From Wikipedia, the free encyclopedia
Eskiula udalerria Zuberoa ala Bearno den, Eskiula herria Bearnoko lurretan kokatua baina kulturaz Zuberoa barnean sartu ahal izateak eragin duen afera da. Historian zehar aipamen anitz ukan du, eta egun inplikazio soziopolitikoak ere baditu, Eskiula Euskal Herriaren parte den ala ez ere erabakitzea baitakar.
«Bearnon kokatutako herri euskalduna» dela esan izan da,[1][2] herriaren sorreran eta egungo egoera administratiboan (Oloroe-Donamaria Mendebaldeko kantonamenduan baitago) oinarrituz.
Izan ere, euskaldunek gogoan dute, alde batetik, orain Eskiulan euskaraz hitz egiten bada, XV. mendean hara bizitzera joandako zuberotarrengatik dela, eta horregatik euskara Eskiulara nolabait ere «iritsi berri»tzat ikusten da; eta, bestetik, Eskiulan euskarak bizirik eta toponimia guztian barneraturik dirauelarik, Euskal Herriaren —etimologiaz euskararen lurraldea den horren— partetzat hartzeko joera izaten da. Zalantza horren erakusgarri da Etxahun-Iruri zuberotarrak ondu zuen eta eskiulatarrek gogotsu antzeztu zuten Matalaz pastoraleko testua. Hona hemen zenbait pasarte oso adierazgarri:
« | EZ DA ESKIULA KASKOIÑA
Nurk erran othe zian [...] Xiberuko plazetan [...][3] |
» |
Olerki horretan, hasieratik beretik garbi erraten zaigu Eskiula ez dela Gaskoinia (eta, beraz, Bearno ere ez, Gaskoiniako parte baita Bearno); baina, zeharka, guztiz Zuberoan ere ez dagoela adierazten zaigu nolabait: «Zuberoako plazetan [...] jinik (etorririk) Eskiulatik».
Frantses estatuko administrazioarentzat Eskiula ezin da inolaz ere Zuberoan egon, ofizialki Euskal Herriko herrialde honek ez baitu aitortzarik. Baina Bearnon ere ezin da ofizialki egon, ez baitago Bearno ofizialik. Zuberoak duen halamoduzko onarpen bakarra oso maila baxukoa (zerbitzu mankomunitate bati dagokiona) da, Zuberoako Herri Elkargoarena. Eskiula ez dago horren barnean baina irizpide horri kasurik egingo bagenio Pettarreko zenbait herri ere herrialdetik kanpo leudeke, Herri Elkargo hau -estatuko gehienak bezala- kantonamendu batzuetan oinarritu delako, kasu honetan Maule-Lextarre eta Atharratze-Sorholüzekoan.
Beraz, administrazioz Pirinio Atlantikoak dira aitortza duen errealitate bakarra. Hala ere, departamendu honetan dagoen dualitatea (Bearno, Ipar Euskal Herria) eremu batzuetan -nekazaritza, turismoa- de facto onartzen da; kasu horietan ez da arraroa Eskiula Euskal Herrian atxikia agertzea eta ez Bearnon, banaketak egiteko kantonamendu mugak oinarria ez denetan bederen. Adibideak:
Frantsesezko Wikipediak[4] Eskiula Communes de la Soule zerrendan sartzen du, bere berezitasun historikoen berri eman eta gero.
Euskal Herrian, Hegoaldean batez ere, argitaratutako hainbeste mapa eta liburuk herria kanpoan kokatzen dute; Maule eta Atharratzeko kantonamenduetatik kanpo geratu izanak ikuspegi hau erraztu du. Mota guztietako «irredentismoek» eta Eskiulakoa bezalako egoera bitxiek sortzen duten beldurragatik tentuz jokatzea ulergarria da. Euskaltzaindiari berari ere antzeko zerbait gertatzen zaio; alde batetik bere 92. arauan herria Zuberoako zerrendan ipintzen badu ere, ohar bereziaren laguntzaz sartzen du[5], bestetik berriagoa den web orrian Zuberoako herritzat jotzen du besterik gabe[6]. Beste aldetik, Akademiak ez du Eskiula «Exonimia» ataleko zerrendan inoiz ezarri, ez web orri berrian ez 149. arauan (Euskal Herri inguruko exonimoak), non Bearnoko hainbat herri aipatzen diren[7].
