Botere judiziala edo epaitzeko boterea arau juridikoak aplikaraziz gizartean justizia administratzeaz arduratzen den estatuko boterea da. Botere legegiletik eta botere betearazletik bereizita dago, erabateko independentziaz eta askatasunez jardun dezan.

« Justiziaren jatorria herrian dago, eta Aginte Judiziala osatzen duten eta independenteak, aldaezinak eta arduratsuak diren eta soilik legearen menpe dauden epaile eta magistratuek administratzen dute, Erregearen izenean”  »
1978ko Espainiako Konstituzioa 117.1 artikulua VII titulua
Thumb
Secondat-eko Charles Louis, Montesquieu-ko Baroia

Montesquieuren botere bereizketaren teoria klasikoaren arabera, botere legegilea, betearazlea eta judiziala bereizteak hiritarren askatasuna ziurtatzen du. Teoria horren arabera, botere judizial independenteak nolabait mugatu egin dezake botere betearazle edo exekutiboa. Hain zuzen ere, botere bereizketa horretatik jaiotzen da zuzenbide estatua, non botere guztiak legearen inperiopean dauden. Hori dela eta, beste botereekiko independentea izan behar du, lege ordena hautsiz gero beste bi botereak menperatu ahal izateko eta Zuzenbidea gizarte bizitzaren elementu erregulatzaile bila dadin.

Beraz, independentea izan behar du estatuko gainerako botereekiko (legegilea eta betearazlea), kanpo presiorik gabe epaitzeko eta legeak inpartzialki aplikatzeko. Epaileek, epaitzeaz gain, epaitutakoa betearazi behar dute, eta eurei bakarrik dagokie epaitzea eta epaitutakoa betearaztea. Inpartzialtasunez eta objektibotasunez jokatu behar dute; frogetan oinarritu behar dituzte epaiak, eta ez balorazio subjektibo edo pertsonaletan.

Justizia administrazioa

a) Karrerako epaileak eta magistratuak: Epai dezaketen administrazioko funtzionarioak. Froga guztiak aztertu ondoren, gatazkak ebazten dituzte, ebatzitakoa gauzatuko dela zaintzen dute, eta independenteak dira epaitzerako orduan.

b) Justizia Administrazioaren Letraduak: Bulego judizialeko zuzendariak eta fede publiko judizialaren arduradunak dira. Hurrengo hirurak hauen menpe daude.

c) Kudeatzaileak: Mota guztietako prozesu, eginbide eta espedienteak izapidetzen/tramitatzen dituzte, eta epaile edo letraduari beharrezkoak diren probidentziak, eginbideak, aktak eta oharrak idazten laguntzen diete.

d) Izapidegileak: Izapide prozesalak gauzatzen parte hartzen dute: testuak transkribatzen, komunikazio funtzioak betetzen, eta legeek ezarritako gainerako egintzak gauzatzen.

e) Laguntza judiziala (auxilioa): zitazioak, jakinarazpenak, eta abar egiteaz arduratzen diren administrazio judizialeko funtzionarioak dira.

Herri-salataritza

Artikulu nagusia: «Herri-salataritza»
Artikulu nagusia: «Herri-salatari»
Thumb
Espainiako ministerio fiskalaren plaka

Justiziaren jarduna sustatzeaz arduratzen da, legezkotasuna, herritarren eskubideak eta legeak babesten duen interes publikoa defendatzeko asmoz, Konstituzioari eta legeei jarraikiz. Ofizioz esku hartzen du eta inpartziala da, ez baititu interes partikularrak defendatzen, baizik eta legeak babestutako interes sozial eta publikoak; baina ez dira independenteak botere betearazlearekiko (fiskalburuaren menpe daude (gobernuak proposaturikoak). Bakarra da estatu osorako, eta kide bakoitzak erakundea ordezkatuz jarduten du.

Prozedura judiziala

Hasiera

  • Salaketa: zigor-arloari dagokio, eta anonimoa izaten da. Adibidez, sendagile batek susmatzen badu ume bat tratu txarrak jasotzen ari dela, salaketa egin beharko du, nahiz eta erasotzailea zein den ez jakin.
  • Kereila: zigor-arloari dagokio. Pertsona konkretu baten aurka zuzentzen da, eta kereila aurkezten duena izaten da alderdi interesduna.
  • Demanda / auzi-eskea: arlo zibilari dagokio. Arlo zibileko zigorrek ez dute inoiz askatasuna gabetzen, eta epaileak ez du ofizioz jarduten. Interesdunak prozedura bertan behera utziz gero, bertan bukatzen da.

Aurreko hiru horietako bat aurkeztu ostean, bi aukera izaten dira, eta epaileak erabakiko du zer egin: aurrera jarraitu edota kasua artxibatu.

Instrukzioa

Zigor-prozesuari dagokion fasea da, eta ikerketak egitean datza. Deklarazioa hartzen zaie lekukoei eta inputatuari, eta adituaren frogak aztertzen eta eztabaidatzen dira. Behin horiek eginda, bi aukera izaten dira: kasua artxibatzea edota, kriminalitate zantzuak egonez gero, pertsona horrekiko prozesatze-autoa onartzea, eta hitzezko judizioa egitea.

Hitzezko judizioa

Aldeek (akusatzaile zein akusatuek) beren alegazioak aurkeztu ostean, frogak egiaztatzen dira epaimahaiaren aurrean, honek epaia eman dezan. Judizioa legezkoa izateko baldintzak honako hauek dira:

  • Berdintasuna: alderdi guztiek aukera berdinak izan behar dituzte beraien defentsarako; bai alderdi akusatzaileak, baita alderdi salatuak ere.
  • Hitzezkotasuna: judizioa hitzezkoa izango da, baina idatziz ere jasoko da.
  • Publizitatea: ezin daitezke erabakiak ezkutatu. Jendeak eskubidea du jakiteko zergatik, nola eta zein frogekin epaitu den jakiteko. Izan ere, sententziak, gero, publikoak izaten dira normalean.
  • Kontraesana: frogak aurkeztu eta honela alderdi salatuak bere argumentuekin frogak baliogabetzeko kontraesana egiten du.

Epaia

Behin hitzezko judizioa amaitu ostean, epaileak epaia edo sententzia emango du:

  • Kondenatzailea: epaileak auzi-jartzailearen eskaria onartzen duenean.
  • Absoluziokoa: demandatuari edo akusatzaileari arrazoia ematen dionean jurisdikzio organoak.
  • Partzialki estimatzailea edo desestimatzailea: epaileak akusatzailearen eskari batzuei soilik ematen dienean arrazoi.
  • Osatzailea: erlazio judizial bat sortu, iraungi edo aldarazten duten sententziak dira halakoak.

Errekurtsoa

Sententzia batean jasotako ebazpen judiziala aldatzeko edo ezeztatzeko helburua duen eskaria da. Errekurtsoa epaia eman duen epaile beraren aurrean edo hierarkian gorago dagoen organoaren aurrean jartzen da, errekurtso motaren arabera. Errekurtso guztiek inpugnaturiko atal bat (doktrina deiturikoa), ezeztatzea bilatzen duen auzilari bat, sententzia egin duen epaile edo tribunal bat), errekurtsoa jasotzen duen epaile edo auzitegia eta erresoluzio berri bat aurrekoa aldatu, egiaztatu, baliogabetu edo ezezta dezakeena.

Antolaketa

Sakontzeko, irakurri: «Barruti judizial»

Botere judiziala epaitegi eta auzitegietan antolaturik daude, lehenak epaile bakar bat dute soilik (epailea –gehienetan- edo magistratua –gutxi batzuetan- bien arteko aldea antzinatasuna da) eta bertan abiatzen dira erreklamazio judizialak; alegia, lehen auzian epaitzen dute.

  • Lehen auzialdiko epaitegiak
  • Instrukzioko epaitegiak
  • Zigor-arloko epaitegiak
  • Lan-arloko epaitegiak
  • Espetxeratuen Zaintzako epaitegiak
  • Adingabeen epaitegiak
  • Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak
  • Administrazioarekiko auzien epaitegiak
  • Erregistro Zibila

Auzitegietan, ordea, hainbat magistratu daude; sala edo atalak dituzte euren bakoitza bere presidentearekin eta lehen auzian epaitutakoarekin ados ez egoteagatik errekurtsoa duten auziak ebazten dituzte (2. auzialdiko gaiak, beraz).

  • Auzitegi Gorena
  • Auzitegi Nazionala
  • Justizia Auzitegi Nagusiak
  • Probintzia Auzitegiak

Lehen instantzian, udalerri bakoitzean Bake Epaitegi bat dago, Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegia egon ezean. Udalerri hauek barruti judizialak osatzen dituzte probintzia berekoak edo mugakide diren beste udalerriekin. Adibidez, Donostiako barruti judizialean Donostia, Errenteria, etab. daude edo Eibarrekoan, Eibar, Elgoibar, Mutriku, etab. Lurralde eta funtzio jurisdikzionala kontuan izanik honelaxe antolatzen da botere judiziala Espainian :

  • Auzitegi Gorena : estatuan.
  • Auzitegi Nazionala: estatuan.
  • Justizia Auzitegi Nagusia: autonomia erkidegoan.
  • Probintzia Auzitegiak: probintzia bakoitzean.
  • Instrukzioko Epaitegi Zentralak: estatuan.
  • Zigor Arloko Epaitegi Zentralak: estatuan.
  • Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiak: epaitegi-barruti bakoitzean.
  • Zigor Arloko Epaitegiak: probintzia bakoitzean.
  • Lan Arloko Epaitegiak: epaitegi-barruti bakoitzean bat edo gehiago.
  • Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiak: probintzia bakoitzean.
  • Espetxeratuen Zaintzako Epaitegiak: probintzia bakoitzean, edo bi probintziatan edo gehiagotan bakarra.
  • Adingabekoen Epaitegiak: probintzia bakoitzean.
  • Bake Epaitegiak: udalerri bakoitzean.
  • Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak: barrutietan.

Auzitegi Gorena

Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Auzitegi Gorena»
Thumb
Espainiako Auzitegi Gorenaren egoitza, Madrilen.

Espainia osoan du jurisdikzioa, ordena guztietan (Zibil, Zigor, Administrazio auziak, Lan arloa, etab.), organo gorena delarik. Auzitegi Gorena azken ekinaldikoa da kasu guztietan. Bere erabakiak ezin dira errekurritu, eskubideak urratzen direnean salbu. Espainiako erregeak soilik utzi dezake Auzitegi Goreneko agindu bat baliorik gabe, Konstituzioak barkamen eskubidea ematen diolako.

Bost sala edo areto ditu, bakoitzerako izendaturiko magistratuez osaturikoa eta presidente bat duena buru:

  • Lehenengoa: Jurisdikzio zibila
  • Bigarrena: Zigor-jurisdikzioa
  • Hirugarrena: Administrazioarekiko jurisdikzioa
  • Laugarrena: Gizarte-jurisdikzioa
  • Bosgarrena: Jurisdikzio militarra

Orokorrean probintzia auzitegietako epaien aurkako (zibil eta zigor-arloan) kasazio errekurtsoez arduratzen da, hala nola gizarte-arloko epaitegietako errekurtsoez eta Auzitegi Nagusietakoez (administrazio-arloan). Berrikusteko ez ohiko errekurtsoak ere bere eskumenen tartean dauden lan eta zibil arloan.

Auzitegi Nazionala

Thumb
Espainiako Auzitegi Nazionalaren egoitza
Sakontzeko, irakurri: «Auzitegi Nazional»

Espainiako Auzitegi Nazionala edo Entzutegi Nazionala Madrilen egoitza duen eta espainiar estatu osoan eskumena duen helegite eta ekinaldiko auzitegi berezia da. Dagozkien gaien arabera kasu jakin batzuez arduratzen da, bai auzialdikoez, bai apelazioez. Lau auzi-gelatan banatuta dago:

  • Zigor Arloko bi areto: zenbait delituz arduratzen dena soilik (Nazioarteko delituen auzipetzea eta Krimen antolatutako delituak, esaterako terrorismoa, narkotrafikoa, diru faltsifikazioak, etab. zuzenean hemen epaitzen direnak) eta bigarrena aurrekoaren aurkako helegiteez arduratzen dena (helegite aretoa).
  • Administrazioarekiko Auzietarako Aretoa: Ministroen eta Estatuko Idazkarien ekintzen aurkako helegiteak.
  • Gizarte Arloetako Aretoa

Nabarmendu beharra dago zibileko alorrean jurisdikziorik ez duenez ez dagoela aretorik honentzat.

Justizia Auzitegi Nagusia

Erkidegoko Auzitegi Nagusia Espainiako Justizia Administrazioak Autonomia Erkidegoan duen justizia organo gorena da. Alor zibilean, zigor-alorrean, administrazioarekiko auziak eta gizarte arloen gainean du eskumena. bakoitzarekiko sala ezberdin bat dagoelarik. Bakoitzarentzat presidente bat dago eta Auzitegi osorako Presidentea. Halaber, arlo bakoitzak bere Presidentea du eta sala guztiak hainbat magistratuek osatzen dute.

« Euskal Autonomia Erkidegoko jurisdikzio organoen konpetentzia ondoko hauetara hedatzen da:
  • Zibil mailan instantzia eta gradu guztietara, Euskadiko Zuzenbide Zibil Foralaren gaietan kasazio eta berrikusketazko errekurtsoak barne direlarik.
  • Gaztigatzeko eta sozial mailan, instantzia eta gradu guztietara, kasazio eta berrikusketazko errekurtsoak izan ezik.
  • Kontentzioso-administratibo mailan eta Autonomia Erkidegoak legegintza exklusiboa dueneko gaietan

instantzia eta gradu guztietara, beraiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak diktaturikoak izanez gero, eta lehen instantzian, aldiz, Estatuko Administrazioak diktaturikoak baldin badira.

  • Euskal Autonomia Erkidegoko organo judizialen arteko konpetentzi arazoetara.
  • Jabegoaren Erregistroetan sarrera eduki behar duten Euskal Zuzenbide bereziaren dokumentuen kalifikapenari buruzko errekurtsoetara. Autonomia Estatutuaren 14. artikulua
 »

Probintziako Auzitegiak

Thumb
Gasteizko Olagibel kaleko Justizia-jauregi zaharra.

Egoitza probintzietako hiriburuetan dago eta jurisdikzioa probintzia osoko lurraldea. Bi atal / sekzio edo gehiago egon daitezke eta gai zibilak, zigor-arlokoak eta apelazioak daude bere eskumenen artean. Alegia, bigarren auzialdikoak, beste epaitegi batean emandako sententziaren errekurtsoa ezartzen denean.

  • Zibilean: Lehen auzialdiko epaitegien ebazpen judizialen aurkako errekurtsoak eta eskumen arazoak ebazten dituzte.
  • Zigor-arloan: Larritasun handiagoko zigorrak dituzten prozedurez arduratzen dira.

Zinpeko epaimahaiak

Herritarrek justizia administrazioan parte hartzeko era dira. Epaimahaikideek erabakiko dute akusatua erruduna den edo ez eta gero epaileak erabakiko du zenbateko zigorra ezarriko zaion, baina erruduna den edo ez herritarrak izango dira erabakitzen dutenak.

Pertsonen aurkako delituetan (adb: tratu txarren ondoriozko hilketetan), funtzionario publikoek egindako delituak haien karguen jardutean zehar (adb: Iruneko ogasunean Bravok egindakoa), ohorearen aurkako delituetan, askatasunaren eta segurtasunaren aurkakoetan eta suteen delituak epaitzen dituzte.

Epaimahai popular baten kide izateko baldintzak:

  • Espainiarra eta adin nagusikoa.
  • Irakurtzen eta idazten jakitea.
  • Eskubide politikoen gaitasun osoa edukitzea.
  • Izendapenaren unean delitua gertatu den probintziako udalerri baten bizilaguna izatea.
  • Epaimahaiaren funtzio betetzeko fisikoki, psikikoki edo zentzumen aldetik ezindua ez izatea.

Epaimahaikide bezala ez jarduteko aitzaki baliodunak:

  • 65 urte baino zaharragoa izatea.
  • Aurreko 4 urteen barruan epaimahaikide funtzioak egin izatea.
  • Karga familiarren arrazoiengatik trastorno larriak.
  • Kalte garrantzitsuak sufrituko lituzkeen garrantzizko interes orokorreko lanbide bat izatea.
  • Atzerrian bizitzea.

Lehen auzialdirako epaitegiak

Jurisdikzioa kokatuta dauden barruti judizialean dute eta partikularren arteko erreklamazio zibilez arduratzen dira. Erregistro zibilean lehen auzialdiko epailea da (jaiotzak, heriotza, bizi-agiriak, ezkontza eta bestelakoen inskripzioak erregistratzen dira) eta Lehen auzialdiko epaitegirik ez duten herrialdeetan, Bake Epaitegiak daude. Lehen auzialdiko eta Instrukzioko epaitegiak bateratuak edo banatuak egon daitezke lan kopuruaren arabera.

Instrukzioko epaitegiak

Euren jurisdikzioa kokatuta dauden barruti judiziala eta delituak eta ustezko errudunak ikertzen dituzte. Behin behinean kartzelara bidaltzeko aukera dute eta delituengatiko kausak izapidetzen (ikertzen) dituzte; kasu batzuetan, hutsegiteak (faltak) epaitzen dituzte (zigor-arloko epaiak).

Zigor-arloko epaitegiak

Instrukzioko epaitegiek ikertutako delituak epaitzen dituzte. Ez dute instrukziorik egiten; bakarrik epaitu.

Administrazioarekiko auzien epaitegiak

Jurisdikzioa probintzia osoan dute; egoitza probintziako hiriburuan dagoelarik eta administrazio publikoaren jardueren aurka aurkeztutako errekurtsoak ebazten dituzte.

Lan-arloko epaitegiak

Jurisdikzioa probintzia osoan dute, eta probintziako hiriburuan dute egoitza. Enpresaren eta langilearen arteko gatazkez arduratzen dira, eta Gizarte Segurantzaren edo estatuaren aurkako erreklamazioak aztertzen dituzte (baliogabetasunak, adib.).

