Donostiako auzoa From Wikipedia, the free encyclopedia
Amara BerriDonostia hiriko auzoa da, Amara Zaharra izeneko auzotik hegoaldera zabaltzen dena, Urumea ibaiaren ertzetan. Biztanleria-dentsitate handiko auzoa da, hiriko eraikin altuenetakoekin, eta merkataritza eta zerbitzu-izaera nabarmena ere badu. Aldi berean, Donostiara etorri eta bertatik ateratzeko bide-sareko gurutzagune garrantzitsua da. Auzo honen hegoaldean Anoetako kirolgunea dago. 30.477 biztanle ditu (2022).
Amara Berri Amara Zaharretik hegoaldera zabaltzen da, Araba parketik abiatzen den Antso Jakituna hiribidetik hasita hain zuzen. Ekialdetik Urumea ibaiak eta mendebaldetik Euskotreneko Donostia-Hendaia trenbideak eta Aiete auzoak mugatzen dute Amara Berri. Auzoko lehenengo atala, Amara Zaharretik Antso Jakituna hiribidea ardatz harturik, Pio XII.a plazaraino luzatzen da, hiritik atera eta sartzeko biribilgune moduan baliatzen dena. Hegoalderago, Madril hiribidea da auzoaren ardatz, Anoetako kirolguneraino luzatzen dena. Inguru horretan dago Karlos I.a hiribidea, Donostiatik irteteko erabiltzen den errepidean. Errepide horrek mendebaldera Amarako beste auzune handi bat mugatzen du, hiriko etxeorratz handienetakoak izateagatik nabarmentzen dena, denak izaera erresidentzialekoak. Auzoa beste auzune batzuetan ere banatzen da: mendebaldera Morlans izeneko auzo zaharra dago, non 2000ko hamarkadan etxebizitza eta zerbitzu-eraikin berriak ere eraiki ziren; Amara Berriko ekialdean, berriz, Amara-Osinaga eta Loiolako Erriberak auzuneak daude.
Amara Berri 1950eko hamarkadan Amara auzotik burututako zabalgune bat da, XX. mendeko lehen hamarkadetan proiektatu, 1940 urtean eta hamarkada berean eraikitzen hasi zena, fase zenbaitetan. Eraikitzen hasi baino lehenago, egun Amara Berri dena, Urumea ibai ertzeko padura eta soroak ziren. Eraikuntzarako, Urumea ibaia bideratu eta betelana burutu behar izan zen paduran. Eraikuntza fase horietan, Anoeta estadiorainoko urbanizazioa egin zen eta Apéndice de Amara edo Amarako eranskina delakoan eremu hutsa geratu zen, etxebizitza-eraikin bakanen bat ezik, 1990eko hamarkadan Amara-Osinaga izeneko zabalgunea eraiki zen arte. 2000ko hamarkadan, Loiolako Erriberak izeneko auzunea eraiki zen, Amara eta Loiola auzoak lotuz.
Kronologia historikoa
Amara Berri auzoaren kronologia historikoaren mugarri jakingarrien zerrenda zehazten da jarraian:
[1][2][3][4][5][6][7]
1864: Burdin zubiaren inaugurazioa, Amarara trenbidea iristearekin batera
1926: Urumearen desbideratzea dela eta, zeremonia ofiziala
1935: Amararen zabalgunea burutzeko hiru proiektu: García Mercadal, Aizpurua eta Machimbarrena/Gaiztarro
1936: Errondo pasealekuaren hasiera aerodromo izateko egokitu da
1940: Gaiztarro eta Matxinbarrenak aurkeztutako proiektua aprobatuko da
1944: Amarako “sakelako estadioa” inauguratu da, Sahats plazan
1947: Antso Jakitunaren hiribideko lehen bi eraikinak
1966: Pio XII.eko iturriaren inaugurazioa. Carlos Buigasen lan hori bertan bizi ziren kataluniarren oparia da.
1966: Hezkuntza Ertaineko Peñaflorida institutuaren inaugurazioa
1967: Ikasbide Kultura Elkartea jaio da, Amara Berriko lehen ikastola
1967: Famili Santua eliza inauguratu da
1970: Munduko VII. Pilota Txapelketa jokatu da Anoeta pilotalekuan. Joseba Elosegik, bere buruari su emanda, Francoren aurrean bigarren galeriatik kantxara jauzi egin du, Euskadiren askatasuna aldarrikatzen duela.
