herrialde gehienen antolamendu juridikoetan nahitaezkoa da abokatuen elkargoan inskribatua egotea, edo bestela estatuaren baimena izatea.
Ekintza bat egiteagatik, normalean delitua edo kondenagarria den jokaeraren batengatik seinalatzen zaionari deritzogu. Salatzen duten horri, akusatua deritzogu.
Ustezko delituari buruzko kezka bat planteatzen duen pertsona oro edo, enpresa batean, edozein pertsona-talderen delitua salatzen duena da.
Ikerketa kriminalaren eta akzio penal publikoaren jardueraren norabidea eramaten duen Ministerio Publikoaren kidea da.
Jende guztiaren esku dagoen botoa da, baita gizartearen geruza baxuenetan dagoen jendeak erabil dezakeena ere. Termino hau erabaki politikoak hartzean herritarren parte-hartzea baimentzen duen mekanismoa aipatzeko erabiltzen da.
Lau epaiketa nagusi daude:
Judizio zibila, daukagun epaiketarik nabarmenena eta gehien erabiltzen dena da. Beharbada prozedura hau ezaguna da pertsona gehienentzat. Prozedura penalean ez bezala, eremu zibilean, prozeduran interes legitimoa duten partikularren arteko kexei buruz ari gara beti. Prozedura-mota horren adibideak izango dira: kalte-galerengatiko kexak, kontratuen deuseztasuna, dibortzioak, etab.
Judizio zibilak bi prozedimentuetan amai daiteke, alde batetik prozedura arruntean, eta beste aldetik, hitzezko prozeduran. Noiz gertatzen da judizio arrunta eta noiz ahozkoa? Horretarako, tratatzen den materia edo eskatutako diru kopurua kontuan hartu behar izango da.
Zigor-arloko judizioa Prozedura Kriminalaren Legean oinarrituta dago. Aipagarria da hirugarren batek egindako delitu publiko edo falta bat eztabaidatzen dela. Bestalde, zenbat fase ditu? Zigor-arloko judizioak bi fase ditu : alde batetik, instrukzio-faseari dagokiona; eta bestetik, ahozko judizioaren faseari dagokiona.
Instrukzio-fasean epailea ikertzeaz eta delituez arduratzen da. Bestalde, epaileak delitugilea nor den aztertu behar du. Fase hau amaitu ondoren, ahozko judizioaren fasea hasten da.
Ahozko judizioaren fasea, beste auzitegi baten aurrean egiten da, akusazio-idazkiak aurkeztutakoan.
Lehen baliogabetasun-judizioa deitzen zen, eta Auzitegi Federalaren Lege Organikoen erabakien kontra, dekretu eta akordio orokorren kontra, eta erregelamendu desberdinen kontra zihoan.
Hirugarren tipo hau oso bitxia da, prozeduraren alderdi bat beti Administrazio Publikoa izango delako, eta bestea, aldiz, pertsona fisiko edo juridiko bat. Gainera, prozedura honetara heltzeko, lehenik eta behin aurreko bide administratibo guztiak agortu behar izan dira.
Prozedura hau, zuzenbide prozesaleko adar bat da, eta jarduera profesionalean gure harreanak ebazten ditu. Prozedura mota hau beti publikoa da, eta lan-arloko epaitegiaren aurrean behar den eskaria aurkeztutakoan hasiko da.
Judizioa ahoz egiten da, eta alderdiek beren froga baliabideekin batera joan beharko dute judiziora. Behin judizioa eginda, eraktikatutako frogen balioespenaren ondoren, epaileak gaiaren gaineko epaia emateari ekingo dio.
Organo jurisdikzional jakin bati auzi jakin baten ebazpena ematen dion erregela edo irizpide multzoa da eskumen judiziala . Horren bidez jakingo dugu auzi jakin bat zein organo jurisdikzionalek ebatziko duen, eta zein auzitegitako eta lurraldetakoa den.
