From Wikipedia, the free encyclopedia
Bai mundu berria (ingelesez Brave New World) 1932an idatzia, Aldous Huxley idazlearen lehen nobela distopikoa da. XXVI. mendeko Londresen kokatuta, ugalketa teknologien, eugenesiaren eta ametsetan ikastearen (hipnopedia) garapena aurreikusten du, gizartea aldatzeko konbinatzen direnak. Deskribatzen duen munduan utopia ironiko bat izan daiteke: gizadiak ez du kezkarik, osasuntsua eta teknologikoki garatua da. Gerra eta pobrezia ezabatuak izan dira eta denak zoriontsu dira. Baina hau beste hainbat gauza ezabatuta lortu da: familia, aniztasun kulturala, artea, literatura, zientzia, erlijioa eta filosofia. Gizarte hedonista da gainera, drogen eta sexu promiskuoaren plazerekin itsututa.
Bai mundu berria | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Aldous Huxley (1932) |
Argitaratze-data | 1932 |
Generoa | Zientzia fikzio |
Jatorrizko izenburua | Brave New World |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Orrialdeak | 288 |
ISBN | 0-06-080983-3 |
OCLC | 20156268 |
Euskaraz | |
Izenburua | Bai mundu berria |
Itzultzailea | Xabier Amuriza |
Argitaratze-data | 1971 |
Orrialdeak | 288 |
ISBN | 8483319454 |
1971n Xabier Amurizak euskaratu zuen[1][2].
Eleberria Londresen hasten da 632 urtean Ford ondoren (2540 urtean, Kristo ondoren). Biztanleria gehiena Estatu Mundialak batuta dago, zeinean gizartea baketsua eta zoriontsua den. Ugalketa naturala ezabatu da eta umeak inkubatu eta predestinatuak dira inkubategi eta egokitegietan. Gizartea bost kastatan sailkatuta dago: Alfak, Betak, Gammak, Deltak eta Epsilonak. Gainera, kasta bakoitzean azpisailkapen bat dago: Gehiago eta Gutxiago. Kasta bakoitza bere lan propio egiteko trebatuta dago: Alfak gorenak dira eta adimen handiko lanak egiten dituzte; Epsilonak beherenak dira eta lan gogorrenak egin behar dituzte. Hala ere, denak dira zoriontsu enbrioiak egokitzen direlako eta hipnopedia erabiltzen delako jaiotzetik kasta batekoa izateko abantailez konbentzitzeko. Halaber, txarto sentitzekotan, Estatuak emandako droga bat dute eskuragarri, soma delakoa.
Sexu harremanak gizarte-jarduera dira eta ez dute ugalketaren helbururik. Ugaltze-aroan dauden emakumeek haurdun ez geratzeko neurri zorrotzak (ariketa malthustiarrak) hartu behar dituzte. Ondorioz, maitasun harremanak, ezkontzak, haurdunaldiak, jaiotze naturalak eta familiak gauza lizuntzat hartzen dira eta ez dira aipatzen solasaldi normaletan.
Bizi eta kontsumitzeko baldintza zailak dituzten esparru zehatzetan, Estatu Mundialak bizitzeko baimena ematen die “basatiei”, nahiz eta zorrotz kontrolatuta egon.
Lehen kapitulu hauetan, eleberriak Estatu Mundialean dagoen bizitza deskribatzen du eta Lenina Crowne eta Bernard Marx aurkezten dizkigu. Lenina, txertaketa-langilea inkubategian eta Beta-Gehiago dena, gizarteak onartutako emakumea da; Bernard, ordea, baztertuta dago. Nahiz eta Alfa-Gehiago izan, bere kastakoak baino txikiagoa da, inkubatze akats batengatik, eta gutxiagotasun-konplexua du. Gizarte-arauak eta hurkoak arbuiatzen ditu. Psikologoa eta hipnopedian aditua denez, konturatu da besteen iritziak ez direla pentsatzen duten emaitza, baizik eta txikitan ikasitako esaldiak bakarrik. Ez zaio gustatzen soma hartzea, nahiago duelako bera izan, nahiz eta triste, eta ez beste pertsona bat, nahiz eta zoriontsu. Bernard Leninarekin itsututa dago, neskak ez dituen nolakotasunak leporatzen dizkiolarik. Lenina oso konformista da baina, beste aldetik, ez da oso promiskuoa eta hori aurpegiratzen diote lagunek. Kritika hori deuseztatzeko, onartu zuen Bernardekin ateratzea.
