akordeoi diatonikoz (trikiti ere deritzonaz) eta panderoz jotzen den euskal herri-musika From Wikipedia, the free encyclopedia
Eskusoinu txikia botoidun akordeoi diatoniko mota bat da, Europako beste herrialde batzuetatik ekarritako akordeoi diatonikoei egindako hainbat aldaketekin Euskal Herrian errotu zena. Trikitia[1] —edo, zenbait euskalkitan eta orohar hedatuago, trikitixa— deitzen zaio (nagusiki Trikiti musika jotzeko erabilti ohi izan delako); bai eta iraganean infernuko hauspoa[2] ere (Erromatar Eliza Katolikoko apaizek emandako izena, eliza horren moralaren aurkako ohiturak sustatzen zituela eta). Giltzadi instrumentu hau Euskal Herrira italiar langileek ekarri zuten XIX. mende erdi aldera.
Eskusoinu txiki | |
---|---|
eskusoinu txikia | |
Fabrikazioa | |
Sortzailea | Jazinto Rivas |
Jatorrizko herrialdea | Espainia eta Italia |
Historia | |
Sorrera | 1890 |
Euskal akordeoi diatonikoak baditu bi botoi gehigarri beste lurraldeetako akordeoi diatonikoek ez dituztenak, Jazinto Rivas Elgetak gehitu zizkionak, eta bere ikasleek ere gehikuntza onartu zutelako iraun dute gaur egun arte. Bi botoi gehigarri hauek eskala kromatiko osoa bi oktabatan jo ahal izatea ahalbidetzen dute.
Trikitixa urte askotan panderoaz lagundurik jo izan da, festa herrikoietan. Jatorriz, eskusoinu txikia zeritzon instrumentuari eta trikitia edo trikitixa panderoak eta eskusoinu txikiak osaturiko taldeari (eta, hedaduraz, jotzen zuten musikari)[4]. Europako beste lur batzuetan eta Ameriketan ere ezaguna da, bestelako aldaera askorekin.
Eskusoinu txikia XIX. mendean hedatu zen Euskal Herrian. 1860ko hamarkadan Beasaindik Olaztira zihoan Iparraldeko Trenbidea eraikitzera etorritako italiar langileek ekarri zutela uste da[4][5][6]. Garaiko erromerietan erabiltzen ziren txistu eta danborraren ordez hasi ziren erabiltzen, txistu eta danborra bezala eramateko erraza baitzen, baina soinu aniztasun handiagoa zuelako eta kanturako aukera eskaintzen zuelako, ziur aski. Badirudi batez ere baserri giroan errotu zela hasieran[6]. Euskal herritik datorkigun lehen aipamen idatzia 1889koa da, Urkiolako erromeriari erreferentzia egiten diona[5].
Garai hartan arrotza izateaz gain dantza lotu eta arinagoak egiteko erabiltzen zenez, sektore kontserbadoreek mespretxatu egiten zuten trikitia; garai hartakoa da "infernuko hauspoa" ezizena. Hasierako garaietan debekatu ere egin zuten, erromeriak debekatuz eta zenbaitetan musikariak eta dantzariak ere atxilotuz. Frankismo garaian ere ez zen ongi ikusia, eta diktaduraren bukaeran soilik hasi zen zilegitasuna hartzen.
1990eko hamarkadan eskusoinua formatu modernoagoetan txertatu zuten hainbat musika taldek, "trikipop" deitu zen moldean. Eskusoinuari lagunduz gitarra, bateria eta soinu elektronikoak proposatzen ziren. Korronte horren ondorio dira Gozategi, Maixa eta Ixiar, Gose... eta beste hainbat talde.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.