Pertsona-izenordain
From Wikipedia, the free encyclopedia
Pertsona-izenordaina[1] pertsona gramatikalak azaltzen dituen izenordaina da. Euskaraz, arruntak (ni, hi, zu, etab.) edo indartuak (neu / nihaur / nerau; hi / hihaur / herori; etab.) dira.[2] Sintaktikoki, izenordaina beti izen-sintagma edo adjektibo-sintagma (pertsona-izenordain posesiboen kasuan) da. Sintagma determinatzailearen azterketa onartzen bada, pertsona-izenordainak sintagma horren nukleotzat har daitezke.
Euskaraz
Pertsona-izenordain zehaztuak
Izenordain zehaztuek erreferente zehatza dute, eta solasean parte hartzen duten pertsonak hartzen dituzte kontuan. Lehen pertsona singularra hizketan ari dena da. Bigarren pertsona singularra lehendabizikoaren solaskidea izan ohi da. Lehen pertsona plurala, berriz, hiztuna barnean duen pertsona-multzoa da. Bigarrena, berriz, solaskidea eta beste zenbait biltzen dituen multzoari dagokio. Horregatik deitzen zaie «zehaztuak». Bi multzotan banatzen dira pertsona-izenordain zehaztuak: a) arruntak eta b) indartuak:
Pertsona | Pertsona-izenordain arruntak | Pertsona-izenordain indartuak |
---|---|---|
Singularreko 1. pertsona | NI | NEU, NIHAUR, NERAU |
Singularreko 2. pertsona | HI | HEU, HIHAUR, HERORI |
Pluraleko 1. pertsona | GU | GEU, GUHAUR, GEROK |
Singularreko 2. pertsona | ZU | ZEU, ZUHAUR, ZERORI |
Pluraleko 2. pertsona | ZUEK | ZEUEK, ZUHAUEK, ZEROK |
Laukiari erreparatuz gero, berehala ikusten da 2. pertsona singularrekotzat bi izenordain eman direla: hi eta zu. Baina hori erdiegia da. Esanahiari begira, argi dago hala direla, baina ohartu behar da aditz-jokoan zu izenordainak, gu izenordainak bezala, plural-marka eskatzen duela:
- Gu ez gaitu ikusi
esaten den bezala, hau ere esaten da:
- Zu ez zaitu ikusi.
Eta, alderantziz,
- Ni ikusi nau.
(-it- gabe) eaten den bezala,
- Hi ikusi hau.
Horrek esan nahi du antzina, euskara zaharrean, zu izenordaina 2. pertsona pluralekoa zela. Hain zuzen, zu-k singularraren balioa hartu zuenean, euskarak pluralerako izenordain berri bat sortu behar izan zuen: zuek.
Izenordain indartuak
Izenordain indartuez bi ohar egin behar dira:
- Izenordain indartuen sailean forma bat baino gehiago ageri da, euskalkietan forma bat baino gehiago ageri baita.
- Erabilerari dagokionez, arauren bat eman behar eta, esan beharrekoa da forma indartuak galdegaiaren lekuan erabil daitezkeela.
Arruntak ere bai, jakina:
- NEU etorri nintzen lehena. ( = NI etorri nintzen lehena).
- GEURI esan zigun Pellok. ( = GURI esan zigun Pellok).
Hortaz aparte, mintzagaiaren lekuan ere ager daitezke, batez ere ere, behintzat eta horrelakoen lagun: Neuk ere esango nizuke zertxobait.
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.