Duna harea-muinoa da, haizeak lurzoru finkatugabea multzo erregularretan pilatuz eratua. Landaredi gabeko zoru hareatsuetan eta hareazko basamortuetan eratzen dira batik bat.[1] Dunak mugikorrak dira haizearen eraginez etengabe lekualdatzen badira, eta finkoak landarediak lekuz aldatzea galarazten dienean.[2]

Thumb
Erg Chebbi, Maroko

Duna mota desberdinak daude: barjan izenekoek ilargierdi forma dute, batetik bestera tarte handia izaten da eta muturrak mugimenduaren norabiderantz bideratuak dauzkate; beste batzuek hogeita hamabost gradu inguruko malda dute haizebean dagoen aurpegian eta, aitzitik, txikiagoa izaten da hondarra igotzen den aurpegiko malda, hots, haizealdekoa. Hondar hedadura handietan barjanak multzoka eta lerrokatuta azaldu ohi dira: zeharkako duna esaten zaie horiei. Zeharkako duna batzuen multzoari hondarrezko itsaso esaten zaio, eta hori izaten da ergen ohizko egitura, alegia, gailurrak lerrokatuta egoten dira baina sakongune handiz elkarrengandik bereiziak, eta sakongune horietan azpiko haitza agerian geratzen ere da batzuetan.

Beste duna mota bat parabolikoa da; horren adibide garbia dira kostaldeko dunak. Kasu horretan, ordea, dunaren antolamendua kontrakoa da, haizea datorren norabiderantz baitauzka muturrak. Malda handirik gabeko dunak dira, nahiko geldiak, baina haizea zakarra bada sakongunea aurrerantz higitzen da, dunak luzatu egiten dira, eta urkila itxurako dunak sortzen dituzte, beso luzekoak alegia. Luzetarako duna da hirugarren mota: indar handiko haizeek jotzen duten hondar gutxiko basamortuetako ordokietan eta goi ordokietan izaten dira horrelakoak. Berez, urkila itxurako dunen gehieneko garapena dira; izan ere, horrenbeste mugitzen dira, ezen hondar pilaketak sortzen baitituzte haizearen norabidean eta elkarren artean, deflazioak eraginak.

Etimologia

Duna hitzak antzinako nederlanderan du jatorria, eta esanahi bera du: dûna, “hondarrezko muinoa”.

Eraketa

Thumb
Duna parabolikoen eraketa

Landarediak finkatu gabeko harea ugari dagoen tokietan eratzen dira dunak, basamortu eta hondartzetan batez ere. Hondar aleak haizearen norabidean mugitzen dira, eta hondarrak oztoporen bat topatzen duenean, duna osatzen da. Hori gertatzen denean, hondar aleak bertan itsatsita geratzen dira, eta bata bestaren gainean metatzen; azkenik, muino bat osatzen dute. Prozesu hori ez da amaitzen harik eta muinoak oztopoaren garaiera gainditzen duen arte. Une horretan zatikiak gailurrera iristen dira baina, haizeak sortzen duen zurrunbiloaren ondorioz, muinoaren atzeko aldetik erori eta bertan metatzen dira oreka maldaren arabera.

Atzeko malda aurrealdekoa baino nabarmenagoa izaten da, ez baitago haizearen eraginaren mende. Haizearen eraginez hondar aleak aurreko isurialdetik atera, malda igo eta atzeko isurialdera erortzen dira; era horretan, dunak aurrerantz egingo du haizea gelditzen den arte, edo alearen garraioa galaraziko duen oztoporen bat, landareak esaterako, bidean aurkitzen duen arte. Bazterretako aleak errazago higitzen direnez gero, duna aurrerantz doan heinean, ilargierdi itxura hartzen du.

Duna motak

Dunak mota askotakoak izaten dira, hainbat eragileren arabera: hondar hornitzearen, haizearen lastertasunaren, haizearen norabide aldaketaren edo hondarra higitzen den gainaldearen arabera.

Tamainaren arabera

Tamainaren arabera, hiru hondarrezko metatze mota bereiz daitezke:

  • Ripple izenekoak: bost zentimetro eta bi metro bitarteko tarteak, eta 0,1 eta bost zentimetro bitarteko garaiera duten metatzeak dira.
  • Dunak: hirurehun eta seiehun metro bitarteko tarteak, eta 0,1 eta hamabost metro bitarteko garaiera izan ditzakete.
  • Megadunak: hirurehun metro eta hiru kilometro bitarteko tarteak, eta hogei metro eta laurehun metrotatik gorako bitarteko garaierak dituzten metatze handiak dira.

Hiru egitura eoliko horien arteko desberdintasunak, hain zuzen, garraioaren eta hondar metatzearen mekanismoen arteko balantzen ondorio dira.

Itxuraren arabera

Zeharkako dunak

Haizearen norabidea beti bera izaten den lekuetan eta hondar ekarpena handia denean sortzen dira. Eremu handiak betetzen dituzte, uhin formakoak izaten dira, eta gailur bihurgunetsuak eta haizearekiko elkarzutak izaten dituzte. Uhinetik uhinera tarte erregularrak izaten dira eta batzuen eta besteen artean deflazio guneak izaten dira; horietatik mugitzen dira zatiki finak.

