From Wikipedia, the free encyclopedia
Edsger Wybe Dijkstra (Rotterdam, Herbehereak, 1930eko maiatzaren 11 – Nuenen, Herbehereak, 2002ko abuztuaren 6a) informatikari holandarra izan zen. [1]
Edsger Dijkstra | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Edsger Wybe Dijkstra |
Jaiotza | Rotterdam, 1930eko maiatzaren 11 |
Herrialdea | Herbehereetako Erresuma |
Lehen hizkuntza | nederlandera |
Heriotza | Nuenen (en) , 2002ko abuztuaren 6a (72 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: ondesteko minbizia |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Maria C. Debets (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Gymnasium Erasmianum (en) 1948) Leidengo Unibertsitatea (1948 - 1956) : fisika, matematika Cambridgeko Unibertsitatea (1951 - 1951) Amsterdamgo Unibertsitatea (1956 - 1959) Doktoretza : Informatika |
Tesia | Communication with an Automatic Computer (en) |
Tesi zuzendaria | Adriaan van Wijngaarden |
Doktorego ikaslea(k) | Nico Habermann Martin Rem (en) David Andrew Naumann (en) Jan L. A. van de Snepscheut (en) Antonetta Johanna Maria van Gasteren (en) Jan Tijmen Udding (en) Kees Hemerik (en) |
Hizkuntzak | nederlandera ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | matematikaria, fisikaria, informatikaria, ingeniaria eta unibertsitateko irakaslea |
Enplegatzailea(k) | Centrum Wiskunde & Informatica (en) (1952 - 1962) Eindhoven University of Technology (en) (1962 - 1984) Radboud University Nijmegen (en) (1971 - 1972) Burroughs Corporation (en) (1973 - 1984) Texasko Unibertsitatea Austinen (1984 - 1999) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Arteen eta Zientzien Herbehereetako Errege Akademia Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia Association for Computing Machinery |
Fisika Teorikoa ikasi zuen Leidengo unibertsitatean, baina aurrerago konputagailuen programazioaren oinarriak sendo finkatu zituzten informatikari aitzindarietako bat izan zen. Berak informatikan egindako funtsezko ekarpenak 40 baino gehiago izan ziren, eta 500 baino gehiago dira bere argitalpenak.
1980ko hamarkadaren hasieran ikertzaile lanetan aritu zen Burroughs Corporation izeneko enpresan. Austingo unibertsitatean (Texas, AEB) Schlumberger Centennial Chair in Computer Sciences lanpostuan aritu zen, 2000 urtean erretiratu zen. 2002ko abuztuaren 6an hil zen, minbiziaren aurkako borroka luze baten ostean.
Edsger W. Dijkstra Rotterdamen jaio zen. Bere aita kimikaria zen, Herbehereetako Kimikarien Elkarteko lehendakaria ere izan zen; kimika irakasten zuen bigarren hezkuntzako eskola batean, eta gero bertako zuzendaria izan zen. Ama matematikaria zen, baina inoiz ez zuen lan formalik izan.[2][3]
Dijkstrak zuzenbidea ikasi zuen, eta etorkizunean egun batean Nazio Batuetan Herbehereak ordezkatzeko ilusioa zuen. Hala ere, 1948an eskolan graduatu ondoren, gurasoek hala eskatuta, matematika eta fisika ikasi zituen, eta gero fisika teorikoa Leidengo Unibertsitatean.[1]
1950eko hamarkadako lehen urteetan, konputagailu elektronikoak berrikuntza ziren. Dijkstrak bere ibilbidearekin topo egin zuen kasualitatez, eta, bere gainbegiralearen bidez, Johannes Haantjes irakasleak Adriaan van Wijngaarden, Amsterdamgo Zentro Matematikoko Konputazio Departamentuko zuzendaria, ezagutu zuen. Hark lan bat eskaini zion Dijkstrari, eta Herbehereetako lehen "programatzaile" bihurtu zen ofizialki.[1]
Denbora batez, Dijkstrak fisikarekin lotuta jarraitu zuen, eta Leidenen lan egin zuen, astean hiru egunez. Konputazioarekin zuen harremana handitu ahala, ordea, gaiarekin zuen interesa aldatzen hasi zen. Berak gogoratu zuenez:[4]
