From Wikipedia, the free encyclopedia
Mikel Goikoetxea Elorriaga "Txapela" (Derio, Bizkaia, 1956ko uztailaren 3a - Donibane Lohitzune, Lapurdi, 1984ko urtarrilaren 1a). ETAko kidea izan zen. Jon Ugutz Goikoetxearen anaia. GALeko tiratzaile batek bala batez zauritu zuen fusil teleskopikoaz Donibane Lohitzunen 1983ko abenduaren 28an. Zaurien ondorioz, 1984ko urtarrilaren 1ean hil zen, Bordeleko ospitalean.
Mikel Goikoetxea | |
---|---|
Mikel Goikoetxea, Txapela, bere bikotekidearekin. | |
Bizitza | |
Jaiotza | Derio, 1956ko uztailaren 3a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Donibane Lohizune, 1984ko urtarrilaren 1a (27 urte) |
Familia | |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Kidetza | Euskadi Ta Askatasuna |
Derion jaioa, familia abertzale batean. Aita Espainiako gerra zibilan gudaria izan zen. Lau seme-alabetatik gazteena, gazte-gaztetatik herri mugimenduan parte hartzen hasi zen: Zutik dantza taldea sortu zuen, Auzo elkartean ibili zen...
Familian atxiloketak eta errepresioa zuzenean bizi izan zuten. Jon Ugutz anaia nagusia 1972an hil zuen Guardia Zibilak, muga pasatzen ari zela. Handik gutxira arreba batek Iparraldera alde egin behar izan zuen. Azkenean, 1975ean, atxiloketa eta mehatxu etengabeen aurrean, familiako gainerako guztiek ere Iparraldera jo zuten.
Iparraldean ETAko kide egin zen. Aljerian izan zen ETAko hainbat kideen artean prestakuntza militarra jasotzen.
1979ko hasieran atxilotu eta Valensolera konfinatu zuten beste iheslari batzuekin batera. Konfinamendua amaitzean Frantziako poliziak Mikel Goikoetxea eta Martin Apaolaza atxilotu zituen Baionan eta Marsellako Baumettes espetxera eraman zituzten, Espainiak egindako estradizio eskaera bati aurre egiteko.
Marsellako espetxera sartu eta hiru hilabetez eduki zuten bertan, Aix-en-Provencen burutu ziren bi estradizio eskaera epaiketa iraun zuten bitartean. Gose grebak egin zituzten egoera hori salatzeko, mobilizazio ugari eman ziren Euskal Herrian.
Robert Badinter Frantziako abokatu famatuenetakoak hartu zuen parte defentsa taldean. Badinter 1981ean Mitterranden gobernuan Frantziako Justiziako Ministroa izango zen. Defentsa Euskal Herriaren nazio izaeraren onarpenen eta akusazioaren izaera politikoan oinarritu zuen. Azkenean tribunalak estradizio eskaera bertan behera utzi eta libre utzi zituen "arazo politikoetan oinarritutako kasuak" zirela ebatzita.
1981eko abuztuan errepide kontrol batean atxilotu zuten Frantziako poliziek. Baionako polizia etxera eraman ondoren paperak behar bezala zeukala ikusirik muga aldeko bederatzi departamenduetan bizitzea debekatu zioten.[1]
Iparraldean AEKko irakasle ibili zen, euskarazko eskolak ematen. Familia Lapurdira jo aurretik Izaskun Ugarteren bikotekide bihurtu zen eta alaba bi izan zituzten; Hodei eta Haize.
ETAko kide ezaguna izanik ekintza ugaritan parte hartu izana leporatu zioten. Besteen artean, 1981eko ekainaren 16n Zarautzen etxe batean inguratuta zeudela, ihes egiteko izandako tiroketan emakumezko polizia bat hil izana, eta horren mendekuz harrapatu eta hil egingo zutela adierazi zuten behin eta berriro Espainiako polizia buruek komunikabideetan.
1983ko abenduaren 28an Donibane Lohitzunen zortziak aldera autoz iritsi ziren etxera Txapela, Izaskun eta alaba bat. Autotik jaisterakoan isilgailu eta mira teleskopikoko errifle batez egindako tiroak jo zion lepo inguruan. Bordeleko ospitalean hil zen urtarrilaren 1ean.