Bernarden lagun bakarra Helmholtz Watson, Alfa-Gehiago eta Emozio Ingeniaritza Eskolako irakaslea (Idazketa saila). Helmholtz beste baztertu bat da, baina talentu handikoa eta ederra delako.
Bernard, Leninaren atentzioa irabaztearren, hitz egiten dio Basatien Erreserban egin beharreko oporrei buruz. Erreserba, Malpais izenekoa, Mexiko Berrian dago. Hasieran, Leninak pentsatzen du oso interesgarria izango zela, baina han egotean nazka sentitzen du basati zahar eta horzgabe hain aurka. Bernard, ordea, txundituta geratzen da, nahiz eta konturatu Lenina limurtzeko planak porrot egin duela.
Bernardek eta Leninak Lindarekin egiten dute topo. Linda Estatu Mundialetik heldu zen Erreserbara senargaiarekin egindako bidaia batean, baina, bere taldetik banandu eta galdu zenez gero, hantxe bizi behar izan du. Bere senargaia “Tomakin” izena zuela esaten du Lindak, baina Bernarden nagusia, Thomas, da benetan. Linda haurdun zegoen neurriak hartzean huts egin zuelako, eta Erreserban abortatzeko baldintzak ez zirenez gero, seme bat, John, erditu zuen, momentu horretan hemezortzi urtekoa.
Linda eta Johnekin egindako solasaldien bidez, euren bizitza oso gogorra izan dela jakinarazten zaigu, hemezortzi urteetan baztertuta izan direla, hain zuzen. Basatiek Linda gorrotatzen zuten edozein gizonekin oheratzeagatik eta John baztertzen zuten bere amaren portaeragatik. Lindak Johni irakatsi zion irakurtzen eta honek beti irakurtzen zituen bi liburu (zituen bakarrak): zientzia-eskuliburu bat, amaren lanekoa, eta Shakespeareren idazlanen aukeraketa bat (Estatu Mundialean debekatuta).
Lindak Estatu Mundialera itzuli nahi du, somarik gabeko bizitzaz nekatuta baitago, eta John ere amak sarritan aipatutako mundua ikusteko irrikan dago. Bernardek biak eramatea onartzen du, Thomasen aurkako mendekua gisa. Izan ere, Thomasek mehatxatu zion Islandiara bidaltzearekin, Bernarden gizartearen kontrako bizitza dela eta. Azkenean, Bernardek biak erreserbatik ateratzeko baimena lortzen du.
Londresera itzulita, Thomasek Bernard salatzen du bere gizartearen kontrako jarrera dela eta, berriro ere, Islandiara bidaltzearen mehatxua egiten dio. Bernardek bere burua defendatzen du Linda eta John aurkezten, eta nor diren azaltzen. Thomasek, lotsatuta, bere karguari uko egiten dio.
John ekartzeagatik, Bernard Londresko izar bihurtzen da: Gizartearen kide gorenek berarekin egon nahi dute; emakume guztiek berarekin oheratu nahi dute. Beraz, inoiz ez zuen arrakasta lortu zuen, nahiz eta denen ezkutuko helburua John izan. John, bere aldetik, Leninarekin maiteminduta dago.
Garaipenak, ordea, bizitza laburra izaten du. Linda, zaharra, horzgabea, lagun-gabea, somaren menpean erortzen da. Johnek, nazkatuta, uko egiten dio Bernarden jaietara joateari. Azkenean, gizarteak bizkarra ematen dio Bernardi. Ondorioz, Bernard bere betiko lagunarengana, Helmholtz, itzultzen da, baina ikusten du Johnen lagun-min bihurtu dela. Bernard baztertu bat da berriro, batez ere ikusten duenean Johnek eta Helmholtzek interes handiagoa dutela bestearengan, Bernardengan baino.
Johnen eta Helmholtzen adiskidetasunak gutxi irauten du. John zapuztuta geratzen da endekatutzat hartzen duen gizartearekin. Halaber, Johnek auzo-lotsa sentitzen du Leninaren sexu-portaerarekin. Gainera, Linda hil egiten da, somak jota. John minez beteta geratzen da, baina ikustean Lindaren heriotza berdin zaiela ospitaleko langileei, euren soma guztia leihotik botatzea erabakitzen du. Polizia agertzean, Bernard eta Helmholtz John laguntzera joaten dira, baina Helmholtzek bakarrik laguntzen dio, Bernard alde batean geratzen delako, laguntzearen edo ihes egitearen zalantzez beteta.
