Remove ads
Euskal Herrian, Kantabrian eta Burgosen egiten den ardo zuria From Wikipedia, the free encyclopedia
Txakolina ardo mota bat da. Karbonatuxea, 10,5-12º inguru izan ohi ditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten den txakolina sormarka batek babestuta dago. Hala ere, Nafarroan, Kantabrian eta Burgoseko iparraldean ere ekoizten da eta urrunago, Txile eta Australian ere bai[1][2].
Bi txakolin mota nagusi daude: zuria eta gorria. Hedatuena lehena da eta bigarrena batez ere Bizkaian ekoizten da, Bakion, Balmasedan eta Txorierri eskualdean; Nafarroan, Untzitibar eta Itzagaondoan[3].
Ohituraz, baserri eta etxeetan egin izan dute, baina egun prozesua Euskal Autonomia Erkidegoan profesionalizatuago dago, eta sormarkak eskakizun zorrotzak ezarri dizkio.
Gaur egun, mahastiak Euskal Autonomia Erkidegoko 340 hektareatan zabalduak dituzte eta ia 1.800.000 litro ekoizten dituzte urtean, hiru sormarkatan banatuta: Getariakoa (165 hektarea eta 900.000 litro), Bizkaikoa (120 ha eta 700.000 l) eta Arabakoa (55 ha eta 180.000 l).
Nafarroan, 1376. urtean Karlos II.ak Iruñerriko ardoa kanpoko ardoen aurrean zaintzeko lege bereziak egin zituen. Bertako txakolina beti izan da oso famatua Iruñean[4].
Ipar Euskal Herrian ere txakolina ezaguna zen XX. mendearen hasieran[5].
Antzina Miranda de Ebron eta Kantabrian ere egin izan zen, eta orain, txakolinaren sormarkak lortu duen ospea baliatu nahirik, berriz ere txakolina ekoizten hasi nahi lukete. Gainera, txakolina izenarekin saldu nahi lukete; horregatik, tirabirak sortu dira haien eta sormarka dutenen artean.
Getariakoak 1990ean eskuratu zuen izendapena Espainiako gobernuaren eskutik. Txakolin tradizionaletakoa da eta, hainbaten ustez, kalitate handienekoa. Kantitateari dagokionez ere Getaria nagusia da, euskal ekoizlerik handiena baita. Aian eta Zarautzen ere lan egiten dute sormarka horren babesean. 2008an, Gipuzkoako beste hainbat udalerrik ekoitzi ahal zuten txakolina, Getaria, Aia eta Zarautzez gain: Arrasatek, Eibarrek, Mutrikuk, Debak, Zumaiak, Zestoak, Oriok, Hondarribiak, Billabonak, Urnietak, Oñatik, Beizamak, Zerainek eta Olaberriak.
Bizkaikoak 1994an lortu zuen izendapena. XX. menderaino Begoñako txakolina ospetsua izan zen. Bakio ere izan da tradizionalki herri ekoizle nagusia, baina gaur egun txakolingintza beste eskualde batzuetara ere hedatu da:
Arabakoa 2003an sortua da. Aiaraldean kontzentratzen da Arabako produkzioa, Amurrion daudela bi upelategi nagusiak. Bertan "Txakolin Eguna" ospatzen dute, maiatzean.
Txakolin zuri hori oso famatua izan zen joan den mendean, lehiaketa internazionaletan sariak irabazirik. Ezkaba mendi hegaleko ardantzeen mahatsekin ekoizten da. Egun, etxerako egiten da.
Ardo hori kalitate handikoa zen. Mahatsak oraino biltzen badira ere, ardoa ez da merkaturatzen.
Miranda Ebron ere XX. mendearen bigarren erdialderaino oso zabaldua zen txakolinaren ekoizpena,[6] eta hango antzinako tabernak ez ziren "tabernas" mirandarren artean, "chacolís" baizik: Chacolí Limaco, Chacolí Chamorro, eta abar.
1987an Mirandako historiaren udal institutuak liburu bat argitaratu zuen gaiari buruz: Viñedos y vino chacolí en la historia de Miranda de Ebro (egileak: Ramón Ojeda San Miguel eta Jesús Alberto Ruiz Larrad).
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.