Matematikaria eta zientzia dibulgatzailea From Wikipedia, the free encyclopedia
Marta Macho Stadler (Bilbo, 1962ko irailaren 9a) matematikaria eta zientzia dibulgatzailea da. Geometria eta Topologia irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Foliazioen Teoria Geometrikoan eta Geometria ez abeldarrean aditua da. Kultura Zientifikoko Katedrako Mujeres con Ciencia espazio digitalaren editore ere bada, eta lan honengatik sari batzuk jaso ditu, artean 2016ko Berdintasunerako Emakunde Saria.
Marta Macho Stadler | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Marta Macho Stadler |
Jaiotza | Bilbo, 1962ko irailaren 9a (62 urte) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea lizentzia Claude Bernard-Lyon I Unibertsitatea doktoretza |
Tesi zuzendaria | Gilbert Hector |
Doktorego ikaslea(k) | José Ignacio Royo Prieto Pablo González Sequeiros Álvaro Lozano Rojo |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | matematikaria eta unibertsitateko irakaslea |
Enplegatzailea(k) | Euskal Herriko Unibertsitatea (1985 - |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Emakume Ikertzaile eta Teknologoen Elkartea Q106817516 |
Matematikan lizentziatu zen 1985. urtean Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikasketok amaitu orduko irakasle kolaboratzaile bezala kontratatu zuen Matematika Sailak. 1987. urtean Gilbert Hector doktorearekin lanean hasi zen Lyongo Claude Bernard unibertsitatean. Unibertsitate horretan egin zuen tesia, 'Isomorphisme de Thom pour les feuilletages presque sans holonomie' (‘Thomen isomorfismoa ia holonomia gabeko foliazioentzat’), 1996. urtean doktore titulua lortuz. Egun Geometria eta Topologia Irakasle Agregatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere ikerketa gaien artean, Foliazioen Teoria Geometrikoa da aipatzekoa.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean Matematika Graduko Topologia eta Topologia Sakontze (hirugarren eta laugarren mailak) ikasgaietan irakasle da. Horretaz gain, unibertsitate berean Modelizazioa eta Ikerkuntza Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa Unibertsitate Masterrean Topologia Aljebraikoa irakasgaian ere bada irakasle. EHUko Bizkaiko Esperientzia Geletan Matematika eguneroko bizitzan: gizartea eta kultura hautazko ikasgaia ere irakasten du. 2007tik ECSING ikertaldean dihardu geometriaz eta topologiaz.[1]
1999 urtean hasi zen zientzia-dibulgazioan lanean. Bere lehenengo lana 'Ibilaldi bat geometrian' konferentzia zikloaren antolaketan parte hartzea izan zen, eta hamar ikasturtez burutu zuen lan hau.[2] Zientzia-dibulgazioan egindakoen artean aipatzekoa da emakumeak zientzian burututako lanen zabalkuntza. Espainiar Matematika Elkarteko (Real Sociedad Matemática Española, RSME) Emakumeen Batzordeko kide izandakoa da eta zientzia gizarteratzeko lanean dihardu.
Zientzia-dibulgazioaren barruan, matematikak literaturan duen presentzia aztertzen egiten du lan.[3] Hori dela eta, testuen eduki zientifiko eta egitura matematikoa aztertu izan ditu eleberri, komiki, poesia eta antzezlanetan. RSMEren DivulgaMAT portalaren 'Literatura eta Matematika' eta 'Antzerkia eta Matematika' atalen arduraduna da.[4] Ikasle eta orokorrean jendarteari zientzia helarazteko ekintza desberdinetan hartzen du parte kultur zentru eta ikastetxe zenbaitetan, eta blog batzuetan parte hartzen du, hala nola: ZTFNews.org (Zientzia eta Teknologia Fakultatea, EHU) eta Cuaderno de Cultura Científica (Kultura Zientifikoko Katedra, EHU). Urtero Bilboko Bidebarrieta liburutegian antolatzen den ‘Emakumeek zientzia egiten dute/ Ellas hacen ciencia’ zikloa koordinatzen du.
2010az geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Berdintasun Batzordeko kide da, eta 2015az geroztik Garapenerako Lankidetza Kontseiluko kide ere bai. 2011 urteaz geroztik AMITeko kide da.[5]
2014ko martxoaren 8an sortu zenetik, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren 'Mujeres con ciencia' espazio digitalaren editore eta bultzatzailea da, emakumeek zientzian egindako ekarpenak zabaltzen dituena, bai aitzindariak bai egungo zientzialarien lana ezagutaraziz eta zientzia genero ikuspegiz aztertuz.[6]
2015. urtean Alacanteko Unibertsitateko Berdintasun Saria jaso zuen dibulgazioan egindako lana eta emakume zientzialariek giza garapenean egindako ekarpenak ezagutarazteagatik. Eta RSMEren domina matematika-dibulgazioan egindako lanagatik, berdintasunarekin duen konpromezuagatik eta hezkuntza maila desberdinetako irakaseen artean loturak ahalbidetzeagatik.
2016ko azaroan jaso zuen Berdintasunerako Emakunde Saria matematika eta zientzien ezagutza emakumeengana hurbiltzera bideratutako ibilbide zientifikoarengatik, matematiken hezkuntzan genero ikuspegia txertatu izana eta unibertsitatearen barruan emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten batzorde zientifiko eta akademikoetan parte hartu izana goraipatuz. Sariaren zenbatekoa 14.400 euro dira, eta EHUn ikasten ari diren emakume errefuxiatu eta genero indarkeriaren biktimentzat emango ditu.
'Emakumeak Zientzian' zientziaren historian emakumeen paperari buruzko gidaliburu didaktikoaren koautore da.[7]
Askok izengoitiz izenpetu zituzten beren lanak, eta lortu zuten zientzia arloko elite garrantzitsuetara ailegatzea; andrazkoak zirela jakiten zenean, nola zientzia ondo egiten zutela erakutsi zuten, ezin izaten zituzten baztertu. [Marta Macho Stadler][8]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.