Bernard, Helmholtz eta John Mustafa Monden aurrean, Mendebaldeko Europako Inspektore nagusia, hain zuzen, eraman zituzten. Bernardi eta Helmholtzi esaten die Islandiara eta Malvina Uharteetara atzerriratuak izango direla, horiek baitira, beste batzuen artean, gizartearen kontrakoak bizitzeko uharteak. Helmholtzek nahiago du Malvina Uharteetara joan, non idazle ospetsu bihur daitekeen, baina Bernard lur jota geratzen da. Mondek azaltzen die atzerriratzea ez dela haien portaera aldatzeko mehatxu bat, baizik eta nahi duten moduan bizitzeko aukera, han gizartearentzako arriskurik izango ez direlako. Jainkogabeko gizartean dagoen moralari buruzko solasaldia izan eta gero, Mondek erabakitzen du John ez atzerriratzea. Mondek azaltzen dio bere ere atzerriratu izatear egon zela Estatu Mundialak onartzen ez zituen esperimentu batzuengatik, hirukotearen jarrera eta pentsamoldea ulertzen dituela erdi esanez.
Azken kapituluetan, John faro batean bizitzera joaten da, gizartetik isolatzeko. Bere gorputza zauritzen du era gogorrean, bere herrikoen errituala dena, eta, ondorioz, jendea barra-barra joaten da John era bortitz horretan ikustera. Lenina ere ikustera hurbiltzen da eta negar egiten du, baina Johnek ez du ikusten negar hori. Johnek Lenina erasotzen dio. Jendetza, hori ikustean, bortizkeriaz kutsatzen da eta dena da borroka eta orgia. Biharamunean, John bere portaeraz damututa, zibilizaziotik ihes egiteko azken saialdia egiten du. Milaka bisitari heltzen direnean, hilda aurkitzen dute John, urkatuta.
Eleberrian badaude pertsonaia errealak, liburua idatzi baino lehen hildakoak:
Estatu Mundiala Henry Forden printzipioei jarraiki eraikia da, gizarteak gurtzen duen figura mesianiko bihurtua. Jauna hitza Ford hitzak ordezkatu du (antzeko soinua ingelesez: Lord-Ford). Egutegiak urteak “Ford Ondoren” zenbatzen ditu, “Kristo Ondoren” formularen parodia. Zero urtea 1908 da, lehen Frod markako T modeloa sortu zenekoa. Kristauen gurutzea “T” batek ordezkatu du, kotxe eredu beraren oroigarri eta era berean gora begiratzen duen gurutze adarraren mozketa sinboliko gisa, Jaungoikoarekiko sinesmena ezabatu dela adieraziz.
Forden “historia absurdua da” esaldi ospetsua Estatu Mundialaren iraganerako hurbilketa bihurtu da, eta kateko ekoizpen prozesua bizitzako alor askotan present dago. Jaiotzatik bertatik, klase orotako kideak adoktrinatuak dira, lo dauden bitartean grabaturiko ahotsek behin eta berriz errepikatutako esloganen bidez (liburuan hipnopedia deitua), beraientzat hoberena dagokien klasekoak izatea dela sinestaraziz. Gizabanakoek hala eta guztiz ere izan ditzaketen zorigaitz sentimendu ondarrak soma (“gorputza” grekeraz) deituriko droga antidepresibo eta aluzinogenoak ezabatzen ditu. Soma Canterburyko Kantu Artza-Komunitateak banatzen du, eta nolabait jaunartze sakramentuaren bertsio sekularizatu bat litzateke (Jaunaren Gorputza).
Irakurle modernoak uste dezaketenaren kontra, Bai Mundu Berrian populazioaren kontrola izate aldera erabilitako teknika biologikoen artean ez dago manipulazio genetikoa. Huxleyk liburua 1920ko hamarkadan idatzi zuen, DNAren egitura ezagutu baino hogeita hamar urte lehenago. Dena den, Huxleyren familian baziren biologo entzutetsu zenbait (bere anaiorde batek Nobel saria jaso zuen).
