Ekoiztetxea From Wikipedia, the free encyclopedia
Moriarti produkzioak Euskal Herriko ekoiztetxe bat da, 2001ean sortua. Film laburrak, dokumentalak eta film luzeak ekoitzi ditu batez ere. Ekoiztetxearen egoitza Pasaian dago.
Moriarti Produkzioak | |
---|---|
Handia filmaren aurkezpenean. Moriarti taldea Eneko Sagardoy aktorearekin. | |
Sektorea | Ikus-entzunezkoa |
Sorrera | 2001 |
Egoitza | Pasaia |
Webgunea | http://www.moriarti.com |
Azken urteetan arrakasta handiko film batzuk estreinatu ditu, besteak beste, Loreak, Handia eta La trinchera infinita, izatez hirurak lehiatu baitziren Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean eta han-hemenka sari eta nominazio ugari jaso baitzituzten.
Moriartiri bi hasiera eman ahal zaizkio; alde batetik talde moduan eta bestalde, produkzio etxe bezala.
Talde moduan 2000. urtean jaio zen, Aitor Arregi, Xabier Berzosa, Jon Garaño, Jorge Gil eta Jose Mari Goenagak Sarobe Arte Eszenikoen Guneko zinema eskolan ikasketak bukatu ostean. Donostiako Larrotxene kultur etxearen laguntzarekin, hainbat film labur amateur egiten hasi ziren orduan.[1]
Urtebete beranduago, 2001. urtean, Moriarti Produkzioak produkzio etxea sortu zuten Aitor Arregi, Asier Acha, Xabier Berzosa, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak. Etapa honetako beraien lehen film laburra Tercero B film arrakastatsua izan zen.
Hasierako urteetan, Euskal Herriko beste produktora batzuei edukiak, gidoiak edota telebista programa ezberdinetarako ideiak eskaini zizkieten. Irusoin, Orio, Baleuko, Morgan Creativos edo Euskalcom produkzio etxeentzat, besteak beste, egin zuten lan. Irusoinekin duten erlazioa haratago doa, euren film luze gehienak elkarrekin ekoiztu dituztelako.
Hainbat film labur, dokumental eta film luze egin dituzte. Moriartiren film esanguratsu batzuk aipatzearren, Arregik eta Goenagak zuzendu zuten Lucio (2007); Garañok eta Goenagak zuzendutako 80 egunean (2010) eta Loreak (2014); Arregik eta Garañoren Handia (2017) eta Arregi, Garaño eta Goenagaren La trinchera infinita (2019). Moriartiren filmeek nazioarteko zinemaldi ugarietan parte hartu izan dute eta 450 sari baino gehiago lortu dituzte.
Lan egiteko moduaren inguruan aipatzeko da produkzio-etxeetan ez-ohikoa den eredu kolaboratiboa hartu dutela beren gain, eta hala, filmak kide guztien artean egin ohi dituzte. Filma batetik bestera taldekide bakoitzaren rolak txandakatuz, zuzendari, gidoigile edo ekoizle gisa.[2]
Lucio Urtubia nafarrak anarkismoari eskaini dio bizitza osoa. Che Guevararekin egin du lan, 3.000 milioi pezetako iruzurra egin dio Citibanki, bahiketa entzutetsuetan hartu du parte... eta hori guztia igeltsero lanetik egun bakar batean ere huts egin gabe.
Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zen 2007. urtean. Hainbat sari jaso zituen eta 2008. urteko Goya sarietan dokumental onenaren saria jasotzeko hautagai izan zen.[3]
Axun, 70 urteko emakumea, alabaren senar ohia zaintzera joango da ospitalera. Bere ezusterako, ondoko gaixoa zaintzen duen emakumea Maite da, nerabezaroko lagun mina, 50 urte luzetan ikusi ez duena. Gaztetan zuten kimika oraindik bizirik dagoela sumatuko dute berehala. Axolagabe gozatu eta dibertitzen dira elkarrekin, Axun, Maite lesbiana dela jabetzen den arte. Bere sentimenduak dudan jarriko ditu Axunek: zer jarraitu, burua edo bihotza?[4]
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zen. Nazioarteko estreinaldia berriz, Karlovy Varyko zinemaldian izan zen eta ordutik munduan zehar ehundik gora zinema-jaialditan hartu du parte eta hogeita hamar sari jaso ditu.
Aneren bizimodua goitik behera aldatuko da, astero-astero, etxean lore-sorta bat jasotzen hasten denean. Beti ordu berean. Beti modu anonimoan. Lore misteriotsu batzuek aldatu egingo dituzte Lourdesen eta Tereren bizimoduak ere. Ezezagun batek lore-sorta bat utziko du astero, eurentzat hain garrantzitsua izandako norbaiten oroimenean.
Hiru emakumeren istorioa da hau; lore-sorta xume batzuek goitik behera aldatuko dituzten hiru bizimodu. Lore horiek ahaztutzat zituzten sentimenduak azaleratuko dituzte… Baina, azken batean, loreak baino ez dira.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldia estreinatuko zen, sail ofizialean lehiaketan. Goya sarietarako izendatua eta Oscar sarietarako aurre-hautagaia ere izan zen. Nazioarteko hainbat jaialdietan lehiatu zen eta 25 sari jaso zituen.[5]
Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia gazte Joakin ohikoa baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat.
Handia euskaraz eginiko filmik garestiena eta ikusiena da. 10 Goya sari irabazi zituen eta Donstiako zinemaldian Euskal zinemaren Irizar saria eta epaimahairen sari berezia jaso zituen.[6]
Higinio eta Rosa ezkonberriak dira Gerra Zibilak eztanda egiten duenean. Gizona arrisku larrian dago eta emazteak lagunduta, Higiniok etxean zulo bat egin eta denbora batez bertan ezkutatzea erabakiko du. Errepresaliak jasotzeko beldurrak eta elkarrenganako maitasunak 30 urtetik gora iraungo duen itxialdira kondenatuko dute bikotea.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldian zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren saria, Euskal zinemaren Irizar saria, Nazioarteko kritikaren FIPRESCI saria eta Feroz sariak irabazi zituen, beste sari batzuen artean. Espainiako produktoreek ematen duten Forque saria jaso zuen eta baita bi Goya ere.[7]
Ekoiztetxeak lan handia egin du film laburren esparruan eta lan sorta handia du bere katalogoan
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.