Izotz gaineko patinaje artistikoa izotz-pista batean irristailu gainean ibiliz pieza musikal bat interpretatzean datzan neguko kirola da. Piruetak, jauziak eta beste hainbat elementu eta mugimendu egin behar dira, eta epaile batzuek elementu horiek guztiak puntuatzen dituzte.[2] XIX. mendean sortua, denboraren poderioz, garapen tekniko eta estilistikoak izan zituen egungo itxura hartu arte. Nazioarteko Irristaketa Batasunak nazioarteko txapelketak antolatzen ditu eta kirol olinpikoa ere bada.

Datu azkarrak Kiroleko agintaria, Ezaugarriak ...
Izotz gaineko patinaje artistikoa
Thumb

1977ko zigilu bat, non bikote bat figura komun bat egiten ikusten den

Kiroleko agintaria

NIB eta afiliatutako federazio nazionalak.

Ezaugarriak
Kategoria Negu-kirolak
Materiala Izotzeko patinak
Topaketaren tokia 56-60m (luzera) x 26-30 metroko (zabalera) izotz pista[1]
Puntuaketa formatua

ISUREN kalifikazioaren sistema

Olinpiarra

Irristaketa artistikoaren banakako eta bikoteko kategoriak (1908) eta izotz dantza (1976) dira kirol olinpikoak.

Datuak editatzea Wikidatan [ ]
Itxi

Patinajearen historia

Eboluzio teknikoa

Thumb
1498ko egur grabatua, non patinatzaile bat ikusten den garaiko teknika erabiliz burdinazko marrazadun patinekin.

Klima hotzetako lurraldeetan hasi zen praktikatzen, neguan laku zein ibaiak izozten ziren zonaldeetan. XII. mendean, William Stephanidesek Londresen patinatzaileen presentzia aipatzen du. Holandan ere arrakastatsua zen, bertako kanal sare zabaletik mugitzeko erabiltzen baitzen. Garai hartan patinak hezurrez eginikoak ziren eta soken bidez lotzen ziren zapatetara. Patinatzaileek zorrozturiko punta zuten bastoiak erabiltzen zituzten izotzean zehar bultzatzeko.[3]

Burdinazko marrazak zituzten patinen asmakuntza hobekuntza garrantzitsu bat izan zen, haien ertz zorroztuak izotzean sartzen zirelako eta irristalariak euskarririk gabe desplazatu ahal zirelako, alderik aldeko mugimendu esanguratsua erabiliz. Berrikuntza hau seguru asko Herbehereetan sortu zen XV. mendean, 1498ko Johannes Brugmanen zurezko grabatu batean irristalari bat agertzen baita teknika hau erabiliz. XVI. eta XVII. mendeetako artelan ugarik irristalariak laku zein kanal izoztuetan erakusten dituzte, patinajeak garai hartan olgeta jarduera gisa zuen ospearen erakusle. XVIII. mendean lehen kluba sortu zen Edinburgon.[3][4]

Thumb
Jackson Haines, patinaje artistikoaren aita

XIX. mendean kirolaren forma berria ahalbidetu zuten zenbait aurrerapauso egon ziren:

  1. Altzairuzko marrazen agerpena, hauskaitz eta arinagoak, eta kurbadura handiagoarekin, birak zein artaziak egiteko egokiagoak. Era berean, marrazak beti zapatei lotuta zituzten patinak erabiltzen hasi ziren.
  2. Lehen izotz pista artifizialak, gehienak estalperik gabekoak, nahiz eta lehen pista estaliak ere mende bukaeran agertu ziren. Honek kirolean parte-hartzea areagotu zuen.[3]
  3. Iraultza estilistiko bat, Jackson Haines irristalari estatubatuarrak ekarria. Honek bere balleteko ezagutzak eta bere artista esperientziak konbinatu zituen irristaketarekin, eta elementu artistiko bat txertatu zuen ordura arte teknikoa bakarrik zen kirol batean. Patinaje artistiko modernoaren sortzailetzat hartzen da.[4]

XX. mendearen hasieran patinetako diseinuan azken berrikuntza nabarmena agertu zen: marrazetako puntetako zerra, jauzien altuera eta luzera handitzea ahalbidetu zuena eta errotazio bakarreko saltoetatik gaur egungo txapelketetan ohikoak diren salto hirukoitz zein laukoitzetarako progresioan lagungarri izandakoa. Mende honen erdialdean, hozte sistemak eta eraikuntzako material isolatzaileak hobetzen hasi ziren. Pista estalien eraikuntzako handitzearekin batera, patinajeak denboraldiko kirol bat izateari utzi zion eta urte guztian zehar praktikatzen hasi zen. Era berean, klima beroagoa zutelako kirol honetan tradiziorik ez zuten herrialdeetan ere zabaltzen hasi zen.[4]

