From Wikipedia, the free encyclopedia
Edith Frank, jaiotzez Edith Holländer, (Akisgran, 1900eko urtarrilaren 16a - Auschwitz, 1945eko urtarrilaren 6a) Otto Franken emaztea eta Margot Frank eta Anne Franken ama izan zen.
Edith Frank | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Edith Holländer |
Jaiotza | Akisgran, 1900eko urtarrilaren 16a |
Herrialdea | Alemania Herbehereetako Erresuma |
Bizilekua | Frankfurt am Main |
Heriotza | Auschwitz, 1945eko urtarrilaren 6a (44 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Otto Heinrich Frank (1925 - 1945) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Viktoriaschule (en) |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | etxekoandrea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | judaismoa |
Edith Frank Herbeherean errefuxiatu zen judu alemaniarra izan zen, berak eta bere familia osoak nazien jazarpena nozitu baitzuten, Atzeko etxean gorde zirelarik. 1944an harrapatu zuten eta Auschwitzen geratu behar izan zuen alabak eta Auguste Van Pels Bergen-Belsenera eraman zituztenean. Ingurukoek diotenez, beti alaben bila jarraitzen zuen eta haientzako janaria bilatzen.
1945eko urtarrilaren 6an Auschwitzen hil zen, gosez ahuldurik.
Edith Holländer Akisgranen jaio zen, 1900go urtarrilaren 16an. Aita Abraham Holländer (1860-1928) izan zuen, txatar negozio eta metal enpresa batzuen jabea, eta ama, berriz, Rosa Stern (1866-1942). Bikoteak 4 seme-alaba izan zituen eta Edith haietako gazteena zen. Senide zaharrenak Julius (1894), Walter (1897) eta Bettina (1898) izan ziren.
Holländer sendiak juduen festak ospatzen zituzten eta kaxrut-en arauak gordetzen zituzten etxean. Familako kide batzuk Akisgrango judu komunitateko izen handiko partaide ziren.
Edithek 14 urte besterik ez zituenean, 16 urteko Bettina ahizpa hil egin zitzaion, apendizitisak jota. 12 urte geroago, Edithek alaba izan zuenean, Margot Bettina deituko zion, haren omenez.
Anaia Julius alemaniar armadan aritu zen I. Mundu Gerran. Bala batek eman zion besoan eta bizitza osorako arazoak izango zituen horregatik[1].
1916an, batxiler titulua atera zuen Akisgrango Viktoriaschulen. Ez dakigu ezer asko urte haietaz, Anne Frankek bere egunerokoan idatzi zuena bakarrik:
« | Ama ez zen hain aberatsa, baina nahikoa bai. Ahozabalik uzten gaitu egiten zituzten festak kontatzen dizkigunean, 250 gonbidatu, dantza pribatuak, bankete handiak...[2] | » |
1924an, Otto Frank ezagutu zuen eta 1925eko apirilaren 5ean lotu zuten konpromisoa. 1925eko maiatzaren 25ean, ezkondu ziren Akisgrango sinagogan, Edithek 25 urte zituenean. Egun zoriontsu haietan, Italiara egin zuten eztei-bidaia[3].
Ezkondu ondoren, Frankfurtera joan ziren bizitzera. 1926ko otsailaren 16an, lehen alaba, Margot jaio zen eta, 1929ko ekainaren 12an, Anne.
Baina krisi ekonomikoak harrapatu zituzten eta Hitlerren indarra gero eta handiagoa zen. 1933an, antisemitismoa gero eta nabariagoa zen eta Otto eta Edithek Alemaniatik alde egitea erabaki zuten.
1933an, Amsterdamen errefuxiatu ziren eta Ottok enpresa propioa sortzeko aukera izan zuen han. Udan joan zen hara bizitzea, Edithek, azarora arte, bizileku egokiaren bila, Akisgran eta Amsterdam arteko bidaia behin baino gehiagotan egin zuelarik. Bolada batez, Margot eta Anne Akisgranen geratu ziren amonaren etxean eta, 1934an, familia osoa bildu zen Amsterdamen[4]. Merwede enparantzara ematen zuen etxean, Frank sendiak libre sentizea lortu zuen, salbu. Alabak eskolara bidali, Otto lanera eta Edith etxekolanetan. Baina, orduan, II. Mundu Gerra hasi zen eta 1940ko maiatzaren 10ean, Alemaniak Herbehereak okupatu zituzten. Frank sendia arriskuan zen berriro.
1938, Edithen anaiak ziren Julius eta Walterrek Alemaniatik ihes egitea lortu zuten. AEBetara emigratu zuten eta gerratik libratzea lortu zuten[5].
1939an, Rosa Holländer, Edithen ama, haien etxean bizitzen jarri zen, baina, 1942ko urtarrilaren 29an, minbiziak hil zuen.
Anne Montessori eskola batean sartu zuten, gurasoen ustez, haren izateko erari hobeto egokitzen zitzaiola-eta. Alaba gazteena maiz gaixotu zen, baina oso gustuko zuen eskolara joatea. Margot, berriz, beste eskola batera eraman zuten eta oso ikasle ona izan zen. Segituan egin zituzten lagunak, beraiek bezala, Alemaniatik etorriak asko.