Hori kontuan hartuta, beharrezkoa da jakitea epaitegi eta auzitegi jakin bakoitzak zein auzi edo gatazka ebatzi behar dituen. Eta hori da eskumena, epaitegi bakoitzaren ebazte-eremua zehaztea, alegia. Eskumena nola banatzen den jakitea ezinbestekoa da; hau da, eskumena banatzeko edo auziak epaitegien artean banatzeko irizpide batzuk kontuan hartu behar ditugu. Izan ere, auziak banatzeko badaude hainbat arrazoi: Espainiako lurraldearen tamaina, gaien konplexutasuna, eta abar.
Orokorrean, irizpide horiek hiru dira:
Eskumena banatzeko irizpideak aipatu ditugu; hala ere, lehenik jakin beharko dugu eskumena benetan Espainiako epaile bati dagokion ala beste estatu bateko epaile bati dagokion.
Jurisdikzioaren hedatzearen bidez, Espainiako auzitegiek legitimoki eta eraginkorki landu ditzaketen gaiak zehaztea lortuko da. Horrenbestez, aurretiaz jakin behar dugu Espainiako jurisdikzioa gatazka horren ebazpenera heltzen den; horretarako –hots, Espainiako jurisdikzioaren hedatze eta muga horiek ezagutzeko- hiru lege ezberdin aztertu behar dira:
Hala ere, ez ditugu nazioarteko zuzenbide pribatuan aztertzen diren nazioarteko itun eta hitzarmenak ahaztu behar, horiek oso garrantzitsuak baitira lantzen ari garen esparruan. Arau orokorra Botere Judizialaren Lege Organikoaren 4. artikuluan dago, eta honako hau xedatzen du: “jurisdikzioa pertsona guztiengana, gai guztietara eta Espainiako lurralde guztira hedatzen da, konstituzioak eta legeek dioten moduan”. Ikus dezakegunez, artikulu horren interpretazioak Espainiako jurisdikzioa ia-ia edonora zabaltzen dela ondorioztatzera garamatza.
Lege Organikoaren 9.1. artikuluak dio Espainiako jurisdikzioaren eremua Botere Judizialaren Lege Organikoak berak edo beste lege batek ezarritakoa izango dela. Hori esanda, Lege Organikoak ordena jurisdikzional guztien jurisdikzioaren hedatzea zehazten du 1. artikuluan eta hurrengoetan. Artikulu horietan zehar, ordena jurisdikzionalei eskumena emateko irizpideak topa ditzakegu, eta, kasu jakin horietarako, Espainiako jurisdikzioa aldarrikatzen du.
Botere Judizialaren Lege ordena jurisdikzional guztien eskumen generikoa finkatzen du bere 9. artikuluan. Bestalde, 9.2 artikuluan, ordena jurisdikzional zibilari dagokion ebazpen-eremua zehazten da; bertan esaten da bere gaiak aztertzeaz ez ezik ordena zibila beste organo jurisdikzional bati izendatuta dauden gaiak ere ebazteaz arduratuko dela. Horrek esan nahi du ordena jurisdikzional zibilak “vis attractiva” edo erakartzeko indarra duela gai horien ebazpenaren gainean. Baina, kontuan hartu behar dugu hasiera batean bi ordena jurisdikzional besterik ez zeudela, zibila eta penala, eta gero, denbora pasa ahala eta, batez ere, lan-gatazkak eta administratiboak sortu ahala, administrazioarekiko auzien ordena eta lan-ordena jurisdikzionala zibiletik bereizi zirela.
Aipatutako balizko zalantza horiek, -eskumen-gatazkak izenekoak- aurreikusi ditu legeak, eta Auzitegi Gorenean berariazko gela bat sortu da horiek ebazteko. Eskumen-gatazka horiek Botere Judizialaren Lege Organikoaren 42. Artikuluan eta hurrengoetan aurreikusita daude. Artikulu hori (42. art) irakurriz gero, bi ondorio atera ditzakegu.
