From Wikipedia, the free encyclopedia
Laika (errusieraz Лайка, “zaunkalaria”; Mosku, Sobietar Batasuna, 1954-Sputnik 2, - Lurraren behe orbita, 1957ko azaroaren 3a) sobietar txakur espazial bat izan zen, Lurra orbitatu zuen lehen izaki bizidun lurtarra. Sputnik 2 espazio-ontzi sobietarrean egin zuen, 1957ko azaroaren 3an, Sputnik 1 sateliteak baino hilabete bat beranduago. Orbitan hil zen lehen animalia ere izan zen.
Laika | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Mosku, 1954 |
Heriotza | Sputnik 2 eta Lurraren orbita baxu, 1957ko azaroaren 3a (2/3 urte) |
Heriotza modua | : bero-kolpea |
Jarduerak | |
Jarduerak | astronauta |
Pisua | 6 kilogramo |
Laikaren misioa egin zen garaian espazio-hegaldiek izaki bizidunengan eragin zitzaketen ondorioei buruz ezer gutxi zekitenez, eta teknologia azpiorbitala oraindik garatu gabe zegoenez, ez zegoen Laika bizirik irteteko itxaropenik. Zientzialari batzuek uste zuten gizakiek ezingo zutela jaurtiketatik edo kanpo espazioko baldintzetatik bizirik irten. Horregatik, hegaldi ingeniariek pentsatu zuten animalien hegaldiak giza misioetarako[1] beharrezko aitzindariak zirela. Laika, jatorriz Kudryavka (Кудрявка, ‘ile kizkurdun txikia’) izeneko kaleko txakur bat, beste bi txakurrekin batera entrenatu zuten eta, azkenean, Sputnik 2 sobietar espazio-ontziko tripulatzaile gisa aukeratu, eta 1957ko azaroaren 3an kanpo espaziora jaurti zuten.
Laika jaurti eta ordu batzuetara hil zen, gehiegi berotzearen[2] ondorioz. Gehiegi berotze hori, ziurrenik, R-7 zentralaren sostengatzailearen akats baten eraginez gertatu zen, karga erabilgarritik[3] aldentzean. Sostengatzaile hori espazio-ontziko sistema termikoaren zati zen. Heriotzaren benetako zergatia eta data ez zen 2002ra arte ezagutzera eman; lehenago, seigarren egunean[4] hil zela zabaldu zuten, oxigenorik gabe geratzearen ondorioz. Edo, sobietar gobernuak hasiera batean argudiatu zuenez, eutanasia jaso zuen oxigenoa amaitu baino lehen. Esperimentuak frogatu zuen posible dela bizirik dagoen bidaiari bat orbitan jarri eta mikrograbitatea jasan ondoren bizirik ateratzea. Horrela, giza hegaldi espazialetarako bidea erraztu zen, eta zientzialariek organismo bizidunek hegaldi espazialen inguruneetan erreakzionatzen duten moduari buruzko lehen datuak lortu zituzten. Laikaren ondoren, SESBek hamabi txakur gehiago bidali zituen espaziora, eta horietatik bost bizirik itzuli ziren Lurrera.
2008ko apirilaren 11n, Errusiako agintariek Laikaren omenez eginiko oroitarri txiki bat inauguratu zuten Moskun, haren espaziorako hegaldia prestatu zuen ikerketa zentro militarretik hurbil. Oroitarriak suziri[1] bat irudikatzen du, eta suziriaren goiko aldean txakur bat ageri da.
Artikulu nagusia: Sputnik 2
Sputnik 1 espazio-ontziaren arrakastaren ondoren, Nikita Khrustxovek sobietarren buruak, espaziora bigarren satelite artifizial bat bidaltzeko eskaera egin zuen, iraultza boltxebikearen berrogeigarren urteurrenaren egunean, 1957ko azaroak 7an. Eskaera jaso zutenean, ordurako satelite sofistikatuago bat eraikitzen ari ziren, hala ere satelite berri hori ez zen prest egongo eskatu zen datatik hilabete igaro arte, beraz, baztertu egin zuten. Baztertutako satelitea Sputnik 3 espazio-ontzia[5] izan zen.
