La Comédie humaine (frantsesez:Giza Komedia), literaturaren historiako proiektu narratibo handienetako baten izenburua da. Honoré de Balzac (1799-1850), bere egileak, 137 eleberri eta istorio interkonektatu idaztea proposatu zuen. Kronologikoki Napoleonen Inperioaren erorketatik Uztaileko monarkiaraino (1815-1830) garaia hartzen zuen. Urte horietako frantziar gizartea islatuko nahi zuen lan horiekin.
Balzac oso idazle ezaguna zen, bereziki kapitulutan argitaratutako eleberriei esker. Halaber, idazleak diru premia handia zuen eta horrek proiektua justifikatzen du nolabait. Saila Balzacen heriotzak eten zuen arren, nahiko osatuta gelditu zen: 87 eleberri oso eta hasierako proiektuan aurreikusi ez ziren beste 7 utzi zituen idatzita. Esan daiteke Balzacek bere buruari jarritako erronka gainditzen zuela.
Giza komedia obra erraldoia da, zalantzarik gabe.[1] 87 nobelaz osatutako lana da.[2]
Hainbat ataletan dago banatuta: Bizitza pribatuaren eszenak, Probintzietako bizitzaren eszenak, Parisko bizimoduaren eszenak. Bere garaian girotutako nobelak landu zituela esaten den arren, idatzi zituen orobat bera baino lehenagoko garaietan girotutako nobelak, errealismoaren aldezle izan arren fantasiazko nobelarik ere idatzi zuen bezalaxe. Eta aipatzekoa da Une tenebreuse affaire («Kontu ilun bat») gaur egun polizia eleberria esaten zaion generoaren aitzindari izan zela, Edgar Allan Poe eta Wilkie Collins baino lehenago. Balzac izan zen, era berean, garai hartan indar handia hartu zuen nobelak zatika egunkarietan argitaratzeko moduari lehen atxiki zitzaiona, nahiz gero horretan espezializatu ziren beste idazle batzuek -Eugène Sue, Dumas, Paul Féval- gaina hartu zioten horretan; egunero nobela puska bat argitaratuz ikuslearen jakin-mina sortzen zen eta irakurle asko erakarri zen horrela irakurketara.
1833. urteaz geroztik, Balzac hasi zen sumatzen bere nobela guztiak hiru partetan banatutako osotasun batean bildu zitzakeela: Études de mœurs, Études analytiques, Études philosophiques. 1837an bere obra osoa izenburu bakar baten pean biltzea pentsatu zuen, eta horretarako harpidetza sistema bat ere asmatu zuen, irakurleak ziurtatzeko. Azkenean, 1842an eman zion Balzacek bere proiektu erraldoi hari behin betiko izena: La Comédie humaine («Giza komedia»), berak guztira 137 eleberriz osatzeko asmoa bazuen ere, hil zenean 91 zituen eginak: nobela luzeak eta nobela laburrak. 2.500tik gora pertsonaia dituen mundu hori indartzeko eta hari batasuna emateko, nobela bateko pertsonaiak beste nobela batzuetan agerrarazten zituen, ahaide bihurtzen zituen nobela batzuetako eta besteetako pertsonaiak, edota benetako pertsonak fikziozko pertsonaia bihurtzen zituen. Hil ondoren zenbait lan ere argitaratu ziren, guztira 97 izan arte.
Sailaren eleberri guztiak hiru ataletan banatzen ziren:
Études de mœurs edo Ohitura ikerlanak. Hau garrantzitsuena izan zen barruan beste sei sail ikusten ziren:
Scènes de la vie privée edo Bizitza pribatuaren eszenak
Scènes de la vie de province edo Probintzietako bizitzaren eszenak
Scènes de la vie parisienne edo Bizimodu paristarraren eszenak
Scènes de la vie politique edo Bizitza politikoaren eszenak
Scènes de la vie militaire edo Bizitza militarraren eszenak
Scènes de la vie de campagne edo Landa bizitzaren eszenak
Études philosophiques edo Ikerlan filosofikoak
Études analytiques edo Ikerlan analitikikoak
Balzacek sarritan bere obraren osotasuna aldarrikatu zuen: guztia arkitektura berean lotuta zegoen, egitura bat jarraituz. Helburua hauxe zen: «Gizartearen historia eta kritika besarkatzen ditu, bere gaitzen analisia eta bere printzipioen eztabaida.».[3]
La Comédie humaineren katalogoa eta antolaketa
Ohituren estudioak
Bizitza pribatuaren eszenak
La Maison du chat-qui-pelote, 1830 (Mame-Delaunay), 1839 (Charpentier), 1842 (Furne)
Le Bal de Sceaux, 1830 (Mame et Delaunay-Vallée), 1842 (Furne)