« | Hiru urte inguru programatzen ibili ondoren, eztabaida bat izan nuen A. van Wijngaardenekin; orduan, Amsterdamgo Zentro Matematikoko burua zen, eta, harrezkero guztiz eskertuta gogoratu dut berarekin izan nuen eztabaida hura bizitza osoan. Kontua zen Leiden-eko Unibertsitatean fisika teorikoan ere aritu behar nuela aldi berean, eta gero eta zailagoa zen niretzat bi jardueretan aldi berean aritzea, erabaki behar zuen nonbait, ala programatzeari utzi eta fisikari erreal, errespetagarri bihurtzea, ala fisikari buruzko nire ikerketak gutxieneko esfortzu batekin ondorio formal batera bakarrik eramatea, eta bihurtzea... zer? Zer bihurtu? Programatzaile bat? Baina lanbide errespetagarria zen hura? Azken batean, zer zen programazioa? Non zegoen jakintza-gorputz sendo bat, intelektualki errespetagarria den diziplina gisa izatera ailegatzeko lagun zezakeena? Oso garbi gogoratzen dut nolako inbidia nien hardwareko lankideei. Haien gaitasun profesionalari buruz galdetuz gero, esan zezaketen huts-hodiei, anplifikadoreei eta gainerakoei buruz guztia zekitela, eta, aldiz, nik galdera horri programaziotik aurre egiten nionean, ezin nuen ezertxo ere esan. Errezeloz beteta, Van Wijngaarden bulegoko atea jo nuen, eta galdetu nion "une batez berarekin hitz egin" ahal zuen; handik ordu batzuetara bulegoa utzi nuenean, ni beste pertsona bat nintzen. Izan ere, nire kezkak lasai entzun ondoren, ados egon zen nirekin: ordura arte programazio-diziplina handirik ez zegoen; baina gero ahots apalez azaldu zuen konputagailu automatikoak hemen geratzeko zeudela, hasieran geundela eta ea ez nintzen izango ni hurrengo urteetan programazioa diziplina errespetagarri bihurtuko zuten pertsonetako bat. Hori inflexio-puntua izan zen nire bizitzan, eta fisikari buruzko nire ikerketa hura formalki osatu nuen... ahal nuen bezain azkar,». | » |
—Edsger Dijkstra |
Maria (Ria) C. Debets-ekin ezkondu zenean 1957an, ezkontzeko paperak betetzerakoan eskatu zioten bere lanbidea zein zen esateko. Adierazi zuen programatzailea zela, baina funtzionariarentzat onartezina zen hori, Herbehereetan lanbide hori ezezaguna baitzen.[4][5]
1959an, Amsterdamgo Unibertsitatean doktoratu zen, "Komunikatzea konputagailu automatiko batekin" izenburuko tesi batekin. Herbehereetan garatutako lehen konputagailu komertzialerako (Electrologica X1) diseinatutako mihiztadura-lengoaia deskribatzen du.[6] Van Wijngaarden irakaslea izan zen tesi-zuzendaria.[7]
1952tik 1962ra, Dijkstrak Amsterdameko Mathematisch Centrum-en lan egin zuen, ordenagailu bat eraikitzeko kontratatuta zeuden Bram Jan Loopstra eta Carel S. Scholten ikertzaileekin lan egin zuen.[7] Haien arteko Interakzio-modua diziplinatua izan zen: lehenik hardwarearen eta softwarearen arteko interfazeari buruz erabakiko zuten, programazio-eskuliburu bat idatziz. Eta gero, hardware-diseinatzaileek kontratu horretan jarritakoarekin arabera eraiki beharko lukete, eta Dijkstrak, programatzaileak, artean ez zegoen makinarako softwarea idatziko luke. Esperientzia horretatik funtsezko bi ikasgai atera zituen: dokumentazio argi batek duen garrantzia batetik, eta bestetik, programazioko erroreen arazketa astuna neurri handi batean hasierako diseinu arduratsuaren bidez saihestu daitekeela.[1] Dijkstrak ibilbiderik laburrenaren problema enuntziatu eta konpondu zuen 1956an ARMAC ordenagailuaren inaugurazio ofizialeko baterako. Artean konputazio automatikoari buruzko aldizkaririk ez zegoenez, ez zuen emaitza 1959ra arte argitaratu.