Azarorako epemuga bete ahal izateko, espazio-ontzi berri bat eraiki behar zuten. Jruschovek bere ingeniariei “espazio ikusgarria” izeneko misio bat eskaini nahi zien, Sputnik 1 espazio-ontziaren arrakasta errepikatuko zuen proiektu berri bat hain zuzen ere. Horrela, mundua sobietarrek eginiko lorpenekin harrituta geratuko zen. Egin zituzten planetan, txakur bat hegaldi orbital batean bidaltzea erabaki zuten. Suziriak egiten zituzten ingeniari sobietarrek txakurren orbita bat aurreikusi zuten giza hegaldi espazialak probatu baino lehen; 1951tik 12 txakur bidali zituzten espazio azpiorbitalera hegaldi balistikoetan. Txakur horiek bidaltzen hasi zirenean pixkanaka lanketak egin zituzten misio orbital posible bat egin ahal izateko 1958. urtean. Jruschoven eskariak asetu ahal izateko, txakurren hegaldi orbitala azarora[5] aurreratu zuten.
Errusiar informazio-iturrien arabera, Sputnik 2 espazio-ontzia[6] espaziora bidaltzeko erabaki ofiziala urriaren 10ean edo 12an hartu zuten. Erabaki horren ondorioz, espazio-ontzia eraiki behar zuen taldeak lau aste soilik izan zituen satelitea diseinatu eta eraikitzeko. Sputnik 2 espazio-ontzia beraz denboraz justu eta larritasunez eginiko lana izan zen, espazio-ontziaren elementu gehienak zirriborroetan oinarritu baitziren. Espazioan bizitzeko bidaiari bat bidaltzeko misioa izateaz gain, Sputnik 2 espazio-ontziak erradiazio kosmiko zein eguzki-erradiazioa[5] neurtu ahal izateko tresneria ere bazuen.
Bizi-euskarri sistema batekin hornituta zegoen espazio-ontzia. Sistema hori oxigeno‑sorgailu batez eta oxigeno-pozoiketa (Paul Bert-en efektua ere esaten zaio) saihesteko eta karbono dioxidoa xurgatzeko aparatu batez osatuta zegoen. Kabinari haizagailu bat gehitu zitzaion, tenperatura 15 °C-tik gorakoa zenean aktibatzeko diseinatu zena, animaliaren gorputz-tenperatura mantentzeko helburuarekin.
Zazpi eguneko hegaldi baterako janari nahikoz zuzkitu zuten (gelatinakara eran), eta txakurrari poltsa bat jarri zitzaion bere eginkariak jasotzeko. Horrez gain, animaliari jartzeko arnes bat diseinatu zen, eta bere mugimenduak zutik, eserita edo etzana egotera mugatzeko kateak zeuden; ez zeukan lekurik kabinan buelta emateko.
Elektrokardiograma batek bihotz-maiztasuna kontrolatzen zuen, eta instrumentazio gehigarriak arnasketa-maiztasuna, gehieneko arteria-presioa eta mugimenduak neurtzen zituen.[2][7]
Laika kale-txakur bat zen, Moskuko kaleetan noraezean bizi zena. Sobietar zientzialariek Moskuko kale-txakurrak erabiltzea erabaki zuten, animalia horiek muturreko hotz eta gose egoerak jasatera ohituta zeudela uste zutelako. Espezimen hau 5 kg-ko[8] eme mestizo bat zen, gutxi gorabehera hiru urtekoa. Beste kontakizun baten arabera, 6 kg inguruko pisua zuen. Sobietarrek zenbait izen eta ezizen jarri zizkioten, hala nola Kudryavka (kizkurtxoa), Zhuchka (zomorrotxoa) eta Limonchik (limoitxoa). Baina Laika, huskyaren antzeko txakur-arraza baten izen errusiarra, izan zen mundu osoan hedatu zen izena. Prentsa iparramerikarrak Muttnik ezizena jarri zion, Sputnik-ari[9] buruzko hitz-joko gisa (mutt + -nik atzizkia), eta batzuetan Curly[10] ezizenarekin aipatzen zuten. Laikaren benetako pedigria ezezaguna da, baina orokorrean husky edo beste eskandinaviar arraza bat, eta terrierra izan zela onartzen da.[11] Vladimir Yazdovsky-k, suzirietan erabili ziren proba-txakurren programa zuzendu zuen gizonak, “Laika lasaia eta liluragarria” zela idatzi zuen argitalpen batean.[12]
