From Wikipedia, the free encyclopedia
Rifeko gerra (gaztelaniaz: Guerra del Rif), Marokoko gerra edo Afrikako gerra ere deitua, Rifen jazotako borroka bat izan zen, non bertako tribuek eta Rifeko Errepublika independenteak Espainia eta Frantziako inperio kolonialei aurre egin zieten 1911tik 1927ra. Marokoko Espainiar Protektoratua sortu zenetik Abd el-Krim errenditu arte iraun zuen.
Rifeko gerra | |||
---|---|---|---|
Data | 1911 – 1927ko maiatzaren 27a | ||
Lekua | Rif | ||
Emaitza | Espainiar-frantziar garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Espainiako gobernuek kintak edo nahitaezko soldadutza baliatu zuten gerrillariei eta bertako herritarrei gailentzeko, hala Katalunian nola Hego Euskal Herrian (eta gutxiago beste lurralde batzuetan) protestak harrotu zituena, baita zentsura ere hedabideetan. Euskal eta katalan abertzaleak eta sozialistak zein komunistak agertu ziren gerraren edo/eta gerra politika zehatz horren kontra. Gerrako porrotek eta haren kontrako protesta giroak Miguel Primo de Riveraren estatu kolperako bidea zelaitu zuten.
Gerraren berezitasun handietako bat erabilitako krudelkeria txundigarria eta Rifeko herriaren kontrako espainiarren izu indiskriminatua izan zen, tartean zela Lehen Mundu Gerran asmaturiko arma kimikoak. Bertan borrokatu, zaildu eta sorgortu ziren 1936ko estatu kolpeko militar asko, hala nola Francisco Franco, Queipo de Llano eta Emilio Mola, besteak beste.
Agintari espainiarrek riftarrak zatikatzeko politika bat hartu zuen 1910ko hamarkadan, berez kabiletan zatikatuta zeudela baliatuz. Kabilak lurralde askeak ziren, Marokoko sultanarekin lotura nominal bat zutena. Bada, espainiar agintariek administrazio eta kultura kolonialera erakarri zituzten bertako eliteak, hainbat abantaila eta dirua eskainiz. Onuradun horietako batzuk ziren Abd el-Krim eta haren aita. Alta, espainiarren jokabide zakarrak eta harroak riftarrak uxatu zituen. 1920ko urtarrilean Espainiar Legioa sortu zen, gerra koloniala bortizkeria hutsean eta izuan oinarritu zuen kidego militarra.
Espainia lurraldeotan oldartu zenetik, bertako herritarren erresistentzia aurkitu zuen. Lehen Mundu Gerran, espainiarrek herritar riftarrak esklabo lan baldintzetan baliatu zituzten harrobietan frantsesentzat mea erauzteko. Riftarrak matxinatu egin ziren. Borrokaldi gogorraren ondoren, Abd el-Krimen gerrillak espainiar armadari irabaztea lortu zuen Annualen 1921eko uztailean, 13.000 soldadu hilez.[oh 1]
Espainiar armadaren porrot horren ondorioz, Rifeko Errepublika aldarrikatu zuten, lau urtez iraun zuena. 1923an, Horacio Etxebarrieta euskal negozio gizonaren bitartekaritzaz Abd el-Krimekin egindako hitzarmenean, Rifeko gerlariek soldadu espainiar ugari askatu zituzten. Hala ere, Espainiako armadak ez zuen etsi, eta gerrari berrekin zion Miguel Primo de Riveraren diktadurapean. Espainiako armadak gerra ekimen bereziki krudel eta izugarria eraman zuen lurralde horretako biztanle eta gerlarien kontra (moros).
Bertan parte hartu zuen Francisco Francok, baita tiro batez barrabil bat galdu ere. Gerra kimikoaz gain (ikus behean), kanpotar armada horrek torturak, mutilazioak (buruak moztea, adibidez) eta askotariko oinazeak eragin zituen, Pilar Eyre kazetari eta idazleak Francoren biografian kontatzen duenez.[1] Gainera, Uargako Guduaren ondoren (1925), frantsesek espainiarren alde esku hartu zuten gatazkan, Al-Hoceimako lehorreratzean gauzatu zutena. 1926rako, espainiar-frantses indarrek oinpean hartu zituzten Rifeko Errepublikaren indarrak, eta lurralde osoa azpiratu. 1927an, Abd el-Krimek men egin zuen, eta Espainiak berriz eskuratu zuen lurraldea.
I. Mundu Gerran Espainia eta Alemania lankidetzan ibili ziren armagintzan eta arma salerosketan eta, gerra kolonialean ere, lankidetza hori ez zen eten. Espainiako agintariak gas pozoitsua lortzen saiatu ziren, eta bi ofizialek Lüneburgeko gas pozoitsuko Breloh biltegiari bisita egin zioten Alemanian. Harreman on horien seinale, 1922an bi estatuek isilpeko itun bat sinatu zuten Madrildik gertu arma fabrika bat eraikitzeko, eta azala eta arnas sistema erretzen zuen gasa ekoizteko.[2] Bitartean, Espainiako Alfonso XIII.ak eta bere armadak ez zuten Rifetik alde egin, tematu baizik.
Ohiko moduan bertako askatasunaren aldeko mugimendua ezin garaituz, gerra kimikoa erabiltzeari ekin zioten, hura herritarren kontra baliatuz, neurrigabe eta bereizketarik gabe.[3][4] Hainbat iturriren arabera, espainiar armadak eguneko 1.680 bonba jaurti zituen, eta 127 bonbardaketa egin 1927 arte, iturri, ibai, azoka eta herrixketan, besteak beste.[oh 2] Rifeko herritarrek ez zuten defentsarik horren kontra, eta hamar milaka izan ziren larri zaurituak eraso kimikoen ondorioz, eta asko oinaze handien artean hil.[2]Arma kimiko horien osagaiak fosgenoa, difosgenoa, kloropicirna eta ziape gasa ziren, zauri eta ondorio latzak utziz ingurumenean zein herritarren artean, gaurdaino.[oh 3]
Gerra kimikoaren erabilerak arrakasta aurkitu zuen bilatzen zuen eraginerako. Izua zabaldu eta Rifeko erresistentzia ito zuten.[2] Lurraldea berriz geratu zen Espainiaren mende, bertako herritarrek garesti ordainduta. Gerra honek basakerian zaildu eta sorgortu zituen gerora Espainiako estatu kolpea (1936) prestatu zuten militarrak (africanistas).[5] Gerra kimikoaren berri laurogei urte geroago hasi zen azaleratzen. Espainiako estatuak, hala ere, ez du ardura politikorik onartu.[6]
2005ean, Joan Tarda ERCko ordezkariak arma kimikoen erabilera hori ikertzeko proposatu zuen Espainiako Kongresuan, eta riftarren oroimen historikoa eta ohorea berreskuratzea, ERC, EAJ eta IUren aldeko botoez, eta 33 kontra, PP, PSOE eta une horretako gainerakoena. Halaber, Marokoko gobernuak debekatu egin zuen Rifeko Gerlako Biktimen Babeserako Elkartea (2011ko informazioa).[6]
Arma kimikoen erabileraren ondorioei dagokienez, ikerketek diote bertako minbizi tasa altua ezohikoa dela, lurzoruan metaturik dirauten produktuen ondorioz.[7]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.