Hileko edo menstruazioa da karen edo plazenta duten ugaztun emeek hilero baginatik izaten duten odol-jarioa. Dimentsio fisikoaz haratago, hilekoak dimentsio sozial-kultural ikasia ere badu. Gorputz-politika feministek ikuspegi patriarkalak hilekoaren inguruan sustatu duen tabua eta patologizazioa gainditzeko analisiak eta proposamenak egin dituzte.
"Egun, modu positiboago batean planteatzen bada ere, diskurtso medikoak, maila zientifiko zein dibulgatiboan, oraindik ere alderdi patologikoenak nabarmentzen darrai."
"Gizonezkoek hilekoa izango balute gehiago ikertuko litzateke eta ez litzateke onartuko minez egotea. Ez liekete esango guri bezala, normala dela eta pasatuko zaiela. Azkenik, hor daukagu odol urdinarena edo hilekoarekin gaudela inolaz ere ez igartzearena. Odola isurtzen uzten digute, baina bai beti ere, zipriztindu gabe."
"Hilekoa dimentsio material, sozial, sinboliko eta kultur esanahiek eratzen eta sortzen duten gertaera biologikoa da. Esperientzia oro askotarikoa bada ere, jendarte desberdinek generoaz, gorputzaz, biologiaz dituzten usteen arabera moldekatuko da esperientzia hau."
"Hilekoa tabua izan denez (eta denez, oraindik) hori esate hutsa eta horri garrantzi konkretu bat ematea guretzat esanguratsua da. Eta batzuetan “por ausencia” aztertzen dugu, hau da, hilekoa ez delako aipatzen. Zelan da posible horrenbeste jenderi gertatzen zaion fenomeno bat eta gure bizitza baldintzatzen duena tabu izatea!"
Iturria: Ainhoa Aldazabal Gallastegi, eta kitto!, 2019.[4]
"Hilekoaren kultura hegemonikoa eztabaidatzeak gorputz eta genero ideologia biomedikoak auzitan jartzea bere baitan dakar; hau da, hilekoaren planteamendu alternatibo jakinek osasunaren, gaixotasunaren, ongizatearen edota arretaren inguruko begirada zehatza garatzen dute."
"Hilekoaren pedagogia ez da existitzen termino akademiko gisa, eta niri interesgarria iruditzen zitzaidan gainerako zientzietan hilekoa nola azaltzen zen behatzeko prozesu hezitzaile bat abiaraztea. Hilekoa multidimentsionala dela ulertu behar da. Ohartu behar gara, fisiologikoa izateaz gain, hilekoa esperientzia sozial, politiko eta kultural bat dela."
"Lehenengo mitoa da hilekoa jaistearekin batera egiten zarela emakume. Hori ikaragarria da. Izan ere, genero bat ezartzen zaie gure hormonei. Beste mito bat feminitatearen genearena da: honen ustez, feminitatea gure uteroan dago. Orain argi geratu da ez dela horrela, izan ere, uteroa kendu dieten emakume askok jarraitzen du emakume izaten, baina oraindik badago errezelo hori."
"Testuinguruaren arabera, hilekoa jaisteak edo ez jaisteak eman dezake poza, tristura, lotsa... Ez da gauza bera, esaterako, haurdun geratu gura duenarentzat, gaixorik dagoenarentzat, edo bortxatu duten emakume gazte batentzat."