Guadalcanalgo Kanpaina
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Guadalcanalgo Kanpaina Bigarren Mundu Gerrako gatazka luzea izan zen, 1942ko abuztuaren 7tik 1943ko otsailaren 9ra gertatua, Ozeano Bareko Guadalcanal uhartean eta haren inguruan. Aliatuen lehenbiziko ofentsiba nagusia izan zen Japoniar Inperioaren aurka.
Guadalcanalgo Kanpaina | |||
---|---|---|---|
Bigarren Mundu Gerra | |||
Ozeano Bareko Frontea | |||
Estatubatuar 1. marine dibisioko Jim Goodin paraxutista, atsedena hartzen Guadalcanalen. | |||
Data | 1942ko abuztuaren 7tik 1943ko otsailaren 9ra | ||
Lekua | Guadalcanal (Salomon uharteak) | ||
Koordenatuak | 9°25′00″S 160°00′00″E | ||
Emaitza | Aliatuen garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Abuztuaren 7an, Ozeano Bareko Tulagi, Gavutu, Tanambogo eta Guadalcanal uharteetan lehorreratu ziren estatubatuarrak, Bigarren Mundu Gerrako aliatuen lehorreko lehenengo kontraerasoan. Hasiera batean, operazioaren helburua Gaudalcanalen japoniarrek eraikitzen ari ziren aireportua hartzea zen, hortik Australiara eta Zeelanda Berrira AEBetatik zihoazen ontziei eraso ahal zieten eta. Operazioa azkar prestatu zuten eta aliatuek ez zeukaten informazio zehatzik uharte hauei buruz. Behin aireportua eta Guadalcanal segurtatuta, aliatuek Rabaulgo japoniar basea menderatu nahi zuten, handik iparralderantz jotzeko.
Hurrengo hilabeteetan, japoniarrak eta estatubatuarrak borrokatu ziren Guadalcanalen inuguruetako itsasoak kontrolatzeko. Alde biek galera handiak izan zituzten bai itsasoan, bai lehorrean. Alde biek ere, hornitzeko lerroen muturretan egonda oso hornigai gutxi jasotzen zuten; estatubatuarrek itsasoak menderatzen ez zutenez gauez eta japoniarrek, haien ontziak estatubatuarren hegazkinak egun-argitan hondoratzen zituztelako. Gaixotasun tropikalek eta goseak soldadu asko hil zuten, batez ere japoniarren artean.
Estatubatuarren perimetroa hasieran txikia zen eta tropa gutxik zaintzen zuten, eta japoniarrek Guadalcanalgo uhartearen gainerako partearen jabeak ziren. 1942ko urrian eta azaroan japoniarrek eraso orokorrak egin zituzten perimetroa apurtzeko eta aireportua berreskuratzeko. Aireportua euren eskuetan, itsasoa menderatu ahal izango zuten eta estatubatuarrak eskualde hartatik egotzi ahal izango zituzten. Plan horrek porrot egin zuten eta Henderson zelaiko guduan eta Guadalcanalgo itsas guduetan estatubatuarrek garaitu ondoren, defentsiban jarri ziren.
Estatubatuarrek itsasoa kontrolatzen zutenez AEBetako armadako dibisio batzuk eraman zituzten Guadalcanalera. Bigarren fase horretan, erasoari ekin zioten estatubatuarrek, japoniarrak irla alde egin baino lehen harrapatzeko asmoz. Hala ere, japoniarrek Ke operazioan uhartean geratzen ziren tropa guztiak atera ahal izan zuten. Otsailaren 9an, Estatubatuar armadako Patch jeneralak Guadalcanalgo kanpaina amaituta zegoela aldarrikatu zuen.
Guadalcanal aliatuen arma konbinatuen garaipen handia izan zen. Bertan, japoniarrek Ozeano Bareko konkistaren mailarik gorena jo zuten eta aliatuak defentsatik erasora pasatu ziren. Salomongo, Ginea Berriko eta Ozeano Bareko erdiko kanpainetan porrot handiak jaso ondoren japoniarrek amore eman behar izan zuten 1945eko abuztuan.
1941eko abenduaren 7tik 1942ko maiatzaren 7ra, japoniarrek erraz egin zuten aurrera ekialdeko Asia, Indiak eta Melanesiako eremu handi baten barrena. Filipinetako, Wake uharteko, Guamgo eta Singapurreko mugak zeharkatu zituzten. Aurrera egite hartan, ematen zuen ez zutela aurkaririk aurkituko eta 1942ko urtarrilaren 23an, Bretainia Berriko uharteko Rabaulera sartu ziren. Hala, helburu garrantzitsu bat lortu zuten: Rabaul Palau irletako haien baseetatik 1200 miliatara zegoen, eta 640 miliatara Truk haien basetik. Erraz defendatu zitekeen eta gotorleku bat zen hurrengo erasoak abiarazteko. Eremu hartako porturik onena zeukan eta landa ezin hobeak aireportu bat eraikitzeko. Base horretatik Ginea Berria eta Salomon uharteak mendera zitzaketen. Behin ingurua mendean hartuta, Hawai eta Australiaren arteko hornitzeko lerroa motz zezaketen.
1942ko martxoan, japoniarrek Bougainville uhartea hartu zuten –iparraldeko Salomonetan– eta handik, aurrera jarraitu zuten Tulagirantz. Uharte hura, garai haietan, Britainiar gobernuarena zen. Ginea Berriko iparreko kostaldean eta Salomon uharteetan baseak menperatu ostean, 1942ko maiatzaren 1ean, Tulagin eraso zuten. Britainiarrek ezin zuten defendatu eta atzera egin behar izan zuten. Maitzaren 3an, Kure lehorreratzeko indar-bereziko 2. eta 3. konpainiak Tulagin eta Gavutun lehorreratu ziren inolako oztoporik aurkitu barik.
Hala ere, hurrengo egunean Enterpriseko eta Yorktowneko hegazkin amildu-bonbaketari eta torpedo-jaurtitzaileek Tulagiri eraso zioten, Kikutsuki destruktorea hondoratuz eta beste itsasontzi batzuei kalte eginez. Eraso hori Koral Itsasoko guduaren hasiera izan zen; bertan, estatubatuarrek Ginea Berriko Port Moresbyrantz zihoan indar-espedizionario japoniar garrantzitsu bat itzularazi zuten. Koral Itsasoko Guduaren ostean, Rabauleko aginte japoniarrak bere menpekoei alde horretako itsasoko indarra ahituta zegoela jakinarazi zien. Era berean, Lae eta Tugali hornitzeko lerroak arrisku handian zeudela ohartarazi zuen. Haren kezkarik larriena Ginea Berriko eremua zen.
Tulagik ez zuen arreta berezirik jaso. Bertan lehorreratutako 380 soldaduko indar txiki bat instalazioak hobetzen hasi zen. Tulagi eta Gavutun ur-hegazkinetarako baseak eraiki zituzten. Behin lan hori amaituta, menperatutako lurrak aztertzen hasi ziren. Hilabete batean gutxienez, base berriak egiteko mugimendurik ez zen egin, baina 1942ko ekainean esplorazio talde batzuk Lunga lurmuturrean –Guadalcanalen iparraldeko itsasbazterrean– lehorreratu ziren. Han, aireportu bat eraikitzeko aukerak aztertu zituzten. Uztailaren erdian eraikitze lanak hasi ziren eta abuztuaren amaierarako bukatuko zutela aurreikusi zuten.
Gerraren ostean japoniarrei atzemandako dokumentuen arabera, Tulagi menperatzeko eta Guadalcanalen aireportu bat eraikitzeko helburua, haien hegala babestea eta Ginea Berriko Port Moresbyren aurka erasoa abiatzea zen. Bigarren helburua base sendo bat finkatzea zen, hegoalderantz jotzeko eta Kaledonia Berritik Australia erasotzeko. Eraso hori Ginea Berria menperatu ostean gertatuko zen.
Guadalcanal uhartea hartzeko estatubatuarren plana armaden arteko lehia batez hasi zen. Koral itsasoko guduaren ondoren, 1942ko maiatzaren hasieran, Douglas MacArthur jeneralak, hego-mendebaleko Ozeano Bareko indarren (CINCSWPA) komandante nagusia zenak, ohartarazi zuen, azkenean, japoniarrak Hawai eta Australiaren arteko komunikazio lerroak oztopatzen saiatuko zirela. Ginea Berrian erasoa ekidinezina zela sumatzen zuen. Hori saihesteko, aurrea hartu nahi izan zien japoniarrei Bretainia Berrian eta Irlanda Berrian eraso eginez, eta horrela japoniarrek eremu hartatik atera beharko zuten eta Trukerantz atzera egin. George C. Marshall jeneralak, Estatu Batuetako Estatu Nagusiko buruzagiak MacArthurren plana onartu zuen. Hala ere, MacArthurrek eraso hori gauzatzeko behar beste baliabiderik ez zeukan. Are gehiago, urlehortar indar trebaturik ez zeukan bere agindupean.
Aldi berean, Chester W. Nimitz Ozeano Bareko itsas armadaren (CINCPAC) eta Ozeano Bareko eremuko (CINCPOA) komandante nagusiak Tulagin kolpe bat ematea zeukan gogoan. Plan horrek, Estatu Nagusietako buruzagien batzar orokorreko itsas operazioen nagusiaren onarpena izan zuen, Ernest J. Kingena, hain zuzen ere. Hasieran, Nimitzek Tulagi marine batailoi batekin hartu gura zuen, baina Kingek atzera bota zuen plana, indarra ez zela nahikorik uste baitzuen. Beste alde batetik, Kingek berehalako helburuak, Santa Kruz eta Salomon uharteak zirela uste zuen, eta behin betikoa Ginea Berria eta Bretainia Berria. Defentsa saileko Operazioen departamentua (OPD) ez zen itsas armadaren Tulagi hartzeko eta pixkanaka Rabaulerantz lerratzeko plan horren aldekoa: uste baitzuen hobea zela azken horretan ustekabeko kolpea ematea. Behin Rabaul hartuta, japoniarrak eragotziko zituzten alde hartatik eta isolatutako beste gotorlekuetatik.
Afera gehiago korapilatzeko, aldeok ez ziren ados jartzen eta guztiek gura zuten operazio horren buruzagia izan. Itsas armadak uste zuen MacArthurrek arriskatuko zituela hegazkin-ontziak japoniarren lurretiko hegazkinen erasoetan, eta aldi berean, itsasontziak oso leku estuan mugituko ziren. Era berean, Tulagi hartu behar zela uste zuen, japoniar arriskua murrizteko eta etorkizuneko operazioetarako base bat ezartzeko Salomonetan. Armadak Nimitz buruzagia izan behar zuela uste zuen eta bere menpean Robert L. Ghormley almiranteordeak egon behar zuela, Ozeano Bareko hegoaldeko eremuko eta Ozeano Bareko hegoaldeko indarraren nagusia (COMSOPAC). MacArthurrek horri uko egin zion erabat, berak bera zela hautagirik onena uste baitzuen, urlehortar objetiboak bere aldean zeuden eta. Hala ere, lehorreko troparik ez zeukan urlehortar operazio bat abiatzeko.
1942ko ekainaren 29tik, uztailaren 2ra, Estatu Nagusietako buruzagien batzar orokorra bildu zen aterabide bat bilatzeko. Ghormley almiranteordeak Tulagiko erasoa zuzenduko zuen; hortik aurrera, MacArthurrek Rabaulerako ofentsiba bideratuko zuen. Itsas armadak eta marineek Tulagi, Guadalcanal eta inguruok hartu eta defendatuko zituzten eta, aldi berean, MacArthurrek aurrera egingo zuen paraleloki Ginea Berrirantz. Eraso biek helburu bera izango zuten: Rabaul. Hego-mendebaldeko Ozeano Barearen eta Hego Ozeano Barearen arteko muga mugitu zuten egoera hori erakusteko, eta aurrera jotzeko agindua eman zieten Hego Ozeano Bareko indarrei plana abiarazteko. King almiranteak ez zuen itxaron onarpena jaso arte: 1942ko ekainaren 25ean Nimitzi esan zion Ghormleyri ohartarazteko ekimena abia zezan. Hark 1. marine dibisioaren (indartua) komandantearekin, Alexander A. Vandegrift hain zuzen, adostu zuen bere indarra izango zela urlehortar ofentsibaren burua. Ofentsiba hori 1942ko abuztuaren 1.rako antolatu zuten.
Arazoak ez ziren baino hasi Vandegrift jeneralarentzat. 1943ra arte espero zuen borrokan sartzea. Bere indarraren heren bat besterik ez zegoen Wellingtonen; beste heren bat bidean zen eta hirugarrena Samoako goarnizio zegoen. Hilabete batean, Vandegriftek plan logistikoak eta operatiboak prestatu behar izango zituen, bere itsasontziak deskargatu eta berriro kargatu borrokarako, Wellingtonetik atera Fiji uharteetara lehorreratze saiakuntza bat egiteko eta, azkenean, Salomon irletarantz abiatu, bertatik japoniarrak egozteko.
Urlehortar erasoa ahalbidetzeko, AEBetatik bidalitako materiala borrokarako zama bezala moldatu behar zen. Lan horrek arazo batzuk zekartzan eta Zeelanda Berriko Aotea Quayn egingo zen. Bertan, aldi berean, bost itsasontzik besterik ezin zuen aingura bota. Beste gertaera batzuek egoera larriagotu zuten; portuko zamaketariek greba egin zuten, beraz, marineek euren lana egin behar izan zuten eta, jarraian, eurite tematia hasi zuen etengabeko haize hotzarekin batera. Marineek zortzi orduko txandatan egiten zuten lan, kaiek uraren aurkako babesik ez bazuten ere. Lekua zama pilatzeko egokia zen, baina ez zeukan estalperik. Kartoizko kutxak desegin ziren eta bertan zeuden elikagaiak eta arropak galdu egin ziren. Marineen adorea gutxitu zen eta gauzak gehiago okerragotzeko gripe izurritea sortu zen. Borrokarako kargen zamalanak amaitu zituztenean, konturatu ziren ez zegoela motordun garraioak sartzeko leku nahikorik: tona bat edo gutxiagoko garraioak sartu ahal izan zituzten, baina besteen %75 utzi behar izan zuten.
Horrez gain, Vandegriften estatu nagusiak ezer gutxi zekien helburuari buruzko informazioa bildu behar zuen. 1942an Guadalcanalen gaineko informazioa, zati bakan batzuetatik, fidagarri ez izateraino zihoan. Bi iturri nagusi zeuden Frank B. Goettge informazio dibisioko arduradun teniente koronelarentzat. Lehendabizikoa, antzina alde hartan bizi zirenengandik zetorkion eta orain Zeelanda Berrian eta Australia osoan barreiatuta zeuden. Goettgek elkarrizketa programa zabal bat ezarri zuen ahalik eta informaziorik gehien eskuratzeko. Bigarren iturria eremuko mapetatik eta karta hidrografikoetatik zetorkiona zen, baina, tamalez, ia-ia ez zegoen halakorik.
Iturririk erabilgarrienak, Merril B. Twining teniente koronelak eta William B. Kean komandanteak ateratako argazkiak izan ziren. Hegalaldia, 1942ko ekainaren 17an egin zuten lurreko armadako B-17 bonbaketari batean eta Ginea Berriko, Port Moresbytik aireratu ziren. Operazioa berehala zapuztu zen, Tulagi aldetik hiru hegazkin japoniar atera zirela konturatu zirenean B-17 erasotzearren. Lortutako argazkietan japoniar aireportua ez zen ondo ikusten, baina Guadalcanalgo ipar kostaldekoak eta Tulagikoak bikainak ziren. Argazki horietatik marineek ia-ia borrokaldi osoan erabiliko zituzten mapak egin zituzten.
Egokitu zitzaion lanaren zailtasuna ikusita, Vandegriftek inbasioaren atzerapena eskatu zuen. Astebetea eman zioten: erasoa 1942ko abuztuaren 7an izango zen. Ezin zen gehiago luzatu japoniarren aireportua ia amaituta zegoen eta.
Denbora-eskasiak utzi zion prestakuntza logistikoaz, Vandegriftek agindu taktikoak eman zituen. Marineen kontzentrazioa, alde hartako japoniarren indarrei buruz bildutako informazioaren arabera izan zen. Eremuko 8.400 japoniarretatik, 1.400 Tulagin eta inguruko uharteetan zeudela uste zuten. Gainerako beste 7.000 Guadalcanalen zeudela pentsatzen zuten. Hala ere, geroago oker zeudela baieztatu zen; gutxi gorabehera, horren erdia baino ez zegoen.
Tulagi, bi objektibotan zailena izango zelakoan zeuden. Marineak uharte txiki eta ondo defendatutako bati oldartu beharko zitzaien. Hegalak ondo babesteko, ondoko uhartean, Floridan, postu-klabeak ezartzea ebatzi zen, bertatik, Tulagi menpean hartuko zuten. Egunak aurrera egin ahala, Gavutu, Tanambongo eta gainerako uharte txikiagoak ere hartuko zituzten. Hori eginda, operazioa burututa egongo zen.
Urlehortar eraso aurretik, gutxik zekiten Guadalcanalen berri. Eskuragarri zegoen informazio bakarra, han bizi izan ziren misiolariengandik eta etxaldeen jabeengandik bildu zuten. Denbora-eskasia eta operazioaren segurtasuna zela eta, ez zuten azterketak egiteko patruilarik bidaltzeko aukerarik izan. Beraz, estatubatuarrak helbururantz informazio zatikatuaz abiatu ziren.
1942ko abuztuaren 7an, goizeko lauretan; gauez artean, ur-lehortar indar espedizionarioa bi zatitan banandu zen eta, isilean, Savo uhartera gerturatu zen. Garraio dibisioan (TRANSDIV), bi talde zeuden: X-RAY (Guadalcanal) eta Y-OKE (Tulagi).
Itsas infanteriako 1. dibisioko erregimentuek bi talde zituzten:
a) marineen 5.a (indartua) 2. batailoirik gabe, Leroy P. Hunt koronelaren agindupean, A talde taktiko izendatu zuten.
b) marineen 1.a (indartua), Clifton B. Cates koroneralen agindupean, B taldea izango zen.
Talde taktiko bi horiek Alexander A. Vandegrit brigada jeneralaren agindupean, dibisioaren nagusia hain zuzen, Guadalcanalen lehorreratu behar ziren, Y-OKEko talde txikiago eta espezializatuagoak prestatuta zeuden Florida, Tulagi, Gavutu eta Tanambongon erasotzeko:
a) itsas infanteriaren 2.aren 1. batailoia Florida taldea izan zen, Robert E. Hill komandantearen agindupean.
b) Raidersen 1. batailoiak, itsas infanteriaren 5.aren 2. batailoiarekin batera, Tulagi taldea osatzen zuen eta Merrit A. Edson koronelaren agindupean zegoen.
c) Gavutu eta Tanambongon paraxutisten 1. batailoia lehorreratu zen eta haren komandantea Robert H. Williams zen.
Talde txiki horiek William H. Rupertus brigada jenerala zeukaten nagusi, dibisioaren komandante nagusiaren laguntzailea, hain zuzen ere.
Talde biak inbasiorako antolatuta zeuden; hau da, itsas infanteriaren 1. dibisioak bi erregimentu besterik ez zeuzkan. 3. erregimentua (itsas infanteriaren 7.a) britainiar Samoara bidali zuten goarnizio. (Hala ere, dibisioa ematen zuen baino indartsuagoa zen). Normalean itsas infanteriaren 2. dibisioarena zen 2. erregimentua elkartu zitzaien eta baita beste unitate espezializatuagoak ere; defentsarako 3. batailoia, Raidersen 1. batailoia eta paraxutisten 1. batailoia, besteak beste. Indar hori, dibisioari laguntzeko taldeak biribiltzen zuen; Pedro A. del Valleren agindupeko itsas infanteriaren 11. batailoia. Beraz, guztira, 1942ko abuztuaren 7an lehorreratu zen urlehortar indar hark 18.146 itsas infanteriako eta marinel zituen.
Eremu horretara heldu baino lehen, indar espedizionario horrek ur-lehortar maniobrak egin zituzten Fiji uharteetako Koro aldean. Proba hori olatu handien eta koralezko uharrien artean egin zuten; deskalabru itzela izan zen eta bertan behera utzi behar izan zuten kalteak eragozteko, bai soldaduen artean, bai lehorreratze-txalupetan.
Estatu Batuetako urlehortar indarrak 19 itsasontzitan eta 4 destruktoretan ontziratu ziren. 5 zama ontzi, 8 gurutze-ontzi, 14 destruktore eta 5 minaketari zeuden. Laguntza emateko hegazkin-ontzi indarrak hiru borroka talde osatu zituen: Saratogarena, Enterpriserena eta Waspena. Gerraontzi batek, USS North Carolinak, eta gurutze-ontzi eta destruktoreek osatutako indar batek borroka taldeak babesten zituen. Indar hori Guadalcanalgo hegoaldean gelditu zen , urlehortar indarra iparralderantz abiatzen zen bitartean. Azken indar hori Savo uhartera heldu zenean bitan banandu zen.
Helbururako mugimendua alde hartan ohikoak ziren ekaitz batek estali zuen. Bitan banandu zirenean bakoitza bere hondartzarantz abiatu zen. Hara heldu zirenean, itsas artilleriak eta hegazkin-ontzietako hegazkinek bonbardatzen hasi ziren.
Tulagi hartzeko plana, korapilatsua izan zen. Itsas infanteriako estrategek Tulagi hartu baino lehen, gertuko Florida uharteko leku garrantzitsu batzuk hartu beharko zituztela uste zuten.
1942ko abuztuaren 7ko 7:40an, H ordurako 20 minutu baino lehen, Salomon uharteetako lehenengo urlehortar operazioa egin zuten. Florida uharteko Haleta herrixkatik hurbil gertatu zen. Izan ere, hartu zuten muinotxo hartatik Tulagiko Beach Blue hondartza ikusmenean zegoen, eta bertan lehorreratuko ziren marineak. Lehorreratzeko aukeratutako unitatea, Edgar J. Cranek kapitainak agindutako itsas infanteriako 2. dibisioaren, 2. erregimentuaren, 1. batailoiaren B konpainiarekin indartu zuten. Lehorreratzeak ez zuen oztoporik aurkitu eta mendebaldeko hegala azkar finkatu zen. 8:45ean Florida uharteko Halavon itsas infanteriako 2. erregimentuko 1. batailoiaren gainerakoak lehorreratu ziren. Hauek ere ez zuten oztoporik izan eta Gavutuko lehorreratzeen ekialdeko hegala babestu zuten handik.
Programaren arabera, Tulagi 8:00etan hartu zuten. Merrit A. Edson koronelaren Raidersen 1. batailoia izan zen ekintza abiatu zen lehena. Hauei itsas infanteriaren 5.aren 2. batailoiak jarraitu zien. Lehorreratze-txalupak Beach Blueko itsasertzera gerturatzen ari zirenean, hondartzatik 30 eta 100 metro artean, koralak aurkitu zituzten eta soldaduak uretara sartu behar izan ziren ura gerriraino edo besaperaino heltzen zitzaiela. Behin lehorreratuta, Raidersak eta 5. erregimentuaren 2. batailoia barrurantz abiatu ziren: Raidersak ekialdera eta itsas infanteriakoak ipar-mendebaldera. Lehenengoei ia-ia hasieratik japoniarrek aurre egin zieten, baina sistematikoki garbitu zituzten. Aurreratze horrek iluntzera arte jarraitu zuen eta une hartan posizioak finkatu zituzten gaua emateko. Tulagiko gau hori eredu bat izango zen Ozeano Bareko hurrengo borroketan: japoniarrek lau banzai-eraso egin zituzten handik eragozteko eta eraso bakoitzari aurre egin zioten gorputz eta arimaz.
Hurrengo egunean, itsas infanteriakoek ofentsibari ekin zioten berriro eta iparretik hegoaldera zihoan gizonak egindako bidezidor sakon batean erresistentzia poltsa bat aurkitu zuten. Japoniarrek, bidezidorrak ematen zituen abantailak lagun, lubakiak egin zituzten tiro egiteko. Estatubatuarrek errefortzuak eskatu zituzten eta etsaien posizioa hiru aldetatik inguratu zuten. TNT-zko lehergailuak eta gasolina erabiliz alde hori garbitu zuten eta bigarren eguneko iluntzean japoniarrek amore eman zuten. Hurrengo egunetan, soldadu eta talde japoniar bakan batzuek aurre egin zieten estatubatuarrei, baina abuztuaren 8ko gauean Tulagi itsas infanteriaren eskuetan zegoen.
Uhartetxo bi horiek muinotxo bana zeukaten eta itsasoaren gainean zegoen errepide batek lotzen zituen. Robert Williams komandantea buru zuen paraxutisten 1. batailoia zen hori hartzekoa. Hirugarren konpainia bat erreserban geratuko zen erasoko konpainiei laguntzeko. Gavutu, uharterik altuena, lehenik hartuko zuten.
Urlehortar erasoa abuztuaren 7ko H ordua + 4an (12:00) zen gertatzekoa. Planaren arabera, lehorreratze bat egingo zuten ipar-ekialdeko itsas bazterrean. Itsas armadaren sua hain suntsitzailea izan zen, non itsas infanteriakoen kalterako izan baitzen; izan ere, lehorreratzeko aukeratutako lekua ( ur-hegazkinetarako porlanezko aldats bat) erabat txikitu zuten. Lehorreratze txalupek iparralderago egin behar izan zuten paraxutistak uzteko eta mugimendu horrekin Tanambongotik zetorkien sua jasotzera arriskatzen ziren. Hildako asko izan arren, paraxutistek uharteko ipar-ekialdeko zatia eta menpean hartzen zuen muinotxoa hartu zuten, baina Gavutuko konkista bermatzeko, Tanambongo ere hartu behar izango zuten, bertatik zetorren sua geldiarazteko eta operazioa azkartzeko.
Tanambongo hartzeko beharrezkoak ziren errefortzuei buruzko informaziorik ez zeukatela, eta indarraren multzorik handiena Tulagin zegoenez mugitu ezinik, William Rupertus jeneralak itsas infanteriaren 2.aren 1. batailoia bidali zuen, paraxutistei laguntzeko. Konpainia 18:00etan agertu zen eta une hartantxe Tanambongon japoniar indar txiki bat besterik ez zela jakinarazi zioten. Gaueko lehorreratze bat egin zitekeela eta japoniarrak azkar garaituko zituela uste izan zuten. Gaueko erasoa B konpainiak egin zuen, pelotoi bat barik Gavuturantz abiatu zirenean lehorreratze-txalupa koralezko uharri batean trabatu zitzaiolako.Lehenengo txalupa arazorik gabe heldu zen itsasbazterrera, baina bigarrena hondartzara iritsi zenean, itsas artilleriaren jaurtigai batek japoniar gasolina biltegi bat jo zuen: leherketak eta dirdaiak aurrera egiten zuten soldaduak argitu zituzten. Akzioa amesgaizto bilakatu zen. Errefortzurik bidali ezin zietenez, itsas infanteriakoek, hala-moduz, atzera egin behar izan zuten. Azkenak, Gavutura heldu ziren 22:00etan. Gau osoan, japoniar taldeek Gavutu eraso zuten, baina, behin eta berriz egin zieten buru.
Abuztuaren 8an, itsas infanteriaren 2.aren 3. batailoiari paraxutistak Gavutun erreforzatzeko eta gero Tanambongo erasotzeko agindu zioten. Tankeen 2. batailoiaren eta itsas eta aire artilleriaren laguntza zeukatelarik lehorreratu ziren 1942ko abuztuaren 8ko 16:20an. Behin hondartzan finkatu zirenean, errepidea zeharkatu zuten eta 23:00etan uhartearen bi herenak hartu zituzten. Goizeko bederatzietarako, gau osoko borrokaldi gogor baten ondoren, irla osoa menpean hartu zuten.
Tanambongo aliatuen eskuetan, Tulagi, Gavutu, Tanambongo eta Floridako erresistentziak amore eman zuen. Operazioak hiru egun iraun zuen. Estatubatuar hilen kopurua oso txikia izan zen, baina japoniarrek 1.500 soldadu galdu zituzten. Oso gatibu gutxi harrapatu zuten.
