From Wikipedia, the free encyclopedia
Luge pertsona bat edo bi eraman ditzakeen lera txiki bat da. Luge lehiaketetan oinak aurretik jarrita eta aurpegia gorantz edukita jaisten da. Konpetizioko luge-ak 21 eta 25 kilogramo artean pisatzen du eta 1,45 m-ko luzera eduki behar du bakarkako lehiaketetan. Aldiz, bikote lehiaketetan luge-ak 25 eta 30 kilogramo artean pisatzen du eta 1,75 m-ko luzera eduki behar du[1]. Kirolariek 140 kilometro orduko abiadura lortu dezakete lasterketan zehar. Lehiaketen helburua helmugara ahalik eta denbora laburrenean iristea da.
|
Artikulu edo atal hau ez dator bat formatu hitzarmenekin. |
Luge kirola Suitzan jaio zen, alabaina, kirola bikingoen lera lasterketa mitikoetatik heldu dela uste da, lera baitzen muturreko klimekin lekualdatzeko zeukaten modurik azkarrena. Luge 1883 urtean tokian tokiko txapelketen bidez kirol ofiziala bihurtu zen. Hala ere kirol olinpikoa bihurtzeko 1964ko Innsbruckeko Neguko Olinpiar Jokoetaraino itxaron beharko da. Kirol diziplina hau bobsleigh izeneko kirolarekin lotuta dago, baina bobsleigh-aren kasuan, estaldura duen lera bat erabiltzen da eta kirolariak eserita doaz. Luge-n, aldiz, kirolariak lera lau baten gainean etzaten dira, inolako babesik gabe. Hala eta guztiz ere, bi diziplina hauek komunitate handia dute elur-kiroletan [2].
"Luge" hitza frantsesetik dator eta "lera arina" esan nahi du.
Leren arteko txapelketak oso zaharrak dira: antzinako dokumentuetan haiei buruzko erreferentziak aurkitu izan dira, batez ere Norvegian [3], eta XV. mendekoa da lehenengoa. XVIII. mendean ere lera txapelketei buruzko ebidentzia historikoa aurki daiteke. Mende horretan San Petersburgoko muino izoztuetan lehiaketa ugari egin ziren. Horretaz gain, garai horretan San Petersburgon eta Berlinen lehen pista artifizialak eraikitzen hasi ziren. Beranduago, diziplina Europa iparraldera zabaltzen hasi zen [4]. Kirol antolatu gisa, arautegi baten arabera egina, XIX. mende amaieran agertu zen. Bestalde, lehen nazioarteko txapelketa 1883an Davos hiri suitzarrean egin zen; bertan zazpi estatuetako ordezkariak bildu ziren[5] eta, osotara, 21 lehiakide bildu ziren. Lehiakideek Davos eta Klosters herriaren arteko 4 kilometroko errepide izoztu batean burutu zuten lasterketa [6].
1913an Internationale Schlittensportverband edo Lera Kirolen Nazioarteko Federazioa sortu zen Dresden (Alemania) eta 1935era arte kirola antolatu zuen. Geroago, LKNF erakundeak Fédération Internationale de Bobsleigh et de Tobogganing (FIBT) erakunde barnean sartu zen [7]. Mundu mailako lehen txapelketak 1955a Oslon egin ziren. Luge Nazioarteko Federazioa 1957an sortu zen, bobsleigh federaziotik bereizita.1964an, Innsbruckeko Neguko Olinpiar Jokoetan olinpiar kirola gisa onartua izan zen, bai emakumezko baita ere gizoneko kategorian. Geroztik beti egon da jokoetan presente. Luge diziplina ekialdeko alemaniarrek menderatu zuten, 1964 eta 1988 bitartean eskuragarri zeuden urrezko 21 dominetatik 15 irabaziz. Lugeko maisuetako bat Georg Hackl izan zen, hiru aldiz jarraian urrezko domina irabazi zuena: Albertville 1992, Lillehammer 1994 eta Nagano 1998. Alemaniaz gain Austria eta Italia ere diziplina honetan nabarmentzen ziren, 22 eta 17 domina lortuz, hurrenez hurren [6].
Estatubatuarrek denbora behar izan zuten luge kirola praktikatzen hasteko. Ipar Amerikako lehen luge pista Lolo Hot Springsen eraiki zen, Montana-n, 1965ean. Estatu Batuek luge proba olinpiko guztietan lehiatu zuten 1964tik 1976ra, baina 1979ra arte ez zen Estatu Batuetako Luge Elkartea sortu [8].