1971: Autobusek Amara-Anoeta linea egiten zuten trolebusak ordezkatu dituzte
1971: Catalina de Erauso eskolak haur hezkuntza jarri du martxan
1972: Apendizea eta 22. Poligonoaren (Amara-Osinaga) Plan Partziala onartu da
1972: Izotz Jauregiaren inaugurazioa
1972: Donostiako Saihesbidearen lehen fasearen inaugurazioa. Lanek Amara eta Anoetako baserriak botatzea ekarri dute: Ordago, Errotatxo, Anoeta eta Illunbe baserriak, alegia.
1973: Loiolara iristen den saihesbidearen zatiaren inaugurazioa
1973: C.D. Donostiako danborrada, Amara Berriko lehena
1973: Belodromoa estali da
1974: Karmelo Balda pilotalekuaren inaugurazioa
1974: Gros-Amara autobus linea martxan jarri da
1975: Donostiako saihesbidearen hirugarren fasea bultzatu da
1978: Amara Berri ikastetxeak ateak ireki ditu
1981: Antigua-Amara autobus linea martxan jarri da
1986: Donostiako XXXIV. Nazioarteko Zinemaldian, Anoetako belodromoa “munduko zinema-areto handiena” bihurtu da
1989: Astoria zinearen berinaugurazioa, zazpi aretorekin
1990: Gantxegi baserriaren desagerketa, Anoetako ingurutan geratzen zen azkena
1991: Rex Avenida zinearen itxiera
1993: Anoetako estadioaren inaugurazioa, Europa Juniors Txapelketarekin
1994: Amara Berriko Guraso Elkartearen danborrada. Hurrengo urteetan, auzoan danborrada talde berriak agertuko dira.
1995: Anoetako estadioa eta kirol gunerako neurriak dituen Plan Orokorra
1995: Anoetako pilotalekuari Atano III.a izen eman zaio
1996: Irun plazaren inaugurazioa
1996: Santiagomendi elkarteko bost bazkidek beren danborrada sortzeko proiektuaren aurkezpena
1998: Urtoki Elkartearen inaugurazioa
1998: Peñaflorida eta Usandizaga ikastetxeen bateratzea
1998: Ilunbeko zezen plazaren inaugurazioa, Torrestrellako zezenekin. José María Manzanares, Enrique Ponce eta Rivera Ordóñez kartelean.
1999: Txuri Urdin izotz jauregiaren birmoldaketa
1999: Amara-Osinaga Auzo Elkartearen egoitzaren inaugurazioa
Beste auzoekin alderaturik auzo berria izan arren, kultura bizitza sendoa duen auzoa da. Sahats plazaren inguruko auzuneak bere jaiak ospatzen ditu. Amara-Osinaga auzuneak, berriz, Karmengo jaiak ospatzen ditu uztailean. Ikasbide Kultur Elkarteak aurreko mendeko 80ko hamarkadatik ospatzen ditu auzoko festak, Sahats eta Prebostes Plazetan. Horrekin batera, hainbat elkarte daude Donostiako Danborradan parte hartzen dutenak. Auzo-elkartea ere badago. Anoetako estadioan dagoen Ernest Lluch Kultur Etxean udalak eta auzoko elkarteek antolaturiko kultura ekitaldiak ospatzen dira.
Kultura bizitzan nabarmendu behar dira orobat aldiro Anoetako estadioan ospatu ohi diren artista eta musika talde ospetsuen kontzertuak. Amara Berrin kontzertuak egin dituzten artista eta taldeen artean Pink Floyd (1994), U2 (2005), Rolling Stones (2007) eta Bruce Springsteen (2008) daude.
Auzoko jaiak Karmengo Egunaren inguruan ospatzen dira, uztailean.
Olaizola Elordi,Juanjo. (2011).Dbus: Donostiako Tranbia Konpainia S.A. - Compañía del Tranvía de San Sebastián S.A.: 125 urte = 125 años. Revistas profesionalesISBN 978-84-939639-0-3.