From Wikipedia, the free encyclopedia
Ozeano Bareko zabor orbana —zabor uhartea, plastiko zopa, plastiko orbana eta zabor zurrunbiloa izenez ere ezaguna— Ozeano Barearen iparraldean (135-155 ºW, 35-42 ºN) dagoen zabor multzo erraldoia da. Ez da ozeanotako zabor multzo bakarra, baina bai handiena. Ozeano Barearen iparraldeko zurrunbilo ozeanikoak plastiko pelagikoak, zabor kimikoak eta beste hainbat hondakin partikula pilatu ditu, eta metro kubikoko 4 partikulako dentsitatera iritsi da.
Kutsadurari tamainaz jabetzeko azalerak konparatu daitezke. Iberiar penintsulak 582.000 kilometro koadroko lur azala du. Itsasoan noraezean dabilen hondakin multzoak 1,6 milioi kilometro koadro; zabor multzoa ia Espainia eta Portugalgo estatuak baino hiru aldiz handiagoa da[1].
Estatu Batuetako National Oceanic and Atmospheric Administration (Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionala) izan zen 1988an zabor multzo hau aurreikusi zuena. Alaskan 1985 eta 1988 artean ozeanotako uretan jasotako plastiko partikulen datuen estrapolazioz egin zuen aurreikuspena. Ondoren Japoniako itsasoan egindako ikerketek ere antzerako emaitzak eman zituzten.
1997an Charles J. Moore ozeanografoak Hawaii uharteetan belaontzien estropadan parte hartu ondoren Estatu Batuetara itzultzeko bidea itsas-korronteak erabili gabe zuzen egitea erabaki zuen eta plastiko partikulen kontzentrazio handia zegoen eremua zeharkatu zuen.
Beste ozeanotan gertatzen den bezala zurrunbilo ozeanikoen mugimendu zirkularrak uretan esekitako plastiko partikulak pilatu egiten dituzte mugimendurik ia ez duen erdialdean. Frogaturik ez badago ere, badirudi zabor guztiaren % 80 lehorretik datorrela, eta % 20 itsasoan bertan sortzen dela; Lurretik datorren zaborra kaietan sortzen da, ibaiek isurtzen dute edo ekaitzaren ondoriozko txikitzeak izaten dira; itsasoan sortzen dena arrantzale edo merkataritza itsasontzietatik edo itsasoko plataformetatik jaurtitzen da.
Partikula handiak badauden arren asko mikroskopikoak dira eta satelite argazkietan ikustea ezinezkoa da, ondorioz zaila da zabor orbanaren tamaina neurtzea. Azken estimazioen arabera 700.000 eta 15 milioi km² arteko hedadura izan dezakeela uste da.
Plastikoak degradatzeko denbora luzea behar du. Fotodegradazioa da biderik ohikoena, baina degradazio prozesuan partikula mikroskopikoak azaltzen dira eta zooplanktona delakoan animaliek irentsi eta ozeanotako sare trofikoetan sartzen dira.
Makroskopikoak diren plastiko partikulak arrain, hegazti eta dortoken digestio hodietan sartzen dira eta hil egiten dituzte.
Azkenik plastiko partikulek ozeanotako sustantzia kimiko toxikoak hartzeko joera dute, eta erabat pozoitsuak bihurtzen dira.
Azken datuen arabera, 267 espeziek jasan dituzte itsasoko plastikoaren eraginak.
Sargazoen itsasoan bizi diren bakterio batzuk plastikoa degradatzeko gai direla ikusi da baina albo ondorioak ez dira neurtu oraindik.
2008an Richard Sundance Owenek Environmental Cleanup Coalition (Ingurumena garbitzeko koalizioa) sortu zuen ozeanoak garbitzeko metodoak ikertu eta platikoak erretiratzeko. Hurrengo urteetan beste proiektu batzuk ere abiatu izan dira.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.