Feudalismoa Erdi Aroko Europako sistema politiko, ekonomiko eta soziala izan zen, IX-XV. mendeen artean iraun zuena. Erreinuak konderri eta jaurerri txikiagoetan banatuta zeuden, non jauntxoek beraien basailuei babesa ematen zieten. Basailuek, trukean, zergak eta tributuak ordaindu behar izaten zituzten, jaunaren lurrak erabiltzeagatik. Jauntxo feudal haiek nobleak edota Elizako kide ziren, eta erregearekin menpekotasun erlazio bat zuten, batzuetan handiagoa eta batzuetan txikiagoa izan zitekeena.

Thumb
Basailu batek (belauniko) gorazarre egiten dio bere jaunari (eserita).

Feudalismoaren jatorria Erromatar Inperioaren gainbeheraren ondoko herri barbaro inbasioetan, nekazaritzaren nagusitasunean, garaiko teozentrismoan eta gizartearen kontzeptu piramidalean datza.

Historiografian, feudalismo hitza erabiltzen da, orobat, materialismo historikoak (historiografia marxistak, alegia) feudaltzat jotzen dituen ekoizpen-moduan oinarritutako antolabide sozioekonomikoa ere izendatzeko[1].

Antolabide sozioekonomiko modura, feudalismoak antzinaro berantiarrean izan zuen hasiera, ekoizpen esklabistatik ekoizpen feudalera igarotzean, III. mendeko krisialditik aurrera eta, bereziki, Mendebaldeko Erromatar Inperioa desagertu ondoren (V. mendea) eta erresuma germaniarrak eta Karolingiar Inperioa sortu eta gero (VIII. eta IX. mendeak).

Zenbait tradizio juridikotan (erromatar nahiz germaniar zuzenbideetakoak, hala nola bezerotza, jarraigo eta basailutza) oinarrituta, feudalismoa hainbat mendetan gertatu ziren inbasioen (herri germaniarrak, eslaviarrak, magyarrak, musulmanak eta bikingoak) garaiko ezegonkortasun eta segurtasun ezagatik sortu zen. Estatuko erakunde urrunen ezgaitasuna zela eta, segurtasun bakarra tokian tokiko agintarien eskutik zetorren, noble laiko edo eklesiastikoen eskutik, zeinen eskumendean baitzeuden landa-inguruetako gaztelu edo monasterio gotortuak, hirien gainbeheraren ondorioz boteregune berriak izatera iritsiak.

Historia

Europan Karlomagnoren inperioa amaitu ondoren sortu zen feudalismoa (hau da, frankoen erreinuan, IX. mendean), feudoak eratu eta aitoren semeen eta mendekoen arteko harremanak finkatu zirenean. Frantziatik Italiako iparraldera, Espainiara, Alemaniara eta eslaviar lurraldeetara zabaldu zen; 1066an Ingalaterrara, Italiako hegoaldera eta Siziliara iritsi zen. Erregeak lur guztien jabeak ziren, eta zaldunei ematen zizkieten haien mendekoek erabil eta lan zitzaten. Beren lurrak eta elizarenak banatu zituzten era horretan.

Feudalismoa batez ere IX. mendean zabaldu zen ekonomia sistema eta lurraren jabetza izateko modu berezia izan zen. Sortu zenean, lurraren jabetza bizitza osorako izaten zen, baina geroago lurra herentziaz hartzen zuten aitoren semeek. Era horretan erregearen ahalmenak behera egin zuen, eta nobleen familiak aberastu ziren. Eliza ere modu berean zegoen eratua: zaldunek aukeratzen zituzten apezpikuak eta abadeak, eta haiek, ordainetan, zerbitzuak eskaintzen zizkieten nobleei. Legearen alorrean, feudalismoak bertako agintarien gorteen ordez, jaun baten mendekoez osatutako gorteak ezarri zituen.

