geologo eta meatze-ingeniari euskalduna From Wikipedia, the free encyclopedia
Ramon Adan de Iartza Torre Lekerika (Bilbo, 1848ko ekainaren 5a – Arrasate, 1917ko urtarrilaren 25a),[1] ikertzaile askoren iritziz, Euskal Herrian inoiz izan den geologorik garrantzitsuena da. Mundu mailan ere, XIX gizaldiko petrografo ospetsuenetakoa izan zen, eta espeleologia zientifikoaren aitzindarietako bat. Horren erakusgarri da, gaur egun ere, Euskal Herrian arlo horietan egiten diren ikerketa gehienak bere idazlanetan oinarritzen direla.[2]
Ramon Adan de Yarza | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1848ko ekainaren 5a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Arrasate, 1917ko urtarrilaren 25a (68 urte) |
Familia | |
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | geologoa, petrographer (en) , espeleologoa eta meatze-ingeniaria |
Kidetza | Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademia Royal Academy of Sciences and Arts of Barcelona (en) |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Karlistaldia |
Bere izen osoa Ramon Bonifacio Teodorico Adan de Yarza de la Torre Lequerica zen. Bilbon jaio zen, gaur egun Bidebarrietako liburutegiaren orubean zegoen jauregian,[2] baina jatorriz Lekeitioko leinu boteretsu batekoa zen (Zubieta jauregikoa). Natur Zientziekiko interesa, hain zuzen ere, familiatik zetorkion: etxean birraitonak egindako mineral bilduma zuten; aitak ekarri zuen Bizkaira Pinus insignis espeziea, gero anaiak hedatuko zuena...[3] Bilbon batxilergoa egin ostean, Ramonek 1866ean Madrileko Meatze Ingeniaritza Eskolan sartzeko frogak gainditu zituen.[2] Ikasketa horiek 1871ean amaitu zituen eta Bizkaian bertan hasi zen lanean. Baina lanpostua eskuratu eta gutxira II Karlistaldia hasi zen; liberalekin lerratua, besteak beste Bilboko setioan parte hartu zuen.[1]
Gerra ostean, meatze ingeniaritzari berrekin zion; eta lanbideaz aparte -amateur gisa, alegia- ikerketa geologikoan hasi zen. Bere lanen emaitzak Natur Historiako Espainiar Errege Elkartearen eta Espainiako Mapa Geologikoaren Komisioaren aldizkarietan argitaratzen hasi zen; eta 1873 urtean, azken Komisio honen zuzendariaren proposamenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datu bilketaz arduratu zen. Ikerketa horiek ordura arteko azterketa geologiko eta petrografiko guztiak –ikuspegi industrial hutsetik eginak- gainditu zituzten eta, zati handi batean, oraindik indarrean daude.[3]
XIX gizaldi amaieran, Adan de Yarza haitzuloen esplorazioan ere jardun zuela badakigu, batez ere Lea-Artibai inguruan;[4] hura izan zen, esate baterako, 1882an Atxurrako kobazulo aurkitu berrian lehen ikustaldi zientifikoa egin zuena, Jose Maria Solano Eulate koinatuarekin batera.[5] Hain zuzen ere, Adan de Yarza Bizkaiko espeleologia zientifikoaren aitzindaritzat hartzen da Perea y Zuricalday, Mazarredo eta Uhagon bezalako lagunekin batera.[6] Hala ere, urte asko pasatu beharko ziren talde txiki honek hasitako bideari inork segida eman arte; kontuan hartu dezagun, artean, haitzuloen esplorazioa (baita kirola ere, eta Natur Zientziak oro har) klase altuei mugatutako eremua baino ez zela. 1950 hamarkadatik aurrera etorriko zen klase ertainaren indartzea eta, horrekin batera, espeleologiaren loraldia.[7]
Ogibidea eta afizioa uztartuz, Ramon Adan de Yarzak arrakasta zientifikoa eskuratu zuen; erreferentziako geologoa zenez, arazoak zeudenean aditu gisa kontsultatzen zuten (Arabako Mentiron zundaketa,[8] Zestoako bainuetxeen urak[9]...) eta ospe horren eraginez, 1896ean Bizkaiko Meatze Injeniari Buru izendatu zuten; kargu horretan zela parte hartu zuen San Petersburgeko Zientzia Kongresuan.[3]
Bere ikerketa-eremu kutuna petrografia izan zen: arroka eruptiboen azterketan nabarmendu zen, Bizkaiko mapa petrografikoa egin zuen, Murtzian fortunita izeneko minerala deskubritu zuen... Arroken osagaiek lurzoruan zuten eragina aztertzen saiatu zen. Orduko agintariek arlo honetan interes handia baitzuten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz probintziaren nekazal-geologia aztertu zuen, eta honen ondorioz eskualde bakoitzerako egokienak ziren laboreak zehaztu zituen.[1]
Ramon Adan de Yarza, ikertzeaz gain, dibulgazioaz ere arduratu zen. Publiko orokorrari zuzendutako astikulu-sintesiak argitaratu zituen (Euskal-Erria Aldizkarian, adibidez[10]); hitzaldiak ematen aritu zen (Gipuzkoako Institutuan, elkarte femenino batean...).[3] Gaitasun honek, bistan denez, mundu akademikoaren harreta piztu zuen eta irakasletzako eskaintzak behin baino gehiagotan jaso zituen. Azkenean, 1905ean Geologia eta Meategien Katedra onartu zuen, Madrilen; baina 1910erako utzi behar izan zuen, Meatzaritzako Begirale Nagusi izendatu baitzuten,[2] eta Euskal Herrira itzuli zen.[1] Urte berean, Stockholmeko Nazioarteko Geologia Kongresuan parte hartu zuen; hilebete inguru luzatu ziren jardunaldiotan mundu osotik joandako 400 geologo bildu ziren, eta Espainiatik joandako bederatzietako bat Adan de Yarza izan zen.[11]
1915ean meatze injeniaritzatik ere erretiratu zen, eta ordutik aurrera Lekeition eta Arrasaten zituen lurren administrazioan aritu zen; eta horren barruan, bere arbasoen bideari jarraituz, basogintza eta nekazaritza prozedurak hobetzeko frogak eginaz.[1]
Ramon Adan de Yarza 1917an hil zen, Arrasateko etxean, 68 urterekin, alborengoak jota.[2]
Ramon Adan de Yarzaren lan nabarmenenak:[2]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.