Gaur egun, oraindik, jarraitzaile gutxi duen kirola izaten jarraitzen du. Oso instalazio gutxi daude eta horiek mantentzeko garestiak dira gainera. Beraz, herrialde gutxi batzuek kirol honen elitea sortu dute: Alemania, Austria, Italia eta Errusia dira nagusi. Horien artean banatzen dira domina garrantzitsuenak.
Luge-n erabiltzen diren lerak armazoi txikikoak dira. Jatorriz zurezkoak ziren baina gaur egun metalezkoak dira. Azpian, patin zorroztuak dituzte. Lerak ez du balaztarik ez lemarik. Gidariak tresna erabiltzeko aurreko partean lotuta dauden uhal batzuk ditu, horiekin norabidea markatzen du. Gorputzaren mugimenduekin ere leraren kontrola indartzen du. Gidariak ahoz gora etzanda doa, oinak aurrean eta burua atzean, horren bidez, skeleton kiroletik bereizten da, kirol horretan ahoz behera eta aurrera begira jartzen baita gidaria. Bobsleighekin konparatuta, hemen irteera gidaria leran kokatuta dagoenean egiten da eta, horren ondorioz irteera geldoagoa da, bulkada besoekin egin behar dutelako eta ez hankekin. Leraren pisu nagusia bakarkakoa denean 23 kg-koa da, bikoteko lera, aldiz, 27koa. Partaideen pisua, bestetik, orekatua izaten saiatzen dira. Pisu handiena markatzen da eta hori baino gutxiago dutenek leran kilo artifizialak jar ditzakete; modu honetan irabazteko aukerak berdintzen dira.
Bestalde, janzkerak garrantzi handia dauka aerodinamika hobea lortzeko garaian. Kirolariek gorputz osoko jantzi bat, kaskoa eta zapatila bereziak erabiltzen dituzte [9].
Lehiaketari dagokionez, lasterketa hasi aurretik zozketa bat egiten da lasterketaren irteera-ordena zehazteko. Atletei zenbaki bat ematen zaie, dortsal batean agertzen dena. Nazioetako eta nazioarteko ekitaldi nagusietan, gizonezko banakako zein binakako modalitatean lau lasterketa egiten dira. Emakumezkoen banakako zein binakako lehiaketetan, berriz, bi lasterketa egiten dituzte. Lasterketa guztietan lortutako denbora helmugako ordena zehazteko erabiltzen da. Lehenengo lasterketa egin ondoren, irteera-ordena aurreko lasterketaren emaitzaren arabera zehazten da, hau da, azken postuan dagoena hurrengo lasterketan lehendabizikoa izango da, azken-aurrekoa berriz bigarrena izango da, etab.[8]
Lasterketarekin jarraituz, kirolariak leran eserita bultzada egiten hasten dira, eta izotzezko hodi erdi irekira doaz. Kirolariek ez daramate babesik eta haien teknikak sortzen duen aerodinamikan oinarritzen dira haien pisua baskulatuz [2].
Banakako lasterketetan, korrikalariak arrapala baten goialdean eserita kokatzen dira. Irteeran, kirolariek lera aurrerantz eta atzerantz kulunkatzen dute zenbait aldiz, metro batzuk bultzatuz. Jarraian, jauzi batekin luge gainean luzatzen dira eta jaitsierari ekiten diote. Bikote lehiaketetan, irteerako arrapalaren goiko aldean kokatuta dagoen kirolaria bi helduleku finkori helduz bultzatzen da eta bigarren kirolariak, aldiz, aurrean doanarekin lotzen duten uhal batzuetan sartzen ditu eskuak. Bi kasuetan, bultzada hori funtsezkoa da abiadura irabazteko [4].
Jaitsieran kirolariak leran eserita edo etzanda, eta oinak aurrerantz luzatuta egon behar dira. Kirolariak posizio horizontalean ahalik eta denbora gehien mantentzen saiatzen dira, jarrera aerodinamikoena lortzeko. Jaisten diren bitartean, une oro lerarekin kontaktuan egon behar dira, baita pistako hormen aurka talka eginez gero edota irauliz gero ere, bestela deskalifikatzen dituzte. Horretaz gain, debekatuta dago lera bultzatzea, irteera-fasean izan ezik, hau da, bultzada-fasean izan ezik. Gainera, ezin da pistan zehar oinez ibili. Esan beharra dago, lerarik gabe iristeak deskalifikazioa eragingo duela, alabaina, jaitsieran zehar gelditzea eta lera birkokatu ondoren bultzada batekin lasterketari berrekitea baimenduta dago. Behin helmuga gurutzatuta, kirolaria zutitu egiten da patinen puntetan presioa eginez, lera pixkanaka geldiarazteko [4].