Matematika-zentroan, Dijkstrak eta Jaap Zonneveld lankideak ALGOL 60 programazio-hizkuntzarako lehen konpiladorea garatu zuten 1960ko abuztuan, inongo beste konpiladore bat beste talde batek ekoitzi baino urtebete lehenago.[1] ALGOL 60 lengoaia programazio egituratua garatzeko funtsezko aurrerapena ekartzeagatik izan zen ezaguna.
1962an, Dijkstra Eindhovenera joan zen bizitzera, eta, geroago, Nuenenera, Herbehereetako hegoaldera. Han, irakasle bihurtu zen Eindhoveneko Teknologia Unibertsitateko Matematika Sailean.[7] Unibertsitateak ez zuen informatikako sail independenterik, eta matematika saileko giroa ez zitzaion bereziki gustatzen. Problemak konpontzen lagun zezakeen informatikari talde bat eraikitzen saiatu zen Dijkstra. Hori ezohiko ikerketa-eredua izan zen Matematika Departamentuan.[1] 1960eko amaieran THE sistema eragilea eraiki zuen (unibertsitateak orduan Technische Hogeschool Eindhoven izenez ezaguna), eta sistema horrek eragina izan du ondorengo sistema eragileen diseinuan, softwarean oinarritutako memoria birtuala erabiliz.
Burroughs Corporation-era mugitu zen Dijkstra ikertzaile gisa 1973ko abuztuan. Enpresa hori ezaguna zen garai hartan, hardware-arkitektura berritzaile batean oinarritutako ordenagailuak ekoitzi zituelako. EUrtean zehar enpresaren ikerketa-zentro batzuk bisitatzea zen enpresarekin zuen eginbeharra, eta horretaz gain bere ikerketa egin zuen Burroughs-eko ikerketa-zentro txikienean, hau da, Djistrak berak Nuenen herrian zuen etxeko bigarren solairuko estudioan. Hain zuzen, Dijkstra izan zen Burroughs-eko ikertzaile bakarra, eta etxetik lan egin zuen, noizbehinka Estatu Batuetako sukurtsaletara bidaiatuz. Ondorioz, astean egun bakar batez murriztu zuen unibertsitateko eginbeharra. Egun horretan, asteartean, laster ezagutu zuten 'Tuesday Afternoon Club' izeneko eguna (Astearte arratsaldeko txokoa). Mintegi horretan, artikulu zientifikoak eztabaidatzen zituen lagunekin, eta alderdi guztiak aztertzen zituzten: notazioa, antolaketa, aurkezpena, hizkuntza, edukia, etab. 1984an Texasko Unibertsitatera (Austin, AEB) bizitzera joan eta gutxira, Tuesday Afternoon Club taldearen 'adar' berri bat sortu zen Austinen, Texasen.[7]
Burroughseko urteak emankorrenak izan ziren bere ikerketa-artikuluen produkzioan. Ia 500 dokumentu idatzi zituen EWD seriean (beherago deskribatuak), gehienak txosten teknikoak, barne-dokumentazioa talde hautatu baten barruan.[1][8]
« | Testaren bidez programa informatiko batean akatsak badaudela erakuts daiteke, ez ordea akatsik ez dagoenik | » |
—Edger Dijkstra |
Dijkstrak Schlumberger-en Mendeurreneko Katedra onartu zuen Texasko Unibertsitateko Informatika Sailean, Austinen, 1984an.
1999ko azaroan erretiroa hartu zuen arte Austinen lan egin zuen Dijkstrak. Informatika Sailak sinposio bat antolatu zuen, 2000ko maiatzean, Dijkstraren 70. urtebetetzea zela eta, ikerlariak informatikari egin zizkion funtsezko ekarpenak ospatzeko. 40 baino gehiago izan ziren egindako ekarpen horiek.[1]
Dijkstra eta haren emaztea Austinetik itzuli ziren jatorrizko etxera, Nuenen herrian (Herbehereak). Han jakin zuen gaixorik zuela eta hilabete batzuk besterik ez zitzaizkiola geratzen. Austinen, Texasen, erretiroa hartu nahi zuela esan zuen, baina Herbeheretan hil ahal izateko izan zen. Dijkstra 2002ko abuztuaren 6an hil zen, minbiziaren aurkako borroka luze baten ondoren.[9] Berak eta emazteak Maria (Ria) Debetsek hiru seme-alaba izan zituzten: Marcus, Femke, eta Rutger M. Dijkstra informatikaria.
Dijkstra-k programen eratorpen formala izeneko metodoa planteatu zuen 1975ean, hau ere Hoare-ren kalkulutik eratorritakoa. Metodo horren arabera, programaren helburua espezifikazio jakin bat betetzea da eta horretara zuzendu behar da diseinua. Espezifikazioaren ondoko baldintzak, batetik, lortu nahi den emaitza nolakoa den adieraziko digu eta aurreko baldintzak, bestetik, datuek bete behar dituzten murriztapenak finkatuko ditu. Programazioa hala planteatuz gero ondoko baldintza bihurtzen da diseinuaren gidari, baina, hori bai, diseinuak eskatzen dituen gutxienezko betebeharrak aurreko baldintzak biltzen dituela aurreikusiz. Funtsezko ideia eta formalismoa Dijkstra-k azaldu bazuen ere, Gries izan zen espezifikaziotik abiatuta programak eratortzeko metodoa gehixeago landu eta ezagutzera eman zuena.[10][11][12]
Hauek dira Dijkstraren ekarpen informatiko batzuk: Ibilbide motzenaren problemaren konponbidea (Dijkstraren algoritmoa bezala ere ezagututakoa), alderantzizko notazio poloniarra eta erlazionatutako shunting yard algoritmoa, THE multiprogramazio-sistema, bankariaren algoritmoa, eta prozesadoreak eta programak koordinatzeko asmatutako semaforoa. Dijkstrari zor zaion beste kontzeptu bat auto-oreka da, informatika banatuaren arloan, sistemaren fidagarritasuna ziurtatzeko bide alternatibo bat da. Dijsktraren algoritmoa gehienbat bide motzenean erabilia da, (Open Shortest Path First enrutazio gidaren arabera). Gainera, bere The Humble Programmer izeneko liburuan ateratako Software-ren krisia espresioa berari dagokio. Espresio hau askotan erabili izan zen OTAN-eko 1968-ko bileran. Turing saria irabazi zuen 1972-an.
Programazioko GOTO-ri buruz zuen iritziarengatik ezaguna zen, 1968 urtean Go to Statement Considered Harmful artikuluan atera zena. Dijkstra ALGOL-ren zale ezaguna izan zen, eta lengoaia horretarako lehen konpiladorea garatu zuen taldean egon zen. Urte berean, estruktura hierarkikoa zuen lehenengo sistema operatzailea sortu zuen. THE (Technische Hogeschool, Eindhoven) izena jarri zitzaion, eta helburu didaktikoetarako erabili zen. 1970tik aurrera, Dijkstraren interes nagusia baieztapen formala izan zen, eta hainbat inbestigazio egin zituen horren inguruan. Dijkstraren azken lanetako askok argudio matematikoak jariotasunez egiteari buruzkoak izan ziren.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.