From Wikipedia, the free encyclopedia
Joxemi Zumalabe Goenaga (Donostia, 1950eko urriaren 14a - 1993ko urtarrilaren 12a), kazetaria, marrazkilaria eta enpresaburu euskaltzalea izan zen, euskalgintzako eragile funtsezkoenetako bat.
Joxemi Zumalabe | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Joxemi Zumalabe Goenaga |
Jaiotza | Donostia, 1950eko urriaren 14a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 1993ko urtarrilaren 12a (42 urte) |
Familia | |
Aita | Joxe Migel Zumalabe |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | kazetaria, enpresaburua eta ilustratzailea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Zeruko Argia aldizkarian hasi zen kazetari lanetan, eta 1979an astekariak Argia izena hartu eta norabide berria hartu zuenean bera izan zen bultzatzaile nagusienetakoa. Euskaldunon Egunkariaren sortzaile eta sustatzaile garrantzitsuenetakoa ere izan zen.
Donostian jaio zen, bere familia Urbieta kaleko 56. zenbakian bizi zenean. Aita, Jose Migel Zumalabe, matematikaria eta aparejadorea zuen ikasketaz eta etxeak egitea zuen lanbide. Ama, Axentxi Goenaga, maistra zen ikasketaz baina ez zuen inoiz lan horretan jardun. Lau ziren etxean, aita-amak, Joxemi bera eta Koro, hiru urte zaharrago zen arreba.
Bere aita kultur eragile garrantzitsua zen garai hartako Donostiako giro euskaltzale eta abertzalean. Zeruko Argia aldizkaria berpizten eta ikastolak sortzen (Santo Tomas Lizeoaren bultzatzaile nagusienetakoa izan zen, Koldo Mitxelena eta Karlos Santamariarekin batera) ekarpen garrantzitsuak egin zituen. Pintorea ere bazen, besteak beste Jorge Oteizaren gaztetako laguna.
Familia giro abertzalean hezi zen Zumalabe. Hiru urte zituela hasi zen ikastolan. Karmele Esnal irakasleak Artzain Onaren Plazan zuen lokalera joaten zen egunero. Ikastola klandestinoa zen artean. Esnalen eskolak bi urtez hartu ondoren, bost urte zituela Elbira Zipitriaren etxera pasatu zen, Donostiako Parte Zaharrean. Bederatzi urte bete arte aritu zen Zipitriaren eskoletan. Halabeharrez Sagrado Corazon ikastetxe erlijiosora joan behar izan zuen urtebetez.
Hamar urte egin zituenerako ordea, bere aitak Karlos Santamaria eta Koldo Mitxelenaren laguntzaz Santo Tomas Lizeoa sortua zutenez, hara joan zen ikastera. 1960. urtea zen. Ikaskide izan zituen, besteak beste Rafa Egiguren eta Antton Santamaria. Irakasleen artean berriz Rikardo Arregi eta Ramon Saizarbitoria zeuden beste askoren artean. Azken horien eragina erabakigarria izan zen Zumalaberen euskaltzaletasunean.
1966an hasi zen Joxemi Zumalabe Zeruko Argia aldizkarian idazten, Antton Santamaria eta Rafa Egiguren ikaskideekin batera. Ramon Saizarbitoriak eta Rikardo Arregik garai hartan Gazte naiz izeneko saila zuten aldizkarian eta Hemen gazteagoak izeneko saila sortu zuten Santo Tomas Lizeoko ikasleentzat. Geroago aldizkariko nazioarteko sailean idazten hasi ziren. Idatzi baino, itzulpen lana zela diote orduko lankideek. Rafa Egigurenek azaldu izan duenez, Alderdi Ederren Rikardo Arregirekin hitzordua egiten zuten. Nouvel Observateur aldizkariaren zenbakiak banatzen zizkien Arregik gazteei eta bakoitzak zein artikulu kopiatuko zuen erabakitzen zuten.