Guadalcanalen lehorreratzeak oztoporik gabe egin zituzten Beach Reden (hondartza gorrian) Lunga lurmuturretik 5 kilometro eta erdi ekialdera. Erasoaren abangoardia itsas infanteriaren 5.a izan zen. Horri 1.a jarraitu zion eta 9:30etan indarrak lehorrean ziren eta uharteko barrurantz jotzen ari ziren. Haien plana erraza zen: itsas infanteriaren 5.a itsasbazterrean gora egingo zuen hegala babesteko eta 1.ak barrurantz joko zuen oihanean barrena Austen mendia hartzeko. Txostenen arabera, mendi hori, kostaldetik gertu zegoen belarrak estaltzen zuen muinotxo bat besterik ez zen. Hala ere, Guadalcanali buruzko zerbitzu sekretuaren txostenak oker zeudela ondorioztatu zuten: Austen mendia ez zegoen itsasbazterretik gertu eta ez zen muinotxo bat. Izan ere, alde hartako mendirik altuena zen eta aurreikusitako perimetrotik lau-sei kilometro eta erditatik kanpo zegoen. Hilabete batzuk geroago baino ezin izan zuten hartu.
Lehenengo eguna posizioak finkatzen eta hondartzan pilatzen ari ziren hornidurak banatzen eman zuten. Bitartean, japoniarren kontraerasorik handiena 14:00etan gertatu zen. G4m hamazortzi bi motorreko Betty bonbaketarik eraso egin zuten eta haietariko bi lurrera bota zituzten. Bigarren oldarraldi batean Type 99 Aichiak etorri ziren eta beste bi bota zituzten behera. Estatubatuarrek USS George F. Elliot garrio-ontzia galdu zuten, bonba batek jota.
Gaueko 22:00etan Vandegrift jeneralak hurrengo egunerako aginduak eman zituen. Austen mendia perimetrotik kanpo egonik eta 10.000 soldadu baino ez lehorrean, aireportua hartzeko eta defentsa perimetro bat ezartzea agindu zuen. Hondartza-burua, lehorreratutako hornidurak babesteko erabiliko zuten perimetroa finkatu arte. Beraz, hurrengo eguna, abuztuak 8, itsas infanteriaren indar guztien mendebalderantzko mugimenduaz hasi zen. Premiak berak, hasierako helburuak aldatzera bultzatu zuen, baina aireportua helburu nagusia izaten jarraitu zuen.
Japoniar talde txikiekiko lehendabiziko kontaktuak, marineak aireportura gerturatzen ari zirelarik gertatu ziren. Lungako aldean, bertatik hegoaldera, hain justu, defentsarako posizioak hutsik topatu zituzten. Ondo egindako eta ondo hornitutako lubakiak eta antiaereoen kokalekuak ziren. Amaitzear zegoen ehun metroko pista japoniar talde txiki batek defendatzen zuen eta denak erasoan hil egin ziren. Hangarrak eta gainerako instalazioak kalterik gabe zeuden. Irrati estazio bana eta beste ekipo tekniko batzuk zeuzkaten bi zelai handi ere hartu zituzten.
Iluntzean, aireportua hartu eta defentsa perimetro bat ezarri zuten. Alde hartako aireportuak hartzen zuten heinean, janari, arma, munizio, kamioi eta ekipo asko harrapatzen zuten. Alderrai zebiltzan japoniar batzuen erresistentzia txikia aparte utzita, hegazkinetako akzioak izan ziren mehatxurik handienak.
Hasieran, japoniarrak ezustean harrapatu zituztela uste izan zuten. Hala ere, informazio iturriek estatubatuarren asmoen jakinaren gain zeudela ondorioztatu zuten, baina eraso txiki bat besterik ez zela izango uste zuten. Beraz, japoniar agintari militarrek soldaduei oihanera joateko agindu zieten estatubatuarrek alde egin arte.
Aliatuek begiratzeko sistema bat zeukaten alboko uharteetan. Haietako batek japoniar hegazkin talde handi bat ikusi zuen eta inbasio indarrari jakinarazi zion. Sistema horrek batzen zuen informazioa Australiara bidaltzen zuten, Townsvilleko kuartel nagusira eta han aztertzen zuten. Hegazkinak ikusi eta gutxi gorabehera ordu bat geroago, japoniar bi motorreko berrogei torpedo-hegazkin agertu ziren eta urlehortar inbasio indarra antzeman zuten alerta-egoeran eta abiadura handiz mugitzen.
Une hori arte, japoniar erresistentziak ia-ia ez zuen kalterik egin. Airean, japoniar erasoak eragotzi zituzten, baina argi geratu zen ez zeukatela Salomon uharteak borroka egin barik uzteko asmorik izango.
Abuztuaren 8ko gauean, garraio-ontziak deskargatzen zituzten bitartean, japoniarrek eraso zuten eta talde nagusia babesten zuten aliatuen gerraontziak ustekabean harrapatu zituzten eta jipoitu ere. Aliatuen itsas-indarrak gurutze-ontziak eta destruktoreak zituen eta haien komandantea Victor Crutchley kontralmirantea zen. Japoniarrek Rabaulgo baseko 8. flotako zazpi gurutze-ontzi eta destruktore bat zituzten. Haien komandantea Gunichi Mikawa almiranteordea zen. Savo uharteko gudu hartan australiar gurutze-ontzi bat eta hiru estatubatuar suntsitu zituzten eta estatubatuar gurutze-ontzi bati eta bi destruktoreri kalte egin zieten. Mikawak ez zekien Frank Jack Fletcher estatubatuar almiranteak hegazkin-ontziekin alde egitekotan zegoela eta atzera egin zuen berriro Rabaulerantz garraio-ontziei eraso egin gabe. Eremu hartan geratuz gero, bere kezka nagusia egun-argitan gerta zitezkeen hegazkinen erasoak ziren. Hegazkin-ontzirik gabe, Turnerrek geratzen zitzaizkion ontziak alde hartatik eraman zituen abuztuaren 9aren arratsaldean. Uharteko marineak ekipamendu astuna eta hornidurak eta soldadu asko lehorreratu gabe uhartean geratu ziren. Mikawaren erabakia sekulako errore estrategikoa izan zen.
Gadalcanalgo 11.000 marineek, lehendabizi Lunga lurmutur eta aireportuaren inguruan ezarri zuten perimetroa; hondartzetako hornigaiak barrura ekarri zituzten eta aireportua amaitu zuten. Lau egunetan ahalegin handia egin zuten eta lehorreratutako hornidurak barreiatu zituzten perimetroaren barruko biltegietan, askotan, japoniar ekipamendua erabiliz. Abuztuaren 12an, aireportua Henderson Field izendatu zuten, Lofton R. Hendersonen omenez. Hura, Midwayko guduan hil zuten marineen pilotua izan zen. Abuztuaren 18an aireportua erabiltzeko prest zegoen. Bost egunetarako hornigaiak zeuzkaten baina japoniarrei kendutakoarekin 14 egunetarako izan zuten eta epe hori gehiago luzatzeko, egunean bi otordu baino ez zuten egiten.
Aliatuek disenteriako andui erasokor bat topatu zuten lehorreratutakoan eta bost marineetan bat gaixotuko zen abuztuaren erdirako. Korear langile batzuk errenditu baziren ere, ia geratzen ziren japoniar eta korear guztiak Lungako mendebaldean elkartu ziren, hau da, Matanikau ibaiko mendebaldean eta bizirik iraun zuten gehienbat kokoetan. Japoniar beste destakamendu bat zegoen Taivu lurmuturrean, Lungako perimetrotik ia 35 kilometro ekialdera (22 milia). Abuztuaren 8an Rabaulgo japoniar destruktore batek Matanikaugo posiziora 113 itsas-soldaduak eraman zituen.
Abuztuaren 12an, Frank Goettge tenientea buru zuen 25 soldaduko taldea Lunga perimetroaren mendebaldean txalupa batetik lehorreratu zen, Cruz lurmutur eta Matanikau ibairen artean. Ia guztiak informazio zerbitzukoak ziren eta misio nagusia esploratzea zeukaten. Horrez gain, amore emateko prest omen zegoen japoniar talde batekin kontaktuan jarri behar ziren. Patruila lehorreratutakoan japoniar itsas-soldaduen talde batek eraso zien eta ia denak garbitu zituen.
Abuztuaren 19an, Vandegriftek 5. marine erregimentuko hiru konpainia bidali zituen Matanikauren mendebaldean zeuden japoniar soldaduei erasotzeko. Konpainia batek hareazko barran barrena aurrera jo zuen Matanikau ibaiaren ahorantz; bigarrena, ibaiaren 1.000 metroak zeharkatzen zituen Matanikau herrixkan zeuden japoniar indarrari erasotzeko abiatu zen; eta hirugarrena are mendebalderago joan zen txalupaz eta Kokumbona herrixka eraso zuen. Herrixka biak hartutakoan, marineen hiru konpainiak Lunga perimetrora itzuli ziren. 65 japoniarrak hil ziren eta lau soldadu galdu zituzten. Eraso horri “Matanikau ibaiko lehenengo borroka” deitzen zaio eta Matanikau ibaiaren eskualdean gertatu ziren akzio handienetako bat izan zen.
Abuztuaren 20an, USS Long Island eskolta hegazkin-ontziak marineen bi eskuadroi hegazkin bidali zituen Henderson aireportura, 19 F4F Wildcatseko eskuadroi bat eta beste bat 12 SBD Dauntless hegazkinekin. Hendersongo aireko indarrari “Cactus Air Force” deitu zioten, aliatuen Guadalcanalaren izen kodeatua zela eta. Marineen ehiza-hegazkinak akzioari ekin zioten hurrengo egunean bertan, japoniar lehendabiziko eguneroko bonbardaketen erasoan. Abuztuaren 22an, lurreko armadaren bost P-400 airacobra eta haien pilotuak Hendersonera heldu ziren.
Kuartel Nagusi Inperialak laster erantzun zion erasoari eta Japoniar Armada Inperialaren (JAI) Harukichi Hyakutake teniente jeneralari eman zion Guadalcanal berriro hartzeko misioa. Horren 17.armada Rabaulen zegoen eta armada-gorputz tamainako komando bat zen. Armadak japoniar itsas-unitateen laguntza izango zuen, esate baterako, Truken zegoen flota konbinatua, Isoroku Yamamotoren agintepean.
17. armada Ginea Berriko kanpainan zegoen buru-belarri nahasita eta oso unitate libre gutxi zeuzkan. Haien artean, Kiyotake Kawaguchi maior jeneralaren 35. infanteria-brigada Palaun zegoen, 4. (Aoba) infanteria-erregimentua Filipinetan zegoen eta Kiyonao Ichiki koronelaren 28. (Ichiki) infanteria-erregimentua garraio-ontzietan ziren Guamen ondoan.
Unitate guztiak Guadalcanalerantz abiatu ziren berehala Truk eta Rabauletik. Baina Ichikiren erregimentua, gertuen zegoena, lehena izan zen. Erregimentuko 917 soldaduko talde bat destruktoreetatik lehorreratu zen Lunga perimetroaren ekialdean (Taivu lurmuturrean), abuztuaren 19ko gauerdian eta 14 km.-ko gaueko ibilaldia egin zuten marieen perimetrorantz.
Guadalcanalgo aliatuen soldadu kopurua gutxietsiz Ichikiren taldeak gaueko aurrez-aurreko erasoa abiatu zuen marineen posizioetan. Erasoa goizean-goiz gertatu zen, abuztuaren 21ean, Alligator errekan (estatubatuar itsas-infanteriaren mapetan “Ilu ibaia” deitzen zioten), Lunga perimetroaren ekialdeko aldean. Ichikiren erasoari aurka egin zieten estatubatuarrek eta porrot egin zuen galera handiekin. Argitu zuenean, marineak bizirik iraun zuten japoniarrei oldartu zitzaizkien triskantza handia egiten. Hildakoen artean Ichiki bera zegoen; hark seppukua egin omen zuen, bere porrotaren tamainaz jabetu zenean. Azkenean, Ichiki erregimentuko jatorrizko 917 guztiak, 128 izan ezik, hil ziren erasoan. Bizirik zirautenak Taivu lurmuturrera itzuli ziren, 17. armadari izandako porrota jakinarazi zioten eta Rabauletik etortzekoak ziren laguntza eta aginduen zain geratu ziren.
Tenaruko borroka amaitzen ari zela, japoniar gehiago bidean zen. Truketik hiru garraio-ontzi motel abiatu ziren abuztuaren 16an. Haietan Ichiki erregimentuko (28 infanteria-erregimentua) gainerako 1400 soldaduak eta 5. Yokusuka Lehorreratzeko Itsas-indar Bereziko 500 marineak zetozen. Garraio-ontziak 13 guda-ontzik babesten zituzten. Haien almirantea abuztuko Guadalcanalgo lehorreratze guztiak prestatu zituen Razio Tanaka kontralmirantea zen. Soldadu haien lehorreratzeak zaintzeko eta Henderson zelaia berriro eurenganatzeko operazioetan laguntza emateko, Yamamotok Chuichi Nagumo bidali zuen Truketik abuztuaren 21ean, hegazkin-ontzi talde batekin. Talde hura, hegoaldeko Salomon uharteetarantz abiatu zen hiru hegazkin-ontzirekin eta 30 beste mota anitzeko ontzirekin.
Bitartean, Fletcher almirantearen hiru hegazkin-ontzi estatubatuarrak, Guadalcanalerantz abiatu ziren japoniar erasoari aurre egiteko. Abuztuaren 24 eta 25ean, etsai biak ekialdeko Salomon uharteetako itsas guduan borrokatu ziren. Bataila haren ondoroioz biek atzera egin behar izan zuten, galera batzuen ondoren. Japoniarrek hegazkin-ontzi arin bat galdu zuten eta Tanakaren taldeak ere atzera jo behar izan zuen, Henderson zelaiko hegazkinek kalte handiak eragin baitzikioten. Garraio-ontzi bat galdu zuen eta azkenean Salomon ipar uharteetako Shortland irlara bideratu zuten geratzen ziren tropak destruktoreetan sar zitezen Guadalcanalera eramateko.
