Ozar-izar
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Ozar-izarra, izar-euria edo meteoro-zaparrada kometen isatsek utzitako partikulak Lurraren atmosferarekin ukitzean sortzen den fenomenoa da.

Historia
Aro Garaikideko lehen ozar-izar esanguratsuak 1833ko azaroko Leonidak izan ziren. Hurbilketen arabera, ozar-izar honek ehun mila izar iheskor inguru agerrarazi zituen orduro,[1] baina ozar-izarra gutxitzen zihoala egin zen beste hurbilketa baten arabera, berrehun mila izar iheskorretik gora ekoitzi zituen gertaerak guztira, iraun zituen bederatzi ordutan.[2] Izar iheskorrak gehienbat Mendi Harritsuetatik ekialdera dagoen Ipar Ameriketako eskualdean ikusi ahal izan ziren. Denison Olmsted (1791-1859) amerikar zientzialariak hobeki azaldu zuen gertaera. 1833ko azken bi hilabeteak eman zituen gertaerari buruzko datuak biltzen, azkenik 1834ko urtarrilean American Journal of Science and Arts aldizkarian ondorioak argitaratu zituen arte.[3] Ozar-izarrak iraupen laburra izan zuela ebatzi zuen, Europan ez zelako ikusgai izan; izar iheskorrak Leo konstelaziotik zetozela baieztatu zuen eta horiek jatorria espazioko hauts-hodei batean zutela iritzi zuen.[4] Lehen gertakizun ikusgarri honek zientzialariak harrituta mantendu zituen hurrengo urteetan eta hainbat lan egin ziren ozar-izarrei buruzko informazio gehiago lortu nahian.[5]
Izar iheskor edo meteoroen izaera eztabaidagai zen oraindik XIX. mendean. Zenbait zientzialarik meteoroak fenomeno atmosferiko jakin batzuen ondorio zirela uste zuten (Alexander von Humboldt, Adolphe Qoetelet, Julius Schmidt), baina Giovanni Schiaparelli astronomo italiarrak meteoro eta kometen arteko erlazioa zehaztu zuenean uste horiek indarra galdu zuten. Erlazio horren frogak 1867an eman zituen aditzera, Notes upon the astronomical theory of the falling stars lanean. 1890eko hamarkadan, George Johnstone Stoney (1826–1911) astronomo irlandarra eta Arthur Matthew Weld Downing (1850–1917) astronomo britainiarra espazioko hautsak Lurraren orbitaren zein gunetan pilatzen ziren kalkulatzen saiatu ziren lehenak izan ziren. Hartarako 55P/Tempel-Tuttle kometak 1866ko iragatean utzitako hautsak aztertu zituzten, 1898 eta 1899ko Leonida ozar-izarrak jazo aurretik. Mende hartako azken urteetako ozar-izarrak jazo ondoren, azken kalkuluek adierazi zuten hauts gehiena Lurraren orbitatik barnealdera zegoela. Berlingo Konputazio Astronomikoko Errege Institutuko Adolf Berberich zientzialariak baietsi egin zituen aurreko bi zientzialariek ateratako ondorioak. Hurrengo urteetan ozar-izar aipagarririk ez egoteak ziurtatu egin zuen arestian aipatutako tesia, baina garaiko zientzialariek bazekiten ozar-izarrak behar bezala aurresateko konputazio-sistema askoz garatuagoak behar zirela.
1981ean Jet Propulsion Laboratoryko Donald K. Yeomans zientzialariak ozar-izarren historia berrikusi zuen eta arreta handia jarri zuen Leonidetan eta Tempel-Tuttle kometaren orbita dinamikoaren historian.[6] Berrikuspen horretatik grafiko bat atera zuen, zeinak Lurra eta Tempel-Tuttle kometaren posizio erlatiboak eta Lurra hauts dentsodun guneetatik igaro zen posizioak erakusten zituen.[7][8] Grafiko horretatik ondorioztatu zen meteoroideak normalean kometaren bidetik kanpo eta harengandik atzerago egon ohi direla.