Txapelketako patinajearen historia

1882tik 1969ra

Garrantzizko lehen nazioarteko lehiaketa 1882an ospatu zen Vienan. Lehen lehiaketetan hiru parte zeuden: «nahitaezko figurak», non patinatzaile guztiek figura edo ibilbide berdina egin behar zuten, «figura bereziak», non irristalariak hark aukeratutako figura bat egiten zuen, eta «programa librea», bertan ere jauziak eta artaziak egiten zirelarik. Nahiz eta figura bereziek trebetasun handi bat eskatzen zuten, ez ziren oso gogokoak ikusleen artean, ezinezkoa zelako traza konplexuak egitea izotzaren gaineko mugimendu jarraitu batean.[4]

Thumb
Nikolai Panin patinatzaile errusiarrak 1908ko Joko olinpikoetan figura berezietako lehiaketan egin zituen ibilbideen diagramak.

Nazioarteko Irristaketa Batasuna (NIB eta ingelesez ISU, International Skating Union), 1892an sortu zen.[5] Lehen munduko txapelketak 1896an ospatu ziren, San Petersburgon, Errusian.[3] NIBk antolatutako bakarkako irristaketa txapelketak bi segmentuz osatzen ziren: nahitaezko figurak eta programa librea. Hasieran soilik gizonak lehiatzen ziren, baina araudiak esplizituki emakumeak baztertzen ez zituenez, 1902an Madge Syers ingelesa txapelketara aurkeztu zen eta bigarren postua lortu zuen. Gertaera hau zela eta, NIBk emakumeen parte-hartzea debekatzea erabaki zuen, baina bi urte geroago berriro onartu zuen, emakumeentzako kategoria berezi bat sortuz. 1908an bikote kategoria sartu zen. Horrela, emakumeek maila gorenean lehiatu ahal zuten lehen kiroletako bat bihurtu zen patinajea.[4]

Patinaje artistikoak Londreseko 1908ko Olinpiar Jokoetan debuta egin zuen  erakusketa kirol gisa. Lehiaketa izotz artifizialeko zelai batean egin zen, Jokoen bukaeran. 1920ean, patinaje artistikoa, izotz gaineko hockeyarekin batera, lehen neguko kirol olinpiar ofiziala bihurtu zen, 1924ko lehen Neguko Olinpiar jokoak Chamonixen ospatu baino lau urte lehenago. 1908ko debut olinpiarretik gizonezkoen, emakumezkoen eta bikotekako kategorietan lehiatzen da. Izotz gaineko dantza lehiaketa lehen aldiz 1952ko Munduko Kopan sartu zen nazioarte mailako txapelketa batean, baina olinpiar jokoetan ez zen 1976raino agertu, Innsbrucken.[4]

1969tik gaur egunera

Nahiz eta bikoteetako eta dantzako diziplinetan ez zen figuretan lehiatzen, azken hauek banakako patinatzearen parte izan ziren 1991eraino. 1969raino, figurak azkeneko emaitzaren %60a ziren eta programa librea, %40a. Ordutik aurrera figuren garrantzia gutxitzen hasi zen, lehiaketak telebistatik ematearen ondorio ez-zuzen gisa: programa librea erakargarriagoa zen kirolaren jakintza teknikorik ez zuen auzitegi orokor batentzat, ez zuelako ulertzen zergatik jauzi eta artazi hoberenak egiten zituzten patinatzaile artistikoenak ia beti zati librean makurrago zebiltzan baina figuretan oso onak ziren patinatzaileen atzean geratzen ziren.[6] Honek 1972an programa laburra sartzea bultzatu zuen, eta figuren pisua %40ra jaistea. Urteak aurrera joan ahala figuren puntuazio orokorra jaisten joan zen, soilik %20ra iritsiz. Azkenean, nazioarteko txapelketetan guztiz ezabatu ziren.[7]

Izotz gaineko patinaje artistikoko txapelketetan eman zen azkeneko aldaketa puntuazio sistema berri baten onarpena izan zen. Gaur egun, lehiaketaren bi zatietan lortutako puntu totalak gehitzen dira azkeneko sailkapena lortzeko. Aurreko sisteman berriz, bi zatietako sailkapenaren postuen batuketa ponderatua egiten zen, «6,0» deitzen zen metodoaren bidez. Sistema zaharrak nahasmen handia eragiten zuen ikusleen artean, beste kirolari baten emaitzaren ondorioz bi (edo gehiago) patinatzaileen arteko posizioak aldatu ahal zirelako.[8] Oso esanguratsua izan zen adibide bat 1997ko Europako Txapelketan gertatu zen, domina-zerrendaren osaketa izugarri aldatu baitzen lehiaketako azken patinatzailearen programaren ostean. Era berean, nahiz eta programa libreari pisu handiagoa eman zitzaion, programa laburrean izandako sailkapen txar batek kirolari bat domina lortzeko aukerarik gabe utz zezakeela ere kritikatzen zen, nahiz eta postu altuagoetan geratutako patinatzaileen puntuazio orokor berdina izan. 1997tik aurrera kalifikatzeko metodo ezberdinak aztertzen hasi ziren.