Abuztuan zehar, hegazkinek eta euren tripulazioek Guadalcanalera heltzen jarraitu zuten etengabe. Abuztuaren amaierarako, hainbat motatako hegazkinak Henderson zelaian ziren. Irailaren 3an, marineen 1. hegazkin-taldearen komandantea, Roy S. Geiger brigada jenerala, heldu zen haren taldearekin eta Henderson zelaiko operazioren ardura hartu zuen. Egunero aliatuen eta Rabauletik zetozen japoniarren hegazkinen arteko borrokak gertatzen ziren. Abuztuaren 26tik irailaren 5era, estatubatuarrek 15 bat hegazkin eta japoniarrek 19 bat galdu zituzten. Ia galdu zire pilotuen erdiak erreskatatu zitzuten, baina ia japoniar guztiak galdu ziren.
Rabauletik Guadalcanalerako zortzi orduko joan-etorri bidaiak (osorik ia 1800 km.) oztopatu zuen Henderson zelaiaren gainean japoniarren kontrola ezartzeko ahalegina. Bougainville eta Georgia Berriko Australiako kostazainek askotan aurrez jakinarazten zieten Guadalcanalgo aliatuen indarrei bidean zeuden japoniar erasoez. Horrela, estatubatuar ehiza-hegazkinak aireratzen ziren eta posizioak hartzen zituzten japoniar bonbaketariei eta ehiza-hegazkinei aurre egiteko, uhartera gerturatzen ziren bitartean. Beraz, japoniarrak ahitzeraionoko-guda galtzen ari ziren pixkanaka-pixkanaka Guadalcanalen gaineko zeruetan.
Garai hartan, Vandegriftek Lunga perimetroa indartzeko eta finkatzeko ahaleginak egiten jarraitu zuen. Abuztuaren 21 eta irailaren 3ren artean, marineen hiru batailoi lekuz mugitu zituen, Merrit A. Edsonen (Edsonen raiderrak) Raiderren 1. eta paraxutisten 1. batailoiekin batera, Tulagi eta Gavututik Guadalcanalera. Hala, Henderson zelaia defendatzen zuten jatorrizko 11.000 soldaduei beste 1500 gehitu zizkien. Abuztuan, Tulagi eta Gavutu-Tanambogoko guduetan galera handiak izan zituen paraxutisten 1. batailoia Edson aginte pean jarri zuten.
Lekualdatutako beste batailoia, Marineen 5. erregimentuko 1. batailoia (1/5), abuztuaren 27an Kokumbona herrixkan lehorreratu zen, Matanikauren mendebaldean. Haren eginkizuna eskualde hartan zebiltzan japoniar unitateei eraso egitea zen; abuztuaren 19an gertatu zen bezala. Kasu hartan, alabaina, marineek oztopo handiak aurkitu zituzten, hala nola; eguzki kixkalgarria, lur malkartsua eta ondo kokatutako japoniar defentsak. Hurrengo goizean, marineak konturatu ziren gauean japoniarrek alde egin zutela eta, beraz, txalupetan Lunga perimetrora itzuli ziren. Ekintza hartan japoniarrek 20 hildako izan zituzten eta marineek 3.
Aliatuen konboi txikiak abuztuaren 23an, 29an, eta irailaren 3an eta 8an Guadalcanalera heldu ziren Lungako estatubatuar itsas-infanteriakoei janari, munizio, eta hegazkinetarako erregai eta mekanikoak ekartzeko. Irailaren 1eko ontzietan era Henderson zelaia mantentze eta hobetze lanak egiteko 392 ingeniari etorri ziren.
Abuztuaren 23an, Kawaguchiren 35. infanteria brigada Trukera heldu zen eta Guadalcanalera joateko garraio-ontzi moteletan ontziratu zuten. Hala ere, ekialdeko Salomon uharteetako guduan Tanakaren konboiak izandako kalteek eta galerek, japoniarrei tropak itsasontzi moteletan garraiatzeko estrategia hausnartarazi zieten. Hori egin beharrean, Kawaguchiren ontziak Rabaulera bideratu zituzten. Handik, japoniarrek soldaduok Guadalcanalera destruktoreetan eraman nahi zituzten Shortland uharteetan geldialdia egin eta gero. Japoniar destruktoreek askotan egiten zituzten joan-etorri bidaiak "The Slot"-en barrena (ingelesez arrakala esan gura du eta horrela deitzen zioten Georgia Berriko itsasarteari). Normalean bidaiok gauez egiten zituzten eta hala, aliatuen aire erasoen arriskua txikiagotzen zuten. Bidaia haiei aliatuek "Tokyo Express" esaten zioten eta japoniarrek "Arratoien garraiatzea". Hala ere, garraiatzeko era horrek alde txarrak izan zituen, ezin baitzituzten ekipamendu astun, ibilgailu, artilleria astun ez eta munizio eta janari asko eraman Guadalcanalera. Gainera, ekintza haietan, komertzioa babesteko JAIrentzat behar-beharrezkoak ziren destruktoreak aldentzen ziren. Gaitasunik eza zela edo nahi eza zela, aliatuek ez zuten gauez japoniarrei eraso gura izan; hortaz, haiek Salomon uharteetako itsasoetan ordu haietan nagusitzen ziren, baina egunez Henderson zelaiko hegazkinak heldu zitezkeen eremuetan (ia 320 km.), aliatuak jaun eta jabe ziren. Egoera horrek kanpainaren hurrengo hilabeteetan jarraituko zuen.
Abuztuaren 29 eta irailaren 4 artean, japoniar gurutze-ontzi arin, destruktore eta patruila-ontzi batzuek Taivu lurmuturrera 5000 soldadu eraman ahal izan zuten; besteak beste: ia 35. infanteriako brigada eta Aoba (4.) erregimentu osoak, eta Ichikiren erregimentuko gainerakoak. Kawaguchi jenerala abuztuaren 31eko Tokyo Expressean etorri zen eta Guadalcanaleko tropa guztien ardura hartu zuen. Beste alde batetik, Akinosuke Oka koronelaren Kawaguchi brigadako beste 1000 soldadu gabarretan ekarri zituzten eta Kamimbon lehorreratu ziren; Lunga perimetroaren mendebaldean.
Irailaren 7an, Kawaguchik "Guadalcanalgo aireportuaren inguruotako etsaiak akabatzeko eta sakabanatzeko" plana burutu zuen. Plan hartan, haren indarrak hiru dibisiotan bananduko zituen eta Lunga perimetrora gerturatuko ziren ustekabeko gaueko eraso bat egiteko. Oka-ren indarrek mendebaldetik erasoko zuten eta Ichikiren bigarren soldadu-saldoak, orain Kuma batailoia, ekialdetik erasoko zuen. Eraso nagusia Kawaguchiren "erdiko taldea"-k egingo zuen. Talde hark hiru batailoi zeuzkan, 3000 soldadurekin, eta Lunga perimetroa hegoaldeko oihanetik erasoko zuen. Irailaren 7an, ia Kawaguchiren tropa guztia abiatu zen Taivutik Lunga lurmuturrerantz kostaldetik. 250 japoniar Taivun geratu ziren brigadako basea zaintzeko.
Bitartean, Martin Clemensek antolatutako esploratzaileen patruilek marineei Taivuko japoniarren berri eman zien. Edsonek Taivun ziren tropeen aurkako eraso bat planeatu zuen. Irailaren 8an, txalupaz Taivura joan eta gero, japoniarrek oihanerantz egin ahala Edsonen gizonek Tasimboko hartu zuten. Han, Edsonenek Kawaguchiren gordetegi nagusia topatu zuten; bertan, janari, munizio eta botika pilaketa handiak topatu zituzten, eta baita indar handiko uhin motzeko irrati bat ere. Begi-bistan zegoen dena txikitu zuten, eurekin eraman zituzten dokumentuak eta ekipoak salbu, eta marineak Lunga perimetrora itzuli ziren. Hornigaien pilaketak ikusita eta hartutako dokumentuak aztertuta marineek uhartean 3000 japoniar zirela uste izan zuten erasorako prest.
Edsonek, Gerald C. Thomas koroneralekin batera (Vandegriften operazioen ofiziala) zuzenki uste zuen japoniarren erasoa Henderson zeilaiaren hegoaldeko koralezko mendi bizkartxo berlartsu eta estu batean gertatuko zela. Lunga ibaiarekiko paralelo zegoen mendi bizkar horri, Lunga mendi bizkarra deitzen zioten eta 910 m. luzera zeukan. Aireporturako berezko etorbidea zen; inguruok mendean hartzen zuen eta, artean, ia-ia defentatu barik zegoen. Irailaren 11n, Edson batailoiko 840 soldaduak gailurreetan eta inguruetan ezarri zituzten.
Irailaren 12ko gauean, Kawaguchiren 1. batailoiak Lunga ibai eta muinoaren arteko raiderrei eraso zien. Marine konpainia batek atzera egin behar izan zuen muinorantz, japoniarrek gaua pasatzeko erasoa bertan behera utzi zuten arte. Hurrengo gauean, Kawaguchik Edsonen 830 raiderrei 3000 soldadu eta era asktotako artilleria arinarekin eraso zien. Japoniar erasoa ilundu orduko hasi zen. Kawaguchiren 1. batailoia Edsonen eskumako hegalaren aurka oldartu zen, muinoaren mendebaldeko aldearen aurka, hain zuzen. Japoniarrek marineen lerroak apurtu zituzten eta aurrera jo zuten, harik eta erasoa muinoaren iparraldeko aldea zaintzen zuten marineen unitateek gelditu zuten arte.
Kawaguchiren 2. batailoko bi konpainiek mendi bizkarraren hegoaldeko ertzean gora eraso zuten eta Edson tropek atzera egin zuten 123 muinorantz. Gau osoan, posizio hartako marineek, artilleriak lagunduta, japoniar erasoen oldar guztiei aurre egin zieten; askotan borroka gorputzez-gorputz izan zen. Mendi bizkarrean gora eta aierportuko muturreraino heldu ziren japoniar unitateak eragotzi zituzten. Era berean, Lunga perimetroko beste leku batzuetan eraso zieten Kuma batailoia eta Okaren unitatea ere kanporatu zituzten. Irailaren 14an, Kawaguchik bizirik atera zirenak bost eguneko martxa batean gidatu zituen Matanikau ibarraren mendebaldera, Okaren unitateekin bat egiteko.
Guztira, Kawaguchik 850 hildako izan zituen eta marineek 104. Irailaren 15ean, Rabaulen zegoen Hyakutakek, Kawaguchi porrotaren berri izan zuen eta Japoniako Koartel Nagusiari jakinarazi zion. Larrialdiko bilkura batean, goi mailako Japoniar Inperioaren Armadaren eta Japoniar Inperioren Itsas-armadaren agintaritzakoek hauxe ebatzi zuten: "Guadalcanaleko gertaeren garapenak sar gaitzake gudako gudurik erabakigarrienean". Kanpainaren emaitzak Ozeano Bareko beste alde batzuetako operazioetan ageriko eraginak izaten hasi ziren. Hyakutake konturatu zen ezin zuela aldi berean bidali behar besteko materiala eta soldadu Guadalcanalen eta Ginea Berriko Kokoda Bidean erasotzeko. Beraz, Koartel Nagusiaren oniritziaz Ginea Berriko tropei (hauek helburuetatik 48 km.-ra) atzera egiteko agindu zien eta Henderson zelaia berreskuratzeko beste saiakera bat egiteko prestatu zen.
Japoniarrak Matanikauren mendebaldean berriz elkartzen ziren bitartean, estatubatuarrek Lungako defentsak indartzeari eta finkatzeari ekin zieten. Vandegriftek beste batailoi bat ekarri zuen Tulagitik; marineen 2. erregimentuko, 3.a, hain zuzen. Irailaren 18an, aliatuen konboi batek Guadalcanalera errefortzuak ekarri zituen: 3. behin-behineko marineen brigada (7.marine erregimentu, gehi marineen 11. erregimentuko batailoi bat eta sostenguko beste unitate batzuk ); 137 ibiligailu, dendak, hegazkinen erregaia, eta ingeniarien ekipamendua. Errefortzu horiei esker, Vandegrift irailaren 19tik, Lungaren inguru osoan etengabeko defentsa perimetro bat ezartzen hasi zen. Hala ere, konboi hartan zetorren USS Wasp hegazkin-ontzia japoniar I-19 itsaspekoak hondoratu zuen, Guadalcanalren hego-ekialdean. Hori horrela, Ozeano Barearen iparraldeko operazioen eremu osoan, aliatuek hegazkin-ontzi bakar bat baino ez zuten izan; USS Hornet. Vandegriftek ere bere unitateen zuzendaritzan aldaketa asko egin zituen eta, bere ustez, euren betebeharrak behar bezala bete ez zituzten ofizialak uhartetik kanporatu zituen, eta ondo egin zuten behe mailako ofizialak, berriz, goratu zituen. Haietako bat, Merrit Edson koronela izan zen, hura marineen 5. erregimentuko komandante izendatu zuen.
Barealdi bat gertatu zen Guadalcanalen gaineko zeruetan. Irailaren 14tik, 27ra japoniarrek ez zuten erasorik egin eguraldi txarra zela eta. Tarte hartan, alde biek euren aire unitateak indartu zituzten. Japoniarrek 85 ehiza-hegazkin eta bonbaketari bidali zituzten Rabauleko basera eta estatubatuarrek 23 erasorako hegazkin Henderson zelaira. Irailaren 20an, japoniarrek 117 hegazkin zituzten Rabaulen eta estatubatuarrek 71 Hendersonen. Irailaren 27an japoniarrek berriro ekin zioten aire guduari eta estatubatuar itsas-armadako eta marineen ehiza-hegazkinek aurre egin zieten.
