Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
MIDI (Musical Instrument Digital Interface, musika-instrumentuen interfaze digitala) protokolo bat, interfaze digital bat eta konektoreak deskribatzen dituen estandar teknologikoa da. Musika-instrumentu elektroniko eta ordenagailuak haien artean komunikatu eta konektatzeko aukera ematen du.[1] MIDI konexio bakar batek 16 informazio-kanal igorri ditzake aldi berean, eta ekipo desberdinei esleitu dakizkieke.
MIDI sistemak gertakizunen mezuak garraiatzen ditu, musika-notazioa, tonua eta abiadura (intentsitatea) zehazten dituztenak; vibratoa, dinamika, bi dimentsiotako panoramizazioa, cue-ak eta hainbat ekiporen artean tempoa zehaztu eta sinkronizatzen duten erloju-seinaleak bezalako musika-parametroentzako kontrol-seinaleak.[2]
Midi Manufacturers Association (AMEI) musika-instrumentuen industriaren ordezkari-taldeak zuen teknologia hau 1983an. Estandar guztiak MMAk (AEB) garatu eta argitaratzen ditu, Japoniako Association of Musical Electronics Industry (AMEI) elkartearekin batera.
MIDIa erabiltzearen abantailak fitxategien tamaina txikia (abesti bakar bat kilobyte gutxi batzutan kodifikatu daiteke) eta instrumentuak manipulatu, aldatu eta hautatzeko eskaintzen dituen erraztasuna dira.
1981ko ekainean Roland-en sortzaile Ikutaro Kakehashi-k instrumentu elektronikoak kontrolatzeko estandarra sortzeko idea proposatu zion Sequential Circuits-en sortzailea den Tom Oberheim-i, eta honek, Sequential Circuits-eko zuzendariarekin, Dave Smithekin, hitz egin zuen. Urte hartako urrian, hiru hauek ideia eztabaidatu zuten Yamaha, Korg eta Kawai konpainietako ordezkariekin.[3]
Sequential Circuits-eko ingeniariek estandarraren proposamen bat egin zuten azaroan, eta gainontzeko enpresekin batera zenbait aldaketa egin ostean, azkenik, Robert Moog-ek aurkeztu zion publikoari 1982ko urrian, Keyboard aldizkarian. 1983ko abuztuan argitaratu zen MIDI 1.0 protokoloa.
Sortutako estandar honek instrumentu elektroniko eta ordenagailuen arteko komunikazioa ahalbidetzen zuen, eta honek eragin zuzena izan zuen salmentetan eta instrumentu edota musika-software berrien ekoizpenean. MIDI teknologiak eskaintzen zituen aukerek musika-industria berpizten lagundu zuten 80ko hamarkadan.[4]
MIDI sekuentziazioak posible egin zuen musika-idazkerako ezagutzarik gabeko erabiltzaile batek moldaketa konplexuak egitea. Bestalde, musika-proiektuen kostua gutxitu eta erraztasuna areagotu zituen: taldekide pare batek musika-talde oso bat ordezka zezakeen, lan berriak etxean sor zitezkeen, akonpainamendu-piezak ordenagailu batek erreproduzitu zitzakeen…
MIDI teknologiarekin bateragarria den hezkuntza-teknologiak ere eragin handia izan zuen musika-irakaskuntzan.[5]
MIDIa musika-instrumentuak elkarren artean komunikatzeko eta batek bestea kontrolatu ahal izateko asmatu zen. Instrumentu MIDI bateko nota bat jotzen denean nota hori beste instrumentu batean aktibatzeko erabili daitekeen seinale digitala sortzen da. Gainera, instrumentu elektronikoen beste parametroak urrutitik kontrolatzeko aukera ematen du. Honi esker, erabiltzaile bakar batek hainbat gailu kontrola ditzake tresna bakarra erabiliz eta gailuen arteko konbinazioak eginda soinu berriak sortu ditzake. Efektu-makinen parametroak kontrolatzeko eta sekuentziak memorian gordetzeko aukera ere ematen du.
MIDI mezuak editore edo lan-estazio baten bidez sekuentziatu daitezke. Erreminta hauek lanak beste bitarteko batzuk erabiliz baino azkarrago eta erosoago probatu edo grabatzeko aukera eskaintzen dute, eraginkortasuna hobetzen dute eta moldaketa konplexuak modu errazago batean egitea ahalbidetzen dute.[6]
MIDIa soinuak sortzen dituzten komandoen multzoa denez, grabatutako audioak baino moldaketa gehiago jasan ditzake: tonalitatea, instrumentazioa, tempoa… Sekuentziak grabatu eta unean entzuteko gaitasunak esperimentazioa ere ahalbidetzen du.