Estatu Mundialaren lelo-burua Komunitatea, Kidetasuna, Egonkortasuna da. Darabilten egutegiak gure egutegi gregoriarreko 1908. urtea (“F.o. 1”- “Ford Ondoren”) hartzen dute abiapuntutzat, urte horretan Ford motor konpainiak bere T automobil modeloa kaleratu zuelako. Eleberriaren arabera, “Bederatzi Urteko Gerra” F.o. 141. urtean (2049. urtea gure egutegian) lehertu zen. Gerra hartaz gutxi esaten bada ere, Europan hasi, mundu osora zabaldu eta kalte izugarriak eragin zituela ondoriozta daiteke. Behin baino gehiagotan esaten da gerran arma biologiko eta kimikoak erruz erabili zirela, batez ere hirien aurkako aire-eraso masibotan. Gerraostean, badirudi garaipen erabakior batek amaitarazi baino bere kabuz itzaltzen joan zela, ekonomia kolapsatu eta mundu mailan aurrez ezagutu gabeko krisia hedatu zen. Gerraren eta Kolapso Ekonomiko Handiaren arazoei aurre egiteko, munduko buruzagiak indarrez saiatu ziren beren ideologia munduko biztanleriari ezartzen. Erresistentzia zabala toaptu ziren, besteak beste Golders Greeneko istiluak eta Londresko Musekoko masakrea. the global economy collapsed and created an unprecedented worldwide economic crisis. Bizi-estilo berria onartzera behartu ezin zitzaketela konturatuta, horren ordez Mundu Kontroladoreak mundua batuko dute Mundu Estatu Bakarrean eta aldaketa kanpaina baketsua hasiko dute. Kanpainak museoen itxiera, F.o. 150. (k.o. 2058) urteaz aurretiko literatura ia guztiaren suntsiketa eta Bederatzi Urteen Gerra jasan zuten museo historiko bakanen ezabatzea ere bere baitan hartzen zituen. Eleberria ezartzen den garaian, Mundu Estatua osorik ezarria da eta Munduko ia biztanle oro hiritar dira.
Nobela kokatzen den denboran, planeta osoa batua dago Estatu Mundialean, 10 Mundu Inspektorek gobernatuta hiri estrategikoetako beren botere-guneetatik. Isolaturiko leku bakan batzuk “basatien erretserba” gisa utzi dira, adibidez Mexiko Berriko eskualde batean, Samoan edo Ginea Berriko uhartedi batean. Eleberriaren amaieran, John eta Europa Mendebaldeko Inspektoreak, Mustafa Mondek duten elkarrizketa batean Mundu Estatuko geografia politikoari buruz xehetasun gehiago ikas ditzakegu. Mondek azaltzen dio salbaiari baliabide oso urriko edo klima ezerosoko lurraldeak ez direla “zibilizatzen”, ekonomikoki errentagarria ez litzatekeelako. Ondorioz, eskualde hauek erretserba gisa erabiliak dira, eta bertako bizitzak aurrera jarraitzen du. Markesa Uharteak eta Malvinak bezalako uharte txikiak gizarte normalean bizi nahi ez duten edo egokitzen ez diren Mundu Estatuko hiritarrentzat mantendu dira.
Estatu Mundialeko bi mila milioi biztanleak zurrun zatiturik daude bost klase edo kastatan. Gizartea Alfa kastak eta bere menpeko Beta kastakoek kontrolatzen dute. Hauen azpian, inteligentzia eta itxura fisikoaren arloan beheranzko mailaketa bat jarraituz, Gamma, Delta eta Epsilon kastakoak daude. Kasta bakoitza era berean Gehiago eta Gutxiago izeneko bi azpimultzotan bereizia dago, Epsilonak salbu, eta lanerako jantzien kolore kodetu batzuen arabera bereizten dira: Alfak grisez janzten dira, Betak morez, Gammak berdez, Deltak kakiz eta Epsilonak beltzez. Gizartearen goren-gorenean Alfa Gehiago-Bikoitzak daude, etorkizuneko munduko zientzialari eta administratzaile izango direnak. Kasta ezberdinetako jendea, bakoitza bere erara, zoriontsu izateko egokituak dira, eta ez dute bestelako kastekiko arrangurarik gordetzen, aitzitik lastima apur b at sentitzen dute euren kastakoak izateko zortea ez dutenengatik. Era berean, hala ere, gizarteko hiritar guztiei irakasten zaie behin eta berriz gizaki oro dela garrantzi bereko gizartearentzat.