Gaur egungo sistema Salt Lake Cityko 2002ko olinpiar jokoetako eskandaluaren ostean onartu zen. Hainbat epailek emaitzetan eragiteko akordio bat egin zutela jakin zen. Aspektu batzuetan, aldaketarekiko erreakzioa positiboa izan zen: adibidez, irristalari batzuek positibotzat jotzen dute elementu bakoitzaren kalifikazio zehaztua jasotzea.[9] Sistema berriak ere kritikak jaso ditu: haren konplexutasunagatik; paradoxikoki, epaileen akats edo manipulazioari sentsibleagoa izateagatik eta bere behar tekniko eta pertsonalengatik, irristaketa klubek bere egitea zailtzen baitu.[10][11]

Kirolari ospetsuak

Thumb
Aleksei Jagudin, aro modernoko patinatzaile ospetsuenetako bat

Mende hasieran, irristaketan gehien nabarmendu zen patinatzailea Ulrich Salchow suediarra izan zen, izen bereko jauzia asmatu zuena eta munduko txapelketa 10 aldiz irabazi zituena. XX. mendeko 20 eta 30. hamarkadetan, Sonja Henie norvegiarra ere nabarmendu zen, hiru urrezko domina olinpiarren irabazlea 1928 eta 1936 urteen artean eta 1927tik hasita 10 munduko txapelketa jarraian irabazi zituena. Ulrich Salchowrekin batera, marka hori lortu duten banakako patinatzaile bakarrak dira. Sonia Heniek ere gaur egun patinatzaile emakumeek erabiltzen dituzten gona labur tipikoa eta patin zuriak jendarteratu zituen.[12]

Bigarren Mundu Gerraren ostean Estatu Batuetako eta Kanadako patinatzaileak hasi ziren kirol honetan nabarmentzen. Garai honetako figura Richard Button izan zen. Axel bikoitza, airean bi bira t'erdi ematen diren jauzia, egitea lortu zuen lehen irristalaria izan zen, baita oinak airean gurutzatzeko teknika erabiliz jauzi hirukoitz bat egin zuen lehena. Haren entrenatzaile Gustave Lussi suitzarrak asmatu zuen teknika hori.[13] David JenkinsJanet Lynn eta Peggy Fleming estatubatuarrak eta Barbara Ann Scott eta Donald Jackson kanadarrak aipatu behar dira baita ere.[12][14]

Azken hamarkadetan, munduko txapelketak eta olinpiar jokoak irabazi dituzten hainbat patinatzaile nabarmendu behar dira. Gizonezkoen artean Scott Hamilton, Brian Boitano, Viktor Petrenko, Brian Orser, Kurt Browning, Robin Cousins, Elvis Stojko, Aleksei Urmanov, Aleksei Jagudin, Jevgeni Pliustxenko, Stéphane Lambiel, Jeffrey Buttle, Evan Lysacek, Daisuke Takahashi, Patrick Chan, Yuzuru Hanyu eta Javier Fernández López; eta emakumeen artean Katarina Witt, Midori Ito, Kristi Yamaguchi, Dorothy Hamill, Chen Lu, Oksana Baiul, Michelle Kwan, Sarah Hughes, Tara Lipinski, Irina Slutskaia, Maria Butyrskaia, Shizuka Arakawa, Yu-na Kim, Miki Ando, Mao Asada eta Adelina Sotnikova.[15][16]

Bikoteetako kategorian denbora luzez Sobietar Batasuna eta ondoren Errusia izan ziren nagusiak, Liudmila BelousovaOleg Protopopov eta Irina Rodnina bezalako patinatzaileekin. Azken honek munduko 10 txapelketa eta hiru urrezko domina olinpiar irabazi zituen bi bikoterekin, Aleksei Ulanov eta Aleksandr Gennadievitx Zaitsev. XXI. mendean bikote txinatarrak nabarmentzen hasi ziren, Yao Bin entrenatzailearekin, 2010eko txapeldun olinpiar Xue Shen eta Hongbo Zhao bezala.[17]

Ravelen boleroa programa, zeinarekin Jayne Torvill eta Christopher Dean irristalari britainiarrek dantzako urrezko domina irabazi zuten Sarajevoko 1984ko Olinpiar jokoetan, izotz irristaketaren klasiko handitzat hartzen da.[18]