Ordenagailuak MIDI gailu gisa erabiltzearen abantaila nagusia era askotako gailuen funtzioak irudikatzeko aukera da, erabilitako softwarearen arabera. Gainera, ordenagailuen multiataza gaitasunak era askotako konbinazioak sortzea ahalbidetzen du.
MIDI editoreei esker teklatu batean jotzen diren notak automatikoki transkriba daitezke partiturara. Partiturak idazteko softwareak normalean ez du sekuentziazio tresna aurreraturik, eta zuzeneko instrumentistarentzat diseinatutako inprimaketa txukun eta profesional bat sortzeko optimizatuta dago. Programa hauek dinamika eta adierazpen markak, akordeak eta letra bistaratzea eta partitura estilo konplexuetarako laguntza eskaintzen dute.
Notazio programen artean Finale, Encore, Sibelius, Dorico eta software librekoa eta euskaraz dagoen Musescore daude. Azken honek MIDI fitxategiak sor ditzake eskaneatutako partituretatik.
MIDI teknologiak eskaintzen dituen funtzionalitateei esker fitxategien elkartrukea egin daiteke, musika-partiturak landu, sekuentzien bildumak sortu, argiztapena kontrolatu ikuskizunetan, bideo-jokoen kontrola, domotikako tresnen kontrola…
180 graduko DIN konektoreak erabiltzen dira. Konektore horiek 5 pin dituzte, baina aplikazio estandarretan hiru erabiltzen dira soilik: lurra eta 5V-ko seinaleak eroaten dituzten bi.[7] Konfigurazio honek mezuak norabide bakarrean garraiatzea ahalbidetzen du, hortaz, bi norabideko komunikazioa egiteko bi kable erabili beharko dira.
Protokoloak ez du erroreak detektatzeko mekanismorik, eta beraz, 15m-ko kableak erabiltzen dira, gehienez, interferentzia suntsikorrak saihesteko.
MIDIa piano erako teklatuengan pentsatuz garatu zen, eta hortaz, teklaturik gabeko kontroladoreak “alternatibotzat” hartzen ziren.[8] Horrek muga bat ezartzen zuenez teklatuetan interesatuta ez zeuden erabiltzaileengan, gaur egun, era askotako gailuak aurki ditzakegu: teklatu erakoak, gitarrak, bateriak edo bestelako haizezko instumentu batzuen antza dutenak, kontrol parametroak kudeatzeko slider edo knob-ez osatutakoak…[9]
MIDI teknologiak instrumentu mota berriak sortzeko aukera eman du. MIDI instrumentu batek MIDI portuak ditu seinaleak jaso eta bidaltzeko, seinaleak prozesatzeko PUZ bat eta erabiltzaileak programatu ahal izateko interfaze bat.[2] Gaur egun, bestalde, sintetizadoreak, sampler-ak, erritmo-kutxak… kontrolatzeko ere erabiltzen da; horiek ere MIDI instrumentu bihurtzen dira. Ordenagailu-bidezko emulazioak ere garrantzia handia izan du azken urteotan, eta gaur egun, horrelako gailu asko ordenagailua erabiliz simulatzen dira.
MIDI mezuak 8 biteko “hitz” batez osatuta daude, serie-eran transmititzen direnak 31.25 kbit/s-ko abiaduran. Hitz bakoitzaren lehenengo bitak hitza estatu- edo datu-bytea den identifikatzen du, eta hurrengo zazpiek informazioa daramate. Hasieran eta amaieran bit bana gehitzen da sinkronizazioa egiteko. Beraz, MIDI mezu batek 10 bit izango ditu.[10] Kanal-mezuak eta sistema-mezuak bereizten dira: lehenengoak zehaztutako kanaletan zehar bakarrik bidaltzen dira, eta bigarrenak, aldiz, orokorrak dira, eta kanal guztietan zehar transmititzen dira. Bost mezu mota bereizten dira aktibatu edo moldatzen duten nota edo parametroaren arabera: "Channel Voice", "Channel Mode", "System Common", "System Real-Time" eta "System Exclusive". [11]
MIDI konexio batek 16 kanal independenteren informazioa garraia dezake. Gailuak kanal horietako batzuk bakarrik edo guztiak entzuteko konfigura daitezke eta monofonikoak (soinu bakarra aldi berean) edo polifonikoak izan daitezke (hainbat soinu aldi berean).[2]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.