Minerva
From Wikipedia, the free encyclopedia
Minerva[1] (latinez: Minerva, miˈnɛr.wa ahoskatua; etruskoz: Menrva), erromatar mitologiako jainkosa, greziar mitologiako Atena da.
Minerva | |
---|---|
Antzinako Erromako erlijioa | |
Ezaugarriak | |
Jatorrizko izena | Minerva |
Sexua | emakumezkoa |
Baliokideak | Atena, Senuna (en) , Belisama eta Sulis |
Domeinua | artisaua, trade (en) , poeta eta irakaslea |
Familia | |
Aita | Jupiter |
Ama | Metis |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Minerva erromatarrean, artisauen jainkosa, lanbideena, artearena eta, geroago, gerrarena ere izan zen. Greziar kulturaren eraginez, Atenea grekoarekin identifikatu zuten. Zenbait adituk uste dute Etruriatik Erroman sartutako Athena jainkosaren garapena izan zela. Uste hori indartu egiten da Kapitolinoan, erromatar erlijioaren zentroan, jainko-jainkosen triada osatzen zutenetako bat zelako, Jupiter eta Junonekin batera. Berari eskainitako Aventinoko santutegia artisauen gremioen topaleku izan zen, eta noizbait poetak eta aktore dramatikoak izan zituen.
Gerraren jainkosa gisa gurtua zelarik, Marteren berezko funtzioa inbaditu zuen. Ponpeiok tenplu bat eraiki zuen harentzat Ekialdeko konkistetako harrapakinekin, eta horrek erakusten du ordurako Athena Nike greziarrarekin, garaipenaren jainkosarekin, identifikatu zuela, edo Atena Poliasekin, hau da, Atenas hiriaren jainkosa babeslearekin[2]. Domiziano enperadorearen agintaldian, zeinak Minervaren babes berezia zuela esaten baitzuen, jainkosaren gurtza bere unerik gorenera iritsi zen[3].
Baina Minervaren jatorrizko ezaugarriak zein ziren, eta zergatik jaso zuen horrenbesteko garrantzia, ez dago argi. Minervaren estatua batek -K.a. V. mendekoa eta greziar eragina islatzen duena-, bi ezaugarri adierazten ditu: gerlariarena eta amarena, edo haur eta gazteen zaindariarena (Kourotrophos)[3]. Junok ere ezaugarri horiek zituen garai arkaikoan, baina Jupiterren gurtzak garrantzia irabazi ahala, bi jainkosen funtzioak eta itzala apaldu ziren.
Tradizioaren esanetan, Tarkinio Prisko erregeak, Jupiterri Kapitolioan tenplu berri bat eraikitzen hasi zenean, aurretik zeuden jainko eta jainkosen tenplu edo gurtza leku guztiak handik kendu behar izan ziren eta jainko-jainkosak beste leku batera eraman. Bi besterik ez ziren geratu, Terminus eta Juventas. Terminus Jupiterren kaperan geratu zen eta Juventas, gazteak babesten zituen jainkosa, Minervarenean, jainkosa handiak gaztetasunarekin zuen lotura indartuz[3].