Lehenengo eta behin, Botere Judizialaren antolakuntzan sartutako bi ordena jurisdikzionalen arteko gatazkak dira; hau da, lan-ordenaren, zibilaren, penalaren, eta administratiboaren arteko gatazkak ( ez militarra, ezta Konstituzio Auzitegia ere). Bigarrenik, gatazka horiek ebatziko dituen Auzitegi Goreneko gela berezia Auzitegi Goreneko Presidenteaz eta beste bi magistratuz osatuta dago; gatazka duten ordena jurisdikzionaletakoak izan beharko dute bi magistratu horiek. Horrez gain, gatazka horien ebazpenari buruzko ezaugarri zehatz batzuk aipatzen ditu legeak:
Puntu honetara helduta, jadanik badakigu, alde batetik, Espainiako auzitegiek jurisdikzioa dutela, eta, bestetik, auziaren ebazpena ordena jurisdikzional jakin bati dagokiola. Irizpide horiek hiru dira (objektiboa, funtzionala eta lurraldeari dagokiona)
Irizpide objektiboa. Irizpide horren arabera, auziak banatzeko, prozesuaren objektua hartzen da kontuan. Gainera, prozesu motaren arabera, hau da, prozesu zibiletan edo penaletan, irizpide objektibo horren edukia ezberdina izango da. Prozesu zibiletan, organo jurisdikzional batek eskumena izan dezake bi arrazoirengatik: alde batetik, prozesuaren gaia edo materia dela-eta (ratione materiae); bestetik, auziaren objektuaren balioa edo diru-kopurua dela eta.
Prozesu penalean aintzat hartu beharreko irizpideak kualitatiboak eta kuantitatiboak izango dira. Alde batetik, irizpide kualitatiboan, inputatuaren baldintzak hartzen dira kontuan. Bestetik, irizpide kuantitatiboan, araua urratzea delitua den edo falta den hartzen da kontuan, eta baita dagokion zigorraren munta edo kopurua ere.
Irizpide funtzionala. Organo jurisdikzionalak betetzen duen funtzio prozesala hartzen da aintzat; hala, honako hauek aztertuko dira: ea auzi bat lehenago ezagutzen duen, edo epai baten kontrako helegitea ezagutzen duen, edo epai bat betearazteaz arduratzen den. Beraz, irizpide funtzionalaren bidez, batez ere, gauza bi jakingo ditugu: alde batetik, prozesu baten faseak zein epailek ebatziko dituen eta, beste alde batetik, lehendabiziko instantzia zein epaitegiri dagokion, eta baita bigarrena ere.
Lurralde-irizpidea. Irizpide horren bidez, lurralde batean dauden epaitegien artean auzia zehatz-mehatz nork ebatziko duen jakingo dugu (adibidez, Getxoko epaitegiak, edo Bilbokoak, edo Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, edo Gipuzkoakoak, eta abar…).
Tratamendu prozesala. Epaile batek, auzi bat jasotzean, ofizioz kontrolatu behar du auzi jakin horren ebazpena berari dagokion ala ez. Hori kontuan hartuta, esango dugu epaileak ofizioz eskumena emateko irizpide guztiak aztertu behar dituela, beti ere salbuespen batekin: ordena jurisdikzional zibilean, Prozedura Zibileko Legearen 54. artikuluan aipatutako kasuetan, lurralde-irizpidea ez du aztertu beharrik izango.
Estatu osoan gertatuko diren gatazka guztiez arduratu ahal izateko, hainbat organoz osatua dago Botere Judiziala; bakoitzak bere eskumena du eta bere lekuan kokatuta dago. Botere Judiziala gobernatzeko, nolabaiteko egiturak egon behar du; ondorioz, bi gauza bereizi behar ditugu: Alde batetik, funtzio jurisdikzionala, eta, bestetik, Botere Judiziala edo organo jurisdikzional
guztiak gobernatzeko eta antolatzeko funtzioak.
Gaur egun, Botere Judizialaren gobernuan zeregina duten organoak, artikulu honetan aztergai izango ditugunak, honako hauek dira: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Gobernu Gelak, auzitegietako Presidenteak, Geletako Presidenteak, eta, pertsona bakar batek osatutako organoetan —hau da, epaitegietan—, epaileak berak, epaile dekanoa eta epaileen batzarra.