1983ko abenduaren 28an, Txapela tirokatu eta hiru ordutara, GALek bere gainean hartu zuen ekintza hori. Michel Dominguez poliziak aitortu zuen berak idatzi zuela GALek Txapelaren hilketa bere gain hartzeko telefonoz zabaldu zuen agiria Miguel Planchuelo eta Francisco Alvarez polizia buruen aginduz.[2]
GALi buruzko ikerketen artean, Txapelaren hilketaz Garzon epaileak deklarazioa hartu eta libre utzi zituen Espainiako Estatuaren Segurtasunaren Zuzendari Nagusi Julian Sancristobal, Terrorismoaren Aurkako Borrokaren Buruzagitza Batuaren (MULA) buru Francisco Alvarez, Bilboko polizia buru Miguel Planchuelo eta Jose Amedo eta Míchel Domínguez poliziak. Guztiek esan zuten ez zutela Mikel Goikoetxearen hilketan parterik hartu.[3]
Marsellako gaizkile Michel Morganti, Alain Lambert, Alain Domenge eta Roger Roussey atxilotu zituztenean Txapela hiltzeko erabilitako erriflea aurkitu zieten, isilgailu eta mira teleskopikoko 22 LR Gevarm errifle bat.[4] Georges Mendaillek eman ziela deklaratu zuten.[5] GALeko hainbat ekintzetan parte hartzea leporatu zieten. Frantziako eta Espainiako gobernuak inplikatuta zeudela esan zuten.[6]
Jose Maria Velazquez Soriano “Txema” Guardia Zibilaren Intxaurrondo kuarteleko Informazio Zerbitzuko kideak deklaratu zuen Txapelaren aurkako ekintza Intxaurrondoko guardia zibilek burutu zutela.[7]
GALeko beste ekintzaile bat Mohand Talbi ere inplikatu zuten Txapelan hilketan. Talbik zerbitzu sekretuentzat lana egiten zuela deklaratu eta GALeko arduradunak Espainiako eta Frantziako poliziak zirela esan zuen. Miarritzeko polizia etxean erregistratutako dokumentu bat aurkeztu zuen epaitegian. Horren arabera Frantziako poliziari jakinarazi zion Donibane Lohitzuneko Cité d'U Lac kaleko 12an ekintza bat egin behar zutela. Mikel Goikoetxea hortxe bertan hil zuten.[8]
Beste aldetik, Izaskun Ugartek adierazi zuen Txapelak segurtasun neurri zorrotzak hartzen zituela eta bere helbidea Lasa eta Zabalak bakarrik ezagutzen zutela, poliziak horien bidez jakin zutela iradokiz.[9]
Txapelak aurretik erabaki zuen hilez gero gorpua erraustu eta Bidasoak itsasoarekin bat egiten duen lekuan zabaltzea. Horrela egin zen, Hondarribian eta Hendaian zegoen jendearen artean, txalupa batetik zabaldu ziren bere errautsak itsasoan.
Bera izan zen gorpua errausteko erabaki zuen lehen ETAko kidea. Erabaki horrek jende asko inarrosi zuen. Hortik aurrera hildako ETA kide askok jarraitu zuen bere bidea.[10]
Josu Muguruza bere lagun eta AEKko lankideak honela definitu zuen Txapela: "Bizitzeko moduari begiratuez gero, iraultzailea zen goitik behera. Horren adibide garbiak ziren alabekin eta lagunekin zituen harremanak. Bestalde, antolaketa aldetik, lider handia zen. Bazuen jendea erakartzen zuen zerbait. Bileretan erreferentzia gune bilakatzen zen: oso ausarta zen ekintzetan, oso hotza arrazoitzeko garaian. Peixotok euskal harri baten gisan definitu zuen bere omenaldian, eta ni erabat konforme nago definizio horrekin".[11]
2009an Josu Martinezek Itsasoaren alaba film dokumentala[12] egin zuen Txapelaren bizitzaren inguruan, Haize alabaren ikuspegiaren haritik.[13]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.