Sobietar Batasunak eta Estatu Batuek bizirik zeuden animaliak hegaldi azpiborbitaletan jaurti izan zituzten Sputnik 2 orbitan jarri aurretik.[13] Sputnik 2aren hegaldirako, hiru txakur entrenatu ziren: Albina, Mushka eta Laika.[14] Vladimir Yazdovsky eta Oleg Gazenko zientzialari sobietarrak izan ziren txakur horiek entrenatu zituzten arduradunak.[15]
Txakurrak Sputnik 2 espazio-ontziaren kabina txikian sartu ahal izateko, gero eta eremu mugatuagoetan egon behar izaten zuten, batzuetan 20 egun arterainoko egonaldietan. Konfinamendu luze horien erruz, txakurrek pixa egiteari eta libratzeri utzi zioten. Horrek txakurrengan ezegonkortasuna sortu zuen eta haien osasunaren narriadura orokorra eragin zuen. Txakurrei emandako libragarriek haien egoera hobetu ez zutenez, erabilgarria zen bakarra entrenamendu denboraldi luzeak edukitzea zela ondorioztatu zuten ikerlariek. Geroago, suziriaren aireratzea simulatzen zuten zentrifugatzaileetan eta espazio-ontziaren zaratak simulatzen zituzten makinetan sartu zituzten txakurrak. Horrek bihotzaren bultzada bikoiztea eta presio arteriala 30-65 torr igotzea eragin zuen. Gainera, espazioan haien janaria izango zen nutrizio altuko gel bat jateko entrenatuak izan ziren txakurrak.[1]Martxan jarri aurretik, zientzialarietako batek bere seme-alabekin jolastera eraman zuen Laika. Sovietarren medikuntza espazialaren historia batzen duen liburu batean, Vladimir Yazdozvsky zientzialariak hau idatzi zuen: “Beragatik zerbait ona egin nahi nuen, bizitzeko denbora gutxi gelditzen zitzaion eta”.
Vladimir Yazdovsky-k txakurren azken aukeraketa egin zuen eta bakoitzaren rola izendatu zuen[16]. Laika “txakur hegalaria” izango zen: espaziorako buelta gabeko bidaia, zientziarentzat eginiko sakrifizioa[16]. Albinak lehenagotik bi aldiz egin zuen hegan probako suziri batean eta bera ezarri zuten Laikaren ordezko gisa. Hirugarren txakurra, Mushka, “kontrol txakur” bat zen Lur planetan geldituko zen, tresneria eta bizi euskarriak probatzeko.
Baikonurgo kosmodromorantz abiatu baino lehen, Yazdovsky-k eta Gazenko-k txakurrei ebakuntza egin zieten trasmisoreen kableak arnasketa, pultsua eta presio arteriala neurtzen zituzten sentsoreetara konektatzeko[1] .
Turatameko kosmodromotik gertu zegoen lurreratze-pista txikiegia zenez, txakurrek eta tripulazioak Tashkent hirira bidaiatu behar izan zuten Tu-104 hegazkin batean. Bertatik, ll-14 hegazkin arin eta txikiago batek eraman zituen Turatamera. Heldu zirenean txakurrek entremanenduarekin jarraitu zuten eta kapsuletan sartu zituzten, elikadura sistemara ohitu ahal izateko.