Estatu zentralistak sendotzeak, hirien indar ekonomikoak, burgesiak eta merkataritzaren gorakadak feudalismoaren amaiera ekarri zuten; XIII. mendean hasi zen desegiten, baina artean zenbait mendez egin zuen aurrera, erabat desagertu arte. Munduko beste lurraldeetan ere izan ziren antzeko ezaugarriak zituzten sistemak, Japonian adibidez. XIV. mendearen bukaerarako feudalismoak Europako gizartean indarrik ez bazuen ere, gizarte guztietan utzi zituen arrastoak (zergak biltzea, jaunen eta zerbitzarien arteko betebehar eta eskubideak...) erakunde sortu berrietan.

« Birprodukzioak atzera egiten du; ustiategi asko desorekatuta geratzen dira, eta nekazari zordunak, lehenengo, aziendaren zati bat saltzen hasten dira; gero, ustiategiaren zati bat eta, azkenik, ustiategia bera saltzen dute —zorren ondorioz kartzelaratzen ez dituztenean— eta hirira joaten saiatzen dira. (...) Gizarte-ondorioak tamalgarriak dira: nekazariak astintzen dituen pobretze-prozesu gogorra hasi da, zeinaren froga bat —adierazpen konkretuak aurkitzen baditugu— 1300etik gertatzen den hilkortasun tasaren hazkunde erregularra baiten. (...) Izurri Beltza ez da istripu bat, testuinguru honetan sartzen den zerbait baizik; testuinguruak ez du bere erasoa justifikatzen, baina ekartzen dituen kalteen larritasuna azaltzen digu.

Guy Bois (1981)

 »

[2].

Dohaintza adibidea

« Nik, Josseran, zalduna, Cipierre-koa ere deitua, Odile nire emaztearekin, biok nahi dugu denek (...) jakin dezaten (...) Jainkoari eta Pedro eta Paulo bere apostolu santuei eta baita Hugo abade agurgarriak zuzentzen dituen Cluny-ko fraileei ere dohainean ematen diegula, gure eta gure arbasoen arimarengatik, gure menpean dagoen Chaselle deritzan Macon-en dagoen domeinu bat, hots, eliza eta kanposantua, mahastiak eta zelaiak, galtzuak eta basoak, errotak eta urak, ur-lasterrak, Ameuyny-ko elizatik Plantes-eko "condamina"-raino (...), Bray-ko baso eta Taize-ko zelaietaraino, eta Chisse-ko basoraino, eta lur guztia, landua ala ez, muga hauen barnean manso-arena bezala onartzen dena: eta muga horietatik kanpo Notre-Dame de Chaselle-ko elizaren menpean legokeena (...) ematen diegu. Letaud eta Atton gure semeek ere onartzen eta baiez-tatzen dutelarik. Halaber morroi hauek ematen ditugu: Guy errotaria eta bere seme-alabak; Humberto eta bere emazte eta seme-alabak; Joussaud itzainaren seme-alabak; halaber bestejossaud eta bere seme-alabak; Roberto-ren semea den Humberto, eta bere ama, eta Mainberto-ren seme-alabak; baita Giraud-en semea, Alerico-ren seme-alabak ere; Joan eta bere seme-alaben erdia; Vicenterrotaria eta bere seme-alaben erdia; Engeaume eta bere seme-alaben erdia. Azken hiru hauen emazteei dagokienez, bakoitzarengandik zentsu bezala bakarrik zortzi denier hartuko ditugu, bizi garen bitartean. Baita Maria eta bere seme-alabak ere ematen ditugu. Nire emaztearen izeba Ameliak fraile hauei eman zien domeinuaren zatiaren dohainari dagokionez, Ricardo eta Godofredo bere semeek onartu zutena, guk onesten dugu. Zaldun batek berme moduan gordetzen duen elizaren hamarrenari dagokionez, hitz ematen dugu beroni konpentsazio modura ematea, berak onartzen badizkigu, bost solde Macon-eko lur baten gaineko errenta bezala.

Josseran zaldunaren dohaintza Cluny ordenari (1089)

 »

[2]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri

.

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.