Txikipedia:Erromatar Inperioa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Erromatar Inperioa Antzinako Erromaren garaiko sistema politiko bat da, gure aroko I. mendetik V. mendera bitarte luzatu zena, zeinetan gizon bakar batek (enperadoreak, alegia) botere guztia baitzuen, eta ez Erromako Senatuak, Errepublikaren garaian ez bezala. Augusto izan zen lehen enperadorea. Historialariek bitan banandu dute Erromatar Inperioa: Printzipatua eta Dominatuan. Lehenengoan, enperadorearen botere absolutua Errepublikako ohituren azpian ezkutatzen zen; dominatuan, berriz, botere inperiala argiago erakusten zen, urrezko koroen eta erritu sakratuen bidez.
Bestalde, Erromatar Inperioa izenarekin Erromak konkistatu eta bere menpe zeukan eremu geografikoa ere adierazten du. Erroma hiriaren hedapena inperioa sortu baino lehenago hasi zen, baina zabalkuntza handiena sistema inperialarekin lortu zen, Traianoren agintaldian hain zuzen ere. Garai horretan, erromatarrek, gutxi gorabehera 5.900.000 km² zituzten haien menpe. Hortaz, Europako Antzinateko inperiorik handiena izan zen erromatarrena.