NASAren dokumentuen arabera, Laika sateliteko kapsulan 1957ko urriaren 31n sartu zuten, misioa hasi baino hiru egun lehenago.[1] Urteko sasoi horretan, jaurtiketa tokian tenperaturak ikaragarri baxuak ziren. Horregatik, kapsula bero mantentzeko, berogailu bati lotutako tutu malgu bat erabili zuten. Misioari hasiera eman aurretik, bi begiralek Laika zaintzeko ardura izan zuten. Aireratu baino lehen, 1957ko azaroaren 3an, Laikaren ilajea etanol soluzio batekin garbitu zuten, eta haren bizi-funtzioen jarraipena egiteko sentsoreak ipini behar zizkioten gorputz-atalak iodoz margotu.[17]
Kapsula prestatu zuen teknikarietako batek aireratzearen aurretik honakoa adierazi zuen: "Laika kapsulan sartu eta gero eta atea itxi aurretik, muturrean muxu eman genion eta bidai ona opa egin genion, hegalditik bizirik itzuliko ez zela jakinda”.[16]
Aireratzearen ordu zehatza iturri batetik bestera aldatzen da; aipatutakoak Moskuko 05:30:42 edo 7:22 orduetan gertatu zela diote.[16] Aireratzea eta gero abiadurarik handiena hartu zuenean, Laikaren ohiko arnasketa erritmoa hiru aldiz handiagoa izatetik lau aldiz handiagoa izatera pasa zen, eta bihotz-maiztasuna minutuko 103 izatetik 240 izatera. Orbitan zegoelarik, Sputnik 2ren punta konikoa arrakastaz askatu zen. Nabearen beste sekzioa ("Blok A") ez zen askatu eta horrek kontrol termikoko sistemaren behar bezalako funtzionamendua oztopatu zuen. Isolamendu termikoaren ataletako bat askatu egin zen; horri esker kapsularen barrualdeak 40 °C-ko tenperatura hartu zuen. Hiru orduz mikrograbitatean egon ondoren, Laikaren taupadak minutuko 102 ziren[18]; bihotz-maiztasunaren jaitsierak entrenamenduko saiakeretan baino hiru aldiz denbora gehiago hartu zuen, txakurraren estres maila baxuaren adierazgarri. Hasierako datu telemetrikoen arabera, Laika urduri egon arren, jaten ari zen. Bizi-datuen transmisioa aireratu eta bost eta zazpi ordu artean eten zen.[1]
Sobietar zientzialariek Laikak hamar egunen buruan kontsumituko zuen pozoitutako janariarekin sakrifikatzea antolatu zuten. Urte askoz, Sobietar Batasunak[19] Laikaren heriotzari buruz azalpen kontraesankorrak eman zituen, batzuetan bateriek huts egin zutenean txakurra oxigeno ezagatik hil zela edo besteetan eutanasia jaso zuela esanez. 1999an, sobietar iturriek Laikak gutxienez lau egunez bizirik iraun zuela baieztatu zuten eta ondoren, ontziaren gainberotzearen ondorioz bizia galdu zuela. 2002ko urrian, Dimitri Malashenkovek, Sputnik 2aren[20] jaurtiketan parte hartu zuen zientzialariak, Laika aireratzetik bost eta zazpi ordu artean pasata hil zela ezagutarazi zuen, estresaren eta ontziaren gainberotzearen ondorioz. Houstonen Espazioko Mundu Kongresuan aurkeztu zuen artikulu baten arabera:
<<Ia ezinezkoa izan zen tenperaturaren kontrol fidagarri bat sortzea hain denbora gutxian.>>
Sputnik 2ak Lurra 2.570 aldiz orbitatu zuen 163 egunez. Ontzia atmosferan sartzean desintegratu zen, 1958ko apirilaren 14an.
Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren espazioko lasterketaren opakotasuna zela eta, esperimentuaren eztabaida etikoak hein handi batean denbora batez jorratu gabe egon ziren. 1957ko prentsa kezkatuago zegoen esperimentuak izandako eragina ikuspuntu politiko batetik erakusteagatik. Aldi berean, Laikaren osasuna arazo txikiagoa bihurtu ziren.
Animalien eskubideak babesten dituzten hainbat taldek sobietar enbaxadaren aurrean egin zuten protesta. Beste batzuk New Yorken manifestatu ziren Nazio Batuen Erakundearen aurrean. Hainbat zientzialari estatubatuarrek, ordea, laguntza eskaini zieten haien sobietar kideei, behintzat Laikaren heriotzaren berri eman baino lehen.
