gimnasta artistikoa errumaniarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Nadia Elena Comăneci (/ˈnadi.a koməˈnet͡ʃʲ/ ahoskatua; Onesti, Errumania, 1961eko azaroaren 12a -) errumaniar gimnasta ohia da. 1976ko Joko Olinpikoetan, 14urte zituela, gimnasia artistikoko barretako proba batean 10eko puntuazioa (akatsgabea) lortu zuen lehen kirolaria bihurtu zen. Markagailuak arazoak izan zituen 10.00eko puntuaziorako behar ziren lau digituak erakusteko, ordurarte hori posible zenik uste ez baitzen. Comăneciren estiloa berritzailea bezain bikaina izan zen teknikoki. Bere ariketen zailtasun maila, teknikak eta exekuzio perfektua gimnastika artistikoaren historian mugarri izan ziren. Bere ibilbidean 24 domina lortu zituen (horietatik 16 urrezkoak), Olinpiar Jokoetan, Munduko Txapelketetan eta Europako Txapelketetan. Ia 22 urterekin erretiratu zen. Une horretatik aurrera, errekonozimendu ugari jaso ditu. Bi aldiz Ordena Olinpikoa, XX. mendeko 100 emakume eraginkorrenetako bat izendatu zuten eta, 1993tik aurrera Gimnastikaren Ospe Aretoko kide da. [1][2][3][4]
Onestin jaioa, Bukarestetik 250 kilometrora, 6 urterekin hasi zen gimnasia egiten, Flacara izeneko elkarte batean. Martha eta Belá Karolyí entrenatzaileek egin zuten famatu. 1975ean Skien, Norvegian, Europako lehiaketa irabazi zuen, 13 urterekin.[5]
Hamalau urte zituela, 1976ko Montrealgo Olinpiar Jokoetako izarra izan zen, gimnasian lor daitekeen markarik onena lortu baitzuen: hamarrekoa.[6] Aurretik ere, lurreko saio batean emaitza hura jaso zuen, baina ariketa hori ez zen famatua egin.[7] Bost domina lortu zituen joko haietan: urrezko hiru eta zilarrezko zein brontzezko bana. Lau urte geroago, Moskuko Olinpiar Jokoetan, beste lau domina eskuratu zituen, urrezko eta zilarrezko bina.[8]
Nadia Comăneciren garaipenak Joko Olinpikoak gainditu zituen. Errumaniara itzulitakoan, Bukaresten jendetza zuen zain. Txalo zaparrada batekin agurtu zuten hegazkineko eskaileretan agertu orduko. Poliziek aireportuko ateak itxi behar izan zituzten segurtasunagatik, jendea gimnastarenganaino iristen saiatzen zelako. [9]
Ez dut inoiz galtzean pentsatzen. Nire anbizioa beti irabaztea da. Eta, orain arte dena ongi ateratzen zaidanez, ez zait inoiz pasatu burutik porrota deritzon hori. Beste kide batzuek irabazten badidate, ondo da. Beste batean irabaziko diet neuk. (Nadia Comăneci, 14 urte) [9]
Ceaucescuk propagandarako ikur gisa erabili nahi izan zuen. Hurrengo urteetan, zaingo estua ezarri zien hari eta haren hurbilekoei. Gauzak horrela, 1985ean, Ceaucescuren erregimenak baimena ukatu zion Comăneciri –artean kirol enbaxadore gisa ari zen– atzerrira bidaiatzeko, beste herrialde komunistetara izan ezik. Presioak gainezka eginda, 28 urte zituela, 1989an, Errumaniatik ihes egin zuen Hungariako mugatik. [10] Handik urtebetera, Ceaucescu eta bere emaztea hil zituztenean, Comăneci jadanik AEBetan zen.[6] Bertako naziotasuna eskuratu zuen 2001ean. Liburu autobiografiko bat idatzi zuen 2004an, Letters to a Young Gymnast.
Ezgaitasuna dutenen kirola sustatzeaz gain, hainbat ekimeni dirua eman die: besteak beste, Laureaus Fundazioaren sortzaileetako bat da.[5]
Simon Bilesen alde agertu zen, gimnasta horrek Larry Nassar entrenatzailearengandik jasotako sexu bortizkeria salatu zuenean. Izan ere, Comănecik Ceaucescu presidentearen seme Nicuk bortxatu zuela adierazi zuen. Horrez gain, hark eta beste gimnasta batzuek tratu txarrak jaso zituzten beren entrenatzailearen partez: jana eta edana murrizten zieten (batzuek bulimia garatu zuten), jo egiten zituzten, umildu... Entrenatzaileok AEBetara ihes egin zutenean, jokaera bera agertu zuten eta Larry Nassarrek haiekin lan egin zuen.[11]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.