Ekipamendua

Izotz pistak

Patinaje artistikoa edozein izotz azalera gainean praktikatu daiteke: naturala edo artifiziala, estalia edo estali gabea. NIBaren nazioarteko txapelketak estalitako pistetan ospatzen dira, ahal izanez gero 60x30 metrokoetan eta inoiz ez 56x25 metro baino gutxiagokoetan.[1] Izotza ahalik eta erregular eta lauena izan behar da, artazi eta birak egitea errazten duen labaintze jarrai eta leuna lortu ahal izateko. Horregatik, izotz naturalean eta estali gabeko pistetan egiten den patinajea normalean aisiarekin lotutakoa izaten da soilik. Txapelketetan, izotza bi patinatzaile talderen ostean konpontzen da normalean. Izotzaren tenperatura ez dago araudian ezarria, eta hozte sistemaren eta pistaren erabilera ohikoenaren menpe egon ohi da: eliteko patinaje artistikorako erabili ohi diren pistak izotza tenperatura erlatibo altu batean (-5,5 °C) mantentzen dute, izotz hockeyra edo aisizko patinajera bideratutako pistekin alderatuz. Tenperatura horretan, egiten diren figura eta jauzien kontrol hobea izaten da, nahiz eta pista lehenago hondatzen den.[19]

Patinak

Thumb
Irristaketa artistikoko patin baten eskema. L-ak ezkerreko patina ordezkatzen du, eta R-ak, eskuinekoa. Erakusten da: 1) marrazaren aurrealdeko zerra, 2) marrazaren kanpoko ahoa eta 3) barneko ahoa

Irristaketa artistikoan erabiltzen den patinak bota bat, gurpil gaineko irristaketa artistikoan erabiltzen denaren antzekoa eta torlojuekin finkatzen den marraza batez osatua dago. Kalitate hobereneko patinetan botak eta marrazak bakoitza bere aldetik eskuratu ohi dira. Horrela, marrazaren kokapen zehatza patinatzailearen nahien arabera ezarri daiteke, eta ekipoa aldatzeko malgutasun handiagoa dago, adibidez, marraza berdinak bota berri batzuetan erabiliz.

Botak nagusiki larruzkoak izan ohi dira. Material honek gradualki oinari moldatzen joateko abantaila du, horrela patinen kontrol zehatzagoa izanez. Patin berrietako zolek plastikozko material arinagoak ere izaten dituzte, patinen pisua gutxitzeko. Garrantzitsua da botek orkatilen aldeetan euste nahikoa eman dezaten, horregatik errotazio anitzetarako erabiltzen diren patinek oso eraikuntza zurruna izaten dute. Emakumeek patin zuriak eta gizonek beltzak erabiltzeko ohitura oso hedatua dago, nahiz eta ez dagoen hori behartzen duen arau edo irizpiderik araudian. Beste kolore batzuetako patinak erabili daitezke, eta ohikoa da partzialki edo osorik estaltzea media, galtza edo koloreetako zorroekin programako gaiarekin edo irristalariaren jantziarekin bat egiteko. XX. mendean zehar bai gizon zein emakumeek patin ilunak erabili ohi zituzten, irristalari famatu batzuk, Charlotte Oelschlagel edo Sonja Henie kasu, patin zuriak erabiltzen hasi ziren arte tradizio honi hasiera emanez.

Marrazak epeldutako altzairuz egiten dira eta kromozko kapa batez estaltzen dira herdoiltzetik babesteko. Dena den, izotzarekin harremanetan dagoen azpiko partean ez da estalki hau ematen. Marrazaren parte honek profil haur bat dauka, bi aho nabarmen sortuz: kanpokoa eta barnekoa. Irristalaria kanpoko edo barneko ahoaren gainetik labaintzen da oineko kanpoko edo barruko alderantz okertzen denean. Diseinu honek arrazoi praktikoak ditu: aho mehe bat izotzean sakonago sartzen da, izotzaren kontra presioa egitean bultzatzen laguntzen du eta maniobra zailak irristatu gabe egitea ahalbidetzen du. Teknika txartzat hartzen da pisua bi ahoen gainean etengabe izanik irristatzea. Erabileraren poderioz ahoa pixkanaka higatuz doa eta marrazak erregularki zorroztea beharrezkoa da, pistatik kanpo plastikozko edo zurezko estalkien babesteaz gain.

Luzetarako profila marrazan zehar aldatzen da. Zerraren aurreko zatia jauzi eta artaziak hasteko erabiltzen da nagusiki. Hasiberrien akats tipikoa bultzatzeko zerra erabiltzea izan ohi da. Marrazako atzeko partea da arinki makurra da, 2m inguruko erradio batekin. Kurbaduraren erradioa txikiagoa da zerraren atzeko lehen zentimetroetan; marrazaren zati honek izotzarekin duen kontaktu txikiagoak artazien gauzatzea errazten du.


Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.