From Wikipedia, the free encyclopedia
Hileko pobrezia[1][2], hilekoaren pobrezia[3][4], hileroko pobrezia[5] edo pobrezia menstruala[6] hilekoaren produktu egokietarako sarbide eza eta haiek eraginkortasunez erabiltzeko behar den heziketa eza deskribatzeko erabiltzen den terminoa da[7]. 2016an sortu zen termino hau[8] eta batez ere garapen bidean dauden herrialdeei egiten die erreferentzia. Hala ere, herrialde garatuetan ere presente dago. Plan International gobernuz kanpoko erakundeak 2017an egindako inkesta batek agerian utzi zuen Erresuma Batuko hamar neskatik batek ezin zituela hilekoaren produktuak ordaindu[9].
Mundu mailan, haurdun geratzeko gaitasuna duten pertsonen % 12k hilekoaren produktu komertzializatuak eskura dituela, eta gainerakoek beraiek egiten dituzte edo oihal zaharrak, landare-hostoak, paperak edo galtzerdiak erabiltzea bezalako neurrietara jotzen dute[10].
Pobrezia mota hau bizitzeak eragin zuzena du osasunean. Oso higienikoak ez diren hilekoa kudeatzeko produktuek, baginako, ugaltze-aparatuko eta gernu-infekzioak areagotzeko arrisku-faktore bat dira[11]. Iraungitze-data gaindituta duten konpresak edo tanpoiak erabiltzeak infekzioa ekar dezake[12]. Tanpoi bat zortzi ordu baino gehiagoz uzteak beste ondorio kaltegarri batzuk sor ditzake, hala nola shock toxikoaren sindromea[13].
Osasunarekin zuzenean lotuta ez dagoen hileko pobreziaren ondorio nagusia da neskek sarritan eskola ebatsi behar izaten dutela hilekoaaren produkturik ez badute. UNESCOren 2014ko txosten batek agerian uzten du mundu osoko neska gazteen % 10ek ebatsi behar izaten dutela hilekoan zehar, hilekoaren higienerako produkto faltagatik[14].
2023rako, AEBetako 26 estatuk hileko pobrezia gainditzearekin lotutako legeak onartu edo ezarri dituzte. Hilekoaren produktuak ematen dizkiete preso dauden emakumeei, baita estatu horretako eskoletako erizainen bulegoetan eta komunetan ere. Gainera, estatu askok hilekoaren produktuen gaineko zergak murrizteko (edo guztiz kentzeko) legeak onartu dituzte[15]. Ingalaterran eta Zelanda Berrian ere, doako tanpoiak eta konpresak eskaintzen dira eskoletan[16][17].
Badira herrialde gutxi batzuk, hilekoaren produktuen gaineko zergak kendu dituztenak. Hauek dira: Australia, Hegoafrika, India, Irlanda, Jamaika, Kanada, Kenya, Libano, Malaysia, Nikaragua, Nigeria, Tanzania eta Uganda[18].
Zenbait herrialdek zerga murrizketak dituzte hilekoaren produktuen gainean. 2019an, Alemaniak zerga % 19tik % 7ra eraman zuen (lege hau 2020ko urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen)[18][19].
2020ean, Eskozia tanpoiak eta konpresak doan eskaintzen dituen munduko lehen herrialde bihurtu zen[9].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.