Badira, bestalde, Eskiula besterik gabe Euskal Herrikotzat kokatzen duten beste iturri batzuk. Auñamendi Eusko Entziklopedian,[8] Gaindegian edo Euskal Herriko ekonomiaren eta gizartearen atlasa webgunean, kasurako, Eskiula Euskal Herriko herritzat jotzen dute.[9] Berdin Urrats Argitarauak elkarteak ateratako Euskal Herria hormetarako mapan.[10] Paulo Agirrebaltzategik Eskiulako kasua oso era zehatzean aztertu zuen 2001ean, herriak Madalena Jauregiberri pastorala taularatzen zuelako aitzakiaz. Iturrien arteko kontraesanak deskribatu ostean artikuluari eman zion izenburuak (Eskiula, Euskal Herriko herria[11]) argitzen zuen egileak zein ikuspuntu jotzen zuen zuzentzat eta nahasmena batez ere egoera administratiboak sortzen zuela iritzi zion.
Iturriak Ipar Euskal Herrikoak izanez gero are errazagoa da herria Zuberoan sartzea. Adibide batzuk:
Zenbait egitura ofizialek (zerbitzu batzuen gainekoek) ez dute herria bere baitan hartzen; oro har arrazoia kantonamenduetako banaketan oinarrituta izatea dela esan daiteke, arestian aipatutako Zuberoako Herri Elkargoa kasurako; hala ere, Elkargoaren eta bere Turismo Bulegoaren webgunean bertan Eskiula agertzen den maparik badago.[17] Gainera beste arlo batzuetan Eskiulak Zuberoako gainontzeko herriekin parte hartzen du, adibideak Euskal kultura sustengatzeko sindikatua[18] edo uraren kudeaketa egiten duen Syndicat AEP du Pays de Soule dira.[19]
Iturri zuberotar askok erabat normaltzat jotzen dute Eskiula bertan sartzea. Adibideak:
Beste kasu batzuetan, joera anbiguoa dago; Xiberotarra Zuberera. Le dialecte basque souletin[23] Battittu Coyos euskaltzainak egindako laneko 21. orrialdeko mapa Eskiularik gabea bada ere, 22. orrialdeko beste mapa batean agertu egiten da. Coyosek berak Eskiula haintzat hartzen duen lan batzuen egilea da, arlo linguistikoan gehiago zentratzen dela esan badaiteke ere.[24]
Eskualde honetako bertako bizilaguna den Philippe Etxegorrik garatutako Ekialdeko Webgunean ere mota guztietako definizioak topa daitezke. Bearnon kokatzen duten iritziek gehienetan arlo administratiboa aipatzen dute; esaterako Allande Sokarrosek Udalez Euskal Herrian, kantonamenduz Biarnon titulatzen du 2001eko artikulua, hala ere herria Euskal Herrian kokatuta[25].
Euskal kulturari eskiulatarrek dioten atxikimendua oso nabaria da. Maskarada eta pastoral ugari antolatu ditu; dokumentatuta dauden heinean maskaradak 1928, 1948, 1954, 1983, 1990 (emakumezkoek antzeztua) eta 2002an antolatu zituztela jakina da. Pastoralei dagokienez 1750, 1827, 1835, 1912, 1924, 1955 eta 2000n taularatu ditu, beti ere Zuberoako herritzat joa.[26]
Dantzaren esparruan ere herriko dantza taldea herrialdeko dinamikan erabat sartuta dago, beste edozein lekutakoen moduan, Aitzindariak Zuberoako dantza elkargoko kide izanez[27] edo Joseba Aurkenerenak gogoratu zuenez,[28] Jaüzien Eguna bezalako agerraldietan parte hartuz.
Eskiulatarrek lehen eta orain Zuberoa zein Euskal Herriarekin lotzeko nahia erakutsi dute; hala egin zuten arlo politikoan 1796an, Barkoxeko kantonamenduarekin bat egiteko eskaera erreferendumaren bidez egin zutenean. Onartu izan balitzaie gaur egun ez zatekeen herri horren euskalduntasunaz eztabaidarik izango baina ez zen hala izan: Aramitzeko kantonamenduarekin lehen eta Donamariarekin geroago lotu zuten, gaur egun Oloroe-Donamaria Mendebaldea izena daramana[29]. Baina historiaz haratago, eskiulatarrek egunero euskal herritarrak direla adierazten dute, oso era desberdinetan; adibidez Jai Batzordearen webgunean (hori bai, frantsesez dago orria) hauxe irakur daiteke:[30] «Ce qu'il y a de formidable dans ce pays (Basque) c'est que la moindre commune de 500 habitants perdue aux confins de la Soule...», hau da, esaldi berean herria Euskal Herrian eta Zuberoan kokatzen dute.