Remove ads
Jatorria eta sorrera

Ozar-izarrak Lurra bezalako planeta baten eta kometan baten hondakinen arteko elkarrekintzaren ondorioz sortzen dira. Kometen hondakinak bi modu nagusitan sor daitezke: haien isatsak askatzen duen ur-lurrunezko arrastoen metaketaren bidez edo apurtzearen ondorioz. 1951an Fred Whipple hondakin horiek aztertzen ibili eta kometak Eguzkia orbitatzen duten "elur-bola zikinak" direla esan zuen, barnealdean arrokazko nukleoa dutenak eta gainazalean hautsez zikindutako izotza.[9] Kometaren izotza urezkoa edo metano, amoniako edo halako substantzia lurrunkorrezkoa izan daiteke. Arrokazko nukleoaren tamaina hauts-partikula batena edo harkaitz txiki batena izan daiteke. Nukleorik ohikoenak hauts-ale bat bezain txikiak dira; zenbat eta handiagoa izan, orduan eta ezohikoagoa izango da. Kometaren izotza berotu eta sublimatzean, askatuko den ur-lurrunak hauts- eta hondar-aleak edo harkaitz handiagoak eraman eta garraia ditzake, ozar-izarrak sortuz.
Hala, esan bezala, kometa bat Eguzkitik hurbil igarotzen den bakoitzean bere gainazaleko izotzaren zati bat lurrundu egiten da eta hortik meteoroide kopuru jakin bat ateratzen da. Meteoroideak kometaren orbita osoan zehar sortu eta hedatuko dira, era horretan, ozar-izarrak sortuz, zeinek sarritan "hauts-aztarna" izena ere jasotzen duten. Kometek aldiz, "gas-aztarna" izena jaso ohi dute, haietatik partikula oso txikiak hegan irteten direlako eguzki-erradiazioaren presioagatik.
Orain dela gutxi, Peter Jenniskens zientzialariak aditzera eman eta babestu zuen tesiak aldaketa ekarri zuen ozar-izarren jatorria ulertzeko modura. Haren tesiaren arabera, periodo motzeko ozar-izar ezagunenak ez dira kometa aktiboetan gertatzen den ur-lurrunaren herrestatzearen ondorio, kometa ia inaktibo baten ezohiko apurtzearen ondorio dira. Ezohiko apurtze hori kometa batek antzeko tamainako gorputz baten aurka talka egiten duenean jazotzen da. Mota honetako ozar-izarrak ezagunak dira, adibidez, Kuadrantidak eta Geminidak, zeinak hurrenez hurren 2003 EH1 eta 3200 Phaethon asteroideen antza zuten gorputzen hausturatik sortu ziren duela bostehun eta mila urte. Talka horiek sortzen dituzten hondakinak, hauts- eta hondar-ale edo harrixken tamainakoak, oso azkar hedatzen dira kometa zenaren edo kaltetutako kometaren orbitan zehar, hala, ozar-izar trinkoak sortuz, zeinak Lurra bezalako gorputz batera eror daitezkeen ingurune horretatik igarotzen bada.
Remove ads
IMOren Ozar-izarren zerrenda
IMO edo International Meteor Organizationek sortutako zerrenda.
Egun-argitan gertatzen diren ozar-izarren zerrenda
Irrati uhinen bidez behatutako ozar-izarren zerrenda. Batzuetan, egunsentian, ozar-izar hauetako meteoro batzuk ikusi daitezke.
Ohartxoak:
- α, δ: Erradiantearen kokapenaren koordenatuak. α igoera zuzena da, δ, berriz, deklinazioa. Kontutan hartu behar da, egunero erradiantea mugitzen da, Lurrak Eguzkiarekiko orbitatzen duelako.
- r: Populazio indizea.
- Eguzki: Eguzki-longitudea, Lurra bere orbitarekiko duen posizioaren neurketa zehatza, egutegien zehaztasun ezak saihestuz. Eguzki guztiak, J2000.0 ekinoziorako emanda daude.
- Abiadura: Meteoroek, atmosferan sartzen direnean daukaten abiadura (km/s)tan adierazita. Abiadura hauek 11 km/s (oso motelak) eta 72 km/s (arinak) artean egon ohi dira. Gutxi gorabehera, 40 km/s, batezbesteko abiadura da.
- OMK: Orduko Meteoro Kopurua, irudizko behatzaile batek, ordu batean ikus lezakeen meteoro kopurua zeruaren baldintzarik egokienetan eta erradiantea zuzenean bere buruaren gainean izanik. Ozar-izarren aktibitatea ordu bat baino gutxiago irauten badu, OMK baliokidea (OMKB) erabili beharko da.
Remove ads
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads