Remove ads

Globulu zuriak edo leukozitoak, immunitate-zelula edo immunozitoak ere deritzenak,  immunitate-sistemako zelulak dira, gorputza kanpoko gaixotasun infekzioso eta organismo inbaditzaileen aurka babesten dutenak. Gainera, odolaren hiru zelula motakoetako bat dadira, globulu gorri eta plaketekin batera. Globulu zurien barruan, hiru azpimota bereizten dira: granulozitoak, linfozitoak eta monozitoak[1].

Thumb
Odol-zelulak
Datu azkarrak Xehetasunak, Honen parte ...
Leukozito
Thumb
Giza odolaren mikroskopio elektroniko bidezko irudia: leukozitoak itxura irregularrekoak dira. Irudi gehiago
Xehetasunak
Honen parteodola
KonponenteakMonozitoa
linfozitoa
Neutrofiloa
Basofiloa
Eosinofiloa
Identifikadoreak
MeSHA15.145.229.637 eta A15.382.490 A11.118.637, A15.145.229.637 eta A15.382.490
THH2.00.04.1.02001
FMA62852
Terminologia anatomikoa
Itxi

Immunozitoak, hezur-muineko zelula multipotenteak dira, zelula ama hematopoietikoetatik sortu eta desberdintzatzen direnak[2]. Immunozitoek nukleoa dute, gainontzeko odol zelulek ez bezala.

Globulu zuriak heldu osasuntsu baten odol-bolumen osoaren % 1 inguru dira, globulu gorriekin alderatuz gero, askoz gutxiago (% 40 - % 45). Normalean, zelula hauen zenbaketa 4 × 109 /L eta 1,1 × 1010 /L artekoa izaten da[3]. Hori horrela, globulu zurien gehiegizko edo gutxiegizko kontzentrazioa, gaixotasunen adierazle izan daiteke. Infekzio edo hantura baten ondorioz, leukozito kontzentrazioa handitu ohi da. Inoiz edo behin, globulu zurien zenbaketa altuak odoleko minbiziak edo hezur-muineko asalduren seinale izan daitezke.

Gehiegizko leukozito-kopuruari leukozitosi deritzo, ohikoa dena immunitate-erantzun bat dagoenean. Jatorri neoplasikoa edo autoimmunea duenean, aldiz, anormala da. Bestalde, immunitate-sistema ahulduta dagoenean, leukopenia esaten zaio.

Remove ads

Sailkapena

Leukozito motak bi irizpide nagusiren arabera sailkatu daitezke, egituraren arabera edo zelula-leinuaren arabera. Egitura aldetik granulozito eta agranulozitoak bereizten dira. Zelula-leinuari dagokionez, aldiz, mieloideak edo linfoideak. Mieloide eta linfoideen barruan 5 zelula mota nagusi daude: neutrofiloak, eosinofiloak, basofiloak, monozitoak eta linfozitoak. Lehen laurak zelula-mieloideen leinuan sailkatzen dira, linfozitoak, berriz, zelula-linfoideak dira.

Neutrofiloak

Thumb
Neutrofiloa

Neutrofiloak globulu zurien  %60-70 dira, ugarienak alegia[4]. Bakterioek edo onddoek eragindako infekzioen aurka babesten dute. Normalean, mikrobio-infekzioen aurrean, gorputzaren lehen erantzun immunea neutrofiloen eskutik ematen da. Haien jarduerak eta heriotzak zornea osatzen dute. Nukleo multilobulatua[5] dute, hiruzpalau lobuluz osatua, eta horiek harizpi lirainez lotuta daude. Horrek nukleo anitz izatearen itxura ematen die neutrofiloei. Zitoplasmak gardena dirudi tindatzerakoan pikorrek kolore lila dutelako. Neutrofiloak aktiboak dira bakterioen fagozitosian. Zelula hauek ez dira lisosomak (mikrobioak digeritzeko erabiltzen direnak) berritzeko gai eta patogeno batzuk fagozitatu[6] ondoren hiltzen dira.