Sobietar batasunean eztabaida gutxiago zegoen. Ez komunikabideek, ez hurrengo urteetako liburuek ezta jendeak ere ez zuen eztabaidan ipini txakur bat espaziora bidaltzeko erabakia. 1988. urtean, erregimen sobietarraren desagerpenaren ostean, Oleg Gazenko-k, Laika espaziora bidaltzeko lan egin zuen zientzielarietako batek, bere atsekabea adierazi zuen txakurra hiltzen uzteagatik:
«Gero eta denbora gehiago pasa, gero eta gehiago damutzen naiz gertatutakoaz. Ez genuen horrelakorik egin behar… eta misio honetatik ez genuen animaliaren heriotza justifikatzeko adina ikasi gainera.»Oleg Gazenko, animaliak espazioratzeko programaren zientzialari nagusietako bat eta Laikaren entrenatzailea.[15][21]
Zentsura politikoko kontuak zirela eta, Varsoviako ituna sinatu zuten beste herrialde batzuetan zailagoa zen programa espazial sobietarraren aurkako protesta irekia aldarrikatzea. Dena den, kritika nabarigarriak egon ziren zientzialari poloniarren artean. "Kto, Kiedy, Dlaczego" zientzia-aldizkari poloniarrean, 1958an argitaratua, Sputnik 2-aren misioa aipatu zen. Astronautikari buruzko atalean, Krzysztof Boruń-ek Laika lur gainazalera bizirik ez ekartzea gauza “tamalgarria” zela adierazi zuen, eta “dudarik gabe, zientziarentzako galera handia”.
Laikaren omenez, haren estatua eta plaka bat dago kosmonauten entrenamendudu zentro errusiarrean[22], Izarren Hirian.
Txakurren parte hartzea zuten hurrengo misio espazialak haiek berriz lurrera ekartzeko diseinatuko ziren. Beste misio espazial sobietar batean hilko ziren txakur bakarrak Pchyolka eta Mushka izan ziren. Sputnik 6 satelitea intentzionalki lehergailu batekin lehertarazi zuten haren itzuleran, kapsula beste herrialdeetako potentziek azter ez zezaten, satelitea atmosferara berriz sartzean norabideak kontrola galdu zuen eta, 1960ko abenduaren 1ean.
Laikaren bidaiek munduko txakur famatuenetako bat bihurtu zuten hura. 1997an plaka bat jarri zen Zviozdni gorodok-en (Izarren hiria euskaraz) hildako kosmonauten omenez. Laika plakaren izkin batean irudikatzen da, kosmonauta baten hanka artean zelatan.[23] 1964ko Moskuko Pokorítelyam kósmosa oroigarrian (Espazioaren konkistatzaileen monumentua euskaraz) zizelkatuta ageri diren pertsonaia guztien artean Laika eta Lenin dira izenaz ezagutu daitezkeen bakarrak. Zenbait herrialdetan Laika txakurraren irudiarekin zigiluak sortu ziren, haren hegaldia ospatu nahian. Txokolate- eta zigarro-markak haren oroimenez izendatu izan dira eta, gaur egun oraindik, Laikaren oroigarri-bilduma handiak agertzen dira enkanteetan.[15]
2005eko martxoaren 9an Mars Exploration Rover misioaren kontrolatzaileek Marteko lur eremu bati Laika izena jarri zioten, nahiz eta ez modu ofizialean. Vostok kraterretik hurbil aurki dezakegu, Meridiani Planumen.
Hainbat literatura-obratan agertu izan da Laika, zientzia-fikziozkoak gehienak, eta baita fantasiazkoak ere. Hauetan haren erreskate edo biziraupenari buruz hitz egin da maiz. Julian May-ren Intervention eleberrian Laika estralurtarrek erreskatatzen dutela kontatzen da. Jeanette Wintersonen Weight eleberrian Atlasek, Greziako titanak, orbitan aurkitzen du haren kapsula eta txakurra adoptatzen du. Doctor Who telesailean haren hiletaren istorioa kontatzen da. Flash Gordon komikiaren kapitulu batean txakur-itxurako ilargiko estralurtar arraza batek salbatzen du Laika.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.