2019ko Eurovision Abesti Lehiaketa
From Wikipedia, the free encyclopedia
2019ko Eurovision Abesti Lehiaketa urtero ospatzen den Eurovision Abesti Lehiaketaren 64. edizioa izan zen. Tel Aviveko Expo Tel Aviv erakustazokan egin zen, Israelen. Ekitaldia hirugarren aldiz antolatu zuen Israelek. Finalerdiak maiatzaren 14an eta 16an izan ziren, eta final handia maiatzaren 18an.[1] Aurkezleak Bar Refaeli, Erez Tal, Assi Azar eta Lucy Ayoub izan ziren.
2019ko Eurovision Abesti Lehiaketa | |
---|---|
Lehen finalerdia | Maiatzak 14, 2019 |
Bigarren finalerdia | Maiatzak 16, 2019 |
Finala | Maiatzak 18, 2019 |
Egoitza | Expo Tel Aviv, Tel Aviv |
Aurkezlea(k) | Erez Tal Bar Refaeli Assi Azar Lucy Ayoub |
Antolatzailea | Israelgo Irrati-difusioko Korporazio Publikoa (KAN) |
Partaide kopurua | 41 |
Irabazlea | "Arcade" Duncan Laurence ![]() |
ā Lisboa 2018 |
Lehiaketako irabazlea Duncan Laurence bakarlari nederlandarra izan zen, "Arcade" kantuarekin. Herbehereen bosgarren garaipena izan zen. Bigarren postua Italiako Mahmoodentzat izan zen, "Soldi" kantuarekin. Errusiako Sergey Lazarevek, "Scream" abestiarekin, hirugarren postua lortu zuen; aurretik ere hirugarren gelditu zen Lazarev 2016ko edizioan. Epaimahai profesionalen gustukoena Ipar Mazedonia izan zen, eta telebozketaren gustokoena Norvegia.
41 herrialdek hartu zuten parte guztira, aurreko urtean baino bi gutxiagok.[2] Australiari parte hartzeko gonbidapena luzatu zitzaion Europako Irrati-Telebista Batasunaren eskutik bosgarren urtez. Bulgariak partaidetzari uko egin zion, irrati-telebista publikoaren arazo ekonomikoak medio. Ukrainak parte hartzeko izena emana zuen, baina partaidetza bertan behera utzi zuen, 2014tik Errusiarekin daukan gatazka medio.[3]