Japoniarrak berehala hasi ziren Henderson zelaia berreskuratzeko hurrengo saiakera prestatzen. 3. batailoia (4. (Aoba) infanteria-erregimentua) Guadalcanalen mendebalaren muturrean, Kamimbo badian, lehorreratu zen irailaren 11n. Beranduegi Kawaguchiren erasoan parte hartzeko. Orduan, hala ere, bat egin zuen Oka indarrekin Matanikau ibaiaren ondoan. Tokyo Expresseko destruktoreen bidaietan, irailaren 14, 20, 21 eta 24an, janari, munizio eta baita Aoba erregimentuko 1. batailoiko 280 soldadu ere ekarri zituzten Kamimbora. Bitartean, japoniarrak irailaren 13tik hasi ziren 2. eta 38. Infanteria-dibisioak garraiatzen Her-beheretar Ekialdeko Indietatik Rabaulera. Japoniarren plana, dibisio haien 17500 soldadu eramatea zen, urriaren 20an Lunga perimetroaren aurka eraso handi batean parte hartzeko.
Vandegriftek eta bere taldekoek Kagawuchiren soldaduek Matanikauren mendebalera atzera egin zutela bazekiten. Hala ere, atzean geratu ziren japoniar talde asko Lunga perimetroaren eta Matanikau ibaiaren tartean noraezean zebilen. Vandegriftek, beraz, Matanikau ibaiaren haranean ekintzak abiatu zituen. Ekintza haien asmoak, Matanikau ibaiaren ekialdean geratzen ziren japoniar taldeak egoztea eta japoniar talde nagusia xaxatu nahi zuen, Lunga lurmuturreko itsas-infanteriaren posizioetatik aldentzeko.
Matanikau mendebaleko japoniarrei erasotzeko marineen lehendabiziko ekintza, irailaren 23 eta 27ren artean gertatu zen. Bertan, Akinosuke Okaren tropek aurre egin zieten itsas infanteriaren hiru batailoiko soldadu batzuei eta egotzi zituzten. Azkenean, marineak inguratu zituzten Point lurmuturretik gertu eta galera handiak eragin zizkieten. Ozta-ozta ihes egin zuten USS Monssen destruktorearen eta estatubatuar kostazainek gidatutako lehorreratzeko ontzien laguntzarekin.
Bigarren ekintzan, urriaren 6tik, 9ra, marineen indar handiago batek arrakastaz zeharkatu zuen Matanikau ibaia. Japoniarrek berri lehorreratutako Masao Maruyama eta Yumio Nasu jeneralen 2. infanteria-dibisioari eraso eta 4. infanteria-erregimentuari galera handiak eragin zizkioten. Bigarren ekintza hark japoniarrek Matanikau ibaiaren mendebaldera itzularazi zituen eta Lunga defentsen aurakako erasoa oztopatu zuen.
Urriaren 9tik 11ra, marineen 2. dibisioko 1. batailoia japoniar bi posiziori oldartu zitzaizkion. Haiek, Lunga perimetrotik 48 km-ra zeuden; Gurabusu eta Koilotumaria-n, Aola badiatik oso gertu. Eraso hartan, 35 japoniar hil ziren eta 17 marine, gehi hiru marinel.
Irailaren azken astean eta Urriaren lehenengoan, Tokyo Expressek japoniar 2. infanteria-dibisioko tropak ekartzen hasi ziren Guadalcanalera. Japoniar itsas armadak lurreko armadari tropak, ekipamendua eta hornigaiekin laguntzeko agindu zion eta baita Henderson itsasontziez bonbardatzeko eta aire erasoak areagotzeko ere.
Bitartean, Hego Ozeano Bareko estatubatuar armadaren komandanteak, Millard F. Harmon, Ghormley sinestarazi zion gertatzekotan zegoen japoniarren erasoaren aurka, aliatuek Guadalcanal defentatu ahal izateko, marineak berehala errefortzatu beharko zituztela. Orduan, urriaren 8an, Americal dibisioko 164. infanteria-erregimentuko 2837 soldaduak Caledonia Berrian ontziratu ziren Guadalcanalera joateko. Urriaren 13an heltzekoak ziren ontzi haiek babesteko Ghormleyk Task Force 64 bidali zuen. Talde hark lau gurutze-ontzi eta bost destruktore zituen eta haien almiranteordea Norman Scott zen. Indar haren aginduak, Guadalcanalera zetozen eta aliatuen konboien bidaiak mehatxatzen zituzten japoniar ontzi guztiak oztopatu eta erasotzea ziren.
Mikawaren 8. flotako koartel nagusikoek Tokyo Expresseko bidai handi eta nagusi bat antolatu zuten urriaren 11rako. Bi ur-hegazkin ontzik eta sei destruktorek Guadalcanalera 728 soldadu gehi artilleria eta munizioa eramango zituzten. Aldi berean, baina beste operazio batean, Aritomo Gotō almiranteordearen hiru gurutze-ontzi astun eta bi destruktore Henderson zelaia bonbardatuko zuten munizio leherkorraz, hango hegazkinak eta erakinak txikitzeko. Aliatuen itsas armadak, artean, Guadalcanalerako Tokyo Expresseren misioak oztopatu ez zituztenez, japoniarrek ez zuten oposiziorik espero gau hartan.
Gauerdian, Scotten ontzien radarrak Gotōren taldea antzeman zuten Savo uharteren eta Guadalcanalaren arteko itsasartearen sarreran. Scotten ontziek T-a gurutzatu zuten Gotō-ren ontzien aurka. Estatubatuarrek su egin zuten eta japoniar gurutze-ontzi bat hondoratu eta haien destruktore bati kalte egin zioten. Beste gurutze-ontzi bati kalte handiak eragin zizkioten eta Gotō oso larri zauritu zuten. Estatubatuarrek japoniarrak itzularazi zituzten eta haien misioa bertan behera utzi behar izan zuten. Borroka hartan, Scotten destruktoreetako bat eta gurutze-ontzi bat hondoratu zituzten eta beste destruktore batek kalte handiak hartu zituen. Bitartean, japoniar bigarren konboiak hornigaiak lehorreratzen amaitu zuen eta itzultzeko bidaiari ekin zioten Scotten ontziek antzeman barik. Urriaren 12ko goizean, japoniar hornigaien konboiko lau destruktorek atzera egin zuten Gotōren kaltetutako ontziei laguntzeko. Henderson zelaiko hegazkinen erasoek haietako bi hondoratu zituzten geroago egun hartan. Estatubatuar konboia Guadalcanalera heldu zen eta arrakastaz lehorreratu zuen garraiatutako zama osoa.
Itxaropen Lurmuturreko estatubatuar garaipena gertatu arren, japoniarrek urriaren amaierarako erasoa antolatzen jarraitu zuten. Materiala eta soldaduak gerraontzi arinen bitartez, egun batzuetan, uhartera garraiatu beharrean, bidaia bakar batean egitea erabaki zuten. Urriaren 13an, sei ontzi eta zortzi destruktoreko konboi bat Shortland uharteetatik abiatu zen. Bertan, 16. eta 230. infanteria-erregimentuko 4500 soldadu, itsas-soldadu batzuk, artilleria astuneko bi bateria eta tanke konpainia bat zihoazen.
CAFen hegazkinetatik bidean zegoen konboia babesteko, Yamamoto Truketik bi gerraontzi nagusi eta babes talde bat (gurutze-ontzi arin bat eta bederatzi destruktore) bidali zituen. Urriaren 14an, goizeko 01:33an, Kongō eta Haruna gerraontziok Guadalcanalera heldu eta 16000 metrotik Henderson zelaia bonbardatu zuten. Hurrengo ordu eta 23 minututan gerraontzi biek 356 milimetroko 973 obus jaurti zituzten Lunga perimetrorantz. Gehienak aireportuko 2200 metroko eremuan erori ziren. Obus asko zatikatze-bonba ziren eta lehorreko helburuak txikitzeko bereziki diseinatutakoak ziren. Aireportuko pista biak larri kaltetu zituzten, hegazkin erregai ia guztia erraustu zuten, CAFeko 90 hegazkinetan 48 birrindu zituzten, eta 41 hildako izan ziren, sei pilotu barne. Gerraontzien taldea Trukera itzuli zen berehala.
Kalte larriak egin beharrean, Hendersongo langileek ordu gutxitan pistetako bat konpondu ahal izan zuten. Hamazazpi SBD eta hogei Wildcat Espiritu Santotik ziztu bizian ekarri zituzten eta estatubatuar armadaren eta itsas armadaren hegazkinak erregaia uhartera ekartzen hasi ziren. Japoniarren konboi handia gerturatzen ari zela konturatu zirenean, estatubatuarrak ontziok Guadalcanalera heldu baino lehen era guztietara oztopatzen saiatu ziren. Txikitutako hegazkinetatik eta oihaneko biltegi batetik erregaia pilatu zuten eta CAFek 14an konboiari eraso ahal izan zion, baina, hala ere, ez zioten kalterik eragin.
Japoniar konboia Tassafarongara heldu zen urriaren 14ko gauerdian eta zama lehorreratzen hasi zen. Urriaren 15ean, Hendersongo hegazkin talde batek, konboia deskargatzen ari zelarik, bonbardatu eta metrailatu zuen. Ekintza hartan, hiru garraio ontzi birrindu zituzten. Gainerako ontziak gauean abiatu ziren, soldadu guztiak eta ekipamenduaren eta hornigaien bi heren lehorreratu ondoren. Japoniar gurutze-ontzi astun batzuek Henderson zelaia bonbardatu zuten, urriaren 14 eta 15eko gauetan. Operazio hartan, CAFeko hegazkin batzuk txikitu zituzten, baina ezin izan zuten kalte larririk egin.
Urriaren 1etik 17ra, japoniarrek 15000 soldadu bidali zituzten Guadalcanalera, hori horrela, Hyakutakek 27000 izan zuen planeatutako erasoan erabiltzeko. Matanikauren ekialdeko posizioak galdu zituztenez, itsasertzeko estatubatuar defentsak erasotzea bereziki zaila izango zelakoan zeuden. Hortaz, Hyakutakek eraso nagusiaren oldarraldia Henderson zelaiaren hegoaldetik etorriko zela erabaki zuen. Eraso hartarako Masao Maruyama jeneralaren indarra aukeratu zuen. Maruyamaren 2. dibisioak (38. dibisioko unitate batzuekin) 7000 soldadu zeuzkan, hiruna batailoiko hiru infanteria-erregimentutan banatuta. Bere agindua estatubatuar hegoaldeko defentsak txikitzea zen; horretarako, oihanean barrena Lunga ibaiaren ekialdeko ertzetik oldartuko zen. Erasoa 22an izango zen, baina oihana trinkoegia zen eta ibilbidea atzeratu zuenez, azkenean, erasoa 24an gertatu zen. Estatubatuarren arreta desbideratzeko japoniarrek mendebaldetik erasoko zuten kostaldeko korridoretik. Eraso horretarako Hyakutatkek Tadashi Sumiyoshi jenerala hautatu zuen. Horrek, Hyakutakeren artilleria astuna eta bost infanteria-erregimentu zeuzkan (2900 bat soldadu). Japoniarrek uhartean 10000 aliatu zirela uste zuten, baina, egia esan, 23000 inguru ziren.
Urriaren 12an, injineruen konpainia bat Matanikautik, Lungako estatubatuar hegoaldeko perimetrorantz, ibilbide bat egiten hasi zen oihanean zehar. Bide horri Maruyama errepidea deitu zioten eta Guadalcanalgo eskualderik menditsuenetako bat zeharkatzen zuen. Ibai, erreka, arroila lohitsu sakon, ike aldapatsu asko eta oihan trinko-trinkoa gurutzatu behar izan zituzten. Urriaren 16tik 18ra, 2. dibisioa Maruyamaren bidean barrena abiatu zen.
Sumiyoshiri Hyakutakeren taldekoek atzerapena jakinarazi zioten, baina ezin izan zien haren soldaduei horren berri eman. Beraz, urriaren 23ko iluntzean, 4. Infanteria-erregimentuko bi batailoik eta1. Bereizitako Tanke Konpainiaren bederatzi tankek Matanikauren ahoko estatubatuar defentsei eraso zieten. Marineek artilleria, kainoi eta arma txikien laguntzaz aurre egin zieten eta atzera bota zituzten. Izan ere, tanke guztiak txikitu zituzten eta ia japoniar soldadu guztiak hil zituzten; haiek aldiz oso hildako gutxi izan zuten.
Azkenik, urriaren 24ko gauean, Maruyamaren unitateak Lungako estatubatuar perimetroraino heldu ziren. Hurrengo bi gauetan, Maruyamakoek aurrez aurreko eraso asko egin zituzten, alperrik, baina. Estatubatuarren posizioak teniente koronelaren Chesty Pulleren 7. marineen, 1. batailoiak eta teniente koronelaren Robert Hallen Estatubatuar Armadaren 164. Erregimentuko 3. batailoiak defendatzen zituzten. Marineek errifleak, metrailadoreak, morteroak, artilleria eta tankeen aurkako 37 mm-ko kanoietatik botatako metraila erabili zituzten. Japoniarren artean sekulako sarraskia eragin zuten arren, talde txiki batzuk perimetroaren barrura sartu ahal izan ziren, baina hurrengo egunetan harrapatu eta akabatu egin zituzten. Maruyamaren 1500 soldadu baino gehiago hil ziren erasoan eta estatubatuarrek, berriz, 60 baino ez zituzten izan. Bi egun haietan ere, Henderson zelaiko hegazkinek aurre egin zieten japoniar hegazkin eta ontziei; eta haietako 14 hegazkin eta gurutze-ontzi arin bat txikitu zituzten.
Urriaren 26an, Matanikau aldean, eraso gehiago abiatu zituzten japoniarrek, baina guztietan hildako asko izan zituztenez, atzera egin behar izan zuten. Beraz, urriaren 26ko goizeko 8:00etan, Hyakutakek bertan behera utzi zuen erasoa eta atzera egiteko agindua eman zuen. Bizirik atera ziren Maruyamaren soldaduen erdiei Matanikau goiko ibarrera joateko agindu zieten. Toshinari Shōji koronelaren 230. infanteria-erregimentua, berriz, Koli lurmuturrera bidali zuten, Lunga perimetroaren ekialdean. 2. dibisioko aurreneko soldaduak azaroaren 4an heldu ziren Matanikauren mendebaleko Kokumbonako 17. Armadako Kuartel Nagusira. Egun berean, Shōjiren unitatea Koli lurmuturrera heldu zen eta kanpatu zuen. Izandako hildakoak eta zaurituak alde batetik , eta gaixotasunak eta janari-eskasiak jota bestetik, 2. dibisioak aurrerantzean ezin izango zuen erasorik abiatu kostaldean. Guztira, japoniarrek 2200-2300 soldadu galdu zituzten eta estatubatuarrek, ostera, 80.