Eosinofiloak

Thumb
Eosinofiloa

Eosinofiloak globulu zurien % 2-4 inguru dira odolean. Zenbaketa horrek gorabeherak izaten ditzake egunean zehar, urtaroen arabera eta hilekoan zehar. Alergiek, parasito-infekzioek, kolagenoaren gaixotasunek eta barearen eta nerbio-sistema zentralaren gaixotasunek kopuruaren emendioa dakarte. Urriak dira odolean, ugariak aldiz arnasbideetako, digestio-bideetako eta gernu-bideetako mukosetan[5]. Oro har, nukleo bi-lobulatuak ditu, harizpi mehe batez lotzen direnak. Zitoplasma pikorrez beteta dago, eta pikor horiek kolore laranja eta horia erakusten dute, eosina-orbanekin.

Parasito-infekzio prozesutan parte hartzen dute orohar. Erreakzio alergikoen ondoriozko hanturak sortzeaz arduratzen dira eosinofiloak. Parasito handiak (helminteak eta teniak adib.) suntsitzen dituzten kimikoak jariatzen dituzte, parasitoak, handiegiak baitira globulu zuri batek fagozitatu ahal izateko[5].

Basofiloak

Thumb
Basofiloa

Basofiloak erantzun alergiko eta antigenoaren erantzule nagusiak dira, odol-hodien dilatazioa eragiten duen histamina deritzon kimikoa askatzen baitute. Aztertzeko zailak dira; batetik, globulu zurien artean mota urrienak direlako (zenbaketa osoaren % 0,5 baino gutxiago) eta, bestetik, beste globulu batzuekin propietate fisiko-kimikoak partekatzen dituztelako[7]. Pikor lodi bioletak dira basofiloen ezaugarri bereizgarria. Nukleoa lobulu bi edo hirukoa izan daiteke, baina zaila da ikusten, nukleoa ezkutatzen duten pikor lodien kopurua dela eta.

Gorputzaren defentsetan laguntzen duten bi kimiko desberdin jariatzen dituzte: histamina eta heparina. Histaminaren ardura da odol-hodiak dilatatu eta kaltetutako ehunera odol-fluxua handitzea. Odol-hodiak iragazkorragoak izatea ere eragiten du, neutrofiloak eta koagulazio-proteinak ehun konektiboan errazago sartu ahal izateko. Heparina, berriz, odolaren koagulazioa inhibitzen duen antikoagulatzailea da, eta globulu zurien mugimendua sustatzen du eremu jakin baterantz. Basofiloek seinale kimikoak ere aska ditzakete, eta horiek eosinofiloak eta neutrofiloak erakartzen dituzte infekzio leku batera[5].

Linfozitoak

Thumb
Linfozitoa

Linfozitoak askoz ohikoagoak dira sistema linfatikoan odolean baino. Linfozitoak tindatzean nukleo ilun bat izateagatik bereizten dira. Linfozitoek honako hauek hartzen dituzte barne:

  • B zelulak: patogenoekin lotu daitezkeen antigorputzak sortzen dituzte, patogenoen inbasioa blokeatu, osagarriaren sistema aktibatu eta patogenoen suntsiketan ekarpena egin dezaketenak.
  • T zelulak: hauen baitan bi talde nagusi daude, T zelula laguntzaile eta T zelula zitotoxikoak. Histokonpatibilitatearen konplexu nagusiaren erantzunean parte hartzen dute biek.

Monozitoak

Thumb
Monozitoa

Monozitoek fagozitosI funtzioa partekatzen dute neutrofiloekin, baina askoz ere bizi-ziklo luzeagoa dute, aparteko funtzioa baitute: T zelulei patogeno zatiak aurkezten dizkiete, T zelulek suntsitu ahal izateko. Horren ondorioz, antigorputzen erantzun bat jartzen da martxan. Monozitoak, noizbehinka, zirkulazio-sistematik ateratzen dira eta ehunetan barneratzean, makrofago bihurtzen dira, zelula hilen hondarrak eta mikroorganismo erasotzaileak ezabatzen dituztenak. Nukleoa giltzurrun formakoa dute, eta normalean ez dute pikorrik.