Luge kirolean pista artifizial zein naturalak aurki daitezke, alabaina lehiaketa ofizialak, soilik pista artifizialetan burutzen dira.
Pista artifizialak, "run" deitzen dira. Pisten ezaugarri nagusiak bide luzeak eta bihurgune parabolikoak dira. Zirkuitu hauek zementuz egiten dira, lasterketak baino lehen elurrez estaltzen direnak eta ondoren busti, izotz-geruza osatu dadin. Pistak gutxienez 1.000 metroko luzera izan behar dute gizonezkoen probetan eta 800 metrokoa emakumezkoen probetan, % 12-ko gehieneko maldarekin. Horretaz gain, hozteko sistema izan dezakete batzuetan, baina beti ez.
Izotz naturaleko pistak ere badaude. Pista hauek zulakarien bidez eta izotza egokituz zein moldatuz sortzen dira. Pista ezagunena, zalantzarik gabe, Sankt Moritzeko Run Gailurra da. Pista natural hauetan, aurretik dauden bidezidor edo mendi-bideetatik lortzen dira trazadurak, beraz, malda jakin bat duen baso-pista bakoitza luge-rako pista bihur daiteke. Beste pista mota batzuk ez bezala, bihurguneak ez dira parabolikoak, baizik eta kurba arruntak. Segurtasun-arrazoiengatik, egurrezko oholekin egindako babesak dituzte ertzean. Izotza naturala da eta pisten luzera 700 m-tik 1200 m-ra bitartekoa da.
Azkenik, asfalto pistak daude. Hemen errepideko luge-a praktikatzen da, non irristailuetako hortzen ordez gurpiltxo batzuk erabiltzen diren [4].
Modalitate hauek, aldi berean, hainbat adin motatan banatzen dira: 7-20 urte bitartekoek gazte eta junior kategoria osatzen dute. 21 urte baino gehiago dituztenek kategoria orokorra osatzen dute. Lehiakide zaharrenek, 30-50 urte bitarteko kideek, master kategoria osatzen dute. Azkenik, senior master kategoria 51 urtetik gorako pertsonek osatzen dute [8].
Kirol arriskutsua da eta, ondorioz,behin baino gehiagotan istripu larriak eman dira:
Nazioarteko Luge Federazioa (FIL) nazioarteko erakundea da eta lehiaketa-mailan luge kirola arautzen du, kategoria bakoitzean aldian-aldian lehiaketak eginez. 1957ko urtarrilaren 25ean sortu zuten Davosen (Suitza) hamahiru herrialdetako ordezkariek. Gaur egun, Berchtesgaden (Alemania) herrian du egoitza, eta federazio nazionalen afiliazioa dauka. Batasunaren egitura hierarkikoa honako hauek osatzen dute: lehendakariak eta lehendakariordeek, zuzendari nagusiak, Kongresuak (bi urtean behin egiten da), Batzorde Betearazleak, Kontseiluak eta Batzorde Teknikoak [10].
Presidenteak:
Izena | Etapa | Herrialdea |
---|---|---|
Bert Isatitsch | 1957-1994 | Austria |
Josef Fendt | 1994- | Alemania |
Modalitate hau luge kiroletik dator eta, lugea bezala, arrisku kirol bat kontsideratzen da. Kirol hau, monopatin berezi baten gainean etzanda ibiltzean datza. Monopatin honen gainean abiadura handiak lortzen dira.
Street Luge Kalifornian hasi zen, 70eko hamarkadan. Kirol hau, jaio zen jaitsierako monopatina egiten zuten pertsonak etzanda joatean abiadura handiagoak lortu ahal zituztela konturatu zirenean. Horren ondorioz, taula luzeagoak diseinatzen hasi ziren, jaitsieran zehar gorputzari eusten laguntzeko. Kirol ofizial bihurtzeko, 90eko hamarkadara arte itxaron behar izan zen. Hamarkada horretan, arau ofizialak ezarri ziren, federazio propioa sortu zen eta lehen lehiaketa ofizialak hasi ziren [11].
Kirol arriskutsua da eta, ondorioz, behin baino gehiagotan istripu larriak eman dira:
Lehiakide | Urtea | Tokia | Lasterketa | Geraera |
---|---|---|---|---|
Kazimierz Kay-Skrzypeski | 1964 | Innsbruck | Entrenamenduan | 1964ko Neguko Olinpiar Jokoak |
Stanisław Paczka | 1969 | Königssee | Lehenengo txandan | FIL World Luge Championships 1969 |
Nodar Kumaritashvili | 2010 | Whistler | Entrenamenduan | 2010eko Neguko Olinpiar Jokoak |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.