Konstituzioaren 122.2. artikulua[4]k xedatzen duenez, Botere Judizialaren gobernu-organoa da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia; horrez gain, haren Presidentea Auzitegi Goreneko Presidentea izango da aldi berean.
Kontseilu Nagusiaren eginkizunak edo funtzioak Botere Judizialaren Lege Organikoaren 107. artikuluan agertzen zaizkigu: presidentea hautatzea; Konstituzio Auzitegiaren magistratu bi hautatzea; epaitegi eta auzitegiak ikuskatzea; epaile eta magistratuari buruzko erregimena ezartzea; etab.
Beste alde batetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren gobernu-funtzioak aurrera eramaten dituzten organoen eginkizunak Botere Judizialaren Lege Organikoaren —BJLO—122. Artikuluan eta hurrengoetan zehazten dira: presidenteak estatuko aginte judizial gorena izango du eta Erregeak izendatuko du; presidenteordea presidentea ordezkatzeaz arduratuko da, hala dagokionean; Osoko Bilkura presidenteak zein batzarkideek osatuko dute,eta, azkenik, hiru batzordek ere jardungo dute (diziplina-batzordea, kalifikazio batzordea eta batzorde iraunkorra).
Gobernu Gelak Auzitegi Gorenean, Auzitegi Nazionalean zein Justizia Auzitegi Nagusietan eratuko dira (organo kolegiatuetan, beraz, probintzia auzitegietan izan ezik). Gela horien osaketa (BJLOaren 149. art.) honako hau da:
Justizia Auzitegi Nagusien Gobernu Gelen osaketaren kasuan, komenigarria litzateke ñabardura bat egitea: aipatutako kideei, dagokien Autonomia Erkidegoko Auzitegi Probintzialetako Presidenteak gehitu beharko zaizkio (BJLOaren 149.2. art.). Ondorioz, magistratuen kopurua ere proportzio horretan handituko da, bi multzoek —batetik, organoetako eta geletako presidenteek, eta, bestetik, magistratuek— kide kopuru bera izan behar baitute.
Gobernu Gelen eginkizunei dagokienez, esan dezakegu beren eremuan funtzio jurisdikzionala era egokian burutzen dela zaintzeaz arduratu behar dutela oro har. Dena den, Gobernu Gela horien funtzio zehatzak Botere Judizialaren Lege Organikoaren 152. artikuluan zerrendatzen dira: auziak
banatzeko arauak onartzea, txostenak egiteko txanda onartzea, gela eta sekzioen osaketa-txanda onartzea, urteroko ordezko magistratuak Kontseilu Nagusiari proposatzea, ikuskatzea, eta abar.
Auzitegi Goreneko, Auzitegi Nazionaleko, eta Justizia Auzitegi Nagusietako Presidenteak ere gobernu-organoak dira. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak izendatzen ditu horiek, bost urtetarako, eta haien eginkizunak (BJLOaren 160. art.), besteak beste, honako hauek dira:
Orain, pertsona bakarreko organoen gobernua aztertuko dugu.
Epaileek ere, Geletako Presidentearen kasuan bezalaxe, ahalmen jurisdikzionala egikarituko dute, baina, epaitegiak pertsona bakarrez osatutako organoak izanik, funtzio jurisdikzionalek eta administratiboek bat egiten dute epaileengan. Epaitegien gobernuaz arduratuko diren organoak hiru izango dira:
Epailearen figurak ahalmen jurisdikzionalari zein funtzio administratiboari dagozkion funtzioak hartuko ditu bere gain (funtzio bikoitza betetzen dutela esaten da), organo hori pertsona bakarrekoa baita. Epaile bakoitzak bere epaitegian dituen gobernu-eginkizunak Botere Judizialaren Lege Organikoaren 165. artikuluan aurki ditzakegu; besteak beste, honako hauek dira aipagarrienak:
Epaile dekanoa barruti judizial bakoitzaren gobernu-organoa izango da (epaitegi multzo bat dagoen eremua da barruti judiziala). Hamar epaitegi edo gehiago dituzten herrietan bakarrik hautatzen da dekanoa (BJLOaren 166.1. art.), dagokion barrutiko epaitegietako epaile titularren artean egindako bozketa baten bitartez.