Estatu Mundialeko hiritarrek armonia sozial, ekonomiko eta arrazakeriarik eza gozatzen dute. Nahiz badirudien Ingalaterra gehienbat kaukasiarrek populatua dagoela, bestelako talde etnikoen proportzio dezentekoak ere badaude. Munduan zehar arraza ezberdinetako jendeak batera bizi dira modu armoniatsuan. Produktu elektrikoen ekoizpen lantegi bat bisitatzera doanean, Jonek lankidetzan dakusa beltz senegaldar eta kaukasiarrak. Lehen orrialdeetan Egokitzapen eta Haztegik Guneko Zuzendariak umeak talde etnikoari erreparatu gabe hazten direla dio, berdin kaukasiar, beltz edo txinatarrak.
Arraza armonia lortzeaz gain, genero bereizkeriarik ere ez dagoela dirudi Estatu Mundialean. Gizon eta emakume, biak ala biak, berdinak dira gizartean. Bada, hala eta guztiz ere, hirugarren genero moduko bat, emakume gisa hazi diren gizaki hermafroditek osatua.
Zahartzea iraganeko kontua Estatu Mundialean. Ingeniaritza biologikoak giza gorputzetan adinaren ajeak ezeztatu ditu; horretarako odol transfusioak, aurrerapen kimikoak, hormona berriztatze tratamenduak darabiltzate. Kirol fisikoak ere oso estimatuak dira, jendeak beraz gorputz gazte eta indartsuak mantentzen ditu euren bizitzan zehar, zahartzaroaren inolako adierazle fisikorik gabe. Arrazoi naturalen ondorioz hiltzen direnean ere gazte diraute. Zahartzearen aztarna fisikorik gabe beraz, ezinezkoa da itxuran oinarrituta pertsona baten adina antzematea, eta beraz zahartzaroa ez da existitzen.
Estatu Mundialak ekonomia planifikatu bat eragiten du. Bertan, prezioak, ekoizpena eta merkataritza, denak estatuak arautzen ditu. Are gehiago, ekonomia ekoizpen eta kontsumo masiboaren printzipioetan oinarritzen da. Mundu Estatuko biztanleek aukeran dute kalitate haundiko jaki, ondasun eta zerbitzu aukera zabal bat, eta ondasun hauen ekoizpen eta banaketak gizarteko kide ororentzat lana sortzen du. Kontsumismoa indartu eta beraz ekonomia indartsu mantentzeko, jendea jabetza zaharkitu edo kaltetuak botatzera animatzen dira, berriak eros ditzaten.Honela, Estatu Mundialeko hiritar oro pozik mantentzen da, erosotasun eskaintza zabala eta lan iraunkorrarekin.
Nobelaren amaiera aldera Mustafa Mondek azaltzen du biztanleria globalaren herena nekazal jardueratan enplegatzen dela, oso portzentaje altua, batez ere hain teknifikatua eta industrializatua dagoen gizartean. Aurrekoaren zergatia oso kontserbadorea den Mundu Estatuak asmakizun berriekiko duen jarrera uzkurra da. Denbora librearen gehitzeak eta aurrerapen teknologiko gehiagok gizartearen egonezina eta desoreka ekarriko lituzkeela uste du botereak. Hau frogatua geratu zen Irlandan eginiko esperimentu soziologiko batean. Langile orori lau orduko lan-jarduna ezarri zitzaien, eta egonezin nahiz liskarrak gora egin zuten ondorioz, bai eta somaren kontsumoak ere.
Kultura Estatu Mundialean homogeneoa da eta planeta osoan zehar nahiko berdintsua dela dirudi. Musika oso popularra da, eta azken asmakizunen erabilera egiten du entzumen plazerra indartzeko argi efektu ikusgarriak eta lurrin gozoak erantsiaz.
Telebista eta sensoramak Estatu Mundialean zehar oso zabalduak daude. Kirola kulturaren zutarrietako bat da, oso zaletuak dira pertsonak beraz. Joko arraro ezberdinak daude, goi-teknologiak eskeinitako gailu asko beharrezko dituztenak jokatzeko. Bide batez honek lantegiei lana ematen die. Hauetakoak dira “Centrifugal Bumble-Puppy”, “Golf Elektro-Magnetikoa” edo “Escalator Squasha”. Gizarte maila ororentzat entretenigarri garrantzitsuak dira, ezagunago egiten zaizkigun beste kirol batzuekn ondoan, igeriketa edo borroka-librea adibidez.