Ilargierdi formakoak edo barjanak

Haizearen norabidea beti bera izaten den lekuetan baina hondar ekarpena mugatua denean sortzen dira. Barjana dunak ilargierdi baten forma duten metatzeak dira, haizearen norabidearen kontrako aldean irekitzen direnak. Duna horien forma bi faktoreren eta faktore horien orekaren mende dago: haizearen indarra batetik eta, bestetik, hondar malda, 33 edo 34 gradu bitartekoa izaten dena. Zeharkako profila, beraz, disimetrikoa du; hau da, alde batean malda gutxiko aurpegi ganbila du eta bestean, berriz, desnibel handiko aurpegi ahurra eta, horrez gainera, gailur kurbatu eta zorrotz batek banatzen ditu bi aldeak. Duna horiek, gutxi gorabehera, bakandurik egoten dira eta norabide berean edo antzekoaren arabera mugitzen dira beti; batzuetan, gainera, kate luzeak edo koloniak osa ditzakete. Tamaina handiko barjanek laurehun metroko diametroa eta hogeita hamar metroko garaiera izan dezakete, baina izaten dira ehun metrotik gorakoak ere.

Luzetarako dunak

Hondar ekarpena mugatua den lekuetan sortzen dira, haizeen konbergentzia gertatzen denean. Luzetarako dunak, bestalde, seif izenaz ere ezagutzen dira eta nagusi den haizearekiko paralelo diren gailur estu eta luzez osatzen dira. Kilometro askotan zehar heda daitezke, eta zenbaitetan ehun kilometrotik gorako luzera izaten dute; garaierari dagokionez, berrehun metro ere irits dezakete. Ez dago adostasunik duna horien eraketari buruzko teorien artean: batzuen ustez, hondarraren pilaketa hutsetik sortzen da duna, oztopo baten atzean eta haizearen norabidean; besteen ustez, berriz, barjan aldez suntsitu horien (adarren) koaleszentzia adierazten dute duna hauek. Beste iritzi berriagoen arabera, aire jarioak helize formako mugimenduak egiten dituenean, eta mugimendu horiek hasierako hondar metatzeetako tarte edo barrutietan gertatzen direnean sortzen dira duna mota horiek. Australia erdialdean lur hedadura handiak hartzen dituzte; hala ere, hedadura ikusgarrienak Sahara basamortuko iparraldeko erg handietan, eta Arabiar Penintsulan aurki daitezke.

Izar formako dunak edo piramidalak

Thumb
Izar formako duna, Namib basamortua, Namibia

Haizearen norabidea aldakorra den lekuetan sortzen dira. Oinarriek zenbait puntatako izar baten itxura dute, eta punta horiek bat egiten dute gailurrean. Izar itxurako dunak oso garaiak izaten dira: inguruko ordokiaren mailatik gora ehun metro ere izan daitezke. Duna erradial mota hau Iparraldeko Afrikako eta Saudi Arabiako eskualde askoren bereizgarri da. Barruko egituraren arabera, hiru norabide edo gehiagoko haizeek sortuak direla jakin da. Harrigarria bada ere, duna hauek finko iraun dute mendeetan zehar, eta basamortuan bidaiatzeko benetako bide erakusle izan daitezke.

Duna parabolikoak

Haize bortitzek jotzen dutenean sortzen dira. Basamortuetan ez ezik, hondar kopuru handiko eta landaredi eskaseko hondartzak dauden kostaldeetan ere izan ohi dira. Obalo itxura izaten dute, haizearen norabide nagusian deflaziozko sakonuneak sortzen direlako, eta handituz doazen arku itxurako profilak eratzen direlako. Goitik ikusita, duna parabolikoen profilak barjanen profilen antzekoak dira.

Duna garaienak

Informazio gehiago Garaiera oinarritik, Garaiera itsas mailatik ...
Oharra: zerrenda hau ez da osoa, ezta elkarren hurrenekoa ere.
DunaGaraiera oinarritikGaraiera itsas mailatikKokapenaOharrak
Federico Kirbus duna ~1.230 metro~2.845 metroBolsón de Fiambalá, Fiambalá, Catamarca probintzia, ArgentinaMunduko garaiena[3]
Cerro Blanco duna ~1.176 metro~2.080 metroSechura basamortua, Nazca probintzia, Peru 14.868°S 74.838°W / -14.868; -74.838 (Cerro Blanco Duna)Munduko bigarren garaiena
Badain Jaran dunak ~500 metro~2.020 metroBadain Jaran basamortua, Alashan ordokia, Barne Mongolia, Gobi basamortua, TxinaMunduko duna finko garaienak eta Asiako garaienak[4]
Rig-e Yalan duna ~470 metro~950 metroLut basamortua, Kerman, IranMunduko leku beroenetik hurbil (Gandom Beryan)
Big Daddy/Dune 7
(Big Mama?)
~383 metro~570 metroSossusvlei dunak, Namib basamortua, NamibiaNamibiako Ingurumen eta Turismo Ministerioaren arabera, munduko garaiena[5]
Mount Tempest ~280 metro~280 metroMoreton uhartea, Brisbane, AustraliaAustraliako garaiena
Star duna >230 metro~2.730 metroGreat Sand Dunes National Park and Preserve, Colorado, AEBIpar Amerikako garaiena
Pilat duna ~105 metro~130 metroArcachongo badia, Akitania, FrantziaEuropako garaiena
Ming-Sha dunak  ?1.725 metroDunhuang oasia, Taklamakan basamortua, Gansu, Txina
Medanoso duna ~550 metro~1.660 metroAtacama basamortua, TxileTxileko garaiena
Itxi

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.