Hamar epaitegi baino gutxiago dituzten herrietan, berriz, epaile dekanoaren eginkizunak mailarik handiena duen magistratu edo epaileak hartuko ditu bere gain. Epaile dekanoaren eginkizunik garrantzitsuenak honako hauek dira:
Herri berean kokatzen diren organo jurisdikzional guztien bilera dugu epaileen batzarra, eta horiek izan ditzaketen arazoei buruz mintzatzea du helburu. Batzar horiek hiru motatakoak izan daitezke: ohikoa, jurisdikzio-ordena jakin batekoa, eta probintzia edo autonomia erkidegokoa. Lehenengoari dagokionez, esan dezakegu herri bateko epaitegi guztiek ohiko batzarrean parte hartzen dutela (BJLOaren 169. art.); bigarrenean, berriz, herri bereko jurisdikzio-ordena jakin bateko epaitegiek soilik (BJLOaren 170.2. art.).
Azkenik, eta hirugarren motari dagokionez, hots, Probintzia edo Autonomia Erkidegoko
batzarrari dagokionez, lurralde horietako epaitegi guztiak bilduko dira.
Botere Judizialaren Lege Organikoaren 176. artikuluak jarraian aztertuko dugun auzitegien ikuskapenaren kontzeptua eskaintzen digu, bai zentzu positiboan, bai zentzu negatiboan.
Azkenik, hiru motatako ikuskapenak ditugu :
1. Ikuskapen gorena edo nagusia: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokio.
2. Ohiko ikuskapena, berriz, Auzitegi Goreneko presidenteak egiten du bere auzitegiko gela eta sekzio guztietan.
3. Barruko ikuskapena epaileei eta sekzio zein geletako presidenteei dagokie, haiek ebazten dituzten auzietan, hau da, beren eskumen-esparruan.
Organo multzo bat da eta legeak betearazteaz arduratzen da. Organo horiek epaitzeko ahalmena duten bakarrak dira eta udalerrika, barruti judizialka eta autonomia erkidegoka antolatzen dira.
7/2015 Lege Organiko[5] berriak, (irailaren 21ekoak, 6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa. aldatzen duenak), Justiziaren antolakuntza hobetzeko neurri-sorta zabala dakar. Arau berriak, organo judizialen erantzuteko denbora-tarteak laburtu, espezializazio handiagoa erdietsi eta beren eskubideen defentsan auzitegietara jotzen duten herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzea du helburu.
Botere Judizialaren Lege Organiko berriaren berrikuntza nagusiak hauek dira:
● Antolakuntza Judiziala. BJLOk, une zehatzetan auzi kopuru handiegia egotea eragin dezaketen berariazko gaiak ebazteko epaitegien espezializazioari ezarritako murrizketak ezabatu ditu.
● Karrera judiziala. 72 urtera arte lanean jardutea eskatu ahal izango dute.
● Justizia Administrazioaren Letraduak. Hemendik aurrera, lehengo Idazkari Judizialen kidegoaren izena "Justizia Administrazioaren Letraduen kidegoa" izango da. Horrez gain, prozedura-legeek hala ezartzen dutenean, eskumen berriak izango dituzte, hala nola, bitartekaritza eta izapidetza, eta dagokionean, prozedura monitorioak ebazteko eskumena.
● Genero Indarkeriaren aurkako borroka. BJLOk genero-indarkeriaren arloan egindako aldaketek espezializazio handiagoa lortzea eta biktimari erantzun hobea ematea dute helburu.
● Ezintasuna duten norbanakoak. Enplegu-eskaintza publikoan, Justizia Administrazioko langileen arloan, % 5tik % 7ra igo da ezintasunen bat duten pertsonentzat gordetako ehunekoa.
