Zinema mutu
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Zinema mutua elkarrizketa eta soinurik gabeko zinema da. XIX. mendeko bukaeratik —zinemaren sorreratik alegia— 1920ko hamarkada arte iraun zuen. Geroztik, teknikaren aurrerapenari esker, zinema soinudunaren aroa hasi zen.
Sarritan, eszenen artean paragrafo idatziak agertzen ziren pantailan, narratzaile baten azalpen moduan edo elkarrizketen zatiak erakutsiz. Halaber, orduko zinema-aretoetan zuzenezko musikari batek (normalean, pianista) musika jotzen zuen pelikula eman bitartean, nolabait pantailan gertatutakoari jarraituz.
XX. mendearen hasieran, Europa izan zen zinemaren gune nagusia. Zine-konpainia handiak sortu ziren, batez ere Frantzian (Gaumont,la Pathé, Itala films) eta Italian. Frantzian zine komikoa (André Deed eta Max Linder), eta Italian zine kolosala (Quo vadis? 1912an) nagusitu ziren. Baina Lehen Mundu Gerraren ondorioz, gainbehera izan zuen zinemak Europan.
I. Mundu Gerra bukatu ondoren, Europako zinema berriz hasi zen bizitasuna hartzen. Frantzian abangoardiako zinema izan zen aitzindaria garai haietan. Zinemari arte irizten zioten filmegile haiek Germaine Dulac izan zuten gidari; haiekin batera sortu zen zinemari buruzko saiakera ere. Germaine Dulac, Abel Gance, Jean Epstein dira mugimendu hartako filmegile batzuk.
Alemanian ere zinemagintzak kutsu abangoardista handia izan zuen, baina oinarri industriala Frantziakoa baino sendoagoa zuen. Industria kimikoak eta bankuek, gobernuaren babespean, Universum Film Aktiengesellschaft (U.F.A.) produkzio-etxe indartsua sortu zuten 1917an. Testuinguru hartan sortu zen zinema espresionista: errealitatea oso modu adierazkorrean itxuraldatzen zuen irudietan, dekoratuak, makillajeak eta bihurrituz, eta giro kezkagarrien eta film beldurgarrien bidez. Robert Wiene-ren Das Kabrnett des Dr. Caligari (1919) izan zen aurreneko film espresionista. Haren atzetik etorri ziren : Der Goleni (1920, Paul Wegener), Der müde Tod (1921, Fritz Lang), Nosferatu, eine Symphonie des Grauens (1922, F.W. Murnau)... Aldi hartakoa da, halaber, Kammerspielfilm mugimendua, zinema naturalista eta intimista, pertsonaien psikologian sakontzen zuena. Zinema alemanean hiru filmegile gailendu ziren beste guztien gainetik : F. W. Murnau -Der letzte Mann (1924), Faust (1920)-, G. W. Pabst -Die freudlose Gasse (1925)-, eta Fritz Lang -Dr. Mabuse, der Spieler (1922), Metropolis (1927) eta Die Nibelungen. (1924), ariar arrazaren goraipamena, bere emazte Thea von Harbourekin batera egina ; naziek beretzat lan egitea proposatu ziotelarik, Fritz Langek Estatu Batuetara ihes egin zuen.
1924an zinema alemanak krisi handi bat izan zuen, eta hango aktore eta zuzendari bikain asko Hollywoodera joan ziren lanera : Erail Jannings, Pola Negri, Ernst Lubitsch, Carl Mayer, F. W. Murnau...
Sobietar Batasunean boltxebikeen iraultzak bultzada handia eman zion zinemari; 1919an, zinemaren industria nazionalizatu zuten, eta 1922an honela zioen Leninek: «arte guztien artean, zinema da guretzat garrantzitsuena». Baliabide gutxi zegoen arren, berehala sortu zen filmegile berrizale andana bat. Dziga-Vertov-ek sortu zuen teoriak fikzio-kutsua zuen oro baztertzen zuen, eta dokumentala besterik ez zuen aintzat hartzen, muntaketaren bidez tankeratzeko eta filmari esanahi jakin bat emateko. Teoria horrek eragin handia izan zuen gerora ere. Muntaketa izan zuen, beraz, ardatz zinema politiko, epiko, eta askotan liriko hark. Pudovkinek muntaketa analitikoa erabili zue Griffithen antzera; Einsensteinek, berriz, kontraste biziak sortzeko erabili zuen muntaketa; Potemkin korazatua (1925) filma iraultzaren epopeia da, eta zinemaren historiako maisulanik bikain eta eragin handieneko bat dela esan izan da.
Zinema sobietarrak eragin handia izan zuen Frantzian 1924tik 1930era ugaritu ziren mugimendu abangoardisten artean.
Batetik, zinema abstraktua zegoen, forma hutsezkoa, erritmoan oinarritua; Viking Eggeling, Hans Richter, Walter Ruttmann eta Fernand Leger izan ziren zinema mota horren eragileak. Surrealismoak eragin handiagoa izan zuen, amets-giroko film esperimentalen bidez: La coquille et le clergyman (Germaine Dulac, 1926), L'Étoile de Mer (Man Ray, 1928), eta, batez ere, Luis Buñuel espainiarraren Un chien andalou (1929).
Merkatuaren aldetik herrialde hura zen jaun eta jabe munduan: izarren sistemak arrakasta handia zuen, indar handiko mitoak zituen sortuak, baita kontatzeko modu soil baina zuzenak ere. Arrakasta hark hainbat ardatz izan zuen : Cecil B. de Millek gorpuzten zuen zinema ikusgarri handizalea (The Ten Commandments, 1923); zinema komikoa -Charles Chaplin (The Gold Rush, 1925) eta Buster Keaton (The General, 1926)- ; marrazki bizidunak : Felix the Cat (1928), Popeye, Betty Boop, Walt Disneyren filmak... ; garai hartan hasi ziren, halaber, filmegintzan gerora ospe handia izango zuten filmegile batzuk : King Vidor, John Ford, Howard Hawks; eragin berezia izan zuten aldi hartako Estatu Batuetako zinemagintzan Europatik joandako filmegileek, alemanek eta suediarrek batez ere; Sjöström suediarra (The Wind, 1928), Greta Garbo suediar aktore mito bihurtua, Ernst Lubitsch komediaren maisua, Murnau arestian aipatua (Tabu, 1928), Josef Von Sternberg (Underworld, 1927), eta, batez ere, Erich Von Stroheim aktore eta filmegile austriarra, gizarte burgesaren kritikatzaile amorratua (Greed, 1923).
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.