Estatu Mundialeko hiritarrak maiz izaten dituzte oporrak, eta garraio globalak jendea erlaxatzeko munduan zehar bidaiatzea ahalbidetzen du. Mendebaldeko Europan iragarkiak daude “Ekialde Zoragarria” bisitatzera gonbidapena luzatuaz. Ipar Poloan adibidez bada hotel azpiegitura handi bat.
Oso aurreratua dagoen teknologiak menderatutako bizia da Estatu Mundialean F.O. (Forden Ondoren) 632. urtean bizi dena. Bizitzako alor orotan du eragina teknologiak. Kirola Estatu Mundialaren oinarrietako bat da, kirol eta joko anitzek ordea goi-teknologiako ekipamenduak eskatzen dituzte nahitaez. Olgetaren beste alde bat zentzumenak dira. Eleberriaren azken partean, Leninak “sentsorama” (zinema) batera eramaten du John. Han, erabiltzaileek besaulki besoetako “madari” metalezko batzuei atxiki behar diete ukimen efektua nabaritzeko. Horrela, antzezleen harreman fisikoak euren gorputzetan ere sumatu ahal dute (badirudi, sexu-filmetan bakarrik erabiltzen dutela). Beste goi-teknologiako gailu batzuk hauexek dira: musika- kaxa sintetikoak, lurrin organoak (musika eta lurrinak jaulkitzen dituzte, aldi berean), kolore organoak (musika eta argi-ikuskizuna, aldi berean) eta telebistak.
Garraio teknologia ere oso dago aurreratua. Hiri garraiorako ibilgailu erabiliena helikopteroa da, eta hainbat modelo daude, besteak beste taxikopteroak eta distantzia luzeetarako erabiltzen diren kirolkopteroak. Behe mailako kastak abiadura handiko errailbakarrak dituzte herrialdean barrena mugitzeko. Mundu mailako bidaietarako helmugaren arabera koloreetan sailkatzen diren koheteak daude.
“Giza-Txitatze” eta Egokitzapen Zentroetan, teknologia aurreratuak darabiltzate enbrioi berriak sortzeko. Laborategietako ekipamendu aurreratuez gain, haztegiak makinak darabiltzate botilaratutako enbrioiak berora, bat-bateko mugimendura, gaitzera, … egokitzeko. Klima zehatzetan predestinatutako lanbideak egoki burutzeko lagungarri zaie hau. Egokitzapen Guneetan hazi berriak diren umeak euren predestinatutako rolak betetzeko moldatuak dira, horretarako teknologia aurreratuenetako gailuak erabilita. Haserako eszena batean, Delta umeak landa-eremua eta liburuak gorrota ditzaten prestatuak dira elektrokuzio eta klaxon bidezko egokitzapen sistema baten bidez.entrenatuak dira. Oheei atxikirik dauden bozgorailuek hipnopedia ahalbidetzen dute. Bozgorailu hauek inprimatutako materiala hitz goxo eta leun bihurtzen dituzten makinak adierazten dietena zabaltzen dute.
Bizitzaren beste alor batzuk ere teknologia aurreratuak erabat baldintzatuak daude. Arropa gehienak material sintetikoz daude eginak. Arkitekturan etxe orratzak material bereziez eginak daude. Gizonek bizarra kentzeko labana elektronikoak darabiltzate eta sexu-hormonazko txikleak kontsumitzen dituzte. Jendea masaje aparatu bereziak erabilita erlaxatzen da, edo beti presente dagoen somaren bidez (pilula erara hartzen bada ere, lurrundu daiteke laino anestesiko bat eratuz).
Eleberriak behin baino gehiagotan agertzen du hain teknologia aurreratuaren arrazoia: langileria lanpetuta mantentzea produktuak ekoizten. Hala ere, Estatu Mundialeko biztanleak dezente hobeak liratekeen gailu edo tresnak izan ahalko lituzkete. Teknologia aurreratuagoak lortzeko asmo eta diseinu anitz badirela azaltzen dio Mustafa Mondek Johni eleberriaren amaieran. Baina Estatu Mundialeko inspektoreek beldurra dute gisa horretako makinek jendeak denbora libre gehiegi izatea ekarriko ez ote luketen. Bai Mundu Berriko biztanleek gailu oso aurreratuak gozatzeko aukera badute ere, ez dakite giza teknologiak gailur artifizial bat harrapatu duenik.
AEBtako zenbait ikastetxetan ikasgeletatik kendu izan da. Amerikar Liburudenda Elkarteak bere aldetik 1990-2000 hamarkada bitarteko ehun liburu jazarrienen zerrendan sartu zuen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.