● Auzitegi Medikuntzako Institutua. Testu berriaren arabera, Auzitegi Medikuen Erkidegoan sartzeko Auzitegi Medikuntzako espezializazioa edukitzea ezinbestekoa izango da.
● Teknologia berriak. BJLOn jasotakoaren arabera, epaitegi, auzitegi eta fiskalek beren esku dituzten bitarteko tekniko eta elektronikoak erabili behar dituzte.
● Gardentasuna. Gardentasun handiagoa erdiesteko, presidenteak, kideek eta BJKNren idazkariak ondasunen aitorpena egin beharko dute.
● Kasazio-interesa. Auzitegi Gorenean, Administrazioarekiko auzien arloan aurkaratzea jartzeko orain arte ezarritako 600.000 euroko gutxieneko bermea kendu da.
Botere Judizialak independente izan behar du Estatuko gainerako botereekiko
Kanpo presiorik gabe epaitu behar du, arauak inpartzialki aplikatzeko eta administrazio publikoak legez jokatzen duela kontrolatzeko. Horrela, herritarrei beren eskubideak baliatzeko babes eraginkorra eskaini ahal izango die.
Epaileek epaitu eta epaitutakoa betearazi egin behar dute
Epaileek ebazpen judizialak betetzen direla ziurtatzeko betebeharra dute eta, herritarrek, berriz, ebazpen horiek betetzekoa, baita prozesuan eta ebatzitakoa gauzatzean eskatzen zaien laguntza ematekoa ere.
Epaitegiei bakarrik dagokie epaitzea eta epaitutakoa betearaztea
Batasun jurisdikzionalaren printzipioa esaten zaio horri: Espainiako lurraldean espainiarren artean, atzerritarren artean eta espainiarren eta atzerritarren artean egiten diren judizioez arduratzen dira.
Epaileek inpartzialtasunez eta objektibotasunez jokatu behar dute
Beren epaiak frogetan soilik oinarritu behar dituzte eta, inola ere ez, balorazio subjektiboetan edo pertsonaletan.
1. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKNk) eta horren menpekoek gobernatzen dituzte Botere Judiziala osatzen duten epaitegiak eta auzitegiak.
2. BJKNren eginkizun nagusia epaileek eta magistratuek modu independentean eta inoren esku-sartzerik gabe epai dezaten zaintzea da.
Hala ere, Botere Judizialaren organoa izan arren, ez da organo jurisdikzionala, ez du funtzio judizialean parte hartzen. Epaitegiei eta auzitegiei dagokie funtzio hori. Epaitzeko funtzioari dagokionez, Auzitegi Gorena da Estatuko organo gorena.
Madrilen du egoitza nagusia, baina Bartzelonan eta Donostian ere baditu egoitzak.
Osaera: BJKN presidenteak (aldi berean Auzitegi Goreneko presidente ere bada) eta 20 mahaikidek osatzen dute. Mahaikide horietatik 10 Diputatuen Kongresuak proposatutakoak dira eta gainerako 10ak Senatuak proposatuak. Karrera judizialeko kideen artetik (12) eta jurista entzutetsuen artetik (8) aukeratzen dituzte.
Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko 1988ko Legeak Estatuko lurraldearen banaketa egiten du ikuspuntu judizialetik, toki bakoitzak epaitegi jakin batzuk izan ditzan, toki horretako populazioaren eta beharren arabera.
Lege horren arabera, honako hau da Estatuaren antolaketa judiziala:
Udalerriak: udalerri bakoitzean bake epaitegi bat dago (udalerrian lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegia baldin badago salbu).
Barruti judizialak: barruti judizial bakoitza udalerri batek edo mugakide diren hainbat udalerrik osatzen dute. Udalerriak probintzia berekoak izaten dira (probintziako udalerri guztiak izan daitezke).
Probintzia: probintzia bakoitzean probintzia auzitegi bat dago.
Autonomia Erkidegoa:autonomia erkidego bakoitzean justizia auzitegi nagusi bat dago.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.