Remove ads

Gaixotasunak

Globulu zuriekin erlazionaturiko gaixotasunak bi taldetan sailka daitezke: gehiegizko kopurua eragiten dutenetan (gaixotasun proliferatiboak) eta gutxiegizkoa eragiten dutenetan (leukopeniak)[8]. Bi gaixotasunak kuantitatiboak dira. Aldiz, globulu zurien gaixotasun kualitatiboetan leukozito kopurua normala da, baina zelulek ez dute behar bezala funtzionatzen[9].

Gaixotasun proliferatiboetan leukozito-kopurua handitu egiten da; igoera hori erreaktiboa izan ohi da (adibidez, infekzio baten ondorioz gertatzen denean), baina minbizi-eragilea ere izan daiteke. Beraz, batzuk autoimmuneak dira, baina asko neoplasikoak dira.

Leukopeniak

Leukopeniak globulu zuriak gutxitzeak sortzen dituen gaixotasunak dira. Neutrofiloen murrizketak, adibidez, neutropenia edo granulozitopenia sor dezake. Gutxiagotan, linfozitoen murrizketa ikus daiteke (linfozitopenia edo linfopenia deitua)[8].

Neutropenia

Neutropenia herentzia bidezkoa edo berezkoa izan daiteke[10]. Neutrofiloen maila jaistearen arrazoia neutrofiloen ekoizpena murriztea edo odola birziklatzea da[8].  

Neutropeniaren sintomak neutrofiloen gutxitzearen kausarekin lotzen dira. Adibidez, drogek eragindako neutropenia da eskuratutako neutropeniaren kausarik ohikoena; beraz, pazienteak, gainera, gaindosiaren edo sendagaiaren toxikotasunaren sintomak izan ditzake[11]. Ondorioz, infekzioak hartzeko arriskua areagotzen da.

Linfozitopenia

Linfozito dentsitatea 1,0x109 /L baino gutxiago denean, gaixotasun hau ager daiteke. Immunitate-zelulen artean, T zelulak dira kaltetuenak. Neutropenia bezala, linfozitopenia herentzia bidezkoa edo berezkoa izan daiteke[9].

Gaixotasun proliferatiboak edo leukozitosiak

Odol-zirkulazioan globulu zurien kopurua handitzeari leukozitosi deritzo[8]. Handitze horrek hanturak eragin ohi ditu. Leukozito kopuruen handitzea lau arrazoi nagusigatik izan daiteke: hezur-muineko zelulen gainprodukzioagatik, hezur-muinean biltegiratutako zelulen askapena handitzeagatik, odol-hodiak hormari atxikitzeko gaitasuna gutxitzeagatik eta ehunetara atxikitzeko gaitasuna gutxitzeagatik[8]. Kaltetzen diren zelulen arabera, leukozitosi desberdinak gara daitezke: neutrofilia edo eosinofilia.

Neutrofilia

Neutrofilia, zirkulazio periferikoko neutrofiloen zenbaketa absolutuaren igoeraren ondorioz sortzen da. Neutrofilo dentsitatea adinaren arabera aldatzen da[9]. Gaixotasun hau, lehen mailako- edo bigarren mailako-kausengatik sortu daiteke. Lehen mailakoaren kasuen artean, Down sindromea edo leuzemia aurki ditzakegu, eta bigarren mailakoaren kasuan, aldiz, estresa edo erretzea.

Eosinofilia

Eosinofiloen zenbaketa normal 0,65 × 109 /L baino txikiagoa da. Eosinofiloen dentsitatea handiagoa da jaioberrietan, eta aldatu egiten da bizi-ohituraren arabera. Eosinofilia eragiten duten kausen artean, infekzioak, asma eta leuzemia mieloide kronikoa aurki daiteke[9].

Remove ads

Erreferentziak

Remove ads

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.

Remove ads