From Wikipedia, the free encyclopedia
Eleuterio Tadeo Amorena Gil (Iruñea, 1819ko apirila - ? ) nafar margolari eta eskulangilea izan zen. Iruñeko erraldoiak egin zituen 1860an.
Tadeo Amorena | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Iruñea, 1819 |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | ? (204/205 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | pintorea eta artisaua |
Esteban Amorena Etxeberria eta Ramona Gilen hiru seme-alabetatik gazteena zen. Aita, Arizkungo Bozate auzoan jaioa, agotea zen. Garai hartan agoteak bazterturik zeuden, eta oso eskulangile trebeak izan ohi ziren.[1] Esteban Iruñera joan zen bizitzera, eta bertan ezkondu zen Ramona Gilekin. Haurtzaroan eta gaztaroan Alde Zaharreko Tornularien auzoan bizi izan zen Tadeo, egungo San Nikolas kalean. Lanbidez margolaria zen. 24 urte zituelarik, Pascuala Muñozekin ezkondu zen San Nikolas elizan; neska bat adoptatu zuten: Benita Onsalo.[2]
Tadeo Amorena ezaguna da Iruñeko erraldoien sortzailea izan zelako. Antza denez, biziki maite zituen hiriko jaiak eta ohiturak. 1860ko martxoan, Sanferminetan kalera ateratzen ziren erraldoiak egoera txarrean zeudela ikusirik, bere burua eskaini zion udalari irudi berri batzuk egiteko; lana musutruk eginen zuela adierazi zuen, eta materialak baino ez zituela kobratuko:[2]
« |
Izenpetzen duenak, maisu pintoreak, Iruñeko bizilagunak, jaun ohoragarri horri zor zaion errespetuarekin, azaltzen du orain dela zenbait denbora erabaki duela egitasmo bat aurkeztea erraldoi berri batzuk egiteko, egungoen neurri berekoak, ondorengo baldintzak betez: |
» |
—Iruñea, 1860ko martxoaren 31[oh 1] |
Udalak gogo onez hartu zuen eskaintza, eta bi erraldoi egiteko eskaera egin zion. Ekainerako amaitu zituen europar errege-erreginak, eta urte hartako sanferminetan irten ziren lehenbiziko aldiz Iruñeko karriketara. Emaitza zinegotzien gogokoa gertatu zenez, materialen faktura ordaintzeaz gain (2.600 beloi erreal), Tadeori 1.000 beloi errealeko saria ematea erabaki zuten. Geroago beste sei erraldoi eraikitzea agindu zioten, 6.000 beloi errealen truke. Era horretan osatu zen egungo erraldoi multzoa.[3]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.