From Wikipedia, the free encyclopedia
T linfozitoa edo T zelula linfozito mota bat da, zelulen bidezko erantzun immunitarioaren arduraduna. T linfozitoak Immunitate-sistemaren funtsezko elementuak dira, immunitate zelularrean ez ezik, antigorputzen bidezko immunitatean ere oso zeregin garrantzitsua burutzen dutelako.[1] Hezur-muinean sortzen dira eta timoan garatzen.[2] Beste linfozitoek ez bezala, TCR (T Cell Receptor) izeneko hartzailea dute mintz plasmatikoan.
T linfozito | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | immunitate-sistema |
Kokapena | odola sistema linfatikoa |
Identifikadoreak | |
Latinez | lymphocytus T |
MeSH | A15.145.229.637.555.567.569 eta A15.382.490.555.567.569 A11.118.637.555.567.569, A15.145.229.637.555.567.569 eta A15.382.490.555.567.569 |
TH | H2.00.04.1.02007 |
FMA | 62870 |
Terminologia anatomikoa |
Funtzioaren arabera, T linfozito mota desberdinak deskribatu dira:
T linfozitoen zelula progenitoreak hezur-muinean sortzen dira. Sortu ondoren heldugabeak dira, eta ezin dira B linfozitoetatik bereizi. Odolaren bidez timora joaten dira zelula aitzindari horiek, eta bertan heltzen. Timoan dagoen heldugabeko linfozitoari timozito deritzo. Iritsi berriko timozitoak CD4/CD8 negatibo bikoitzak dira baina, TCR hartzaileen geneen berrantolaketaren ondoren, positibo bikoitz bihurtzen dira. Ondoren, aukeraketa positiboa gertatzen da CD4+/CD8+ linfozitoen gainean: MHC I edo MHC II hartzaileei era egokian lotzen diren timozitoei biziraupen-kinada ematen zaie; MHC I molekulekin ongi elkarrekiten duten zelulak CD4-/CD8+ bilakatuko dira, eta MHC I molekulekin ongi elkarrekiten dutenak CD4+/CD8-.[10] MHC molekulei lotzen ez direnek, berriz, apoptosia pairatuko dute.[4]
Heltze-prozesuaren azken urratsa aukeraketa negatiboa da: MHC-berezko antigeno konplexuari gehiegizko afinitatearekin lotzen diren timozitoei apoptosi-kinada emanen zaie; gainerakoak CD8+ edo CD4+ T linfozito bilakatuko dira. Aukeraketa negatiboaren bitartez autotolerantzia lortzen da, alegia, norberaren antigenoekin ez elkarrekitea. Heltze-prozesu hau oso zorrotza da, eta hasierako timozitoetatik % 2k besterik ez du gainditzen.[4] Timoan heldu ondoren, T linfozito guztiak odolera eta linfara abiatzen dira, eta gongoil linfatikoetan metatzen.
Antigeno batekin topo egiten dutenean lortzen dute T linfozitoek erabateko heldutasuna, orduan aktibatzen baitira. Horretarako zelula antigeno-aurkezleen (APC) jarduna ezinbestekoa dute, hauek arduratzen baitira antigenoa T zelulei aurkezteaz. Aktibazioa desberdina izanen da T linfozito motaren arabera. Aktibazioa eraginkorra izan dadin, T linfozitoen eta APCen arteko bi elkarrekintza beharrezkoak dira.[4]
Mikrobio inbaditzaile bat organismoan sartzen bada, makrofagoek edo zelula dendritikoek fagozitatuko dute. Bai makrofagoak, bai zelula dendritikoak, antigeno-aurkezleak (APC) dira, eta fagozitatu duten egitura (patogenoa, molekula,..) prozesatuko dute; hots, egitura horren molekula zati esanguratsuena (antigenoa) bereiziko dute eta, MHC II motako hartzaile baten bidez, mintz plasmatikoren kanpoaldera aurkeztuko. CD4+ T linfozitoak dira era horretan aurkeztutako antigenoa antzematen dutenak, TCR hartzailearen bitartez.[11] Bigarren elkarrekintza bat ezinbestekoa da aktibazioa gerta dadin, APCen B7 molekularen eta CD4+ T linfozitoen CD28 hartzailearen artekoa zehazki. Aktibatua izan ondoren, Th linfozito horrek bere burua klonatzen du (hedapen klonala). Era horretan, antigeno horri espezifikoki aurre eginen dioten Th zelula asko sortzen dira.[4] Ugaltzeaz gain, Th linfozitoak desberdintzatu egiten dira Th1, Th2 eta Th17 azpimotetan. Azpimota bakoitzak erantzun immunitario desberdina eraginen du, zitokina espezifikoak ekoizten baititu.[12]