Banderen erabilpena ere oso argigarria da. Azken urteetan ugariak dira Bearnoko herrietako herriko etxeetan paratu diren Bearnoko banderak;[31] aldiz, Eskiulan ez da inolako interesik erakutsi bandera horren ezartzeko, baina ikurrina jarri dute herriko etxean; Jai Batzordearen webgunean ere, ikurrinak eta lauburuak nonahi.
Eskiulatarren artetik ospetsuenetakoa[32] dugun Martxel Tillous apaizak (Eskiula, 1934ko irailaren 23a - Kanbo, Lapurdi, 2009ko martxoaren 13a) hauxe erantzun zuen Ameriketara joatean zer espero zuen galdetu ziotenean: «Zuberotar familia gutxi dago han, segur naiz hamar familia ere ez direla. Gehienak bizkaitarrak dira. [...] Beraz, zergatik zuberotar apaiza bidali harat? Bortitza zitzaidan hori.»[33]
Elkarrizketa hartan, Xan Aire urepeldarrak Martxel Tillousen jaiolekua «Eskiula, Zuberoa» dela dio. Tillousek, horrenbestez, bere burua zuberotartzat zuen; eta ezagutu zutenek ere, Eskiulan eta Zuberoan jaio zela diote. Halaxe ageri da haren hilberrietan eta eskiulatarraren omenez eginiko ekitaldiei buruzko albisteetan.[34][35][36][37][38][39]
Aita Martxel, izan ere, «kexu zen Euskal Herriko karta eta mapetan Eskiula Zubero barnean ikusten ez zuenean».[40]
Ba al dute bearnotarrek interesik Eskiula bere lurraldea dela aldarrikatzeko? Iturrien azterketa eginez gero, kemenik bat ere erakusten ez dutela ondoriozta daiteke. Bi jarrera topatzen dira:
Okzitanierazko Wikipediak[47], definizioan artikulu honetan zehar aipatutako anbiguotasunaz jokatzen badu ere, Sola (Zuberoa, alegia) kategorian sartzen du, ez ordea Comuna de Bearn kategorian. Edozein kasutan Okzitaniatik oro har eta Gaskoinia-Bearnotik bereziki ez dago inolako aldarrikapen sutsu edota oldarkorrik, are gutxiago herriaren euskalduntasuna ukatuko lukeenik; Gaztela eta Leongo zenbait botere eta eragilek Trebiñurekiko erakusten duten jarreratik (gaztelartzat jotzea, aldarrikapen militantea) izugarri urrun daude.
Aurreko ataletan jaso diren iturri guztiak aztertu eta gero, Eskiulako kokapenerako definizio proposamena egin daiteke; kontuan hartu beharreko elementu nagusiak egoera administratibo ofizialak sortzen duen segurtasun falta, historia (herriaren sorrera), bearnotarren jarrera eta herritarren (eskiulatarren zein beste euskaldunen) iritziak dira. Dagoeneko egina dagoen definizio batean oinarritzeak lagun dezake hitz zehatzak topatzen: Zuberoako euskaltzain ohorezkoa den Jean-Louis Davanten hitzetan «Eskiulako herria, lürrez Biarnoko probintzian zagoena, jentez eta mintzajez euskaldün züberotarra da».[48] eta artikuluan beste behin ere Zuberoako herri gisa ageri da.
Oso gogoan hartzekoa dugu, bestalde, euskara batuaren erakunde arautzailea dugun Euskaltzaindiak Euskal Herria kontzeptua definitzeko zer hitz baliatu dituen:
« | Aspaldiko mendeetatik hedatua izan da Euskal Herria izena, kultura ezaugarri aski jakinak dituen herrialdea adierazteko, politika eta administrazio mugen nahiz ezberdintasun historikoen gainetik erabilia.[49] | » |
Horrenbestez, politika eta administrazio mugen irizpidea alde batera utzita, eta kultura ezaugarriak oinarritzat hartuta, hauxe litzateke aztergai dugun udalerriaren definizio egokia:
« | Eskiula Bearnorenak ziren lurretan sortutako Zuberoako herria da. | » |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.