Txikipedia:Erlijio
From Wikipedia, the free encyclopedia
Erlijioa jainko bat edo nolabaiteko izakiren bat gizakiaren gainetik dagoela uste duten pertsonen sinesmen eta zeremonia multzoa da. Izaki edo Jainko hura ikusezina da, eta ezin da frogatu existitzen denik, baina harengan sinesten duten pertsonek existitzen dela uste dute. Horri fedea esaten zaio.
Kasu batzuetan, fededunek Jainkoa bizitzaren eta unibertsoan dagoen guztiaren sortzailea dela uste dute. Fededun batzuentzat Jainkoak guztia daki, edozer gauza egin dezake, eta gertatzen den guztiaren erantzule da. Batzuek uste dute Jainkoa beti ona dela. Beste batzuek, berriz, dituzten arazoak konpontzen lagundu dezakeela uste dute, eta horretarako otoitz egiten dute. Jainkoarekin komunikatzeko modua da. Hala ere, jainkorik ez duten erlijioak daude.
Erlijio guztiek helburu bera dute: jarraitzaileei bizitzaren zentzua aurkitzen laguntzea. Jende askok mundua nondik datorren jakin nahi du. Beste askok, berriz, hil ondoren gertatuko dena jakin nahi dute. Erlijio gehienek nolabaiteko erantzuna eskaintzen diete galdera horiei.
Fededun askok uste dute fedeak haien bizitza hobetzeko eta kezkak arintzeko kemena eta itxaropena ematen diela. Hala ere, fededun batzuek beste pertsona batzuekin eztabaidatzen dute haien erlijioa desberdina delako. Historian zehar erlijio-gerrak egon dira askotan, beren jainkoa benetako jainko bakarra dela uste duten herrien artean.
Erlijioek oso paper garrantzitsua izan dute mundu osoko herrien historian. Jendearen bizitzaren alderdi gehienetan izan dute eragina. Adibidez, erlijioek zerikusi handia izan dute gobernuak eta familiak eratzeko eta seme-alabei irakasteko moduarekin.