From Wikipedia, the free encyclopedia
Opioideen epidemia edo opioideen krisia drogen mendeko pertsonen gorakada handia da, Ameriketako Estatu Batuetan XXI. mendean gertatzen ari dena, analgesiko opioideen behar ez bezalako erabileraren ondorioz.[1] Opioideen kontsumoarekin erlazionatutako droga mendekoen eta hildakoen emendio handia adierazteko krisi eta epidemia hitzak orokortu dira, egoeraren larriarengatik.[2]
Opioideen epidemia Ameriketako Estatu Batuetan | |
---|---|
Mota | Osasun krisialdi |
Honen parte da | Opioideen epidemia |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Richard Stephen Sackler (en) | |
CDC Estatu Batuetako gaixotasunen kontrol zentroaren arabera, 1999-2022 bitartean 1.147.004 pertsona hil ziren herrialdean droga-gaindosiagatik, eta horietatik 726.739 kasutan opioide batek eragin zuen gaindosia.[3] Gehienetan, errezeta bidez jasotako analgesikoek sortu zuten mendekotasuna; hau da, osagileek agindutako merkatuko botika legalek.[4] 2020ko hamarkadatik aitzina, ekoizteko merkea eta oso indartsua den fentanilo opioide sintetikoak gero eta paper handiagoa izan du epidemian, beste substantzia garestiago batzuk ordezkatu baititu, hala nola heroina.[5]
Opioideen epidemiaren jatorrian Oxycontin analgesikoaren erabilera dago. Sackler familiaren Purdue Pharma enpresak 1996an merkaturatu zuen opioide pilula indartsu hori. Farmazeutikak marketin kanpaina izugarria abiarazi zuen, medikuek opioideak errezetatzeko zituzten erresistentziak gainditzea helburu zuena. Kanpainaren argumentu nagusia zen mendekotasun-ahalmen txikia zuela, nahiz eta enpresaren buruak lehen unetik jakitun ziren Oxycontin oso adiktiboa zela.[6][4]
Izan ere, botika horren osagai nagusia, oxikodona, 1916tik ezaguna izan arren,[7] oso egoera jakinetan besterik ez zen ematen, gaixo larriei eta hilzorian zeudenei batez ere. Purduek eta beste farmazia-konpainia batzuek, ordea, lobbyak eta marketing oldarkorra erabili zituzten opioideak Estatu Batuetan oso modu zabalean agindu zitezen, mina (belauneko mina edo bizkarreko mina adibidez) jasaten zuen edonori.[4][8]
2006tik 2012ra, 76.000 milioi opioide dosi baino gehiago helarazi zuten AEBetako merkatura farmazia-enpresek, 360 milioi transakziotan negoziatu zirenak. Ekoizlerik handienak SpecGx Mallinckrodt Pharmaceuticals-en filiala (%38ko merkatu-kuota), Actavis Pharma, Par Pharmaceutical (Endo International-en filiala) eta Purdue Pharma (%3,2ko merkatu-kuota) izan ziren. Salmenta zuzenei dagokienez, sei enpresek partekatu zuten AEBetako xehekako merkatuaren hiru laurden: McKesson, Walgreens, Cardinal Health, AmerisourceBergen, CVS Health eta Walmartek.
Opioideek eragin handia dute garunaren kimikan eta azkar ekar dezakete mendekotasuna. Heriotza ugari izaten dira gaindosien ondorioz, arnas depresioa eragiten dutelako.[9] Oxycontinekin eta antzeko opioideekin tratatutakoen proportzio esanguratsu batek adikzioa garatu zuen, eta asko legez kanpoko opioideetara aldatu ziren. AEBetan drogekin lotutako heriotzen kopuruaren gorakada hain izan zen nabarmena non batez besteko bizi-itxaropena apaldu zen 2015etik aurrera, Lehen Mundu Gerratik lehenbiziko aldiz detektatu den datu demografikoa.[10]
2010eko hamarkadaren hasiera arte, oxikodona,[oh 1] tramadola eta hidrokodona [oh 2] ziren opioideen epidemiari lotutako botika nagusiak. Baina, 2012 aldean, adikzioa zuen pertsona kopuru handia zegoelarik, opioide-salmentaren erregulazioa aldatu zen Estatu Batuetan, eta milioika lagun pilulak erosteko aukera gabe geratu zen.[4] Horiek merkatu beltzean eskuragarri zeuden alternatibetara jo zuten: heroina (diazetilmorfina) eta fentaniloa. Ondorioz, kontsumitzaileentzako arriskuak areagotu ziren, eta opiazeoen gaindosiz hildakoen kopurua are gehiago emendatu zen: 23.166 2012an, agindutako opiazeoen krisiaren erpinean, eta 81.806 2022an.[3]
Drogaren kartelek fentaniloaren alde egin zuten apustu. Izan ere, heroina baino askoz merkeagoa da, eta erraz ekoiz daiteke Mexikoko eta Estatu Batuetako laborategi klandestinoetan, osagaiak interneten bidez Txinan edo Indian erosita.[5] Hori dela eta, 2016tik aurrera fentaniloak eragin zituen gaindosien ondoriozko heriotza gehienak.[3] Opioideen krisiak halako proportzioak hartu zituen non Donald Trump presidenteak osasun larrialdia adierazi zuen 2017ko urrian.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.