Otto Frank lanpetuta ibili zen bere enpresan. 1933ko irailaren 15az geroztik, etxekoandreak mermeladak prestatzeko balio zuen Opekta izeneko produktua saltzen zuen eta laster izan zen pertsonal berria kontratatzeko beharrean: Miep Gies eta Victor Kugler. Geroxeago, Hermann van Pels eta Johannes Kleiman ere etorriko dira. Bitartean, Edith etxekolanez arduratzen zen, Alemania ezin ahaztu, baina itzultzeko itxaropenik gabe. Melankoliak hartzen zuen maiz. Horrela dio Miep Giesek:
« | Ezin zuen besteen aurrean konfesatu, baina desesperazioak hartzen zuen askotan. Gainontzekoak aliatuak noiz etorriko ziren eta gerra amaitzen zenean zer egingo zuten amesten zuen bitartean, Frank andereak une hura sekula ez zela iritsiko beldur zela esaten zidan. Ixilean gordetzen zuen zirrara hura, inori erakusteko lotsaz.[4] | » |
Herbeheretan ere, Frank sendiak ez zuen nazien jazarpenari ihes egitea lortu. 1940ko maiatzean, alemanek Herbehereak okupatu zituzten eta, 2 urte geroago, 1942ko uztailean, Edith eta bere sendia ezkutatu beharrean izan ziren bertan zeuden juduak harrapatzen hasi baitziren.
1942ko uztailaren 5ean, Margotek Alemaniako lan-esparru batera aurkeztu beharreko zitazioa jaso zuen eta Otto eta Edith arriskuaz jabetu ziren. Orduan, hilabeteetan prestatzen aritu ziren gordelekuan ezkutatzea erabaki zuten.
Familiaren asmoak ezagutzen zituzten Ottoren enpresako langileek etxera etorri ziren, ahalik eta gauza gehien ezkutalekura eramateko xedean.
Hurrengo goizean, Margot atera zen lehena, Miepekin batera, bizikletan. Orduerdi geroago, Otto, Edith eta Anne Frank, arropa ugari soinean eta poltsa lepo bakoitzak. Eurijasa izugarria, ezkutalekura inguratu ziren. Horrela dio Annek bere egunerokoan:
« | Ez dira sekula itzuliko eskolara lasai-lasai joaten nintzen garaiak[6] | » |
Beste 4 judu ere bazeuden haien ezkutalekuan: Hermann eta Auguste van Pels, bere semea den Peterrekin eta Fritz Pfeffer. Ottoren enpresako 4 langilek laguntzen die, harrapatuko zituzten beldur. Horrela eman zuten ondorengo urte parea, 8 pertsona leku itxi eta txki batean, atera gabe, beldurrez.
Baina, 1944ko abuztuko egun eguzkitsu batean, beldurrak egia bilakatu ziren eta atxilo hartu zituzten, bai juduak, baita haiei laguntzen zietenak ere. Beste askorekin batera jarri zituzten eta gero, banan-banan, egin zien galdeketa. Poliziak ea Atzeko etxean judu gehiago gordetzen ote zen jakin nahi zuten eta beste horrelako helbiderik ezagutzen ote zuten.
1944ko abuztuaren 8an, trenean sartu zituzten Westerborkeko lan-esparrura eramateko eta zigortzeko barrakoi batzuetan itxi zituzten, borondatzen ez zirelako deportaziorako aurkeztu. Gizonezkoak eta emakumezkoak bananduta, erabilitako pilak desarmatzen aritu behar izan zuten egunez, oso lan zikina, baina elkarren artean hitz egiteko aukera ematen zien, behintzat[7].
Westerbork-tik, aldiro-aldiro, trenak ateratzen ziren ekialdeko kontzentrazio-esparruetarantz. Irailaren 2an eman zuten hurrengo egunean atera behar zuten presoen zerrenda eta, 1.019 izen haien artean, Atzeko etxeko 8 errefuxiatuak zeuden.
Hurrengo egunean, egunsentian, zama-trena atera zen. Bagoi bakoitzean, 70 preso pilatzen ziren, gizon, emakume eta ume, gazte eta zahar, gaixo eta osasuntsu. Gehienak zutik. Frank sendiak elkarrekin bidaiatzeko aukera izan zuten, 3 egun iraun zuen bidaia. Esperientzia latza: gizon bat hil egin zen iskina batean, amona batek konortea galdu zuen bestean, haurrak negarrez... [8]
Hirugarren gauan, trena bat-batean geratu zen. Goizeko ordubiak aldera ziren, ateak ireki eta jaitsiarazi zituztenean. Jantzi marradunak zituzten gizon batzuk ekipaia trenean uztera behartu zituzten. Auschwitzeko presoak dira eta hori zen haien lana. Soldaduak era bazeuden, zakurrekin, latigoa eskuan. Argi distiratsuaren pean, gizonezkoak alde batean, emakumeak bestean kokatu behar zuten. Hau izango zen Otto Frankek sendia ikusiko zuen azken unea.
Auschwitz-Birkenaura iritsi eta hautaketa gainditu ondoren, Edith, Anne eta Margot batera jarri zituzten barrakoi batean. Egunez, lan gogorrak egin beharko dituzte, harriak jaso, lurra landu eta horrelakoak. Askotan jartzen dituzte zutik, formazioan, kontatzeko helburuaz.
1944ko neguan, sobietar armada aurrera zihoan eta naziek Alemaniara eraman nahi zituzten lanerako moduan zeuden presoak. Emakumeak aztertu zituzten, banan-banan, eta Edith deskartatu zuten. Gero, Margot eta Anneren ordua izan zen, bilutsik, burusoil, eta eraman egin zituzten.
« | Ai, ene! Neskak![9] | » |
1944ko urri edo azaroan, Margot eta Anne jendez lepo zihoan tren batean sartu zituzten Bergen-Belsengo kontzentrazio-esparrurantz. Edith Frank, berriz, Auschwitzen geratu behar izan zuen, gaixotu eta 1945eko urtarrilaren 6an hil zen[9]. Alabak ere hil egingo ziren.
Biziraun zuen bakarra Otto izan zen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.