1968an Bartzelonara joan zen Arkitektura ikasketak egitera, baina aurreneko maila bukatu gabe itzuli zen Donostiara 1969an. Giro politikoa nahasia zegoen, besteak beste Txabi Etxebarrietaren hilketaren ondoren. Zumalaberentzat gertaera lazgarria izan zen hura, besteak beste Etxebarrieta ezagutu zuelako. 1970eko lehenengo urteetan legez kanpoko kantaldiak egiteko egitasmo bat jarri zuen abian, Kintxo Sarasola, Mikel Arregi, Gabriel Gurrutxaga, Xabi Larrea, Mikel Intxausti, Joxerra Beloki, Itziar Salegi, Marta Barandiaran eta Joxemari Ostolazarekin batera. Resurreccion Maria de Azkueren kantutegia hartu eta herriz herri ibili ziren gitarra eta panderoz lagunduta kantatzen. Dena dela, Burgosko prozesuaren garaiak ziren, eta salbuespen-egoerek ez zuten kantaldiak antolatzeko bidea erraztu. Hasi eta urtebetera banatu zen kantaldiak antolatzen ibili zen talde hura.
1972an soldadutza egin zuen eta handik bueltan Ordizian hasi zen lanean Gaztañaga galdarategian. 1976. urtera arte aritu zen han lanean, Donostiako Egia Fotocomposición inprimategian lana eskaini zioten arte. Enpresa horrek Zeruko Argiarentzat lanak egiten zituen eta Zumalabek aldizkarian lanean ari zirenak ezagutzen zituen: Pilar Iparragirre, Elixabete Garmendia, Rotu Astrain eta Joxemari Ostolaza, besteak beste. Azken horrek eskaini zion 1977an aldizkarian lanean hasteko. Aldizkariaren diseinuan eta muntaian hasi zen lanean eta beranduago hartu zituen marrazkien ardura eta azalarena.
1979an Zeruko Argia krisian zegoen: aldizkariaren jabe ziren fraide kaputxinoek inprimategiarekin zor handiak zituzten eta astekaria bertan behera uztekotan ziren. 1980an beren gain hartu zuten aldizkaria langileek. Zeruko Argia izatetik Argia izatera pasa zen aldizkaria.
Garai berriko lehen zeregina lan taldea finkatzea izan zen. Josu Landa, Pello Zubiria, Jon Barandiaran eta Iñaki Uria aldizkarian lanean hasi ziren 1982rako. Geroago beste hainbat ere hasi ziren (Pablo Sastre, Joseba Alvarez...).
Aro berriko lehen hiru urteetan lankideetako bakar batek ere ez zuen aldizkaritik kobratzen. Zumalabek Hoja del lunes egunkaria muntatzen irabazi zuen soldata urte haietan.
Arazo ekonomikoei buelta eman zien Argiak apurka-apurka, euskarazko prentsa posible zela erakutsiz. Joxemi Zumalaberen bultzadarekin aldizkariaren inguruan Apika informatika enpresa sortu zen 1984an eta Antza inprimategia 1988an. Bi enpresa horiei esker astekariak finantziabidea bermatu zuen.
Euskarazko astekariaren apustua gaindituta Euskaldunon Egunkaria sortzea izan zen Zumalaberen hurrengo erronka. 1987an honakoa esan zuen Zumalabek: "Dugun guztia mahai gainean jarri eta euskarazko egunkari baten aldeko apustua egin behar dugu".
Lan horretan aritu zen buru-belarri hurrengo urteetan. 1990eko urtarrilean Egunkaria Sortzen egitasmoa abian jarri zen akziodunak bilatzeko eta dirua biltzeko. Handik hamabi hilabetera sortu zen Euskaldunon Egunkaria.
Egunkari berriko Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkari izendatu zuten Zumalabe. Ordurako ordea, sabeleko minbiziaren eragina pairatzen hasia zen. Egunkaria abian jarri eta bi hilabetera hil ala biziko lehen ebakuntza egin zioten, 1991ko otsailean. Onik atera zen arren, urte eta erdira berriro ebakuntza egin behar izan zioten, 1992ko azaroan. 1993ko urtarrilaren 12an hil zen 42 urte zituela.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.