Hyakutakeren tropak aurrera egiten ari ziren bitartean, japoniar hegazkin-ontziek eta beste gerraontzi handi batzuek Salomon uharteen hegoaldean hartu zituzten posizioak. Handik, Isoroku Yamamoto almirantearen taldeak, Hyakutakeren lehorreko erasoari erantzungo zion aliatuen (baina, batez ere estatubatuarrak) edozein itsas unitate txikitu behar izango zuen. Asmoa, gehienbat, aliatuen hegazkin-ontziak hondoratzea zen. William Halsey jr. Almirante nagusiaren aliatuen hegazkin-ontzi taldeek ere, japoniarrei aurre egin nahi zien. Nimitzek Halsey ipini zuen Ghormleyren ordez urriaren 18an, hura ezkorregi eta miopegi bilakatu baitzelakoan Ozeano Barearen hego eskualdeko indarrei agintzeko.
Hegazkin-ontzi talde biek talka egin zuten urriaren 26ko goizean, geroan Santa Cruz uharteetako gudua deritzonean. Aire borroka batzuk gertatu eta gero, aliatuen azaleko ontzi guztiek borrokatik atzera egin behar izan zuten. Estatubatuarrek hegazkin-ontzi bat (Hornet) galdu zuten eta beste batek kalte larriak izan zituen (Enterprise). Japoniarrek ere, alde egin behar izan zuten, kaltetutako bi hegazkin-ontzi eta hegazkin eta pilotuen galerengatik. Hondoratutako eta kaltetutako ontziak kontutan izanda japoniar garaipen taktikoa ematen bazuen ere, japoniar eskarmentu handiko ordezkaezin pilotuen galerek, epe luzera, aliatuen garaipen bilakatu zuten. Estatubatuarrek pilotu gutxi galdu zuten borroka hartan eta laster berreskuratu ziren. Japoniarren hegazkin-ontziek ez zuten garrantzi handirik kanpainako gainerako guduetan.
Henderson zelaiko guduaren garaipenari etekinak ateratzearren, Vandegriftek sei marine batailoi eta armadako bat bidali zituen Matanikauren mendebalerantz oldartzeko. Operazioaren komandatea Merrit Edson izan zen eta bere aginduak Kokumbona hartzea ziren, bertan japoniarren 17. armadaren kuartel nagusia baitzegoen. Cruz lurmuturreko eskualde hori defendatzeko Nomasu Nakaguma komandantearen 4. infanteria-erregimentuko soldaduak ziren. Erregimentu hori oso ahulduta zegoen, hildakoak, gaixotasun tropikalak eta lan eskasia zirela eta.
Estatubatuarren ofentsiba azaroaren 1ean hasi zen eta hastapeneko zailtasun batzuk gaindituta arrakasta izan zuen. Azaroaren 3rako, Cruz lurmuturreko eremua defendatzen zuten ia tropa guztiak hil ala egotzi zituzten, Nakagumaren erregimentuari laguntzeko bidalitako erretagoardiako batzuk barne. Ematen zuen estatubatuarrek japoniar defentsak apurtuko zutela eta Kokumbona hartuko zutela. Momentu hartan, hala ere, estatubatuarrek lehorreratu berriak ziren japoniar tropak aurkitu zituzten, Koli lurmuturrean; Lunga perimetroaren ekialdeko muturrean. Arrisku horri aurre egiteko, Vandegriftek aldi baterako bertan behera utzi zuen erasoa azaroaren 4an. Ekintza haietan estatubatuarrek 71 hildako izan zituzten eta japoniarrek 400 bat.
Azaroaren 3ko goizean, bost japoniar destruktorek 300 soldadu lehorreratu zituzten Shōjiri laguntzeko. Hauek bidean ziren Koli lurmuturrera Henderson gudutik. Vandegriftek lehorreratze horren berri zeukan eta Herman H. Hanneken-en marine batailoia bidali zuen Koliko japoniarrak egoztearren. Lehorreratutakoan, japoniarrek Hannekenkoak topatu zituzten eta atzera bota zituzten Lunga perimetrorantz. Eraso horri erantzuteko, Vandegriftek lau batailoi bidali zituen japonairrei buru egiteko: Hannekena, Puller-rena eta 164.ko bi infanteria batailoi.
Estatubatuarrak mugitzen hasi ziren bitartean, Shōjiren soldaduak Koli lurmuturrera heltzen hasi ziren. Azaroaren 8tik, estatubatuarrak Shōjiren unitateak inguratzen saiatu ziren, Kolitik gertu zegoen Gavaga errekan. Baina, Hyakutakek Shōjiri Koliko posizioak uztea eta Kokumbonako japoniarrekin bat egitea agindu zion. Bazegoen irekiune bat estatubatuar lerroen hegoaldean, erreka zingiratsu baten bitartez. Azaroaren 9tik 11ra, Shōjik eta 2500 bat soldaduk oihanerantz egin zuten ihes. Azaroaren 12an, estatubatuarrek erabat txikitu zituzten poltsikoan atzera geratu ziren japoniarrak. Gutxienez, amerikarrek 450-475 gorpu zenbatu zituzten Kolin eta ia Shōjiren arma astun eta hornigai gehienak harrapatu zituzten. Estatubatuarrek 40 hildako eta 120 zauritu izan zituzten.
Bitartean, azaroaren 4an, Evans Carlson teniente koronelaren 2. Raider batailoiko (marineen tropa erasotzaile bereziak) bi konpainia ontzi txikietatik lehorreratu ziren Aola badian, 64 km. Lunga perimetroaren ekialdera. Carlson raiderrek eta 147. infanteria-erregimentuko tropa batzuek, leku hartan aireportu bat eraki behar zuten 500 seabee babestu behar zituzten. Halseyk, Turnerrek aholkatuta, Aola badian aireportu bat eraikitzeko proiektua bultzatu zuen. Hala ere, proiektu hori bertan behera utzi zuten azaroaren amaieran, lursailik egokirik ez zegoelako.
Bien bitartean, azaroaren 5ean, Vandegriftek Carlsoni raiderrak hartzeko, Aolatik lehorretik abiatzeko eta Kolitik ihes egin zuten Shōjiren tropei erasotzeko. Egun batzuk geroago heldu ziren bere batailoiko gainerako konpainiekin, Carlson eta bere tropak 29ko patruila batean abiatu ziren Aolatik Lunga lurmuturrera. Patruila hartan, borroka batzuk gertatu ziren atzera egiten zuten Shōjiren soldaduekin. Estatubatuarrek 500 bat japoniar hil egin zuten, eta eurek 16 baino ez zuten izan. Erasoez gain, Shōjiren soldaduek gaixotasun tropikalek eta janari eskasiak jota egin behar izan zuten oihanean zeharreko ibilbidea. Shōjiren indarrak Lungara ibaira heldu zirenerako, azaroaren erdian, 1300 soldadu baino ez zitzaizkion geratzen. Matanikauren mendebaldeko 17. Armadako posizioetara heldu zirenean, 800 bat besterik ez ziren iritsi. Bizirik atera ziren Shōjiren soldaduak beste unitate japoniar batzuekin egin zuten bat, Austen mendia eta goiko Matanikau harana defendatzeko.
Tokyo Expressek, azaroaren 5, 6 eta 9an, japoniarren 38. Infanteria-dibisioiko tropa gehiago, ekarri zituen uhartera, 228. Infanteria-erregimentu ia osoa barne. Tropa haiek berehala eraman zituzten Cruz lurmuturreko eta Matanikauko posizioetara eta azaroren 10 eta 18an, arrakastaz lagundu zuten estatubatuar erasoei aurre egiten. Hurrengo sei asteetan, japoniarrek eta estatubatuarrek bekoz beko egin zioten elkarri aurre Cruz lurmuturraren mendebaldean zegoen fronte hartan.
Henderson zelaiko guduaren porrotarren ondoren, Japoniar Armada Inperialak (JAI) 1942ko azaroan aireportua berriro hartzeko saiakera egin nahi zuen. Alabaina, errefortzuak behar ziren operazioa egiteko. JAIk Yamamotoren laguntza eskatu zuen eskatutako errefortzuak uhartera eramateko hurrengo erasoa bultzatzearren. Yamamotok 11 garraio-ontzi handiak eman zituen, 38. infanteria dibisioko, geratzen ziren 7000 soldadu, haien munizioa, janaria, eta ekipo astuna Rabauletik Guadalcanalera ekartzeko.
Bi gerraontzi ere eman zituen talde hori babesteko: Hiei eta Kirishima. Bi gerraontziok zatikatze obusak zeramatzaten Henderson zelaia azaroaren 12-13 gauean bonbardatzeko. Asmoa aireportua bera eta bertako hegazkinak hurrengo egunean garraio-ontzi astun motelek zama lehorrera zezaten segurtasunez. Goratu berri, Hiroabi Abe almiranteordeak agintzen zuen talde hori Hieitik.
Azaroaren hasieran, aliatuen informazio zerbitzuak japoniarrak Henderson zelaia berriro prestatzen ari zirela jakin zuten. Beraz, estatubatuarrek, azaroaren 11n, Turner komandantearen Task Force 67 (67 Talde Berezia) bidali zuten errefortzu handiak eramatearren: marineak, armadako bi infanteria-batailoi, munizioak eta janaria. Bi talde berezik babesten zituzten garraio-ontziak: Daniel J. Callaghan eta Norman Scott almiranteordeenak. Haiekin batera, Henderson zelaiko hegazkinek ere babestuko zituzten ontziok. Azaroaren 11 eta 12an, Rabauletik ateratzen ziren eta Bougainvilleko Buin basean geldialdia egiten zituzten janponiar hegazkinek estatubatuar konboiari eraso zioten, baina ia guztiak zama lehorreratu zuten arazo barik.
Estatubatuar azterketako-hegazkinek Aberen bonbadarketa indarra antzeman zuten eta aliatuen komandoari jakinarazi zioten. Behin jakinaren gainean egonda, Turnerrek Callaghanen ontzi guztiak bidali zituen lehorreko tropak babestearren japoniar erasoetatik eta Guadalcanalgo hornigai-ontziei, azaroaren 12ko iluntzetik, alde egiteko agindu zien. Callaghanen taldeak bi gurutze-ontzi astun, hiru gurutze-ontzi arin eta zortzi destruktore zeuzkan.Azaroaren 13ko 01:30ak inguruan, Callaghanen taldeak Aberen bonbardaketa taldea atzeman zuen Guadalcanal eta Savo uharteren artean. Bi gerraontziez gain, Aberen taldeak gurutze-ontzi arin bat eta 11 destruktore zeuzkan. Erabateko iluntasunean, talde biek elkarri eraso zioten ezhoiko distantzia laburregian tiro eginez. Mêlée hartan, Aberen gerraontziek hondoratu edo larri kaltetu zituzten Callagahenkoak. Gainera, Callaghan eta Scott hil egin zituzten. Hala ere, estatubatuarrek japoniar destruktore bi hondoratu eta beste bat eta Hiei larri kaltetu zituzten. Callaghanen taldea menderatu arren, Abek atzera egiteko agindua eman zuen Henderson zelaia bonbardatu barik. Beraz, egun hartan bertan, arratsaldean, Hiei hondoratu zuten CAFeko eta Enterpriseko hegazkinek. Hori horrela, Yamamotok, Razio Tanakari bere tropen konboiari Shortland uharteen inguruan gelditzeko eta egun bat gehiago itxaroteko Guadalcanalerantz abiatu baino lehen. Yamamoto Nobutake Kondōri Trukeko eta Aberen taldeko gerraontziez beste bonbardaketa talde bat egiteko eta azaroaren 15ean Henderson zelaia txikitzeko.
Bitartean, azaroaren 14ko 02:00ak inguruan, Gunichi Mikawa buru zuen gurutze-ontzi eta destruktoreen talde batek Henderson zelaia bonbardatu zuen oztopo barik. Bonbardaketak kalteak eragin zituen, baina porrot egin zuen, ez baitzuen aireportua itxi eta hango hegazkinak ez zituen kaltetu eta. Mikawaren taldeak atzera egiten zuen bitartean, Tanakaren konboiak Guadalcanalerantz arrakalean barrena jo zuen, Henderson zelaia birrinduta zegoela uste zutelako. Azaroaren 14ko egun osoan, Hendersongo eta Enterpriseko hegazkinek Mikawa eta Tanakaren taldeko ontziei eraso zieten etengabe. Gurutze-ontzi astun bat eta zazpi garraio-ontzi hondoratu zituzten, baina ia tropa guztia Tanakaren destruktoreetara ontziratu zen eta Shortland uharteetara itzuli ziren. Ilundu zuenean, Tanakak eta geratzen ziren lau garraio-ontziek Guadalcanalerantz jarraitu zuten Kondoren taldea Henderson zelaiara gerturatzen ari zen basea bonbardatzearren.
Kondoren taldea oztopatzeko, Halseyk, ez kaltetutako ontzi gutxi bazeukan ere, bi gerraontzi, Washington eta South Dakota, eta lau destruktore Enterprise taldetik askatu zituen. Willis A. Lee almirantearen talde hura, Guadalcanalera eta Savo uhartera heldu zen, azaroaren 14ko gauerdia baino lehentxeago. Kondoren ontziak geroxeago heldu ziren. Ontziak hauexek ziren: Kirishima gerraontzia; bi gurutze-ontzi astun, bi arin eta bederatzi destruktore. Talde biek elkar antzeman zutenean, Kondoren ontziek arin-arin hondoratu zituzten lau destruktore eta beste bat larri kaltetu zuten. Japoniarrek, orduan, South Dakota, ikusi, eraso eta kaltetu zuten. Kondoren ontziek South Dakotaren gainean arreta ipintzen zuten bitartean, Washington isilean japoniarren talderantz gerturatu zen. Kirishimari eraso zion eta aldi batzuetan asmatu eta gero, oso kalte larriak eragin zizkion. Washingtonen atzetik Russell uharteetarantz alferrik ibili ondoren, Kondok atzera egiteko agindua eman zuen Henderson zelaia bonbardatu gabe. Estatubatuarrek Kondoren destruktoreetako bat hondoratu zuten operazio hartan.
