![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/e/ef/Human_B_Lymphocyte_%252828942386960%2529.jpg/640px-Human_B_Lymphocyte_%252828942386960%2529.jpg&w=640&q=50)
B linfozito
From Wikipedia, the free encyclopedia
B linfozitoa linfozito mota bat da, erantzun immune humoralaren arduraduna.[1]. Erantzun immune humoralaren elementu garrantzitsuenak antigorputzak dira. B linfozitoen eginkizun nagusia, beraz, antigeno arrotzen aurkako antigorputzen sorrera da.
B linfozito | |
---|---|
![]() | |
Xehetasunak | |
Identifikadoreak | |
MeSH | A11.118.637.555.567.562, A15.145.229.637.555.567.562, A15.382.032.438 eta A15.382.490.555.567.562 A11.063.438, A11.118.637.555.567.562, A15.145.229.637.555.567.562, A15.382.032.438 eta A15.382.490.555.567.562 |
FMA | 62869 |
Terminologia anatomikoa |
B linfozitoak linfozito guztien %5-15 dira [2]. Hezur-muinean sortzen dira, eta T linfozitoen aldean (timoan heltzen direnak), B linfozitoen heltze-prozesua hezur-muinean bertan burutzen da gizakia eta ugaztun guztietan (hegaztietan ez). Heldu ondoren, linfaren bidez organo linfoide sekundarioetara pasatzen dira (gongoil linfatikoak, amigdalak, Peyer-en plakak...), non topo egingo duten antigenoekin eta horren ondorioz aktibatuko diren (zelula plasmatiko bihurtuko dira eta antigorputzak sortuko dituzte).
Milioika B linfozito mota daude gorputzean, klonak deritzenak. B linfozito bakoitzak antigorputz mota bakarra sortuko du. Hezur-muinean sortu eta heldu ondoren, eta antigenoekin harremana izan aurretik, B linfozitoek proteina batzuk garatzen dituzte euren mintzetan [3], B zelulen errezeptoreak izenekoak, antigenoekin kontaktua egingo dutenak (gero ikusiko dugunez, antigeno zehatz batek B linfozitoen klon zehatz bat aktibatuko du, eta modu horretan horrek antigeno horren aurkako antigorputzak ekoiztuko ditu.)