Espetxeratuen zaintzako epaitegiak

Askatasunaz gabetzeko zigorren betearazpena kontrolatu eta espetxeetan barneratutako pertsonei dagokien guztia ebazten dute.

Adingabeen epaitegiak

14 eta 18 bitarteko adingabekoen (batzuetan, 21 urte arte) delitu edo huts-egite gisa tipifikatutako portaerak aztertzen (epaitzen) dituzte. Delitugilea 14 urtetik beherakoa bada, adingabeak babesteko erakundeek esku hartzen dute.

Bake-epaitegiak

Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegirik ez dagoen udalerrietan izaten dira bake-epaileak. Euren jurisdikzioa udalerrira mugatzen da. Bake-epailea ez da karrera judizialeko profesionala, baina funtzio jurisdikzionalak ditu (garrantzi gutxiko auzi zibilak eta zigor-arlokoen ebazpena), eta erregistro zibilaren funtzioak ere betetzen ditu.

Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiak

1/2004 Lege Organikoak, abenduaren 28koak, Genero Indarkeriaren Kontrako Babes Integraleko Neurriei buruzkoak, sortu zituen epaitegi horiek. Barruti judizial bakoitzean gutxienez batek egon behar du. Emakumeen kontrako indarkerian espezializatutako organoak dira. Zigor eta Zibil arloko kasuez arduratzen dira, eta euren ezaugarri nagusia epaile berdinak indarkeria kasu zehatzaren inguruko ondorio guztiak ikertuko dituela da, bai zibilak, baita penalekoak ere. Biktimak bereziki eta guztiz babesteko formarik egokiena dira. Epaitegi hauetan ematen diren erabakien aurkako errekurtsoak Probintzia Auzitegietan aurkezten dira.

Beste organoak

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia

Sakontzeko, irakurri: «Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia»
Thumb
Erakundearen armarria.

Espainiako botere judizialaren gobernu-erakunde gorena da. Bere funtzio nagusia epaile eta magistratuen independentzia bermatzea da, Estatuko beste botereetatik. Espainiako Konstituzioak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia ezartzen du 122.2 eta 122.3 idatz zatietan, eta beste inon ez du aipatzen:

« 2.- Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia beraren gobernurako organoa da. Lege organikoak ezarriko ditu haren estatutua, eta kideen bateraezintasun-araubidea eta eginkizunak; batez ere, izendatze, igotze, ikuskatze eta diziplina-araubideari dagokionez.

3.- Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia osatuko dute Auzitegi Goreneko presidenteak, bera buru izanik, eta Erregeak bost urterako izendatutako hogei kidek. Hogei horietatik hamabi, kategoria judizial guztietako epaile eta magistratuen artetik izendatuko dira, lege organikoak ezarriko duen eran; lau, Diputatuen Kongresuak hala proposaturik; eta beste lau, Senatuak hala proposaturik. Azken bi kasuotan, izendapena abokatu eta bestelako legelarien artetik egingo da, eta kideen hiru bostenak izendapenaren aldeko botoa eman beharko du; izendatuek ospe handikoak izan beharko dute, eta hamabost urtetik gorako esperientzia izan beharko dute beren lanbidean.

 »
1978ko Espainiako Konstituzioa, 122. artikuluko 2. eta 3. idatz zatiak

Berez, ez da organo jurisdikzionala, ez baitu funtzio judizialean parte hartzen. Epaileek eta magistratuek modu independentean eta inoren esku-sartzerik gabe epai dezaten zaintzeaz arduratzen da. Epaileek, erabakiak hartzean, askatasuna izatea bermatzen dute. Auzitegi Goreneko presidenteak eta 20 mahaikidek osatzen dute (10 Diputatuen Kongresuak proposatutakoak, eta beste 10 Senatuak).

Konstituzio Auzitegia

Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Konstituzio Auzitegia»
Thumb
Auzitegiaren egoitza, Madrilen.

Berez, ez da botere judizialaren parte. Estatuko lurralde osoan du jurisdikzioa, eta ondoko gai hauek ebazteko eskumena du:

  • Legeen eta lege-indarra duten xedapenen aurkako Konstituzio-kontrakotasun errekurtsoak.
  • Babes-errekurtsoak: norbaitek Konstituzioan jasotako oinarrizko eskubideetakoren bat urratu diotela uste duenean aurkezten dira.
  • Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean edo zenbait autonomia-erkidegoren artean sortzen diren eskumen-gatazkak.

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.