Kondoren ontziek atzera egiten zuten bitartean, geratzen ziren lau garraio-ontziek Guadalcanalgo Tassafaronga lurmuturrean bota zuten aingura, goizeko 04:00etan; eta berehala hasi ziren ontziok husten. Alabaina, 05:00etan, estatubatuar hegazkinek eta artilleriak erasotzeari ekin zioten. Laurak txikitu zituzten eta haiekin batera zekarten ia hornigai guztiak. 2000-3000 soldadu besterik ez ziren lehorreratu. Huts egite hori zela eta, japoniarrek ezin izan zuten Henderson zelaia erasotzeko plana aurrera atera, beraz, aliatuen garaipen estrategiko handia izan zen. Gainera, hura izango zen Henderson zelaia berreskuratzeko japoniarren saiakeren amaiera.
Azaroaren 26an, Hitoshi Imamura jeneralak 8. Eskualdeko armadaren aginpide sortu berria hartu zuen Rabaulen. Aginpide hark Hyakutakeren 17. Armada eta Ginea Berriko 18.a hartzen zuen barruan. Inamuraren lehentasunetako bat Henderson zelaia eta Guadalcanal berreskuratzea izan zen. Hala ere, Bunako (Ginea Berria) aliatuen erasoak, Inamuraren lehentasunak aldatu zituen. Izan ere, eraso hark Rabaulerako mehatxu handia zekarrenez, Guadalcanalerako errefortzuak Ginea Berrira bideratzen hasi zen.
Japoniarrek, artean, Guadalcanalgo haien tropak hornitzeko arazo handiak zituzten. Azaroaren azken bi asteetan, itsaspekoekin egindako saiakerek, behar beste janari ekartzen huts egin zuten. Gabarren konboiei laguntzeko Salomonen erdian base bat ezartzeko saiakerak ere porrot egin zuen, aliatuen aire-erasoengatik. Azaroaren 26an bertan, 17. Armadak Inamurari janari krisialdi larriaren aurrean zeudela jakinarazi zion. Fronteko unitate batzuek sei egunetan ez zuten hornigairik jaso eta erretagoardian ere, soldaduek anoen heren bat baino ez zuten jasotzen. Hortaz, japoniarrek berriro erabili behar izan zituzten destruktoreak beharrezkoak ziren hornigaiak ekartzeko.
Japoniar 8. flotako kuartel nagusiak Guadalcanal hornitzen zuten destruktoreen bidaien arriskua txikiagotzeko plan bat asmatu zuen. Gas eta petrolio edukiontzi handiak garbitu eta botikez eta janariaz bete zituzten. Goiko partean, airea egoteko lekua gorde zuten flotagarritasuna ahalbidetzeko, eta denak batera lotu zituzten. Destruktoreak Guadalcanalera heldutakoan, itzuli itxia egingo zuten eta soka askatuko zuten. Gero, igerilari batek edo txalupa batek sokaren muturra hartuko zuen eta atoian eramango zuten hondartzara, bertan, soldaduek hornigaiak garraiatuko zituzten uhartean barrena.
Mikawak, 8. armadako Guadalcanalera errefortzuak eramateko unitatearen (Tokyo Express) komandanteari, Raizo Tanaka, edukiontzien sistema erabiltzen planeatutako bost bidaietako lehena egiteko eskatu zion. Bidaia azaroaren 30ko gauean egingo zuten taldearen zortzi destruktoreek. Haietako seik eramango zuten zama (200-240na edukiontzi). Estatubatuar informazio zerbitzuak hori guztia jakin zuenean, Halseyri jakinarazi zion eta hark, berehala, Task Force 67 bidali zuen. Carleton H. Wright almiranteordeak agindutako taldeak, lau gurutze-ontzi eta lau destruktore zeuzkan eta bere aginduak Tanakaren taldea Guadalcanaletik kanpo oztopatzea zen. Beste Espiritu Santoko bi destruktore gehitu zitzaizkion taldeari bidean azaroaren 30an.
Azaroaren 30ko 22:40an, Tanakaren ontziak Guadalcanalera heldu ziren eta upelak deskargatzen hasi ziren. Bizkitartean, Wrighten ontziak gerturatzen ari ziren Ironbottom itsasartean barrena beste norabidetik. Wrighten destruktoreek Tanakaren taldea atzeman zuten radarrean eta destruktorearen komandanteak torpedoekin erasotzeko baimena eskatu zuen. Wrightek lau minutu itxaron zuen baimena eman baino lehen, eta, hala, Tanakaren taldeak ihes egin ahal izan zuen tiro egiteko radiorik hoberenetik. Torpedo guztiek huts egin zuten. Tarte hartan, Wrighten gurutze-ontziek tiro egin zuten eta berehala jo eta txikitu zuten japoniar babes-destruktore bat. Tanakaren beste ontziek hornigai misioa bertan behera utziz, azeleratu, biratu eta 44 torpedo jaurti zizkien Wrighten gurutze-ontziei.
Japoniar torpedoek Northampton estatubatuar gurutze-ontzia jo eta hondoratu zuten, eta larri kaltetu zituzten Minneapolis, New Orleans eta Pensacola gurutze-ontziak. Tanakaren gainerako destruktoreek ihes egin zuten kalterik gabe, baina ezin izan zuten hornigairik laga Guadalcanalen.
1942ko azaroaren 7rako, Hyakutakeren unitateek eguneko 50 soldadu galtzen zuten, goseak eta gaixotsunak jota, edota aire edo lehorreko erasoetan. Tanakaren destruktoreek bidaiak egin bazituzten ere azaroaren 3an, 7an eta 11n, ezin izan zuten krisia arindu. Bidaia horietako batean torpedo-ontzi batek japoniar destruktore bat hondoratu zuen.
Abenduan aldaketa batzuk gertatu ziren. Lungako perimetroak berdin jarraitzen bazuen ere, orain, berau defendatzeko eta erasoak abiatzeko, behar beste tropa zeukaten aliatuek. Horrez gain, AEBetako armada marineak ordezkatzearren bidali zuten Guadalcanalera. Abenduaren 9an, Alexander Patch AEBetako armadako maior jeneralak, Vandegrift ordezkatu zuen eta Guadalcanal eta Tulagiko aliatuen indarren buru bilakatu zen. Berarekin batera etorri ziren: Americal, bere dibisioa; armadako 147. Infanteria-erregimentu independientea; marineen 2. dibisioa eta armadako 25. infanteria-dibisioa. Horietaz gain, artilleriako, itsasoko, aireko, eta eraikitzeko tropa laguntzaileak etorri ziren. Hala, urtarrilaren 7an, aliatuek 50.000 soldadu inguru zituzten.
Halsey almirantearekin ere, estutasunak amaitu ziren. Hornigaiak etengabe heltzen ziren uhartera eta baita hegazkin berriak ere. Izan ere, Henderson zelaian, B-17 bonbaketariak eta P-38 ehiza-hegazkin berriak ziren. Vandegriften marineen 1. dibisioa Gudalcanaletik atera zuten atsedena har zezan. Marineak akituta zeuden eta malariak eta beste gaixotasun tropikalek jota. Patchek Americal dibisioaz gain,ia marineen 2. dibisio osoa zeukan. Hala, tropa berriak eta Guadalcanalen kanpainaren hasieratik egondako komandanteak zeuzkan. Eskarmentu handiko armadako eta Guardia Nazionaleko komandante batzuk ere bazeuzkan.
Estatubatuarren informazio zerbitzuak, japoniarrek, artean, 25.000 bat soldadu zeuzkatela uste zuen. Hala ere, ez zeuzkaten haien posizioen berri. Jakin, bazekiten, Kokumbonan eta Austen mendian zirela eta Tokyo Expressek joan-etorriak egiten zituela hornigaiak ekartzeko.
Vandegrift jeneralak irailean Lunga perimetroa Austen mendia bereganatuz hedatu nahi bazuen ere, urrun zegoen eta oso soldadu gutxi zeukan helburu horretarako. Hala ere, armadako buruzagiek uste zuten Henderson zelaia ez zela inoiz seguru egongo mendi hori hartu gabe eta gainera, ezin izango zuten Matanikau eskualdea menderatu. Izan ere, Austen mendia ez da gailur bakar bat, Guadalcanalgo mendirik handienen mendi adarrak baizik eta iparralderantz zabaltzen dira Matanikau eta Lunga ibaiaren artetik. 460 m.-ko bere gailurrik altuena Henderson zelaitik 10 km. Hego-mendebaldera dago eta goitik aireportua menderatzen da. Oihan hezeak bizkar horiek estaltzen ditu eta landetan belar ebakitzailea da nagusi.
Japoniarrek perimetroari begiratzeko eta bonbardatzeko erabiltzen zituzten muinook eta euren planen arabera, hortik abiatuko zen Henderson zelaia hartzeko hurrengo erasoa. Horretarako Hyakutakek Henderson gudutik erretiratu ziren tropa batzuk erabili zituen. Bi erregimentu arduratzen ziren mendiaren defentsaz, Akinosuka Oka koronelaren 124. infanteria-erregimentua eta 128. mendi-artilleriakoa hain zuzen.
Azaroan, Hyakutakek tropa gehiago bidali nahi zituen Austen mendira erasoa abiatzeko. 38. dibisio osoa eskualde hartara joatekoa zen, baina Guadalcanal itsas guduan estatubatuarrek tropa horien lehorreratzea oztopatu zuten eta Henderson zelaia erasotzeko plana bertan behera utzi zuten japoniarrek.
Estatubatuar soldaduentzat Austen mendia lokamutsa izan zen. Dena eskuz garraiatu behar izan zuten hegal malkartsuetan gora eta behera, baita zaurituak eta hildakoak ere. Ez zegoen errepiderik, ezta bidezidorrik ere, eta, beraz, atzera utzi behar izan zituzten morteroak eta metrailadoreak.
Borroka krudela izan zen japoniarren posizioak oso ondo ezkutatuta zeuden. Erasoa 1942ko abenduaren 17an hasi zen eta 23ra arte ez zen bukatu. Azkenean 132. infanteria-erregimentuak mendietan gora egin zuen, baina abenduaren 24an japoniarren Guadalcanalgo gotorlekurik sendoenak estatubatuarren aurrera egitea geldiarazi zuen.
Posizio hori Takeyoso Ingaki komandantearen 228. infanteria-erregimentuko 800 soldaduk defendatzen zuten eta Gifu deitu zioten soldadu gehienak prefektura horretakoak baitziren. Gifuk 1400 m.-ko luzera zeukan eta ferra baten forma zeukan. Ferra horren alde irekiak mendebaldera begiratzen zuen eta Austen menditik 27 eta 31 muinoetara zabaltzen zen. 45-50 elkarri lotutako eta ondo ezkutatuko bunkertxo sistema bat osatzen zuen. Bunkertxook, lurrez eta enborrez egin zituzten eta 61 cm.-ko lodiera zeukaten, normalean, ziren behearen gainetik metro bat baino gutxiago altxatzen ziren. Barruan bina metrailadore egoten ziren eta fusilari batzuk zeuden. Batzuetan zuhaitz handi batzuen azpian zeuden eta posizioak sendotzeko eta lotzeko lubakiak egin zituzten. Bunkerren atzean japoniarrek 81 mm. eta 90 mm.-ko irismen handiko morteroak zeuzkaten.
Hasieran estatubatuarrek ez zekiten posizio hori noraino heltzen zen. Izan ere, ipar-mendebaldeko mugak ondo ezagutzen zituzten, baina inguru guztia ezezaguna izan zen hego-mendebalderantz zihoan patruila batek hango mugak aurkitu zituen arte. Hala ere, 132. erregimentuak hildako eta zauritu gehiegi izan zituen eta urtarrilaren 4an erasoa eten egin zuten. Estatubatuarrek 115 hildako eta 272 zauritu izan zituzten eta japoniarrenak ezezagunak badira ere, 500 bat hildako eta zauritu zirela uste da. Japoniarrek gudu horri Odolezko Mendiko gudua deitu zioten.
Abenduaren 12an, japoniar itsas-armadak, Guadalcanalgo kanpaina bertan behera uztea iradoki zuen. Aldi berean, Kuartel Nagusi Inperialerako (KNI) japoniar armadako estatu nagusiko zenbait ofizialek ere, Guadalcanalen ahalegin gehiago egitea alferrik izango zela esan zuten. JAI-go (Japoniar Armada Inperial) Joichiro Sanada koronela (KNIko operazio saileko nagusia) buru zuen ordezkaritza bat Rabaulera joan zen, abenduaren 19an, eta Imamura eta bere laguntzaileekin bildu zen. Tokiora itzulitakoan, Sanadak Guadalcanal uztea berriro iradoki zuen. KNI-go buru nagusiak Sanadarekin bat etorri ziren abenduaren 26an eta laguntzaileei Gudalcanaletik alde egiteko planen zirriborroak egiteko agindu zien. Plan horren arabera, beste defentsa-lerro bat ezarriko zen Salomon uharteetako erdigunean, eta lehentasunak eta baliabideak Ginea Berriko kanpainarantz bideratuko zituzten.
Abenduaren 28an, Hajime Sugiyama jeneralak eta Osami Nagano almiranteak, eurek, Hiroito enperadoreari Guadalcanal uzteko erabakiaren berri eman zioten. Abenduaren 31n, enperadoreak erabakia onartu zuen ofizialki. Beraz, japoniarrak, ahopean, Guadalcanaletik ateratzea prestatzen hasi ziren. Operazio hari Ke deitu zioten eta 1943ko urtarrilaren amaieran hastekoa zen.