T linfozito zitotoxikoek, berriz, zelula barneko patogenoetatik babesten dute organismoa. Patogeno horiek (birusak eta bakteria eta parasito batzuk) zelula ostalariaren zitoplasman ugaltzen dira, antigorputzen erasoa jasan gabe. Tc linfozitoek infektatutako zelula hiltzen dute, patogenoak ugaldu eta zelulatik irten baino lehen. Infektatutako zelulak berak aurkezten dio patogenoaren antigenoa CD8+ T linfozitoari, MHC I hartzailearen bitartez; izan ere, organismoko nukleodun zelula guztiek dute MHC I hartzailea beren mintz plasmatikoan. CD8+ T linfozitoak TCR hartzailearen bitartez elkarrekiten du antigeno/MHC-I konplexuarekin.[13] Aktibazioa gertatzeko beharrezkoa den bigarren seinalea zelula antigeno-aurkezlearen B7-1 edo B7-2 molekularen eta CD8+ T linfozitoaren CD28 hartzailearen arteko elkartzeak ematen du, eta zitokina espezifikoen jariapenak aktibazioa bermatzen du.[14] Aktibatua izan ostean, Tc linfozitoak infektatutako zelula hilko du, perforina eta entzima proteolitikoak isuriz edota zelulen arteko kontaktu zuzenaren bitartez, aldameneko zelulak kaltetu gabe.[4][13]
Hiesaren birusak (GIBak) immunitate-sistema nabarmen ahultzen du, eta immunoeskasia larria eragiten du infektatutako gizabanakoetan. T linfozitoak (batez ere linfozito laguntzaileak, Th) suntsitzen ditu birus horrek, immunitate humoralean zein zelularrean funtsezko zeregina burutzen duten linfozitoak (gogoratu Th linfozitoak antigeno arrotzak identifikatzen eta erantzun immunea abiatzen lehenak direla). HIESa oso fase garatuan duten gaixoek T linfozito CD4+ gutxi dituzte.[15]
Immunitate-sistemak funtsezko zeregina burutzen du minbiziaren prebentzioan, NK zelulen eta T linfozitoen bidez, zelula hauek minbizidun zelulak ezagutu eta suntsitzen baitituzte. Tumore baten zelulek zelula normaletan agertzen ez diren azaleko antigenoak dituzte. Immunitate-sistemak antigeno horiek arrotzatzat hartzen ditu, eta antigeno horiek dituzten zelulei eraso egiten die. Erasotzeko erabiltzen dituen elementuak makrofagoak, NK zelulak eta T linfozitoak dira.[16] NK zelulak, bereziki, oso aktiboak dira zelula gaiztoak suntsitzen, T linfozito zitotoxikoekin batera.[17][18] Batzuetan zelula gaiztoen aurkako antigorputzak ere sortzen dira, konplementu sistema aktibatzen dutenak lisia eragiteko.[19][20]
Immunozaintzaren teoriak dioenez zelula gaiztoak eta tumoreak sarri sortzen dira gorputzean, baina immunitate-sistemaren elementuek zelula horiek deusestatzen dituzte tumorea sortu aurretik. Teoria horren aldeko argudio nagusia da pertsona immunogutxituek (HIESa dutenek, botika immunosupresoreak hartzen dituztenek, adineko jendeak -T linfozito gutxiago dutenek-...) minbizia errazago pairatzen dutela immunitate-sistema normala dutenek baino.[21][22]
Zahartu ahala, minbizia pairatzeko probabilitatea areagotu egiten da. Horren arrazoia honako hau izan liteke: timoa, T linfozitoak sortzeko ezinbestekoa den organoa, urteak bete ahala endekatu egiten da: umeengan lortzen du organo horrek bere tamainarik handiena, baina gero atrofiatzen da eta zahartzaroan oso txikia da. Horrenbestez, aro horretan T linfozitoen kopurua asko murrizten da eta immunozaintzaren eraginkortasuna (hots, tumoreak detektatzeko eta suntsitzeko ahalmena immunitate-sistemaren bidez) nabarmen jaisten da.[21]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.