Txikipedia:Bisigodo
From Wikipedia, the free encyclopedia
Bisigodoak V. mendearen hasieran Iberiar penintsulara iritsi ziren herri germaniar bat ziren. «Godo» izeneko herri germaniar baten bi adarretako bat ziren (besteak «ostrogodoak» ziren). Euren jatorrizko lurraldea Eskandinavia zen. Godoak, beste herri batzuekin batera, Erromatar Inperioaren mendebaldera modu masiboan migratzen hasi ziren; migrazio hori (batzuetan «barbaroen inbasioak» deitutakoa) Mendebaldeko Erromatar Inperioa Erromatar Inperioaren desagertzeko arrazoietako bat izan zen.
418. urtetik aurrera, erresuma bat ezarri zuten; erresuma horrek Iberiar penintsula gehiena eta Galiako (gaur egungo Frantzia) hegoaldeko zati handi bat hartzen zituen, eta hiriburua gaur egungo Frantziako Tolosan zuen.
VI. mendearen hasieran, frankoek (beste herri germaniar bat) bisigodoak garaitu zituzten, eta ondorioz, bisigodoek Pirinioetako iparraldeko lurraldeak galdu zituzten. Ordutik aurrera, euren erresuma Iberiar penintsulan garatu zen, eta hainbat hiriburu izan arren, garrantzitsuena Toledo izan zen. Herri germaniarra izan arren, erromatar inperioko tradizio kultural, erlijioso eta politikoak hartu zituzten; baita haien hizkuntza ere: latina. Horregatik, Iberiar penintsulan ez da hizkuntza germanikorik hitz egiten, baizik eta latinetik eratorritako hizkuntzak.
Iberiar penintsulan, erresuma bisigodoak etengabe liskarrak izan zituen kontrolatzen ez zituen penintsulako herriekin. Haien artean, alanoak, sueboak eta bandaloak Gallaecian izeneko antzinako erromatar probintziako zonaldean (gaur egungo Galizia, Portugalgo iparraldea, Asturias eta Leongo zati bat); antzinako Cartaginensis probintzian bizi ziren bizantziarrak; eta baita baskoiak ere, Pirinioaren mendebaldean.
Erresuma bisigodoak 711. urtera arte iraun zuen, musulmanak Iberiar penintsula okupatzen hasi ziren arte. Erresuma hispaniar-bisigodo horrek hiru mende baino ez zituen iraun, baina politikaren ikuspegitik garrantzi handia izan zuen: bisigodoekin penintsulako lehen estatu burujabea sortu zen; gainera, latina, erromatarren kultura eta erlijio kristaua bereganatu zituztenez, desagertutako Erromatar Inperioaren ondare historiko eta kulturala bizirik mantentzen lagundu zuten.