Urte Berriarekin batera, Patch jeneralak, japoniarrak Guadalcanaletik egoztea eta kanpaina behingoz amaitzea erabaki zuen. Horretarako XIV. armada-gorputzaren lau dibisioak izango zituen: Americal dibisioa, 25. Infanteria-dibisioa, 43. Infanteria-dibisioa eta marineen 2.a. Ideia, eraso azkar batzuetan, japoniarrak mendebalerantz bultzatzea eta Cruz lurmutur eta Kokumbonaren arteko erresistentzia zapaltzea zen. Erasoak hiru ardatz nagusi izango zituen: a) J. Lawton Collins jeneralaren 25. Infanteria-dibisioak kostalde-ertzeko muinoak garbituko zituen; b) Alphonse De Carre jeneralaren marineen 2. dibisioak, aurrekoarekin koordinatuta, itsasertzean gora egingo zuen; c) 25. Infanteria-dibisioak (ken 35. Infanteria-erregimentua) lau eguneko operazio batean, Matanikau mendebaldean zegoen gotorleku bat, Galloping Horse deitutakoa (horrela deitzen zuten, airetik lauhazkan doan zaldi bat ematen baitzuen), zanpatuko zuen. Hiruren arteko koordinazioa garrantzitsua zen, bereziki Galloping Horsekoa, ez bazuten garbitzen, kostaldeko erasoaren saihetsa babesik gabe geratuko baitzen.
2. itsas infanteriaren dibisioak Point lurmuturrean itxaron zuen operazioa hasi zenetik lehendabiziko hiru egunetan. Laugarrenean, urtarrilaren 12an, japoniar 2. dibisioari oldartu zitzaion. Astebete batean, marineek 1400 m. egin zituzten aurre, Kokumbonarantz erraz eraso zitekeen posizio bat bilatuz. Prozesu hartan, 650 bat japoniar hil egin zituzten.
Bitartean, Lungako perimetroa hedatzearren, 35. Infanteria-erregimentuak hego-mendebaldean aurrera egin zuen Austen mendi-hegal malkartsuetan gora. Alde horri, Sea Horse deitu zioten, halaxe ematen baitzuten airetiko argazkietan. Eraso horrek egun bat besterik ez zuen iraun, baina latza bazen ere, estatubatuarrek aurrera egin zuten eta 35. infanteria-erregimentuko 3. batailoiak Sea Horse muinoa menderatu zuen. Hala, Gifu gotorlekua inguratu zuten.
Gifu hartzeko eginkizun latza 35. infanteria-erregimentuko 2. batailoiari egokitu zitzaion urtarrilaren 9tik. Hurrengo lau egunetan estatubatuarrak Gifuko posizioen perimetroa antzematen saiatu ziren, baina ezin. Japoniarrak gauetan, estatubatuarren lerroen artean sartzen ziren eta soldaduak hiltzen zituzten. Hala ere, Seahorse menderatuta, Gifu guztiz isolatuta geratu zen, baina Inagaki japoniar komandanteak atzera egiteko aginduari uko egin zion. Estatubatuarrek eraso orokor bat egin zuten urtarrilaren 15ean, baina japoniarrek egotzi zituzten, beraz, urtarrilaren 17an ordu eta erdiko artilleria erasoa egin zuten. Hala ere, berandu egin zutenez, hurrengo egunera arte itxaron behar izan zuten eta japoniarrek indarberritzeko denbora izan zuten. Goizean estatubatuarrak oldartu zitzaizkien, baina gutxi egin zuten aurrera eta euri zaparrada itzelak zirela eta, 20an erasoa bertan behera utzi behar izan zuten.
Urtarrilaren 22an, estatubatuarrek, 18 soldaduk babestu zuten tanke arin bat erabili ahal izan zuten eta horren laguntzaz perimetroaren barrura sartu ahal izan ziren, gotorlekuaren erdi-erdiraino. Gau hartan, bertan, Inagakik, dena galduta zegoela sinestarazita, banzai eraso bat agindu zuen. Oldarraldi hartan, Inagaki eta bizirik zirauten japoniarrak hil egin ziren. Argitu zuenean, estatubatuarrek gotorleku osoa menderatu ahal izan zuten.
Urtarrilaren 9tik 23ra, 2. batailoiak 64 hildako izan zituen, baina Gifu eta aldameneko muinoetako japoniar posizioetan etsaien 518 gorpu zenbatu ahal izan zituzten. Gifu eta Austen mendiko gainerako posizioak euren eskuetan, estatubatuarrek itsasertzeko erasoan gogoa bildu ahal izan zuten.
Urtarrilaren 14an, Tokyo Expressek batailoi bat ekarri zuen Guadalcanalera, Ke planeko atzeguardiako ekintzak egin zitzan. Rabaulgo ofizial laguntzaile bat tropekin batera joan zen Hyakutakeri uhartea uzteko erabakien berri emateko. Bitartean, japoniar ontziak eta hegazkinak Rabauleko inguruetan bildu ziren operazioa prestatzeko. Aliatuen informazio zerbitzuak japoniar mugimendu haiek antzeman zituen, baina okertu zen, uste baitzuten Henderson zelaia eta Guadalcanal berreskuratzeko beste saiakera bat zela. Patchek, japoniar beste eraso bat gertu zegoelakoan, bere tropen zati txiki bat besterik ez zuen bidali Hyakutakeren aurka. Erasoa, hala ere, oso motel zihoan eta japoniarrek atzera egiteko denbora izan zuten. Halseyk, iritzi berekoa zenez, urtarrilaren 29an, Guadalcanal indartzeko gurutze-ontzi batzuek babestutako konboi bat igorri zuen. Japoniarrek konboia antzeman zuten eta torpedo-hegazkinek taldeari eraso zioten arratsalde hartan, bertan, eta Chicago gurutze-ontzi estatubatuarra larri kaltetu zuten. Hurrengo egunean, beste torpedo-hegazkin batzuek gurutze-ontzia hondoratu zuten. Halseyk konboiko gainerako ontziei atzera egiteko agindua eman zien eta Guadalcanalen hegoaldeko Koral itsasora joateko. Bertan, japoniar balizko eraso horren aurka prest egoteko esan zien.
Bien bitartean, japoniar 17. armada-gorputzak atzera egin zuen Guadalcanalen mendebaleko itsasertzera, atzeguardiako unitate batzuek estatubatuarren erasoa oztopatzen zuten bitartean. Otsailaren 1eko gauean, Mikawaren 8. flotako 20 destruktorek, Shintaro Hashimoto buru zutela, 4935 soldadu uhartetik ateratzea lortu zuten. Japoniarrek eta estatubatuarrek destruktore bana galdu zuten misio horretako aire eta itsasoko erasoetan. Otsailaren 4an eta 7an, Hashimotok eta bere destruktoreek Guadalcanalen geratzen ziren japoniar gehienak atera zituzten. Aireko eraso batzuk aparte utzita, aliatuak ez ziren saiatu Hashimotoren joan-etorriak oztopatzen, beste eraso handiago bat espero zuten eta. Guztira, japoniarrek, 10.652 soldadu atera zituzten Guadalcanaletik. Otsailaren 9an, Patch-ek, japoniarrek alde egin zuten berri izan zuenean, uhartea segurua zela aldarrikatu zuen, kanpaina amaituz.
1943ko otsailaren lehendabiziko astean, Halsey almirantea japoniarren eraso orokor baten zain zegoen, informazio zerbitzuek balizko japoniar azken ahalegin baten berri eman zioten eta. Alabaina, japoniarrek estatubatuarrei ziria sartu zieten, hauek alferrik egindako oldarraldi guztien ostean, atzera egitea erabaki baitzuten. Iruzur egiteko eskualde hartako aktibitateak areagotu zituzten, baina, benetan egiten zutena Doma senaiako tropak erretiratzea prestatzen ari ziren. Erretiratze hori babesteko, japoniarrek urtarrilaren 14an 600 soldadu ekarri zituzten Guadalcanalera, Itxaropen lurmutur aldera, eta beste indar bat Russell uharteetara, Guadalcanalen ipar-mendebaldean. Japoniarren planaren arabera, soldaduak gauez ontziratzekoak ziren destruktore batean, baina ezin izan zuten horrela egin. Azkenean, gabarretan garraiatu zituzten guztiak Russell uharteetara, eta hortik iparralderantz eraman zituzten.
XIV. armada-gorputz urtarrilaren 25ean heldu zen Poha ibaira. Kainpaina bere azken fasean sartu zen. Itsas armadaren eta armadaren konbinatuari (CAM) mendebalderantz erasoa, urtarrilaren 26ko 06:30etan abiatzeko, agindu zioten: marineen 6.ak iparralderantz hondartzetan barrena aurrera egingo zuen,eta infanteriako 182.ak hegoalderantz muinoetako hegaletatik. 147. infanteria dibisioa erreserban gordeko zuten eta Americal eta 25. infanteria dibisioek, marieen 2. eskuadrillarekin batera, operazioa sostengatuko zuten. CAM dibisioak 26an, berriro erasoko zuen eta 900 m. gehiago egin zuen aurrera. Nueha ibairaino heldu zen eta bertan finkatu zituen posizioak.
1943ko urtarrilaren 29an, Patch jeneralak CAMaren 147. infanteriakoa artilleriarekin indartu zuen eta japoniarren atzean bidali zuen, marineen 2. dibisioaren jeneralaren agindupean, Alphonse de Carre, hain zuzen ere.
Urtarrilaren 30ko 07:00etan, 14. infanteriaren erregimentua mendebalderantz abiatu zen. Bonegi ibaiaan japoniar talde batzuek oztopatu zuten, baina hurrengo egunean, artilleriaren laguntzarekin, aurrera egin zuen berriro. Planaren arabera, 1. eta 2. batailoak kostaldetik joatekoak ziren, eta 3.a lehorrean barrena, baina japoniarrek kostaldeko erasoa oztopatu eta geldiarazi zuten.
1943ko otsailean, Sebree brigada-jeneralak, Americal dibisioaren jenerala hain zuzen, operazioaren buruzagitza hartu zuen. Erasotzeari ekin zion berriro, baina japoniarrek berriro ere geldiarazi zuten. Otsailaren 2an japoniarrek atzera egin zuten. Estatubatuarrek eskualde hartan 700-800 japoniar zegoela uste zuten. Otsailaren 3tik, 5era, estatubatuarrek aurrera egin zuten oztopo barik Umanasi ibairaino.
Otsailaren hasieran, Patch jeneralak uste zuen japoniarrak ez zirela beste eraso bat prestatzen ari ; Guadalcanaletik alde egiten baizik. Beraz, ihesa oztopatzeko eraso orokor bat abiatu zuen.
Aliatuen buruzagiak Guadalcanalen batzartu ziren 1943ko abuztuan, Salomon uharteetan japoniarren aurkako Carthwheel Operazioaren hurrengo mugimendua antolatzeko.
Japoniarrek alde egin eta gero, aliatuek Guadalcanalen eta Tulagin Salomon uharteetan gora aurrera egiteko base nagusiak ezarri zituzten. Henderson zelaiez gain, ehiza-hegazkinetarako bi pista gehiago eraiki zituzten Lunga lurmuturrean eta Kolikoan bonbaketarietarako beste aireportu bat. Guadalcanalen ere, kai gehiago eta Guadalcanalen, Tulagin eta Floridan bestelako instalazioak eraiki zituzten. Tulagiren inguruetako ainguralekua aliatuen Salomon kanpainetako ontizetarako eta gerraontzietarako base aurreratua bilakatu zen. Lehorreko unitateak ere, bertan kanpatzen ziren, Salomongo beste uharteetara joan baino lenen.
Guadalcananalgo kanpaiaren ostean japoniarrak defentsiban jarri ziren Ozeano Barean. Guadalcanal indarberritzeko etengabeko presioak beste fronteetako japoniarren ahaleginak ahuldu zituen. Hori horrela, australiarrak eta estatubatuarrak kontraeraso bat abiatu zuten Ginea Berrian, eta 1943ko hasieran, Buna eta Gona base garrantzitsuak menderatu zituzten. Aliatuek japoniarrei aurrea hartu zieten eta ez zuten berriro galduko. Ekainean, aliatuek abiatu zuten (1943ko abuztuan moldatu zutena) Cartwheel Operazioaren arabera Rabaul isolatu zuten, bere komunikabideak oztopatuz. Beraz, hango japoniar indarrak indargabeturik, estatubatuarren Japoinerantzko estrategia biak aurrera atera ahal izan zituzten: Douglas MacArthur jeneralarena Ozeano Barearen hego mendebaldean; eta Chester Nimitz almirantearena Ozeano Barearen erdian (uhartez uharte jauzi egiten). Hortaz, aliatuek ozeano Bareko japoniar gainerako defentsak edo birrinduko edo gaindituko zituzten.
Mito hedatu baten arabera, Guadalcanalgo kanpainan, euskarak eginkizun garrantzitsua izan zuen estatubatuar indarren arteko komunikazioetan. Uhartea lehen aldiz erasotzeko agindu zuen esaldi kodetua, izan ere, euskaraz bidali zutela dio anekdota ezagun batek: egon arretaz egunari.[1] Euskara halako komunikazioetan erabiltzea, Frank.D.Carranza euskal jatorriko kapitainaren ideia izan zen, marineetan 60 euskal hiztun zeudela konturatu baitzen. Izan ere, japoniarrentzat oso zaila zen estatubatuarren mezuak ulertzea, hizkuntza erabat arrotza zitzaien eta. Hala ere, euskararekin batera, marineek Ipar Amerikako jatorrizko hainbat hizkuntza erabili zituzten, navajoa batik bat, txandaka: adibidez, astelehenetan euskaraz egiten zuten; astearteetan, navajoeraz; asteazkenetan, choctaweraz; ostegunetan, komantxeraz; ostiraletan, euskaraz; larunbatetan, denetarik apur bat; eta igandeetan, berriz ere navajoeraz. Gertakari honen inguruan egindako ikerketak ez du daturik aurkitu afirmazio hau egiteko.[2]
1998ko The Thin Red Line ("Marra Gorri Fina") kanpaina horretan girotuta dago.
Guadalcanalgo kanpaina | Ozeano Bareko frontea | Beste fronteetan | |
1942ko urtarrila |
|
|
|
1942ko apirila |
|
|
|
1942ko maiatza |
|
|
|
1942ko ekaina |
|
|
|
1942ko uztaila |
|
|
|
1942ko abuztua |
|
|
|
1942ko iraila |
|
|
|
1942ko urria |
|
|
|
1942ko azaroa |
|
|
|
1942ko abendua |
|
||
1943ko urtarrila |
|
|
|
1943ko otsaila |
|
|
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.